Iragarkia
144. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 11
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
446/2023 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimentzen baita graduondoko bi beka emateko deialdia onestea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalean aritzeko. DDBN identifikazioa: 703645.
Nekazaritza Zerbitzuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalak proposatu du graduondoko bi beka emateko deialdia egitea. Beka izateko eskatzen den titulazioa hauetako bat da: Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako gradua, Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako gradua, edo nekazaritzako ingeniaritza teknikoaren lanbide erregulatuan aritzeko gaitzen duen edozein gradu. Bi bekak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalean aritzeko dira.
Bekadunen esku utziko diren azterketek eta jarduerek lanbide esperientzia baliotsua ekarriko diete, eta, aldi berean, oso baliagarriak izanen dira departamentu honentzat.
Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren bigarren paragrafoak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren esku uzten ditu bekei buruzko administrazio eskumenen titulartasuna eta erabilera. Eskualdatutako eskumen horien artean dago Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 700 programan (landa garapeneko eta ingurumeneko zuzendaritza eta zerbitzu orokorrak) agertzen diren gastu-esleipenetarako aurrekontu-kredituen kudeaketa.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Graduondoko bi beka emateko deialdia onestea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalean aritzeko. Deialdiaren oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean jaso dira.
2. 22.994,16 euroko gastua baimentzea, "Bekak" izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren kargura, honela banatuta diru kopuruaren eta denboraren arabera:
a) 2023ko ekitaldi ekonomikoa: 7.664,72 euro, 2023ko gastu aurrekontuko "Bekak" izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren kargura; 900 euroko 4 hilekori dagozkien laguntzak dira, gehi 58,09 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.
b) 2024ko ekitaldi ekonomikoa: 15.329,44 euro, 2024an horretarako gaitzen den partidaren kargura; hots, 2023ko gastu aurrekontuko "Bekak" izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren baliokide izateko sortzen denaren kargura (horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea 2024. urtean). 900 euroko 8 hilekori dagozkien laguntzak dira, gehi 58,09 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalera, Ekonomia Aferetarako Bulegora eta Langileria Bulegora.
5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).
6. Deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituen ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2023ko ekainaren 15ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
ERANSKINA.–GRADUONDOKO BI BEKA EMATEKO DEIALDIA, LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUKO LANDAREEN EKOIZPEN ETA OSASUN ATALEAN ARITZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehena.–Xedea.
1. Eranskin honen xedea da graduondoko bi beka norgehiagokako araubidean emateko oinarri arautzaileak ezartzea. Beka izateko eskatzen den titulazioa hauetako bat da: Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako gradua, Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako gradua, edo nekazaritzako ingeniaritza teknikoaren lanbide erregulatuan gaitzen duen edozein gradu aritzeko; izan ere bekadun suertatuz gero, landare-ekoizpenarekin eta landare-osasunarekin, fitosanitarioekin eta beste nekazaritza-sargai batzuekin loturiko azterketak eta jarduerak, eta aipatu jarduerekin loturiko administrazio-kontrolak egin beharko dira.
2. Bi bekak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalean aritzeko dira; bat Nekazaritzako Ekoizpen Baliabideen eta Jasangarritasunaren Bulegoan, eta bestea Ugalketarako Materiala Ziurtatzeko eta Landare Osasuneko Bulegoan. Departamentua Iruñeko Gonzalez Tablas kaleko 9 zenbakian dago.
Bigarrena.–Iraupena.
Bekak 12 hilabete arte iraunen du, gehienez, 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitarte. Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalak eskatuz gero, bekak luza daitezke, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda. Luzapen hori emanen da aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.
Hirugarrena.–Zenbatekoa.
1. Beka bakoitzaren zenbatekoa 11.497,08 euro da, urtean. Hilero ordainduko da, 900 euro hil bakoitzeko, edo beka irauten duen benetako denboraren proportzioan, gehi 58,09 euro Gizarte Segurantzaren kontzeptuan. Gastu hori 2023ko gastu-aurrekontuko partida honen kontura eginen da: 700000-70100-4809-411103, "Bekak" izenekoa.
2. Gizarte Segurantzako kotizazioa eginen da Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetako eta Memoria Demokratikoaren indarreko aginduaren bidez, Gizarte Segurantzako kotizazioaren lege-arauak garatzen dituena, edo eskumena duen Ministerioaren aginduaren bidez, halako moldez non zenbatekoa ordaintzean dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena eginen baita, indarrean dagoen araudiarekin bat.
3. Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.
Laugarrena.–Betebeharrak.
1. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak izaten ahal dira prestakuntza bekaren onuradun:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.
d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.
e) Titulu hauetako bat izatea: Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako gradua, Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako gradua, edo nekazaritzako ingeniaritza teknikoaren lanbide erregulatuan aritzeko gaitzen duen edozein gradu, Espainiako agintariek emandakoa edo homologatutakoa.
f) Eskatutako titulua deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.
g) Hala badagokio, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horrekin batera, adierazpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, aditzera emateko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko, bekarekin bateraezina dena.
h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.
2. Betebehar horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.
Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost eguneko epean aurkeztuko dira.
2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.
Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko dagokion fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa, https://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoena.
b) Curriculum vitae-a, non adieraziko baitira egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak.
c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, espresuki aipatuta zein deialditan gainditu zituen.
d) Seigarren oinarriko 2. II. puntuan adierazten diren merezimenduen egiaztagiriak.
e) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.
f) Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiri baten fotokopia.
g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak zuzenak ez badira edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskaeran atzera egiten duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.
5. Eskatzaileek beren helbide elektronikoa emanen dute, behar diren komunikazioak edo jakinarazpenak egiteko.
6. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.
1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako pertsona hauek osatuko dute batzordea:
Batzordeburua: Javier Jimenez Galindo, Landareen Ekoizpen eta Osasun Ataleko burua.
Epaimahaikidea: José Javier Ollo Ros, Ugalketarako Materiala Ziurtatzeko eta Landare Osasuneko Bulegoko burua.
Idazkaria: Maite Marquinez Ruiz de Gaona, Nekazaritzako Ekoizpen Baliabideen eta Jasangarritasunaren Bulegoko burua.
Beka ematea norgehiagokako araubidean tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 5. artikuluan ezartzen den bezala (foru dekretu horren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra). Hori horrela, bekak adjudikatuko dira dokumentazioa osorik dagoela baieztatu eta gero, eta aurkeztutako eskaerak alderata lortzen den baremoaren arabera.
2. Ebaluazio batzordeak izangaia kalifikatuko du balorazio hauek aplikatuz:
2.I.–Ikasketa espedientea:
Ikasketa-espedientearen batez besteko nota hartuko da kontuan. Batez besteko nota 8 bada, 8 puntu emanen dira; gainerako notekin, horren araberako hainbanaketa eginen da.
2-II.–Hizkuntzak:
Euskara eta ingelesa baloratuko dira. Apartatu honetan 2 puntu emanen dira, gehienez, puntu 1 hizkuntza bakoitzeko. Goren mailako titulua baino ez da baloratuko. Kontuan hartuko diren tituluak hizkuntza eskola ofizialek ematen dituztenak dira, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenak aitortzen dituen organismoek ematen dituztenak. Ebazpen horrek euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak ezartzen ditu, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, eta abenduaren 22ko 43/2020 Ebazpenak aldatu zuen, ondoko baremo honen arabera:
–A2 maila: 0,2 puntu.
–B1 maila: 0,3 puntu.
–B2 maila: 0,5 puntu.
–C1 maila: 0,75 puntu.
–C2 maila: 1 puntu.
Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, aintzat hartuko da, lehenik, 2.I ikasketa-espedientea apartatuan lortutako puntuazioa. Hala ere berdinketak irauten badu, hizkuntzetan lortutako puntuazioa hartuko da aintzat.
3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa; Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan ere argitaratuko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).
4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio beka emateko proposamena, loteslea izanen dena.
5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.
Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.
1. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak beka emateari buruzko ebazpena emanen du.
2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.
3. Administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira interesdunei jakinarazteko nori esleitu zaizkion bekak eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla. Hori guztia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxan ere (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.
Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.
Egiten diren dokumentu eta jardueren jabetza intelektuala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena izanen da, eta berak bakarrik izanen du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.
Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.
1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardunean, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epearen barruan.
Hori egin ezean, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.
2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.
Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.
1. Bekadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun eta betebehar orokorren araubidea bete beharko dute.
2. Bekadunak, prestakuntza-jarduera bera egiteko, elkarren artean bateragarriak diren beka bat baino gehiago metatzen badu, jasotako zenbatekoa ezin izanen da 18.000 eurotik gorakoa izan, dela bakarka dela administrazio beraren, beste administrazio publiko batzuen edo Espainiako nahiz atzerriko erakunde publiko edo pribatu baten nahiz partikular baten beste dirulaguntzekin baturik.
3. Jarduerak hasten diren unean, onuradunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.
4. Onuradunak, gainera, betebehar hauek izanen ditu:
a) Beka emateak dakarren prestakuntza teoriko-praktikoko jarduera betetzea, eta bekaren xedearekin eta haren jarduketa-eremuekin lotutako jardueretan eta lanetan laguntzea. Beka jasotzen dutenek beren kabuz joan beharko dute Departamentuaren instalazioetara (González Tablas kalea 9-31005 Iruña, Nafarroa).
b) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.
c) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.
d) Onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du. Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.
Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.
1. Onuradunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunaren betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.
2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.
3. Onuradunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.
4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.
5. Onuradunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.
Hamabigarrena.–Bekaren bukaera.
Honako hauek dira beka bukatzeko arrazoiak:
a) Bekaren epea bukatzea, luzapenik izan gabe.
b) Luzapenaren gehieneko epea bukatzea.
c) Bekari probetxurik ez ateratzea.
d) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo garatutako prestakuntza-jarduerak kalitate gabekoak izatea.
Hamahirugarrena.–Kalte-ordainak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea du bekadunak.
Hamalaugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.
Bekadunak bere prestakuntza jarduerak irauten duen bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalteen erantzulea Administrazio Publikoa izanen da, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak dolu, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.
Iragarkiaren kodea: F2309471
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
