144. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Ordenantza fiskala, arautzen duena Koleto etxea bisitatzeko tasa. Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2023ko maiatzaren 3an egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Koleto etxea bisitatzeko tasa arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 2022ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 16an, baita iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da inork erreklamazioa, kexa edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsitzat jo da eta ondotik ematen da argitara.

Argitara ematen da orok jakin dezan, eta bete dadin uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Otsagabian, 2023ko ekainaren 28an.–Alkate udalburua, Mikel Aoiz Iriarte.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA KOLETO ETXEA BISITATZEKO TASA

OINARRIA

1. artikulua. Koleto etxea Otsagabiko Labaria auzoa 10ean dago (udal katastroko 2. poligonoko 123. lurzatia). Turismo eta kultura ekipamendua da; jendeak bisitatzen ahal du, eta han jarduerak egiteko prestatua dago.

Tasa hau ezarri da jarraituz martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100.5 artikuluari, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatu baitzuen, tasen eta prezio publikoen gaietan.

ZERGA-EGITATEA

2. artikulua. Hauek dira ordenantza honetako zerga-egitateak:

a) Koleto etxea bisitatzea.

b) Koleto etxean antolatzea ikastaroak, ikasgelak, lantegiak, mintegiak, konferentziak, ekitaldiak eta bestelako jarduerak.

SUBJEKTU PASIBOAK

3. artikulua. Subjektu pasiboak dira bisita egiten dutenak edo zerga-egitateetan sartzen diren beste jarduerak egiten dituztenak.

4. artikulua. Ez daude ordenantza honek araututako tasari loturik: 10 urtetik beherakoak.

TARIFAK

5. artikulua. Aplikatuko diren tarifak ordenantza honetako eranskinean agertzen dira, eta indarra izanen dute Udalak osoko bilkuran aldatzen ez dituen bitartean.

TASEN SORTZAPENA

6. artikulua. Tasak ordainaraziko dira eraikinean sartzean, bertan bisita egiteko.

2. artikuluko b) letran biltzen diren jardueren kasuan, izena ematen denean sorraraziko dira tasak.

DIRU-BILKETA

7. artikulua. Koleto etxea bisitatzeko tasak horretarako izendatzen diren langileek bilduko dituzte, hartara sartu aurretik.

2. artikuluko b) letran biltzen diren jarduerak eginez gero, Udalak ezartzen duen banku-kontuan eginen da ordainketa.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza Fiskal Orokorrari eta aplikatzekoak diren xedapen guztiei jarraituko zaie.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 61/1990 Foru Legean aurreikusitako tramiteak bete ondoan hartuko du indarra.

TARIFEN ERANSKINA

–Banakako sarrera:

  • Helduak (10 urtetik gorakoak): 4,00 euro, pertsonako.
  • 65 urtetik gorakoak: 3,00 euro, pertsonako.
  • 10 urtetik beherakoak: dohainik.
  • Talde antolatuak: 3,00 euro, pertsonako.

Iragarkiaren kodea: L2310147