144. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4/2023 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoko zuzendariak emana, zeinaren bidez gaitzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoaren salaketen postontzia edo kanpoko kanala (kanpoko informazio-kanala).

Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoa sortzeko maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen 12. artikuluak xedatzen duenez, Bulegoak postontzi bat jarriko du, herritarrek kexak, salaketak edo iradokizunak aurkez ditzaten, agintari, langile eta goi-kargudunen jarduketa edo jokabideekin lotuak, Bulegoaren jarduketa-esparruko administrazio edo entitateen esparruan.

Bulegoaren Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 1eko 14/2023 Foru Dekretuaren V. tituluan (Salaketa egin duen pertsona babestea), 51. artikuluan, salaketen postontzia edo kanpoko kanala arautzen da. Horren arabera, kanal independente eta autonomo bat eratzen da informazioa edo salaketak jaso eta tratatzeko, Batasuneko Zuzenbidearen gaineko arau-hausteei buruz informazioa ematen duten pertsonen babesari buruzko urriaren 23ko 2019/1937 (EB) Zuzentarauaren 10. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat. Haren diseinuak, ezarpenak eta kudeaketak bermatuko dituzte informazioaren zehaztasuna, osotasuna eta konfidentzialtasuna, informazio hori eskuratzea galaraziko baitzaie baimenik ez duten langileei, eta arrastoa utziko dute informazioa eskuratu duten Bulegoko langileek.

Ildo berean, Arau-urratzeei buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 16. artikuluak kanpoko informazio-kanalaren bidezko komunikazioak jorratzen ditu, kanala Informatzailea Babesteko Agintaritza Independentearena zein agintaritza edo organo autonomikoena izan. Artikulu horren arabera, pertsona orok aukera izanen du agintaritza horien aplikazio-eremuan sartzen den edozein ekintza edo omisioren berri emateko agintzaritzei, dela zuzenean, dela dagokion barneko kanalaren bidez jakinarazi ondoren, eta, hala dagokienean, Informatzailea Babesteko Agintaritza Independenteari egindako erreferentziak agintaritza autonomiko eskudunei egiten zaizkie. Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoa da agintaritza autonomiko eskuduna.

Salaketen postontzi edo kanpoko kanalari esker, komunikazio edo salaketa bat aurkez daiteke, izena emanda nahiz izenik eman gabe, betiere konfidentzialtasuna bermatuta.

Horiek horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoa sortzeko maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legeak eta martxoaren 1eko 14/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eginkizunak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoaren salaketen kanpoko kanala gaitzea eta abian jartzeko agintzea. Salaketa egiteko eta informazioa emateko kanpoko kanala da, hain zuzen ere arau hauetan ezartzen dena: Batasuneko Zuzenbidearen gaineko arau-hausteei buruz informazioa ematen duten pertsonen babesari buruzko urriaren 23ko 2019/1937 (EB) Zuzentarauaren 10. artikulua eta hurrengoak, eta Arau-urratzeei buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 16. artikulua.

2. Nafarroako Foru Komunitatera mugatzea salaketen kanpoko kanal horren aplikazio-eremua.

Salaketen kanpoko kanalaren bidez salaketak edo informazioak aurkeztuko dira ekintzen edo omisioen berri emateko, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoaren jarduketa-esparruan eginak:

1.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haren menpeko erakundeak, enteak, entitateak, fundazioak, partzuergoak eta enpresa publikoak, baldin eta partaidetza handiena edo jabari eraginkorra hari badagokio, alde batera utzita zuzenbide publikokoak edo pribatukoak diren. Partaidetza hori %50ekoa baino txikiagoa baldin bada, Bulegoaren jarduketa-eremuak honako hauek hartuko ditu: zerbitzu publikoak kudeatzeko jarduerak, herri lanak egiteko jarduera eta laguntza edo hornidura jarduerak, Nafarroako sektore publikoaren konturakoak.

2.–Nafarroako toki entitateak eta haien menpeko erakundeak, enteak, entitateak, fundazioak eta enpresa publikoak, baldin eta partaidetza handiena edo jabari eraginkorra hari badagokio, alde batera utzita zuzenbide publikokoak edo pribatukoak diren. Partaidetza hori %50ekoa baino txikiagoa baldin bada, Bulegoaren jarduketa-eremuak honako hauek soilik hartuko ditu: zerbitzu publikoak kudeatzeko jarduerak, herri lanak egiteko jarduera eta laguntza edo hornidura jarduerak, Nafarroako sektore publikoaren konturakoak.

3.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta haren menpeko ente, entitate, fundazio eta erakundeak.

4.–Alderdi politikoak, erakunde sindikalak eta enpresa erakundeak, eta haiei loturik dauden fundazio eta elkarteak, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeko 4.1.e) artikuluan jasotako baldintzetan.

3. Xedatzea Bulegoaren salaketen kanpoko kanalak onartuko dituela bai salaketa nominalak, bai salaketa anonimoak.

4. https://canal.oana.es helbide elektronikoa ezartzea Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoaren salaketen kanpoko kanalerako. Orobat, Bulegoaren webgunean (https://oana.es/eu) estekak daude kanalean sartzeko.

5. Ezartzea Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoari dagokiola salaketen kanpoko kanalaren, webgunearen eta oana.es eta anticorrupciónnavarra.es Interneteko domeinuen titulartasuna, baita haien mantentze-lanak eta bilakaera teknologikoa ere.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko ekainaren 26an.–Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoko zuzendaria, Edurne Eginoa Antxo.

Iragarkiaren kodea: F2309938