144. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

581E/2023 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Ezkabarteko Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Planaren sustatzailea Ezkabarteko Udala da.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen ebaluazio estrategikoa egin behar da administrazio publikoek ezarri edo onesten dituzten planei buruz, bai eta ingurumen adierazpen estrategikoa egin ere, plana onestearekin batera edo lehenago.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 27ko 622E/2020 Ebazpenaren bidez, Ezkabarteko Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egin eta 2020ko 189. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 25ekoan, eman zen argitara. Planaren sustatzailea Ezkabarteko Udala da. Ondoren, Ezkabarteko Udalak, 2022ko irailaren 1ean, bigarrenez onetsi du behin-behinean, eta dokumentu bereizi batean adierazi du zer aldaketa egin diren udalaren hirigintza planean txosten sektorialei erantzun beharrez.

Ezkabarteko Plan Orokorrak 2005etik indarrean dagoen plangintza ordezten du, eta ingurumenaren nahiz lurraldearen antolamenduaren arloan indarra duen araudira egokitzen du. Planaren aplikazio esparruak eta, hortaz, egin diren analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udalerri osoan dute eragina, 34 km²-ko azaleran, alegia.

Ezkabarteko lurraldea okupatzeko eredua landagune tradizionalen multzo baten bidez eratzen da. Landagune horiek kokatuta dauden haranak, landa izaerari eusten badio ere, Iruñeko Metropolialdearen eragina ere badauka, batez ere Arren, baita eskualdea lotzeko bide azpiegiturena ere, hala nola N-121A errepidearena eta PA-30 ingurabidearena. Hiri sistema hori finkatuta dagoen lurralde eredua Ultzama ibaiak, Ezkaba eta Iruntxu mendiek eta Anozko inguruak egituratzen dute.

Bizitegietarako proposamenak hierarkia bati eusten dio, udalaren helburua delarik hirigune bakoitzaren izaerarekin bat datorren hazkunde jasangarria sustatzea eta erraztea. Ildo horretan, hainbat proposamen daude: lurzorua desklasifikatzea, garapen eredua zaintzeko lurzoru bihurtuz (Orikain, Orrio, Garrues, Ezkaba), hiriguneak oraingo baldintzetan uztea (Anotz, Makirriain, Zildotz, Eusa), bizitegi lurzoruak gehitzea (Azotz eta Sorauren) edo bizitegien tipologiak aldatzea (Arre). Jarduera ekonomikoetarako eremuei dagokienez, planak ez du eremu berririk sortzea aurreikusten, Arren eta Orikainen daudenak handitzea baizik. Hiri-proposamenak ez du ingurumen-ukipen berririk sortzen, eta arriskuen prebentziorako informazioa eta determinazioak jasotzen ditu, Babes Zibileko Zerbitzuaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren jarraibideen arabera.

Landa-lurzorua antolatzeko proposamenari heltzeko, ingurumen unitateak identifikatzen dira eta lurzoru horri babestu eta zaindu beharreko lurzoru urbanizaezinaren kategoria ematen zaio. Konektibitaterako eta ingurumen-balioko kokaguneak ditu, hala nola Ezkaba eta Iruntzu mendia eta Anozko interflubioak, Ultzamako ibai-sistema, pagadiak eta hariztiak, eta eskualde- eta udal-intereseko paisaiak eta bideak. Lurzoru urbanizaezinaren kategoriak ezartzeko proposamena bateragarria da udalerriko ingurumen, baso, nekazaritza, kultura eta paisaia balioekin.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki egin dela iritzita, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua;

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egitea Ezkabarteko Udal Plan Orokorrari buruz. Ezkabarteko Udala da planaren sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Ezkabarteko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko ekainaren 12an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2309094