1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
158/2023 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak emana, hasiera ematen diona Nafarroako Foru Komunitatea Severino Usunáriz Hurtado jaunaren abintestato jaraunsle (GP 2016094) deklaratzeko prozedurari.
Artaxoako Virgen de Jerusalen zahar-egoitzaren 2016ko uztailaren 12ko eta Iruñeko Estafeta kaleko 41eko jabeen erkidegoaren idazkien bidez, Ondare Zerbitzuari jakinarazi zitzaion Severino Usunáriz Hurtado jauna etxebizitza baten ehuneko berrogeita hamarraren jabea zela, hil zela ondorengo ezagunik gabe eta eskatu zuela, hitz batez, Nafarroako Foru Komunitateak deklara dezala bere burua legezko oinordeko.
Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak 24.5 artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen da lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz.
Bestalde, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 300. Legeak ezartzen du legezko oinordetzara joko dela baldin eta jarauntsi osoa edo zati bat xedatzen ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo, konpilazio horrekin bat etorrita, oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez.
Foru Berriaren 304. Legeak legezko oinordetzarako hurrenkera ezartzen du tronkalak ez diren ondasunentzat: legearen 1etik 6ra bitarteko puntuetan zehazten dira ondoz ondoko deiak, eta 7.enean agintzen da ezen, aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordeko; horrek, jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialeko xedeetarako erabiliko du jarauntsia, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu zuzkidura handituz. Era berean, 307. Legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta, azken paragrafoan ezartzen denez, "halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz".
Severino Usunáriz Hurtado jauna Azpan jaio zen (Eguesibar), 1914ko uztailaren 24an, eta Iruñean hil zen, 1980ko abenduaren 26an. Iruñeko Estafeta kaleko 41ean, 1. ezkerra, izan zuen azken helbide ezaguna.
Orain arte hildakoaren ondasuntzat identifikatu dena, horrek ukatu gabe besterik izateko aukera, honako hau da:
–Iruñeko Estafeta kaleko 41 zenbakiko 1. ezkerreko etxearen ehuneko berrogeita hamarra, 32.302,97 euroko katastro-balioarekin.
Espedientean daude heriotzaren ziurtagiria, bai eta Azken Nahietako Egintzen Erregistroarenak ere, non ondorioztatzen baita kausatzaileak testamentu irekia egin zuela, zeinean Dionisio anaia izendatu baitzuen jaraunsle, eta Maria arreba haren ordez; baina biak hil ziren lehenago, eta ez zuen beste jaraunslerik izendatu. Horregatik, bidezkoa da hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzera bideratutako administrazio prozedurari.
Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluak esleitutako eskumena erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea Severino Usunáriz Hurtado jaunaren abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedurari.
2. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Iruñeko zein Eguesibarreko Udaletara igortzea bertako iragarki taulan ikusgai jar dadin hilabetez, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Legearen 24. artikuluko 6. apartatuan aurreikusitakoarekin bat.
3. Hilabeteko epea irekitzea, epe horretan, edozein interesdunek alegazioak edo dokumentuak edo egoki jotzen dituen beste juizio-elementu batzuk aurkezteko aukera izateko, toki honetan: Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuko Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala, Yanguas y Miranda kalea, 27-2., 31003 Iruña (Nafarroa).
4. Ebazpen hau Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Orokorraren Atalera eta Ondare Zerbitzura (Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala eta Administrazio Aferetarako Bulegoa) helaraztea.
Iruñean, 2023ko ekainaren 19an.–Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusia, Begoña Urrutia Juanicotena.
Iragarkiaren kodea: F2309535