Iragarkia
142. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
608E/2023 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena, ingurumen eraginaren adierazpena formulatzen duena, Agropecuaria San Fermín SLU enpresak sustatutako "Gizentzeko txerrien ustiategi berria, 6.640 plazakoa, Pitillasko 5. poligonoko 282. eta 283. lurzatietan" (Pitillas I) eta "Gizentzeko txerrien ustiategi berria, 7.200 plazakoa, Pitillasko 7. poligonoko 821. lurzatian" (Pitillas II) proiektuei dagokienez.
Bi proiektuen ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1. multzoan jaso dira. Hortaz, eta xedapen horretan aurreikusitakoaren arabera, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar dute.
Ingurumen baimen integratuaren eta ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedurak hasteko, Agropecuaria San Fermín SLU enpresak bi espediente aurkeztu zituen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, organo substantiboa denez, Pitillasko bi kokalekutan gizentzeko txerrien ustiategiak egiteko: Pitillas I ustiategia 2021eko apirilaren 30ean aurkeztu zen; Pitillas II ustiategia, berriz, 2021eko urriaren 14an.
Proiektu bakoitzaren helburua, hasiera batean, gizentzeko txerrien 7.200 plaza izatea zen, hau da, guztira 14.400 plaza. Baina, 2023ko martxoaren 24an, sustatzaileak Pitillas I abeletxearen gehieneko edukiera 6.640 plazakoa izanen zela adierazi zuen (ingurumen baimen integratuaren 6. eranskina), martxoaren 7ko 159/2023 Errege Dekretua aplikatuz –animalien ongizatearen arloko kontrol ofizialei buruzko Europar Batasunaren araudia Espainian aplikatzeko xedapenak ezartzen ditu–.
Ustiategi bakoitzak, proiektuaren arabera, lau abeltzaintza pabiloi, lokal tekniko bat, minda putzu bat eta edateko ura metatzeko biltegiak edo putzuak izanen ditu.
Ustiategi bakoitzak urtean 5.153 m³ (Pitillas I) eta 7.637 m³ (Pitillas II) minda sortuko ditu, hau da, guztira 12.790 m³ minda. Halaber, simaurrak kudeatzeko dagozkien planak aurkeztu dira eta, horien arabera, mindak Pitillasko eta ondoko udalerrietako zenbait lurzatitan banatuko dira, nekazaritzako ongarri gisa.
Bi abeltzaintza ustiategiek antzeko ezaugarriak dituzte orientazio zooteknikoari, pabiloien eta zuzkiduren kokapenari, edukierari eta abarri dagokienez. Biak Pitillasko udal-mugartearen iparraldean ezartzea proposatzen da, kokagune hurbiletan (2.250 metroko distantzia): Pitillas I Donemondos bazkalekutik iparraldera kokatuko litzateke (Beirerekiko mugan); Pitillas II, berriz, Alto de Juandomingo parajean (Beirerekiko eta Uxuerekiko mugan).
Beraz, bi instalazioek eta dagozkien simaurrak kudeatzeko planek antzeko lurralde eremu bati eragiten diote.
Aurkeztutako proiektuen eta ingurumen eraginaren azterketen laburpena txosten honen I. eta II. eranskinetan bildu dira.
1. Izapidetzearen laburpena:
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, Pitillas I eta Pitillas II instalazioei buruzko informazioa 30 egunez jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideak hasi zituen, 2021eko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 8koan, eta 2021eko 253. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 4koan, argitaratuz, hurrenez hurren.
Pitillas II proiektuaren espedienteari dagokionez, eta jendaurreko informazioaren emaitza gisa, hainbat alegazio jaso dira: Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartearen, Sustrai Erakuntza fundazioaren, Ekologistan Martxan elkartearen, Animalien Askatasuna Nafarroa taldearen eta Asociación Hacendera de Soria elkartearenak, baita 5 alegazio partikular ere. Alegazio horiek nitratoek eragindako kutsadura handitzeko arriskuarekin lotuta daude, instalazioa kutsadurarekiko eremu kaltebera batean kokatuta dagoelako, hala nola berotegi efektuko gasen isurketekin ere. Proiektu honetaz gain Nafarroako Erdialdean eta Erriberan inpaktua sortuko duten txerri ustiategi proiektu ugari izapidetzen ari direla adierazi dute. Izapide honen eta alegazioen laburpena txosten honen IV. eranskinean dago.
Pitillas I proiektuaren izapidetzeari dagokionez, sustatzaileak hainbat dokumentazio eranskin aurkeztu ditu, Administrazioak egindako txostenei erantzuteko. Azkenekoan, esan bezala, eta 2023ko martxoaren 24ko instantziaren bidez, Pitillas I abeletxeak gehienez 6.640 plaza edukiko dituela adierazten du. Gainera, simaurrak kudeatzeko plana aldatu, eta nitratoen kutsadurarekiko eremu kalteberan mindak barreiatzea baztertzen du.
Pitillas II proiektuaren kasuan, 2022ko abuztuaren 26an, simaurra kudeatzeko planaren berrikuspen bat eta edateko ura Pozo del Pastor errekaren zortasun-eremutik kanpo biltzeko proposamen bat aurkeztu ziren.
2. Proposamenaren ingurumen ebaluazioa:
Nitrato kutsaduraren inpaktuak:
Pitillas I-eko simaurra kudeatzeko planak (SKP) proposatzen du minda nekazaritzako ongarri gisa barreiatzea 227,38 ha-tan, Caparroso, Murillo el Fruto, Santakara, Erriberri eta Beireko 53 lurzatitan. Pitillas II-ko simaur planak 363,79 ha-ko barreiatze azalera aurreikusten du, San Martin Unx, Pitillas, Erriberri eta Beireko 40 lurzatitan.
Hasiera batean, bi ustiategiak eta simaurrak kudeatzeko planetako lurzati gehienak "090.051 Zidakos ibaiaren arroko Zidakosko alubioia" lurpeko ur masaren mugapenaren barruan kokatzen ziren eta eremu hori kaltebera gisa jasota dago 147E/2020 Foru Aginduan –147E/2020 Foru Agindua, irailaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berrikusten baitira nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezaketen eremuak–.
Pitillas I-eko simaur planean egindako aldaketekin, eremu kalteberetako lurzatiak erabiltzea baztertzen da. Aitzitik, Pitillas II-ko simaurra kudeatzeko planeko lurzati gehienak eremu kalteberan daude: zehazki, eremu kaltebera horren barruan ongarritu beharreko azalera 171,55 ha-koa da, hau da, aurkeztutako simaur planean jasotako azalera osoaren %76.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 821. lurzatia (Pitillas II) ustiatzeari buruz egindako txostenean, 2022ko ekainaren 8koan, nitratoen kutsadura aztertzen du bereziki: "Aurreikusitako jarduketarekin lotuta dauden ur masen egoera aztertuta, eta dauden presioekin eta Ebroko Demarkazioko egungo Plan Hidrologikoan planteatutako ingurumen helburuekin kontrastatuta, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren ustez, lotuta dauden ur masetako nitrato kontzentrazioa nabarmen hobetu arte, txerri ustiategia ezartzeak eta, horrekin batera, mindak edo simaurrak soroak ongarritzeko erabiltzeak, ohiko baldintzetan, ziurrenik egoera larriagotuko du, eta konprometitutako ingurumen helburuen lorpena gero eta urrunago geratuko da".
"Horregatik guztiagatik, Eremu Kalteberen arloko eskumenei jarraituz jakinarazten dugu instalazio hori ezartzea eta mindak soroak ongarritzeko erabiltzea arriskutsua dela, bereziki hektareako ohiko nitrogeno kilogramo proportzioan. Zehazki, Ebroko Demarkazioaren Planaren 43. artikuluarekin eta 14. eranskinarekin bat, hor jasotako zifrak nekazaritza jatorriko nitratoen kutsadura arriskuan dauden ur masak berreskuratzearekin bateragarri den gehieneko nitrogeno soberakin kopurutzat hartu beharko dira.
Balioak eta Natura 2000 Sarearen, habitaten eta faunaren gaineko inpaktu posibleak:
a) Errekak eta Natura 2000 Sarea:
Bi ustiategien kokaleku izanen diren lurzatiak Pozo del Pastor errekaren eta hara isurtzen den Salado errekaren isurialdeko soroak dira. Pitillas I Pozo del Pastor errekatik 70 bat metrora dago. Ubide hori "24. pasabidea" abelbidetik igarotzen da (a priori, etxaldearen urbanizazioak ez dio zuzenean eragiten altxonbideari). Konfederazio Hidrografikoak, 2022ko urtarrilaren 14ko txostenean, honako hau adierazi zuen ustiategi horri buruz: "Kontuan izanik abeltzaintzako ustiategi berria Pozo del Pastor, Salado eta Aguilar erreketatik oso gertu dagoela, sustatzaileak aztertu beharko du ea proiektatutako jarduketak betetzen dituen abenduaren 9ko 638/2016 Errege Dekretuan ezarritako mugak, lehentasunezko fluxu eremuko eta uholde eremuko lurzoruaren erabilerei dagokienez; izan ere, 9 bis artikuluan ezartzen denez, ez da baimentzen lehentasunezko fluxu eremuan etxalde berririk instalatzea".
Konfederazio Hidrografikoak 821. lurzatian (Pitillas II) ustiategi bat ezartzeari buruz egindako txostenean, 2022ko ekainaren 8koan, adierazten duenez, proiektatutako jarduketa "Pozo del Pastor errekaren polizia-eremuan dagoenez, arroen arloko eskumena duen erakunde honen baimena behar da obrak egiteko".
Pozo del Pastor errekak ingurumen balio handia du harekin lotutako habitatengatik, espezie katalogatuak daudelako (esaterako, apoarmatu istilzalea) eta Uxue mendilerroaren, Pitillasko aintziraren eta Zidakos ibaiaren arteko igarobide ekologikoa delako. Erreka horrek, Sabasango ubidearen bidez, bere uren zati bat Pitillasko aintzirara isurtzen du. Aintzira hori Natura Erreserba (27-NE) eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatuta dago; KBEa bi ustiategietatik 1 kilometrora eta 2 kilometrora dago.
Ibilgu horietako eta Pitillasko aintzirako uren kalitateari eragin diezaioke, ustiategietan euri ur kutsatuak sortzen badira edo simaur putzuetatik isuriak sortzen badira (ohiz kanpoko funtzionamenduagatik edo istripuen ondorioz), baita simaurra kudeatzeko planaren ondorioz ere.
b) Fauna eta estepako eremuak:
Mindak banatzeko planek eragina izan dezakete Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko eremu kritikoetan dagoen fauna katalogatuan. Zehazki, Pitillas I-eko simaurra kudeatzeko planeko zenbait lurzati Nafarroako Foru Komunitatean estepako hegaztiak zaintzeko intereseko eremuen "Erriberriko Merindadea-Landibarko zereal estepak" atalaren barruan daude (Erriberriko 12. poligonoko 318., 319., 321. eta 322. lurzatiak). Toki horretan, estepako abifaunako beste espezie mehatxatu batzuen artean, basoilo handi (Otis tarda) populazioak daude – Nafarroan galzoriko espezie gisa katalogatua–, gorteatze eta hazkuntza garaian, eta udaldian. Ondorioz, horren inguruko neurri prebentiboak hartu beharko dira.
c) Landaredi naturala eta habitatak:
Proiektuko lurzatien barruan eta mugetan, ingurumen balioa duten eremuak daude –aipatutako errekez gain–, hala nola landaredi naturala duten ezpondak, lur etzeak eta muinoak, eta habitatak (gatzagak, larreak, sastrakak...). Elementu horiek dibertsitate biologikoa eta paisajistikoa ematen dituzte, eta basafaunarentzat interesa dute. Hala ere, instalazioek printzipioz ez diete zuzenean eraginen elementu natural horiei. Simaurrak kudeatzeko planari dagokionez, Caparrosoko 12. poligonoko 154. lurzatia Errege Bardeako Kontserbazio Bereziko Eremuan dago (ES 2200037), zeinetan kaltetu behar ez diren laborantza lurrak eta habitatak tartekatzen baitira.
d) Kontuan hartu beharreko beste zenbait alderdi:
–Bi ustiategietako elementuen urbanizazioa eta instalazioa egitean, hondeaketa material naturalen bolumen handia sortuko da.
Ondorio gisa, Ingurumen Eraginaren Atalak, proiektuen ingurumen eraginaren azterketa teknikoa egin ondoren, 2023ko maiatzaren 11n, "Gizentzeko txerrien ustiategi berria, 6.640 plazakoa, Pitillasko 5. poligonoko 282. eta 283. lurzatietan" (Pitillas I) proiektuaren kasuan aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egitea proposatu zuen; "Gizentzeko txerrien ustiategi berria, 7.200 plazakoa, Pitillasko 7. poligonoko 821. lurzatian" (Pitillas II) proiektuaren kasuan, berriz, aurkakoa.
Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak–, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 57. artikuluaren arabera, Pitillas I eta Pitillas II proiektuen ingurumen eraginaren ohiko ebaluazio prozedurak metatu eginen dira.
2. Aldeko ingurumen eraginaren adierazpena eginen da Agropecuaria San Fermín SLU enpresak sustatutako "Gizentzeko txerrien ustiategi berria, 6.640 plazakoa, Pitillasko 5. poligonoko 282. eta 283. lurzatietan" (Pitillas I) proiektuaren kasuan; aurkakoa, berriz, "Gizentzeko txerrien ustiategi berria, 7.200 plazakoa, Pitillasko 7. poligonoko 821. lurzatian" (Pitillas II) proiektuaren kasuan, azalpenen zatian adierazitako arrazoiengatik; batez ere simaurrak/mindak kudeatzeko planak nekazaritza-jatorriko nitratoek ura kutsatzeko arriskua duen eremu batean duen eraginagatik.
6.640 plazako ustiapena (Pitillas I) honako baldintza hauekin eginen da:
–Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren eskutik aldeko txostena jaso beharko da, proposamena ondare arkeologikoa zaintzearekin bateragarria izateari dagokionez.
–Konfederazio Hidrografikoaren 2022ko urtarrilaren 14ko txostenean adierazten denez, sustatzaileak aztertu beharko du ea proiektatutako jarduketak betetzen dituen abenduaren 9ko 638/2016 Errege Dekretuan ezarritako mugak, lehentasunezko fluxu eremuko eta uholde eremuko lurzoruaren erabilerei dagokienez; izan ere, 9 bis artikuluan ezartzen denez, ez da baimentzen lehentasunezko fluxu eremuan etxalde berririk instalatzea. Espedientearen funtsezko baimenean eta lurralde baimenean alderdi hori aztertuko da.
–Pozo del Pastor erreka kutsa ez dadin, mindak biltegiratzeko putzuak, aurreikusitako lubeta txikiaz edo dikeaz gain, hondoko drainatze sistema bat izanen du ihesak kontrolatzeko, baita ohiz kanpoko funtzionamendu kasuetarako plan bat ere, Pozo del Pastor errekara isuriak egiten direnean errekako ura Pitillas aintzirara sartuko ez dela bermatzeko, besteak beste.
–Mindak barreiatzeko neurriak:
Aurkeztutako mindak kudeatzeko planen garapenean indarreko araudia eta ebazpen honi atxikitako protokoloa (V. eranskina) hartuko dira kontuan. Bereziki, honako kasuetan hartuko da kontuan protokolo hori eta beteko dira egutegi mugak –martxoaren 1etik abuztuaren 31ra arte–: Erriberriko 12. poligonoko 318., 319., 321. eta 322. lurzatietan, estepako abifauna kontserbatzeko eremu kritiko baten barruan dagoen estepako abifaunaren gaineko eraginak prebenitzeko, eta Errege Bardea KBEaren barruan dagoen Caparrosoko 12. poligonoko 154. lurzatiaren ongarritzean.
–Obrak egitean hartu beharreko neurriak:
- Beharrezko instalazioak eta zuzkidurak aurkeztutako dokumentazioaren arabera ezarriko dira, ingurumen balioa duten elementuei eragin gabe (lur etzeak, ezpondak, larreak eta ibilgu txikiak).
- Urbanizatzeko ahalik eta lur mugimendu gutxien eginen dira. Sortzen diren lur erauzketako eta betelanetako ezpondek 2H:1V malda edo txikiagoa izan beharko dute, eta lur erauzketek ezinen dute 3 m-tik gorako altuera izan.
- Hondeaketako soberako lurrak lurzatian bertan zabalduko dira. Lur emankorrez estaliko dira, obren ondoren landareztatzeko. Hori ezinezkoa bada, kudeatzaile baimendu bati emanen zaizkio.
- Proiektuaren 1. eranskinean, 2021eko irailekoan, adierazitako ingurumen integrazioa beteko da (21-24 orrialdeak eta 9. irudia). Horri dagokionez, 283-B azpilurzati guztia larre gisa utzi beharko da.
- Era berean, urbanizazio obran sortzen diren ezpondak ereinen edo hidroereinen dira, baita soberako lur pilaketen eraginpeko azalerak eta unean-unean kaltetu daitezkeen landaredi naturalez osatutakoak ere.
- Landaketa osatzeko, 25 tamariz (Tamarix gallica) jarriko dira barne-drainaduraren ertzetan. Landaketek tantakako ureztapena izanen dute, eta ustiategiaren erabilera aldi osoan mantenduko dira.
–Ingurumenaren jarraipena egiteko neurriak:
Instalazioa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak txosten bat (memoria eta dokumentazio grafikoa) aurkeztu beharko du, erakusteko ingurumen eraginaren adierazpena betetzen dela, obren garapenari eta ingurunea lehengoratu eta landareztatzeari dagokienez.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinaraztea (10. demarkazioa, Tafalla-Zangoza), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko ekainaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
II. ERANSKINA.–PROIEKTUEN LABURPENA
Pitillasko iparraldean kokatzekoak diren ustiategiak txerriak gizendu eta hazteko 6.640 eta 7.200 plazatara bideratuko dira (abereen txandakatzea 2,5 eta 3 artekoa izanen dela aurreikusten da). Horretarako, ustiategi bakoitzean 4 abeltzaintza pabiloi, lokal tekniko bat, minda putzu bat eta edateko ura metatzeko putzu bat izanen dira. Energia gasolio sorgailu baten bidez sortuko da (tanga bikoitza, 1.500 litroko edukierakoa), zeina sarrerako etxolan kokatuko baita, eta pabiloietarako hornidura lurpetik izanen da.
Pabiloiak 102,1 m luze eta 15,6 m zabal izanen dira. Pabiloi bakoitza bazkalekutan banatuta egonen da. Bazkaleku horiek mindak biltzeko hobiak izanen dituzte, horiek biltegiratzeko putzura eramateko, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Ustiategi bakoitzeko minda putzuak lurzatien behealdean kokatuko dira. Xafla bidez iragazgaiztuko dira, eta 1,5 mm-ko polipropilenozko estaldura flotatzailea izanen dute, flotagailuetan bermatua, atmosferara kutsatzailerik ez isurtzeko. Oinplano erregularra izanen dute, lurrean sartuta egonen dira 4 m-ko sakoneran, eta barruko ezponda perimetralek 2H:1V malda izanen dute. Pitillas I-en kasuan, minda putzuak 8.527,04 m³-ko biltegiratze edukiera erabilgarria izanen du; Pitillas II-ren kasuan, berriz, 6.286,40 m³-koa.
Edateko ura biltegiratzeko putzuek 1.500 m³-ko edukiera izanen dute, oinplano angeluzuzenekoa, 4 m-ko sakoneran sartuak, eta barruko ezpondek 1H:1V malda izanen dute. Halaber, xaflaz iragazgaiztuko dira. Putzuek Nafarroako Ubideko IX. sektoreko (Pitillas) ureztatzeko lurpeko bi ur hargunetik hartuko dute ura. Pitillas I-eko putzuan, Pitillasko 5. poligonoko 281. lurzatian dagoen ur hargunetik eramanen da ura, landa bidetik eta proiektuko lurzatitik; Pitillas II-ko putzuan, berriz, 7. poligonoko 825. lurzatiko ur hargunetik, ondoko finka sarbide batetik eta proiektuko lurzatitik.
Pabiloien ingurua zelaituta egonen da eta zabor legar artifizialez zolatuta. Lurzatien barruan, zabor legar artifizialez egindako barneko bideak definitu dira. Horiek zelaigune horietatik instalazioetara sartzeko landa bideetarainokoak izanen dira. Ez da urbanizazio jarduketa handirik planteatu (nibelazioa, lur erauzketak, betelanak eta zoladurak). Hala ere, baliteke lur erauzketako ezpondak sortzea pabiloietako zelaiguneetako perimetroan edo sarbideen zatiren baten ertzetan.
Ustiategiek itxitura bat izanen dute pabiloien perimentroan. Gainera, ur putzuak eta minda putzuak segurtasun hesiak izanen dituzte, pertsonak eta basafauna ez sartzeko.
Ustiategi bakoitzeko jardueraren ondorioz, urtero, 3.727 tona pentsu, 14.400 m³ ur eta 3.750 litro gasolio kontsumitzea aurreikusten da. Horrez gain, atmosferara amoniakoa, CO2a eta berotegi efektuko beste gas batzuk isuriko ditu.
Animalia hilen kudeaketari dagokionez, bajak %2 eta %4 artekoak izanen direla kalkulatzen da. Kasu horretan, ustiategi bakoitzean urtean 662 animalia hilko lirateke (7.200 plaza x 2,3 ziklo x 0,04), eta horiek, batez beste 60 kilokoak izanik, guztira 39,74 tona osatuko lituzkete.
Helburu berarekin, ingurunea garbitzeko ohiko neurriak hartuko dira, baita pentsuak eta basafaunarentzat erakargarri izan daitezkeen bestelako materia batzuk behar bezala biltegiratzekoak ere.
Ustiategi bakoitzak urtean 5.153 m³ (Pitillas I) eta 7.637 m³ (Pitillas II) minda sortuko ditu, hau da, guztira 12.790 m³ minda. Halaber, simaurrak kudeatzeko dagozkien planak aurkeztu dira eta, horien arabera, mindak Pitillasko eta ondoko udalerrietako zenbait lurzatitan banatuko dira, nekazaritzako ongarri gisa.
II. ERANSKINA.–INGURUMEN ERAGINAREN AZTERKETEN LABURPENA
Aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketek honako hauek jasotzen dituzte: proiektu bakoitzaren eta ingurune hartzailearen deskribapen orokorra, alternatiben balorazioa, arriskuen eta eraginen identifikazioa (atmosfera, lurzoru, uren kalitate, hondakin, arrisku natural eta Natura 2000 Sarearen gainekoak, besteak beste) eta ustiategi bakoitzaren paisaia azterketa.
Azterketa horietan, ingurumen baimen integratuari dagozkion neurri zuzentzaileen eta ingurumen jarraipenaren proposamen bat jasotzen da, baita ustiategiek sortutako karbono aztarnaren balorazio bat ere, lotutako isuriak prebenitzeko, arintzeko eta konpentsatzeko hartu beharreko neurriak adierazita.
Ingurumen eraginaren azterketetan, halaber, obrak egitean eta ustiapenean natura ingurunearen gaineko zuzeneko inpaktuak kontrolatzeko edo ezabatzeko beste neurri batzuk ere jasotzen dira, besteak beste:
–Teknika erabilgarri onenak betetzea, baita kutsadura, isurketak eta hondakinak kontrolatzeko, lehengaien kontsumoa minimizatzeko eta abarrerako neurriak ere.
–Pitillas I-eko minda putzuaren eta ondoko drainatzeen artean dike bat eta babes tarte bat ezartzea, minden kudeaketaren ondoriozko kutsadura lausoa kontrolatzeko.
–Ustiategiak ezarriko diren lurzatien urbanizazioan materialen bolumenak konpentsatzea, proposamen bakoitzaren kartografia xehatua izan ondoren, konpentsatu ahal izateko kotarik egokienak.
–Ur edangarriko putzuetan arrapalak jartzea, bertara eror daitekeen faunak ihes egitea errazteko (basafauna bertara sartzea eragozteko aurreikusitako itxiturez gain).
–Animalia hilak biltzeko eta eraikin independente batean edukiontzi estankoetan biltegiratzeko sistema bat ezartzea. Biltegiratu ondoren, hondakin horien kudeaketan espezializatutako enpresa bati erretiratzeko abisua emanen zaio, indarreko araudiari jarraituz (haragijale oportunistarik eta hegazti nekrofagorik ez erakartzeko).
–Nekazaritzako ongarritzean mindak barreiatzearen ondoriozko kutsadura kontrolatzeko, sustatzaileak planteatu du proposatutako lurzatietan gehienez 250 kg N/ha zabaltzea, nekazaritza-jatorriko nitratoek ura kutsatzeko arriskua duten eremuetan izan ezik; horietan, gehienez 170 kg N/ha barreiatuko dira.
–Nafarroako Foru Komunitatean estepako hegaztiak zaintzeko intereseko eremuen barruan (NAEHZIE) sartzen diren simaurrak kudeatzeko planeko lurzatietan aplikatu beharreko mindak barreiatzeko egutegia mugatzea, estepako hegazti katalogatuen umatze garaian eraginik ez izateko.
–Bi ustiategien perimetroetan zonaldeko berezko zuhaixka eta zuhaitz espezieak landatzea proposatzen da, hala nola zurbeltza edo artea (Quercus ilex), abaritza (Quercus coccifera), sabina (Juniperus phoenicea), legeltxorra (Pistacia lentiscus) eta ipurua (Juniperus oxycedrus). Formazio naturalen antzeko zuhaizti irregularrak eratzeko ahalegina eginen da.
Pitillas I landareztatzeko planean, gainera, Pitillako 5. poligonoko 283 B azpilurzatian ezabatutako 2.800 m² larre eta sastraka berreskuratzea planteatzen da, baita drainatze bideen ondoan proposatutako 5 m-ko tartean belarkiak ereintzea ere (nitratoek eragin ditzaketen kutsadurak arintzeko eremu gisa).
Azkenik, proposamenak ondare arkeologikoa zaintzearekiko bateragarriak izateari buruz Ondare Historikoaren Zerbitzuari egindako txosten eskariak jasotzen dituzte bi azterketek. Eskari horiek erantzun gabe daude.
III. ERANSKINA.–INGURUMEN EBALUAZIOKO KONTSULTAK
Kontsulten laburpena honako irismen txosten honetan: Pitillasko 5. poligonoko 282. eta 283. lurzatietako, Donemondos bazkalekuko, ustiategia (Pitillas I)
Kontsultatutako pertsona eta entitateen zerrenda eta irismen txostenerako erantzunak.
Ingurumen Eraginaren Atala | X |
Beireko Udala | X |
Pitillasko Udala | X |
Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala | X |
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia | |
Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala | |
Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua | |
Abeltzaintza Zerbitzua | |
Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia | |
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa | |
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa | |
Erriberako Ekologistak Martxan | |
Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa | |
Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea | |
UAGN (Nafarroako Nekazarien eta Abeltzainen Batasuna) | |
EHNE-NAFALUR | |
Sustrai Erakuntza fundazioa | |
Greenpeace |
Beireko Udalak mindak barreiatzeari dagokionez iradoki du banatzeko modua kontrolatu behar dela eta eguraldi txarra saihestu, usainen ondoriozko eraginik ez izateko, eta banaketa planeko lurzatiak jasoko dituen plano bat eskatu du. Era berean, landareztatze neurriak hartu behar direla adierazi du, instalazioetako lur erauzketek ikusizko eraginik ez izateko.
Pitillasko Udalak, Beireko Udalak egindako iradokizun berberak jasotzeaz gain, gogorarazi du ustiategien tamaina kontrolatu behar dela, baita animalien osasunaren arloko indarreko legedia bete ere.
Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak jakinarazi duenez, abelbideei dagokienez, proiektuak ez die eragiten ez altxonbideei, ezta horien zortasun eremuei ere.
Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenerako irismen dokumentua eskatu zenetik egindako izapidetzea azaldu du (Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 34. artikuluaren arabera). Halaber, ingurumen eraginaren azterketan sartu beharreko alderdiak aipatu ditu, baita jardueraren kokapena dela-eta ukitu daitezkeen natura ingurunearen balioak ere. Txostenarekin batera, kontsultatutako erakundeen erantzunak daude.
Txosten horretan adierazten denez, proiektuaren deskribapenean, ingurunean eragina duten proposamenaren alderdi guztiak definitu beharko lirateke: instalazioen diseinua eta kokapena, barruko sarbideak, putzuak, urbanizazioaren deskribapena, lur erauzketen sorrera, betelanak, hondeaketako soberako lurrak, maileguko materialen beharra, etab. Adierazten da, orobat, mindak barreiatzeko lurralde planarekin batera zerrenda bat aurkeztu behar dela, non lurzatiak espazioan kokatuta agertuko baitiren (artxibo grafiko geoerreferentziatua).
Ingurumen eraginaren azterketari dagokionez, sustatzaileari jakinarazten zaio honako hauek jaso behar dituela:
–Proposamenerako alternatiben azterketa, eta etorkizuneko ustiategiaren ingurune hurbilaren (Beire eta Pitillas) deskribapena, ondoan dauden ingurumen balioa duten eremuei erreferentzia eginez, bereziki "Pitillasko aintzira" Kontserbazio Bereziko Eremuari eta Pozo del Pastor errekari.
–Proiektuaren ekintzen ondorioz (obrak eta funtzionamendua) aurreikus daitezkeen inpaktuen balorazioa, batez ere lurzoruaren eta uren kutsadurari dagokionez. Bereziki, "(090.051) Zidakos ibaiaren arroko Zidakosko alubioia" lurpeko ur masan kokatutako lurzatiak ongarritzeko mindak erabiltzearen eragina baloratu behar da, gune hori nekazaritza-jatorriko nitratoek ura kutsatzeko arriskua duen eremu bat baita. Era berean, mindek Estepako Abifauna Kontserbatzeko Garrantzizko Eremuetako lehorreko lurzatietan duten eragina baloratuko da, eta neurri prebentiboak hartuko dira (txostenarekin batera dagoen Biodibertsitate Zerbitzuak egindako protokolo batekin bat etorriz).
–Proiektuaren berotegi efektuko gasen isurien zehaztapena, karbono aztarna kalkulatuz, ingurune hartzailea baloratuz erabilera publiko handieneko ibilbideetatik, baita Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txosten bat barne hartzeko beharra ere.
–Neurri zuzentzaileak, kudeaketakoak eta jarraipenekoak, aurreikusitako ingurumen eraginak saihesteko, minimizatzeko edo konpentsatzeko: bereziki, natura balioa duten elementuei eragitea saihestekoak; Pozo del Pastor errekara ustekabeko isurketak egitea saihestekoak (Pitillasko aintziran isurtzen ditu bere urak, Sabasango ubidearen bidez); basafauna (batez ere hegazti nekrofagoak) ahalik eta gutxien erakartzera bideratutakoak; putzuetan fauna itotzea saihesteko neurriak; eta landatzeko plan bat, proiektua paisaian integratzeko (proiektuaren ondoko Pitillasko 5. poligonoko 283B azpilurzatiko landaredi naturala berreskuratzea barne hartuta).
IV. ERANSKINA.–JENDAURREAN JARTZEKO ETA UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA INTERESDUNEI KONTSULTAK EGITEKO IZAPIDEAREN EMAITZA
1. Pitillas I proiektuan:
Ukitutako administrazio publiko gisa, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Abere Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua), Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia), Pitillasko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari. Interesdun gisa, ingurumena babestearekin zerikusia duten 7 erakunde edo elkarteri egin zitzaien kontsulta.
Espedientean jasota daude Lurraldearen Antolamenduaren Atalak, Abere Ekoizpenaren Atalak, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalak, Pitillasko Udalak eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak bidalitako erantzunak (azken hori epez kanpo jaso zen):
–Pitillasko Udalak jarduera ezartzeko eta gauzatzeko bete behar diren zehaztapen eta neurri zuzentzaileen berri eman du (hirigintza, ingurumen, higiene, osasun eta suteen aurkako segurtasun baldintzak). Horrez gain, minden plana zuzentzeko eskatu du, udal ordenantzaren araberakoa izan dadin.
–Lurraldearen Antolamenduaren Atalak egindako txostena aurretiazkoa da, proiektua definitzeko kontuan hartu beharreko irizpenak eta baldintzak aipatzen ditu, udal plangintzari, lurralde antolamenduari eta plan sektorialei dagokienez, baita lurzoru urbanizaezinean egitea baimentzeko izapideak ere.
–Abere Ekoizpenaren Atalak aurretiazko aldeko txostena aurkeztu du (behin betiko dokumentazioa aurkeztu artekoa).
–Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren aurretiazko txostenean, abeltzaintzako ustiategien kokapenari buruzko aplikatu beharreko araudiaren betetzearen aurretiko berrikuspena eta teknika erabilgarri onenen betetzearen berrikuspena jasotzen dira. Horrez gain, aplikatu beharreko neurriak zehazten dira, aipatutako 306/2020 Errege Dekretuaren 10. artikuluaren arabera –306/2020 Errege Dekretua, otsailaren 11koa, Txerri-haztegi intentsiboen oinarrizko antolamendu-arauak ezartzen dituena eta txerri-azienda estentsiboko ustiategien oinarrizko antolamendu-araudia aldatzen duena–.
–Ingurumen Eraginaren Atalaren txostenean (2021eko abuztuaren 23a), ingurumen eraginaren azterketa hobetzeko oharrak jaso eta proiektuaren ingurumen alderdi erabakigarriak nabarmentzen dira: ustiategitik gertu dauden ingurumen balioko espazioak eta elementuak babesteko neurriak, bereziki, errekak eta Pitillasko aintzira babestekoak; eta mindak barreiatzeko plana diseinatzean estepako hegaztientzako espazio baliotsuetan eragina izatea saihestea, kutsadurarekiko kaltebera den eremuaren barruko edozein lurzati plan horretatik kanpo utzita.
–Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostenean, proiektuari buruzko gogoetak jasotzen dira ibilguak babesteari, uholdeei eta abarri dagokienez, baita ur libreen eta lurpeko uren kalitatea babesteari dagokionez ere, eta jarduerak Nafarroako Erdialdeko akuiferoetako uren kalitatearen gainean izan ditzakeen arriskuez ohartarazten da.
Jendaurreko informazioari hasiera emateko, iragarki bat argitaratu zen 2021eko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean (ekainaren 8koa), eta ezarritako jendaurreko informazio epean ez zen alegaziorik jaso.
2. Pitillas II proiektuan:
Ukitutako administrazio publiko eta pertsona interesdun gisa, beste txerri ustiategiaren kasuan kontsultatutako entitate eta erakunde berberei egin zitzaien kontsulta.
Espedientean jasota daude Lurraldearen Antolamenduaren Atalak, Abeltzaintza Zerbitzuak, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalak, ingurumen organo gisa, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak bidalitako erantzunak (azken hori epez kanpo jaso zen):
–Lurraldearen Antolamenduaren Atalak egindako txostena aurretiazkoa da, proiektua definitzeko kontuan hartu beharreko irizpenak eta baldintzak aipatzen ditu, udal plangintzari, lurralde antolamenduari eta plan sektorialei dagokienez, baita lurzoru urbanizaezinean egitea baimentzeko izapideei dagokienez ere.
–Abeltzaintza Zerbitzuaren aldeko txostena, zeinetan gizentzeko txerri ustiategietarako indarrean dagoen araudia gogorarazten den.
–Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren aurretiazko txostenean, abeltzaintzako ustiategien kokapenari buruzko aplikatu beharreko araudiaren betetzearen aurretiko berrikuspena eta teknika erabilgarri onenen betetzearen berrikuspena jasotzen dira, eta aplikatu beharreko neurriak zehazten dira, txerriekin lotutako aipatutako 306/2020 Errege Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, metano metaketaren arriskuak ezabatzeko minda putzua estaltzeari dagokionez.
–Ingurumen Eraginaren Atalaren txostenean (2021eko abenduaren 9a), Pitillas I-en kasuan egindako oharren antzekoak jasotzen ditu: hurbileko ingurumen balioko espazioak eta elementuak babesteko neurriak, bereziki, errekak eta Pitillasko aintzira babestekoak, eta mindak barreiatzeko plana diseinatzean estepako hegaztientzako espazio baliotsuetan eragina izatea saihestea, kutsadurarekiko kaltebera den eremuaren barruko edozein lurzati plan horretatik kanpo utzita.
–Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostenean, ibilguak babesteari, uholdeei eta abarri buruzko gogoetak jasotzen dira, baita ur libreen eta lurpeko uren kalitatea babesteari dagokionez ere, eta jarduerak Nafarroako Erdialdeko akuiferoetako uren kalitatearen gainean izan ditzakeen arriskuez ohartarazten da.
Alegazio gisa jaso dira, halaber, honako elkarte hauen erantzunak: Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartearenak (bi idazki), Sustrai Erakuntza fundazioarenak (bi idazki) eta Ekologistan Martxan taldearenak.
Jendaurreko informazioari hasiera emateko, iragarki bat argitaratu zen 2021eko 253. Nafarroako Aldizkari Ofizialean (azaroaren 4koa), eta beste 7 alegazio jaso ziren: Nafarroako Animalien Askatasuna eta Asociación Hacendera de Soria elkarteenak eta beste 5 alegazio partikular. Jasotako alegazio partikularrak bat datoz, funtsean, aipatutako elkarteek bidalitako erantzun eta alegazioetan jasotako alderdi problematikoekin.
Alegazio horietan honako alderdi hauek jasotzen dira (laburpena):
–Instalazioa nitratoen kutsadura arriskua duen eremu batean egoteak dakartzan arazoez ohartarazi dute. Proiektu honen ondorioz lurzorua nitratoz kutsatzea eta berotegi efektuko gasen emisioa handitzea, eta hori Nafarroako Erdialdean eta Erriberan txerri ustiategiak jartzeko izapidetzen ari diren beste proiektu ugariren inpaktuei gehitu beharra. Adierazi dutenez, mota horretako jardueren ondorioz nitratoen kutsadura areagotzeko arriskua Ebroko Plan Hidrologikoan jasotzen da, eta Europako Batzordeak 2018/2250 arau-hauste prozeduran ezarritako eskakizunen aurkakoa da –prozedura horren ondorioz, nitratoen kontzentrazioaren goranzko joera iraultzeko neurri osagarriak hartu ziren–.
–Nabarmendu dutenez, bi ustiategiak txerriak gizentzeko 14.400 plaza izanen dituen ustiategi bakarra da, bi instalaziotan banatua, eta, horren bidez, txerri ustiategietarako legez aurreikusitako tamaina bikoiztuko litzateke.
–Ekologistak Martxan-ek adierazi duenez, mota horretako makroetxaldeak instalatzea ez da bateragarria despopulatzeko arriskuari aurre egitearekin; izan ere, Pitillasen etorkizuna hipotekatuko du, instalazio horrek lurraldeko laboreen eta abeltzaintzaren gainean eraginak izanen dituelako, biztanle berriak erakartzea oztopatuko duelako eta natura eta paisaia balioa galduko direlako, eta, talde horren ustez, despopulazioaren aurka egiteko lurralde garapena eta kohesioa bultzatu behar dira.
–Azkenik, dokumentazioan ingurumen balioa duten eremuetarako distantziei eta aurkeztutako simaurra kudeatzeko planeko lurzatien azalerari buruzko zenbait zehaztasun falta daudela adierazi da (jabeen baimenak izateko beharra).
V. ERANSKINA.–ABELTZAINTZAKO USTIATEGIETAKO MINDEN, DIGESTATOAREN ETA/EDO SIMAURREN KUDEAKETA EGOKIRAKO PROTOKOLOA
Abeltzaintzako ustiategi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak, Natura 2000 sarearen barruko lekuak eta Nafarroako Foru Komunitatean estepako hegaztiak zaintzeko intereseko eremuak), bermatu beharko da nekazaritza jarduerak eta lehorreko laborantza txandakatzeak faunaren kontserbazioari mesede egitea, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:
–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.
–Debeku da urak kutsatzeko edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekartzen ahal duten hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra hondakinak edo substantziak bertan uztea.
–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko zereal alorretan martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.
–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri sistema eraldatzea.
–Minda banatzeari dagokionez, leku horietan banaketa lokalizatua soilik baimentzen da, eta hodi esekiak dituzten tangen bidez egin behar da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia eta bermatu beharko du ez dela sortuko intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen putzurik edo jariatzerik.
–Alfer lur iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik zabaltzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak). Gainera, alfer-lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira (KBEaren barruan zein hortik kanpo egon), ez zaie zeharkako ukipenik eraginen mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren alorren laborantzatik sor daitezkeen isuri edo putzuen ondorioz.
–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metro baino gutxiagoko distantziara, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea. Ur masak babesteko ezartzen diren banaketa baldintzetan kontuan hartuko dira Estatuko araudi sektorial espezifikoan ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian adierazitako TEOak-Abeltzaintza Sektorea).
–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi batekoak izan edo etengabeak. Errekak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxonak), habitat horiek KBEaren barnean sartuak egon edo ez. Nolanahi ere, ezin izanen da hustubide edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egin.
–Hezegune eta erreka gazietako arro hidrografikoan, Nafarroako Foru Komunitateko Nekazaritzako Jardunbide Egokien Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak beteko dira. Kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen.
Iragarkiaren kodea: F2309480
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
