1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
181/2023 FORU AGINDUA, ekainaren 1ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez ebazten baita Iruñeko Alemanen eremuko 6. poligonoko 2101 katastro lurzatian elkarlaneko bizitoki bat sustatzeko irabazi-asmorik gabeko entitatea hautatzeko norgehiagokaren deialdia.
Biztanleria zahartzea mundu mailako erronka bat da, eta aurreikusten da 2050erako munduko herrialde gehienen biztanleria piramidean biztanleen herena 65 urtetik gorakoa izanen dela. Aurrerapen objektibo hori bizi baldintzen (osasuna, hezkuntza, segurtasuna) hobekuntza orokor bati esker gertatzen da, horrek berarekin baitakar bizi-itxaropen luzea, jakinduria eta trebakuntza handiagoa dituen biztanleria gehiago egotea, bizitza aktibo eta instituzionalizatu gabeari eusteko gogoa duena.
Abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, adinekoen, desgaitasuna dutenen, nahasmen mentala dutenen, adingabeen arretaren eta gizarte inklusioaren arloetan eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua arautzen dituenak, adinekoentzako etxebizitza alternatibak garatzeko aukera jasotzen du, adinekoak autonomia sustatzeko moduan antola daitezen, elkarrekiko laguntzan eta autokudeaketan oinarritutako elkarlaneko bizitokietan.
Aurrekoarekin jabetuta, Eskubide Sozialetako Departamentuak Iruñean adinekoentzako elkarlaneko bizitoki bat ezartzen laguntzea erabaki du. Horretan, onuradunek berek zuzkidura eraikinen eta horien instalazioen eraikuntza eta mantentze lanak finantzatzeko ekarpenak egiteko konpromisoa hartzen dute, hipoteka kredituen laguntzarekin, baita esplotazioa kudeatzekoa ere.
Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 239. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak azalera-eskubidea eratzen ahalko du bere jabetzako lurretan, baita lagatze bidez erositakoetan ere, interes sozialeko erabileretarako bideratzen direnean, eta azalera-eskubidedunak izanen du horren eskubidea.
Eskubide Sozialetako kontseilariaren otsailaren 21eko Foru Aginduaren bidez, onetsi zen Iruñeko Alemanen eremuko 6. poligonoko 2101 katastro lurzatian elkarlaneko bizitoki bat sustatzeko irabazi-asmorik gabeko entitatea hautatzeko norgehiagokaren deialdia.
Deialdiaren hirugarren oinarriak ezartzen du parte hartzen ahalko dutela irabazi-asmorik gabeko entitate guztiek, gehienbat 65 urtetik gorako pertsonek eratuek eta helbidea Nafarroako Foru Komunitatean dutenek, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.
b) Egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.
c) Irabazi-asmorik ez edukitzea.
d) Estatutuen arabera, xede instituzionala adinekoentzako elkarlaneko bizitokiak sustatzea izatea.
Laugarren oinarriak ezartzen du entitateek honako dokumentazio orokor hau aurkeztu behar dutela:
"4.1.1. Eskaerak aurkezteko epea 40 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. (...)
4.1.3. Entitate eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra:
a) Entitatearen estatutuen kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.
b) Kasuan kasuko erregistroan inskribatu izanaren aitorpena.
c) Eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.
d) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartela."
Deialdi arautzaileak xedatzen duenarekin bat, ikusten da, lehenik, bi entitatek egin dutela eskaera legeak ezartzen duen epearen barruan: Etxekonak Bat Gizarte Intereseko Sozietate Kooperatiboak eta Etxekide Sozietate Kooperatiboak.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, ikusten da bi entitateek aurkeztu dutela eskatzen den dokumentazioa eta deialdiaren oinarriek xedatzen dituzten baldintzak betetzen dituztela.
Ondoren, proposamen teknikoak irekitzeari ekin zitzaion. Balorazio Batzordeak erabaki zuen dagokion txosten teknikoa eskatzea gai horretan adituak diren batzordeko teknikari gaituei, balorazio-baremoaren atal hauei buruz: elkarlaneko zerbitzua, arkitektura proposamena, bideragarritasun ekonomikoa eta irizpide soziala. Balorazioa egin da deialdiaren 5.3 oinarriak ezartzen dituen balorazio-irizpideen arabera.
Balorazio Batzordeak baloratu eta eztabaidatu ditu balorazio horiek, eta puntuazio hauek eman ditu:
A) ELKARLANEKO ZERBITZUAREN PROPOSAMENA (30 puntu, gehienez) | GEHIENEKO PUNTUAZIOA | ETXEKIDE | ETXEKONAK BAT |
1.–Egoiliarrei bat-batean gertatutako mendekotasuna artatzeko eta kudeatzeko proiektu soziala, pertsona ardatz duen arreta integralaren eredura bideratua. | 6 | 5,25 | 4 |
2.–Bizikide diren pertsonei zuzendutako zerbitzuen antolaketa eta prestazio modua. | 5 | 4 | 3,5 |
3.–Autonomia sustatzean oinarritutako jardueren programa. | 5 | 5 | 3 |
4.–Elkarlaneko bizitokian elkarrekin bizi diren adinekoen ehunekoa %75 edo gehiago izatea. | 3 | 2,5 | 2 |
5.–Arreta mediko-sanitarioko espazioak izatea. | 2 | 2 | 1,5 |
6.–Zaintzaileentzako bizitoki soluzioa izatea. | 2 | 1,5 | 2 |
7.–Mendekotasun Batzordea egotea, egoerak eta zaintza alternatibak baloratzeko. Horretan dagozkien zerbitzu publikoetako profesional batek parte hartuko du. | 2 | 2 | 2 |
8.–Akonpainamendua eta arreta bizitzaren amaiera prozesuetan. | 2 | 2 | 1,75 |
9.–Mendekotasunari erantzuteko laguntza ekonomikoa aurreikustea, ordaindu ezin duten bazkideentzako. | 2 | 2 | 1,25 |
10.–Mendekotasunari erantzuteko planetan parte hartzea. | 1 | 1 | 0,75 |
Elkarlaneko zerbitzuaren proposamenaren puntuazioa, guztira | 30 | 27,25 | 21,75 |
B) ARKITEKTURA PROPOSAMENA (30 puntu arte) | GEHIENEKO PUNTUAZIOA | ETXEKIDE | ETXEKONAK BAT |
1.–Proiektatutako eraikinaren eta espazioen estetika eta osaketa, baita ingurunean integratzea ere. | 5 | 3 | 5 |
2.–Oreka egotea proiektaturiko apartamentu eta espazioen azaleraren, bizigarritasunaren eta aniztasunaren artean. | 5 | 3 | 5 |
3.–Proposatutako eraikuntza, akabera eta estalduren kalitatea eta egokitasuna. | 5 | 5 | 3 |
4.–Klimatizazio eta argiztapen instalazioen diseinua eta kalitatea, eta energia autonomia eta efizientzia hobetzen dituzten energia iturri berriztagarriak erabiltzea. | 5 | 3 | 5 |
5.–Babes pasiboa eta energia efizientzia hobetzen dituzten eraikuntzako soluzioak erabiltzea. | 5 | 5 | 3 |
6.–Oreka egotea espazio komunen eta espazio pribatuen artean, eta egokiak izatea bertan bizi diren pertsonen egoera desberdinetarako. | 3 | 1 | 3 |
7.–Mugikortasun jasangarriago baterako barne espazioak erreserbatzea, hala nola bizikletentzako eta motorrik gabeko ibilgailuentzako aparkalekuak. | 2 | 2 | 2 |
Arkitektura proposamena, guztira | 30 | 22 | 26 |
C) BIDERAGARRITASUN EKONOMIKOA (30 puntu gehienez) | GEHIENEKO PUNTUAZIOA | ETXEKIDE | ETXEKONAK BAT |
1.–Elkarlaneko bizitokiaren bideragarritasuna bermatzen duen ekonomia eta finantza plana. | 15 | 15 | 15 |
2.–Bazkidearen ahalmen ekonomikoaren arabera egokitzea eraikina egiteko kostuaren ondorioz jasanarazitako hileko prezioa. | 5 | 5 | 5 |
3.–Bazkideen ekarpenen eta bazkideei emandako zerbitzuen prezio edo ordainsarien egitura ekonomikoa (kuotak ordaintzeko malgutasuna, gastuen bilakaeraren araberako gehikuntzaren aurreikuspena, kuoten ordainketa ondasunekin bermatzeko aukera, ez-ordaintzeen kudeaketa...). | 5 | 5 | 4 |
4.–Eraikinaren bizitzaren 75 urteetan zehar eraikina osorik zaharberritzeko funtsak aurreikustea. | 3 | 3 | 3 |
5.–Bazkideen subrogazio sistemaren aurreikuspen ekonomikoa. | 2 | 2 | 2 |
Bideragarritasun ekonomikoaren puntuazioa, guztira | 30 | 30 | 29 |
D) IRIZPIDE SOZIALA (10 puntu gehienez) | GEHIENEKO PUNTUAZIOA | ETXEKIDE | ETXEKONAK BAT |
Gizarte bazterkeriako egoeran dauden edo horren arrisku larrian dauden pertsonak, genero indarkeriaren biktima diren emakumeak edo desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko konpromisoa, baldin eta langile horiek kontratatzeko eskaintza badago, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan izena emanda. | 10 | 10 | 7 |
Irizpide soziala, guztira | 10 | 10 | 7 |
ENTITATEA | PUNTUAZIOA, GUZTIRA (100) |
Etxekide | 89,25 |
Etxekonak bat | 83,75 |
Beraz, lortutako puntuazioak ikusirik, Balorazio Batzordeak Etxekide Sozietate Kooperatiboa entitatea proposatzen du Iruñeko Alemanen eremuko 6. poligonoko 2101. katastro lurzatian elkarlaneko bizitoki bat sustatzeko eta kudeatzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Ebaztea norgehiagokaren deialdia, Iruñeko Alemanen eremuko 6. poligonoko 2101 katastro lurzatian elkarlaneko bizitoki bat sustatzeko irabazi-asmorik gabeko entitatea hautatzeko.
2. Etxekide entitatea aukeratzea Iruñeko Alemanen eremuko 6. poligonoko 2101. katastro lurzatian elkarlaneko bizitoki bat sustatzeko eta kudeatzeko.
3. Ondare Zerbitzuari proposatzea azalera-eskubide bat eratzeko Etxekide entitatearen alde, Iruñeko Alemanen eremuko 6. poligonoko 2101. katastro lurzatian.
4. Foru Agindu hau parte hartu duten entitateei jakinaraztea, esanez foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Nafarroako Gobernuaren aurrean, hilabeteko epean jakinarazpena egiten den biharamunetik hasita.
5. Foru agindu hau Ondare Zerbitzura, Iruñeko Udalera eta Idazkari Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, bere ondorioak sor ditzan.
Iruñean, 2023ko ekainaren 1ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.
Iragarkiaren kodea: F2309126