139. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3860E/2023 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 23ko 25380E/2022 Ebazpena. Ebazpen horren bidez onesten da 2023an eta 2024an errelebo-kontratuak sustatzeko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 664194.

Adin handieneko langileen lan bizitzaren jarraipena bultzatzeko eta zahartze aktiboa sustatzeko neurriei buruzko martxoaren 15eko 5/2013 Errege Lege-dekretuak idazketa berri bat eman zion Gizarte Segurantzaren Sistema Eguneratu, Egokitu eta Modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen azken xedapenetako lehenengoari, erretiro partziala nola hartu eta errelebo-kontratua arautzeko. 5/2013 Errege Lege-dekretuan ezarritakoa aplikatzen ahal dute hala nahi duten enpresa guztiek, baldin eta langileekin akordioak lortzen badituzte.

Bestalde, Espainiako industriaren eta merkataritzaren sektorean lehiakortasun ekonomikoa bultzatzeko presako neurriei buruzko abenduaren 7ko 20/2018 Errege Lege-dekretuak errelebo-kontratua sinatzeko baldintza espezifiko batzuk zehazten ditu, eta horiek soilik manufaktura-lanpostuetako kontratuetan aplikatuko dira. Manufaktura-lanpostuak honela definitzen ditu: esfortzu fisikoa edo arreta handia eskatzen duten eginkizunak dituztenak fabrikazio, elaborazio edo eraldaketa lanetan, bai eta manufaktura-industria gisa sailkatutako enpresetan makineria eta ekipo industrialak muntatzeko, martxan jartzeko, mantentzeko eta konpontzeko lan espezializatuetan ere.

Errelebo-kontratua sinatzen duen enpresaren egoera, lehen edo bigarren araua aplikatuta, guztiz diferentea da. Alderik esanguratsuenetakoa erretiro partziala hartu duen pertsonaren eta errelebo-hartzailearen kotizazioen ingurukoa da. 5/2013 Errege Lege-dekretuan erretiro partziala hartu duen pertsonaren kotizazio-oinarria lanaldi osoari dagokion kotizazio-oinarriaren %100 izanen da; 20/2018 Errege Lege-dekretuan, aldiz, enpresan egiten duen benetako lanaldiaren arabera kotizatuko du.

Hori dela eta, errelebo-kontratua ez da hain erakargarria manufakturakoak ez diren lanpostuetarako, manufakturakoak diren lanpostuen aldean.

Aldaketa honen bidez, manufakturakoak ez diren lanpostuetan errelebo-kontratuak egitea are gehiago bultzatu nahi da, erretiro partzialak ezartzean enpresak jasaten dituen kostu handiagoak neurri batean konpentsatzeko.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 23ko 25380E/2022 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baita 2023an eta 2024an errelebo-kontratuak sustatzeko dirulaguntzen deialdia. Honela idatzita geldituko da:

5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Eman beharreko zenbatekoak:

a) 6.120 euroko dirulaguntza emanen da, baldin eta errelebo-kontratua manufaktura-lanpostu batena bada eta 36 hilabeteko iraupena badu. Laburragoa izanez gero, 170 euro kenduko dira hilabete bakoitzeko.

b) 11.520 euroko dirulaguntza emanen da, baldin eta errelebo-kontratua manufakturakoa ez den lanpostu batena bada eta 36 hilabeteko iraupena badu. Laburragoa izanez gero, 320 euro kenduko dira hilabete bakoitzeko.

c) Errelebo-hartzailea jarraian adierazitako lehentasunezko taldeetako batekoa bada, dirulaguntza 7.920 eurokoa izanen da, baldin eta errelebo-kontratuak 36 hilabeteko iraupena badu eta manufaktura-lanpostu batena bada. Laburragoa izanez gero, 220 euro kenduko dira hilabete bakoitzeko.

d) Errelebo-hartzailea jarraian adierazitako lehentasunezko taldeetako batekoa bada, dirulaguntza 13.320 eurokoa izanen da, baldin eta errelebo-kontratuak 36 hilabeteko iraupena badu eta manufakturakoa ez den lanpostu batena bada. Laburragoa izanez gero, 370 euro kenduko dira hilabete bakoitzeko.

Lehentasunezko taldetzat hartuko dira honako hauek:

–Gazte Bermearen Erregistroan inskribatutako gazteak.

–Luzaroko langabeak.

–Errenta bermatuaren hartzaileak.

–Emakumeak.

5.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hilabete osoak bakarrik kontatuko dira, ulertuta hilabete batek 30 egun hartzen dituela.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean hartuko du indarra.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2023ko ekainaren 16an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2309474