13. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, "Garbigunea: etxeko hiri-hondakinen bilketa Zarrakaztelun (Nafarroa)" izeneko proiekturako desjabetze aktak egiteko

Mairagako Mankomunitateko buruak honako ebazpen hau eman du 2023ko urtarrilaren 9an:

Mairagako Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2022ko urriaren 6an egindako bilkuran, erabaki zuen onestea "Garbigunea: etxeko hiri-hondakinen bilketa Zarrakaztelun (Nafarroa)" izeneko obraren proiektua, eta hasiera batez onestea proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Horretaz gainera, hamabost egunean jendaurrean edukitzeko agindu zuen.

Jendaurreko aldia bukatutakoan alegaziorik aurkeztu gabe, Mairagako Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2022ko azaroaren 24an, behin betiko onetsi zuen delako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, eta onespen horri loturik daude onura publikoaren deklarazioa eta okupatzeko beharra. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakoa deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Nafarroako Gobernuak, 2022ko abenduaren 21eko erabakiaren bidez, presakoa deklaratu zuen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzearren.

Beraz, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Dei egitea proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei eta Zarrakazteluko Udaleko alkateari, edo hark eskuordetzen duen zinegotziari, ager daitezen okupatu aurreko aktak eta, bidezko bada, behin betiko okupatzekoak egitera, Zarrakazteluko udaletxean, 2023ko otsailaren 16an.

Aktak egiteko ordena eta ordutegia interesdunei jakinaraziko zaizkie banakako zitazio zedularen bitartez.

Bigarrena.–Ukitutakoek berek agertu beharko dute ekitaldi horretara, edo haien izenean jarduteko behar bezala baimenduta dauden ordezkariek, aldean dituztela titulartasuna frogatzen duten agiriak eta kontribuzioaren azken ordainagiria. Halaber, nahi izanez gero, peritua eta/edo notarioa eraman dezakete, nork bere kontura.

Hirugarrena.–M.ª Carmen Uriz Lusarreta, Itziar Calvo Oteiza eta Jasone Goikoetxea Iriberri Administrazioko peritu izendatzea, nahieran.

Laugarrena.–Agintzea argitara dadila ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zarrakazteluko udaletxeko eta Mairagako Mankomunitateko iragarki tauletan. Era berean, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko bi egunkaritan.

Bosgarrena.–Ebazpen hau ukitutako titularrei jakinaraztea, banakako zitazio zedularen bidez.

Tafallan, 2023ko urtarrilaren 9an.–Mankomunitateko burua, Jorge Bacaicoa Beruete.

Iragarkiaren kodea: L2300347