13. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEDEA

Udal igerilekuen erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Ledeako Udalak, 2022ko ekainaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udal igerilekuen erabilera arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2022ko 202. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 11n.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onesten da, eta osorik argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Ledean, 2022ko abenduaren 28an.–Alkatea, Ricardo Murillo Delfa.

UDAL IGERILEKUEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Oinarria. Ordainarazpen hau ezarri da jarraituz 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalari (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Toki Ogasunak) eta babes harturik haren 28. artikuluko baimena.

2. artikulua. Ordaindu beharra Ordainarazpen hauek ordaintzera beharturik daude Ledeako udal igerilekua erabiltzen dutenak.

3. artikulua. Ordaindu beharra. Ledeako udal igerilekuko sarbidea ematen duen sarrera edo udal baimena eskuratzen denean sortzen da ordaindu beharra.

4. artikulua. Prezio publikoak. Toki entitateko organo eskudunak onetsiko ditu, urtero, aplikatu beharreko prezio publikoak.

Kudeaketa arauak

5. artikulua. Egun bateko balioa duten txartel edo sarrerak instalazioetan sartzeko unean emanen dira. Horretarako arau berezia izanen da instalazioetako diru-bilketa zerbitzuei ordaintzea prezioa. Haiek emanen dituzte txartelak, ordainketaren frogagiriak izanen direnak.

6. artikulua. Instalazioak bonu sistemaren bitartez erabili nahi dituztenek Udalak finkatzen duen moduan eta finkatzen dituen baldintzetan eskuratuko dute.

7. artikulua. Urtero Udalak erabakiko du noiz hasi eta noiz bukatuko den igerilekuen denboraldia, baita instalazio bakoitza zer ordutan ireki eta itxi ere.

Erabiltzeko arauak

8. artikulua. Instalazioen barrenean diren bitartean, erabiltzaileek aldean eraman beharko dituzte txartelak eta arduradunei erakutsi eskatutakoan, bestela kanpora bidaliko baitituzte.

9. artikulua. Instalazioetan sartzen diren guztiek men egin beharko diete haietan ikusgai dauden funtzionamendu arauei. Beraz, instalazioen erabiltzaileek une oro bete beharko dituzte portaera arauak eta instalazioa erabiltzekoak, zeinak ikusgai baitaude.

10. artikulua. Instalazioetan sartu ahal izateko, nahitaez eduki beharko dira ordainduta ezarritako kuotak.

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

12. artikulua. Arau-hauste arinak:

1.–Esparruko instalazioak zuzen ez erabiltzea.

2.–Behar bezalako oinetakoak ez erabiltzea bai berdeguneetan bai igeri-ontzien esparruan.

3.–Jatea edo edatea horretarako eremuetatik kanpora.

4.–Ez erabiltzea paperontziak eta instalazioa garbi edukitzeko gainerako elementuak.

5.–Esparrura sartzea bizikleta, triziklo, patin eta abarrekin, eta berdegunetara aulkiekin, aulkitxoekin eta haurtxoendako gurditxoekin, baimen espresurik izan ezean.

6.–Zaindu gabe edukitzea 8 urtetik beheitiko haurrak, arrisku egoerei kasurik egin gabe, hala nola ondoan heldurik ez dutela palastakoak ez diren igerilekuetan bainatzea.

7.–Igerilekuan dutxatu gabe sartzea.

8.–Uretan flotagailu handiak eta antzekoak erabiltzea. Orobat, jostatzea jaurtitzen diren gauzakiekin edo besteei traba egiten dietenekin.

9.–Helduak txipli-txaplako igerilekuan egotea beharrik gabe.

10.–Txipli-txaplako igerilekuan sartzea bainujantzirik edo pixoihalik gabe.

11.–Txipli-txaplako igerilekuaren barnean jatea edo jatera ematea.

12.–Aldageletan edo igerilekuen esparruan erretzea.

13.–Aulkiak eta mahaiak okupatzea gainean gauzak ezarriz, berehalakoan erabiltzeko asmorik gabe.

14.–Aire zabaleko jantokia zikin uztea erabili ondoan.

15.–Instalazioko langileek (harrera lekuko langileek, sorosleek, udal langileek eta oro har mantentze lanetakoek) erabilera dela-eta egiten dituzten oharrei kasurik ez egitea

16.–Instalazioko edozein arau ez betetzea, arau-hauste larria edo oso larria ez denean.

13. artikulua. Arau-hauste astunak:

1.–Bonuaren edo sarreraren titularra ez denak hura erabiltzea, hura galdu edo galtzeagatik salaketa dagoenean izan ezik. Txartelaren titularra izanen da arau-hauste honen erantzulea.

2.–Egun berean bi falta arin egitea.

3.–Instalazioan animaliak sartzea, itsu-txakurrak izan ezik.

4.–Bainulariei traba egitea.

5.–Basakerietan aritzea.

6.–Horditurik edo edozein drogaren eraginpean bainatzea.

7.–Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edozein arau-hauste.

8.–Kalte egitea instalazioko edozein higigarri edo higiezini.

9.–Instalazioaren barnean ordena publikoa asaldatzea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

10.–Langile arduradunak eta instalazioan lan egiten dutenak iraintzea edo mendratzea (harrera lekuko langileak, sorosleak, udal langileek eta oro har mantentze lanetakoak).

11.–Instalazioetan sartzea hordi itxura nabarmenarekin edo drogen eraginpean.

14. artikulua. Arau-hauste oso astunak:

1.–Falta astunak errepikatzea.

2.–Instalazioaren barnean egiten diren falta astunak, bereziki eragiten dietenak bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari.

3.–Bonu edo sarrerak faltsutzea.

4.–Instalazioko materiala edo besteen ondasunak lapurtzea eta ebastea.

5.–Erabiltzaileei eta instalazioan lan egiten dutenei eraso egitea (harrera lekuko langileak, sorosleak, udal langileek eta oro har mantentze lanetakoak).

6.–Instalazioaren barnean drogak saldu edo kontsumitzea.

7.–Instalaziora sartzea edozein arma aldean eramanik.

8.–Instalaziora sartzea horretarako aurreikusitako sarbideak erabili gabe.

Zehapenak

15. artikulua. Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinak:

–Lehen falta arina, idatziz kargu hartzea.

–Bigarren falta arina urte berean, egun baterako kanporatzea.

–Hirugarren falta arina urte berean, aste baterako kanporatzea.

–Laugarren falta arina urte berean falta astuntzat hartuko da.

b) Astunak:

–Lehengo falta astuna, hamabost egunerako kanporatzea.

–Bigarren falta astuna urte berean, hogeita hamar egunerako kanporatzea.

–Hirugarren falta arina urte berean falta oso astuntzat hartuko da.

c) Oso astunak:

–Lehen falta oso astuna urte berean, bonua galtzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza hau, behin betiko onetsi ondotik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera, indarrean jarriko da eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.–Ordenantza hau aldatzeko, onespenerako jarraitu diren tramite berak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko lehen kapituluko hirugarren atalean xedatutakoaren arabera

Hirugarrena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztietan xedatzen direnak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

PREZIO PUBLIKOAK

Bonuak:

–Bonu osoa erroldatuentzat: 50,00 euro.

–Bonu osoa, erroldatuta ez dauden 65 urtetik gorakoentzat: 40,00 euro.

–Bonu osoa, erroldatu gabekoentzat: : 60,00 euro.

–Bonu osoa, erroldatuta ez dauden 65 urtetik gorakoentzat: 55,00 euro.

–Hilabeteko bonua, erroldatuentzat: 25,00 euro.

–Hilabeteko bonua, erroldatu gabekoentzat: 30,00 euro.

–Bonua, lau urte bitarteko haurrentzat: 0,00 euro.

–Bonu osoa, 5etik 14 urtera bitarteko haur erroldatuentzat: 25,00 euro.

–Bonu osoa, 5etik 14 urtera bitarteko haur erroldatu gabekoentzat: 30,00 euro.

–Hilabeteko bonua, 5etik 14 urtera bitarteko haur erroldatuentzat: 10,00 euro.

–Hilabeteko bonua, 5etik 14 urtera bitarteko haur erroldatu gabekoentzat: 15,00 euro.

–Bonu osoa, familia ugarientzat: %50eko deskontua hirugarren seme edo alabatik aurrera. Kasu horretan, erroldatuaren eta erroldatu gabekoaren modalitatean aplikatuko da prezioa.

Eguneko sarrerak:

–Adingabeak (lau urtera bitartekoak): 0,00 euro.

–Haurrak (5etik14 urtera bitartekoak): 2,50 euro.

Helduak (15 urtetik gora): 5,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L2217826