13. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

325/2022 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Galipentzuko udal-mugartean erdi-tentsioko instalazio elektriko baterako administrazio baimena ematen baita, bai eta exekuzio proiektua onesten eta instalazioak onura publikoa duela zehazki deklaratzen ere.

2022ko uztailaren 11n, Pedro Burgui Sendoa jaunak, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU ordezkatuz, ondoren adierazten den instalazio elektrikoa aldatzeko administrazio baimena eskatu zuen, baita haren exekuzio proiektua onestea eta instalazioak onura publikoa duela zehazki deklaratzea ere:

–Eskatzailea: I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU.

–Espedientea: SAT11377 (Erref.: 2022-056 Obra 101099293).

–Instalazioaren kokalekua: Galipentzuko udal mugartea.

–Xedea: inguru horretako hornidura elektrikoa hobetzea.

–Ezaugarri teknikoak: 13,2 kV-eko erdi-tentsioko lur azpiko linearen saihesbidea, "Zangoza-Kaseda" zirkuituan, 8030. eta 8051. euskarrien artean. Honako jarduketa hauek eginen dira:

–Sareta motako bi euskarri berri paratzea (8031. eta 8032. euskarriak) egungo 8030. euskarriaren eta desmuntatu beharreko 8034. euskarriaren artean. Linea bukaerako 8032. euskarrian eskuzko OCR berri bat paratuko da.

–8032. eta 8051. euskarrien arteko aireko tartea desmuntatzea, LA-56 eroalearekin, 1.850 metroko luzerarekin eta guztira 20 euskarrirekin.

–Egungo 8051. euskarrian, eskuzko OCR berri bat paratuko da, orain dagoen LoadBuster ebakigailu polobakarra eta goiko gurutzeta desmuntatuko dira eta beheko gurutzeta igoko da.

–Baoa tenkatzea, 100-AL1/17-ST1A eroalearekin, 8101. eta 8051. euskarrien artean (61 metro oinplanoan), bai eta 8051. eta 8801. euskarrien arteko baoa ere, LA-56 eroalearekin (31 metro oinplanoan).

–"Zangoza-Kaseda" 13,2 kV-eko zirkuitua lurperatzea, 8034. eta 8051. euskarrien artean; oinplanoan luzera, guztira, 2.091 metrokoa izanen da, eta eroalea HEPRZ1 12/20 kV 1x240 K AL+H16 motakoa. Bi lotune berri behar dira, E1/24-150-240 motakoak.

–Eraikuntzarako sekzio murriztuko zangaren sistema erabiliko da. Ibilbidean 4 tarte daude, oinplanoan guztira 667 metroko luzera dutenak, hormigoiaren gainean, eta 5 tarte, oinplanoan guztira 1.424 metroko luzera dutenak, lurraren gainean.

–Aurrekontua, guztira: 166.266,21 euro.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa betetzeko, jendaurrean jarri ziren, 30 egunez, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren eskaera eta instalazioak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza. Horretarako, iragarki bat jarri zen 2022ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 4koan, Diario de Navarra egunkarian, 2022ko abuztuaren 5ean, eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian. Informazioaren berri eman zitzaion, halaber, Galipentzuko Udalari, jendaurrean jar zezan iraupen bereko epean.

Ez da alegaziorik jaso.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluak aplikatuz, 2022ko abuztuaren 3an proiektuaren separata bana igorri zitzaien Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Telefónica de España SAri eta Galipentzuko Udalari, hogeita hamar eguneko epean adieraz zezaten eskatutako baimena ematearekin ados edo haren kontra zeuden, eta bidezkoak ziren baldintza teknikoak ezar zitzaten.

Espedientean jasota dago I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU ados dagoela Telefónica de España SAk eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2022ko urriaren 5ean egindako txostenekin.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 118. artikuluaren 1. c) apartatuan ezarritakoa aplikatuz, 2022ko uztailaren 15ean, Industriaren Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio guztia igorri zuen Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, lurzoru urbanizaezinetako jarduera baimengarrien baimen-espedientea tramitatze aldera. Horren harira, 2022ko uztailaren 27an jakinarazi zen proposatutako jarduketak ez duela lurzoru urbanizaezinetako jarduera baimengarrien baimenik behar, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikuluaren arabera baimendutako jarduera baita.

Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 10eko 317E/2022 Ebazpenaren bidez, proiektuaren aldeko Ingurumen Eraginen Txostena egin zen, eta azaldutako neurrien aplikazioaren mende jarri zen.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa), eta betez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa,

EBAZTEN DUT:

1.–Administrazio baimena ematea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri aipatutako instalaziorako.

2.–Zehazki deklaratzea instalazioak onura publikoa duela, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

3.–Onestea instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, Fermín Manrique Larraza bide, ubide eta portuetako ingeniariak sinatua. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak gauzatzeko.

4.–Instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera egin beharko dira, eta arau hauetan xedatutakoa bete beharko dute: otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua, goi-tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua onartzen duena; abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua, goi-tentsioko linea elektrikoetan hegazti-fauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituena, eta maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua, goi-tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua onartzen duena.

5.–Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

6.–Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

7.–Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Biodibertsitatearen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

8.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9.–Ebazpen hau jakinaraztea Telefónica de España SAri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

10.–Ebazpen hau jakinaraztea Galipentzuko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko abenduaren 7an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2216638