13. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

513E/2022 FORU AGINDUA, abenduaren 16koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren "Apositu Batzordea" sortzen duena.

2000ko irailean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak oinarrizko osasun laguntza eta laguntza espezializatua koordinatzeko plana onetsi zuen, besteak beste, sistemaren eraginkortasuna eta efizientzia areagotzeko, bi laguntza maila horietako medikuen arteko etengabeko harremanean oinarrituta, eta une bakoitzean lehentasunezkotzat jotzen diren arlo klinikoak edo espezialitateak hobetzeko planak prestatze aldera.

Zainketak etengabe eman beharreko elementu oinarrizko eta zeharkakoa dira, eta horregatik beharrezkoa da koordinaturik aritzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan laguntza ematen duten maila desberdinen eta egituren artean; izan ere, bilatzen da pazienteen beharrak ardatz dituen kalitatezko arreta bermatzea, eta horretarako, arreta hori ahalik eta osoena izanen da, praktikan aldakortasuna murriztuko da, ematen den laguntzaren jarraitutasuna bultzatuko da.

Erizainak arduratzen dira, beren eskumen profesionalen barnean, pazienteei, familiei eta zaintzaileei zainketak modu jarraitu, integral eta indibidualizatuan emateaz, beren kasa edo osasun-talde batean koordinatuta, ekitate, irisgarritasun, estaldura eta jasangarritasun printzipioetan oinarriturik.

Beren eskumeneko zereginak egiteko, erizainek zuzeneko zainketak egin behar izaten dituzte zauri akutu eta kronikoetan. Beren eginkizunak zaurien prebentzioari, balorazioari eta tratamenduari loturik daude, batez ere mendekotasunari atxikitako zauriei, zauri baskularrei eta oin diabetikokoei eta horien kausei dagokienez. Pertsona bakoitzari une jakin batean dituen beharren araberako laguntza integrala emanda, sistemaren eraginkortasuna handitzea posible da.

Zauri kronikoei heltzeko, aposituen erabilerak berebiziko garrantzia du. Aposituen erabilera egokia, haien indikazio eta kontraindikazioak eta pazientearen ezaugarrien araberako egokitzapena jaso egin behar dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osorako katalogo komun eta zehatz baten diseinuan, zeinaren prestaketa- eta berrikusketa-lanetan parte hartu beharko baitute bai zauri kronikoen laguntza-integrazioko lantalde teknikoko profesionalek bai inplikatutako beste profesional batzuek.

Ikusirik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko buruaren txostena.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 19.3 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren "Apositu Batzordea" sortzea.

2. Honako hauek osatuko dute batzordea:

–Osasun Laguntzaren Kalitatearen eta Segurtasun Klinikoaren Ataleko burua, pazientearen segurtasunaren estrategiaren arduradun teknikoa baita; batzordeko burua izanen da.

–Horniduraren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko burua.

–Nafarroako Iparraldeko Zainketa Asistentzialetarako eta Etxeko Arretarako Ataleko burua.

–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Sostengu Prozesuetako Zainketen eta Baliabide Materialen Erizaintza Arloko burua.

–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Erizaintza Baskularreko Unitateko burua.

–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko kirurgia plastikoaren Erizaintza Unitateko burua.

–Lizarrako Barrutiko Bigarren Solairuko, KHAko eta Eguneko Ospitaleko Erizaintza Unitateko burua.

Egindako ibilbideagatik eta arloan duten ezagutza teknikoagatik, honako pertsona hauek batzordeko kide izanen dira:

–Coloma López Gastón andrea, Horniduraren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko erizaina.

–Miren Edurne Berrade Zubiri andrea, erizaina. II. Zabalguneko O.E.

–Avelina López de Goicoechea Goicoechea andrea, Lizarrako Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeko Erizaintza Unitateko burua.

–M.ª Ángeles Pérez Sola andrea, Tuterako Osasun Barrutiko Kontsultetako Zainketen eta Eguneko Ospitale Medikoko eta Onkohematologikoko Erizaintza Unitateko erizaina.

3. "Apositu Batzordeak" jarraian zerrendatzen diren eginkizunak izanen ditu:

–Pazienteari ematen zaion laguntza integrala jarraitua eta pertsonalizatua izan dadin bermatzea, eta sistemaren eraginkortasuna, oro har, handitzea, jasangarria izan dadin ahaleginduz, antolaketa egokiaren bidez.

–Pazienteei ematen zaien laguntzaren jarraitutasuna hobetzea, arreta berezia jarrita laguntza trantsizioetan.

–Profesionalen erabakitzeko ahalmena hobea izan dadin laguntzea.

–Pazienteei ematen zaien arreta etengabe hobetzeko laguntza-kultura berri bat sustatzea, laguntza-profesionalen arteko komunikazioa eta harremanak erraztuz.

–Pazientearen segurtasunaren estrategiaren barnean Zainketen Segurtasunari buruzko lerroaren garapenean parte hartzea, zauri kronikoen prebentzioari eta tratamenduari dagokienez.

–Pazienteen segurtasuna hobetzen laguntzea, presio-ultzeren eta zauri kronikoen intzidentzia eta prebalentzia txikitzeko lanean arituz.

–Katalogoan sartuko diren aposituen ezaugarri teknikoak definitzea.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentro guztietan erabili beharreko apositu sendatzaileen eta bestelako materialen katalogoa sortzea eta kudeatzea.

–Enpresen eskaintzak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan aurkez daitezen agintzea, baloratu ditzaten.

–Apositu sendatzaileen eta bestelako materialen katalogoa onestea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Materialen Katalogoaren barnean.

–Katalogo hori zabaltzea, beharrezko jotzen diren jarraibideekin, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesionalek erabil dezaten.

–Katalogoan altak eta bajak baimentzeko prozedura ezartzea.

–Zehaztapen teknikoen proposamenak ebidentzia zientifikoan eta erabilgarritasunean oinarriturik prestatzea.

–Balorazio irizpideak zehaztea kontratazio zentralizatuko espedienteetan.

–Kontratazio espedienteetan aurkeztutako eskaintzak baloratzeko egiten diren batzorde teknikoetan parte hartzea.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan erabilitako materialei buruzko urteko memoria prestatzea.

–Horniduraren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuari helaraztea aposituen eta bestelako materialen katalogoari loturik izaten diren arazo, berritasun eta kezken berri.

–Apositu Batzordeari proposatzea apositu eta bestelako material berriak edo dagoeneko daudenak zabaltzeko eta erabiltzeko behar den prestakuntza.

–Erizaintzako ikerketa sustatu eta laguntzea arlo honetan.

–Batzordea osatzen duen pertsona izanen da arlo horretako arduraduna eta erreferentea zentro bakoitzean.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak berariaz agintzen dizkion gainerakoak.

4. Batzordeko buruak proposaturik hautatzen den batzordekidea izanen da batzordeko idazkaria.

5. Batzordeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialistei deitzen ahalko die laguntza eskatzeko.

6. Batzordea honako arau hauek gobernatuko dute: foru agindu hau, batzordearen beraren barne funtzionamendurako arauak eta kide anitzeko organoentzat ezarritako jarraibideak, zehazki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean jasota daudenak.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzura eta Osasun Departamentuko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegora igortzea, eta interesdun guztiei jakinaraztea.

Iruñean, 2022ko abenduaren 16an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2217185