126. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

167/2023 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2023. urteko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 695748.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioek lan esanguratsua egiten dute Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan.

Parte-hartze horri esker, eskolako dinamika sustatzeko hezkuntza eta kultura jarduerak programatu eta antolatzen dira ikasleen gurasoen elkarte eta federazioen bitartez, eta elkarte horiek ikastetxeetako zenbait hezkuntza eginkizunetan duten parte-hartzea sustatzen da. Horren adibide dira, esaterako, gurasoentzako prestakuntza jarduerak.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2023ko deialdia onestea.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2023. urteko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

2. Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2023ko gastuen aurrekontuan gehieneko gastu hau baimentzen da:

Zenbatekoa: 62.000 euro.

Aurrekontuko partida: 420004-42700-4819-324200, "Ikasleen eta gurasoen elkarte eta federazioentzako dirulaguntzak".

Ekitaldia: 2023.

3. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Inklusio Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 16an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXEETAKO IKASLEEN GURASOEN ELKARTEEN FEDERAZIOEI LAGUNTZAK EMATEKO 2023KO DEIALDIA

Nafarroako Foru Komunitateko ikasleen gurasoen elkarteen federazioek jarduerak egitea bultzatu eta sustatu beharraz jabeturik, Hezkuntza Departamentuak laguntzak emateko 2023ko deialdi hau argitaratu du. Hauek dira deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea laguntzak emateko ikasleen gurasoen elkarteen federazioei, programatu eta antolatzen dituzten jarduerak finantzatze aldera.

2. Helburua.

Laguntzen helburua da eskolako dinamika sustatzea ikasleen gurasoen elkarteen federazioen jardunaren bidez eta haiek ikastetxeetako hezkuntza eta prestakuntza eginkizunetan duten parte-hartzea bultzatzea.

3. Onuradunak.

Deialdi honetan parte hartzen ahal dute Nafarroako Foru Komunitateko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe baimenduetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioek, baldin eta legearen arabera eratuta eta Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan inskribatuta baldin badaude.

4. Jarduera diruz lagungarriak.

4.1. Deialdi honen xedea da gurasoek Nafarroako ikastetxeetako bizitza kultural eta sozialean eta heziketa prozesuan duten parte-hartzea bultzatzea. Horretarako, diruz lagunduko dira gurasoentzako prestakuntza eta informazio jarduerak, gai hauen ingurukoak: berdintasuna, bizikidetza baketsua, kultura, ingurumen hezkuntza, kontsumo arduratsua, energia aurreztea eta efizientzia, eta abar.

4.2. Halaber, diruz lagunduko dira federazioek ikasleekin eta hezkuntza komunitateko gainerako eragileekin ikastetxeko ordutegitik kanpo egiten dituzten eskolaz kanpoko jarduerak, gai hauei buruzkoak badira: berdintasuna, bizikidetza baketsua, kultura, ingurumen hezkuntza, kontsumo arduratsua, energia aurreztea eta efizientzia, eta abar.

4.3. Garai honen berezitasuna kontuan hartuta, hezkuntza komunitate guztiarekin online egiten diren prestakuntza jarduerak balioetsiko dira. Jarduera horien helburua izanen da balioetan oinarritutako hezkuntza indartzea eta tresna telematikoen ezagutzan laguntzea eta sakontzea; izan ere, tresna horiek ikasten laguntzen dute eta ikasleen, gurasoen eta irakasleen arteko lotura indartzen dute aurrez aurreko harremanetatik haratago.

4.4. Ezin izanen dira diruz lagundu giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten jarduerak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak, ez eta jarduera eta argitalpen politikoak ere.

4.5. Dirulaguntza jasotzeko, federazioek bi baldintza bete behar dituzte: dirulaguntza eskatzea eta deialdi honetako 4.1, 4.2 eta 4.3 puntuetan adierazten diren prestakuntza eta informazio jarduerak egitea. Hala egin ezean, eskaeratik abiatuta ematen den zati proportzionala ere ez da diruz lagunduko, ezta elkarte kopuruarengatik edo matrikularengatik ematen dena ere.

5. Noiz eta non aurkeztu.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

5.2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko erregistro orokor elektronikoan.

6. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

6.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten federazioek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Behar bezala betetako eskabidea, II. eranskineko ereduaren araberakoa. Eranskinari gehitu behar zaio federaziokoak diren guraso elkarteen ikastetxeen zerrenda.

b) Laguntzen xede diren jarduera guztien deskribapena, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

c) Deialdi honetara aurkezten diren jarduera guztien zerrenda-laburpena, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

d) Laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskabide-orria, banketxeak behar bezala betea, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada. Eskabide-orria Interneten eskura daiteke, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

6.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, gehienez ere 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko zaie federazio eskatzaileei, eta ohartaraziko zaie ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egiten dutela ulertuko dela. Errekerimendu hori Nafarroako Gobernuaren Tramiteen webgunean argitaratuko da, horretarako irekitako datak adierazita, jakinarazpen ondorioetarako, eta posta elektronikoz jakinaraziko zaie inplikatutako federazioei, informazioa emateko soilik.

7. Eskaerak baloratzea eta laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

7.1. Honako hauek hartuko dira aintzat federazio eskatzaile bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko:

–Onartutako eskaeren zerrenda.

–Federazio bakoitzari atxikitako elkarte kopurua.

–Ikastetxeetan matrikulatutako ikasleen kopurua (datu hori Educaren bidez lortuko da) eta

–Egindako jardueren kopurua.

7.2. Horretarako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Federazioentzat esleitutako diru guztiaren %10 zati berdinetan banatuko da onartzen diren eskaeren artean.

b) Diru guztiaren %20, federazio bakoitzean federatutako elkarteen kopuruaren arabera.

c) Diru guztiaren %20, ikastetxean matrikulatutako ikasleen kopuruaren arabera. Hizkuntza-eredua dela-eta ikastetxe batean gurasoen bi elkarte baldin badaude, eredu bakoitzean matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera esleituko da (datua EDUCAren bidez lortuko da).

d) Diru guztiaren %50, federazio bakoitzak 4. oinarrian ezarritakoari jarraikiz egin beharreko jarduerengatik aurkezten duen gastuen aurrekontuaren arabera.

4.5 puntuan adierazten den bezala, a), b) eta c) ataletako laguntza bakarrik emanen zaie eskaeran 4.1, 4.2 eta 4.3 puntuetan adierazitako prestakuntza eta informazio jarduerak egitea proposatzen duten federazioei, eta, betiere, ondoren horietakoren bat, gutxienez, aurrera eramaten badute.

8. Laguntzak emateko prozedura.

Laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

9. Prozedura tramitatzeko eta instruitzeko organoak.

9.1. Eskaerak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu, eta instrukzio organoa Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da.

9.2. Aurkezten diren eskaerak honako hauek osatuko duten balorazio batzorde batek aztertuko ditu:

–Batzordeburua: Inklusio Ataleko burua.

–Batzordekideak: Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko bi teknikari.

9.3. Batzordearen eginkizuna da aurkezten diren eskaerak baloratzea eta dagokien puntuazioa esleitzea, 7. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.

10. Ebazpena. Behin-behinekoa eta behin betikoa.

10.1. Balorazio batzordeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, dirulaguntzak behin-behinekoz ematea onetsiko du, ebazpen baten bidez.

10.2. Entitate onuradunek hamar egun balioduneko epea izanen dute, dirulaguntzak behin-behinekoz emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, alegazioak edo zuzenketak aurkezteko.

10.3. Entitate onuradunek aurkeztutako zuzenketa edo alegazio guztiak aztertu ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, dirulaguntzak behin betiko ematea onetsiko du, ebazpen baten bidez.

10.4. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabete igarotzen badira berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 23. artikuluan xedatu bezala.

11. Jakinarazpena eta errekurtsoak.

11.1. Hala laguntza behin-behinekoz ematearen gaineko ebazpena, nola behin betiko ematearen eta ordaintzearen gainekoa Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira, jakinarazpenaren ondorioetarako, honako hauek adierazita: laguntza hauen onuradun diren federazioen zerrenda, bakoitzari ordaindu beharreko diru kopurua eta baztertu diren federazioen zerrenda, halakorik bada, baztertzeko arrazoiak azalduta.

11.2. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

12. Laguntza ordaintzea eta haren justifikazio ekonomikoa.

12.1. Finantzatzeko moduko gastu justifikatua: dirulaguntza ordaintzearen ondorioetarako, gastu justifikatutzat joko da, bakar-bakarrik, diruz lagundutako ekintzara edo jarduerara bideratutako gastua, baldin eta gastu hori 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitarte egin eta ordaindu bada, bi egun horiek barne.

12.2. Dirulaguntzaren ordainketa:

12.2.1. Diruz lagundutako jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntza kobratzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio instrukzio organoari 2023ko irailaren 30era arte:

a) Egindako jardueraren gaineko txosten edo memoria labur bat, aurreikusitako helburuak noraino bete diren azalduta. Memoria horri elementu material edo grafikoak (argazkiak) erantsi beharko zaizkio, Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jardueren berariazko erreferentzia azaltzeko. Zehazki, diruz laguntzen den jarduera sustatzeko edo hartaz informatzeko egiten diren agirien ale bana sartu beharko da, eta, hala balegokio, kartelarena, esku-orriarena, triptikoarena edo publizitatearen beste edozein euskarrirena, baita, kasua bada, diruz lagundu diren argitalpenen aleak ere.

b) Gastuen justifikazio kontua. Kontu hori V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, jardueran egindako gastuak bilduko ditu, eta, horietako bakoitzerako, hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketaren data adieraziko ditu.

c) Aurreko kontuarekin batera, hantxe adierazitako gastuak justifikatzen dituzten fakturak aurkeztuko dira, baita ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak ere.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz eginak izanen dira, honako datu hauek adierazita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura noiz egin den, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) eta egilearen sinadura.

Erreziboak edo kutxako tiket soilak ez dira inola ere onartuko.

d) Laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria, entitateko lehendakariak ontzat emana, non azalduko baitira jarduera gauzatzeko harturiko bestelako diru-sarrerak, laguntzak edo dirulaguntzak, horrelakorik bada.

e) Dirulaguntzaren xedeko informazio edo prestakuntza jardueretako parte-hartzaileen sinadurak biltzen dituen dokumentua, VI. eranskinaren arabera.

12.2.2. Justifikatutako gastua aurrekontuko gastua baino txikiagoa bada, proportzio berean murriztuko da 7.2.d) oinarrian zehaztutako dirulaguntzaren zati aldakorra.

13. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Estatuko edo atzerriko beste administrazio publikoek, erakunde publiko zein pribatuek edo partikularrek jarduera bera egiteko ematen dituztenekin.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik, ez du inola ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

14. Onuradunek bete beharrekoak.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Proiektuaren edo jardueraren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan adieraztea dirulaguntza nork eman duen. Ildo horretan, elkarteek sustatzen dituzten eta deialdi honen arabera emandako laguntzak jasotzen dituzten programetan, argitalpenetan, iragarkietan eta abarretan adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak laguntza eman duela. Aipamen hori Hezkuntza Departamentuaren jarraibideen arabera egin beharko da.

c) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

e) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

15. Gardentasun betebeharrak.

Entitate onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean jasotako gardentasun betebeharra bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura dirulaguntzak jasotzen dituztenean eta bi baldintza hauek betetzen direnean:

a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako dirulaguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betetako aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16. Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea du edozein motatako informazio osagarria eskatzeko eta diruz laguntzen diren jardueren ikuskapena eta kontrola egiteko.

Hezkuntza Departamentuak, bere eskumenen esparruan, federazio eskatzaileei ofizioz eskatzen ahalko die dokumentazio osagarria aurkez dezaten, egiaztatzearren benetakoak diren federazioa osatzen duten elkarteen eta atxikitako familien kopuruari buruz aurkeztutako datuak eta, hala denean, horiek ordaintzen dituzten kuotei buruzkoak.

Horregatik, deialdira aurkezten diren federazioek dokumentazio hori eduki beharko dute, eta, behar bada, Hezkuntza Departamentuari eman, egiaztapen eta kontrol jarduketen xede izan baitaiteke.

17. Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

Deialdiaren oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, laguntza eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntza zertan erabili den ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak edo gezurrezko datuak emateak laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita ordainketaren egunetik aurrerako berandutze-interesak ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuak, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutako gainerako erantzukizunak, hurrengo deialdietan parte hartzeko eskubidea galtzea barne.

18. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

19. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarri hauetan ezarri ez diren gaietan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA.–IKASLEEN GURASOEN ELKARTEEN FEDERAZIOENTZAKO LAGUNTZA ESKAERA

Federazioaren izena: ........................................................................................................................

IFZ/IFK: ....................................................

Erregistro zk.: .................................... Helbidea: ..................................................................................

Herria: ............................................................ PK: ..................... Telefonoa: ...........................................

Federazioko lehendakaria: ................................................................... Telefonoa: ...............................

Helbide elektronikoa: ...........................................................................................................................

Afiliatutako elkarteen kop.: ................................. * II. eranskin honi gehitu federaziokoak diren guraso elkarteen ikastetxeen zerrenda.

Lehen emandako datuak dituen federazioak eskatzen du Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteentzako laguntzen deialdian parte hartzea.

Federazioak bere erantzukizunpean aitortzen du Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzak jasotzeko aipatutako debeku egoeretako bakar batean ere ez dagoela.

Federazioko lehendakariak ziurtatzen du deialdi honetan aurkeztu diren jarduerak kudeaketa batzordeak onetsi dituela eta, halaber, ziurtatzen du eskabidean ageri diren datuak egiazkoak direla.

.........................................(e)n, 20.....(e)ko ...........................aren ......(e)(a)n

FEDERAZIOKO LEHENDAKARIA

(sinadura eta zigilua)

III. ERANSKINA.–JARDUEREN AZALPENA-TXOSTENA

Jardueraren izena: ..................................................................................................................................

Jardueraren azalpena: ............................................................................................................................

Hartzaileak: .............................................................................................................................................

Parte-hartzaileen kopurua: ......................................................................................................................

Lortu nahi diren helburuak: ......................................................................................................................

Jarduerak noiz egin diren (adierazi eguna, hilabetea eta urtea edo aldizkakotasuna): ........................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................

Jarduerak non egin diren: ........................................................................................................................

Jardueraren arduraduna: .........................................................................................................................

Gastuen aurrekontua (kontzeptuak zehaztu):

1.–Kontzeptua:

Zenbatekoa:

2.–Kontzeptua:

Zenbatekoa:

3.–Kontzeptua:

Zenbatekoa:

Guztira:

Oharrak:

.........................................(e)n, 20.....(e)ko ...........................aren ......(e)(a)n

(Oharra: bete bat jarduera bakoitzeko).

IV. ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXEETAKO IKASLEEN GURASOEN ELKARTE ETA FEDERAZIOENTZAKO LAGUNTZEN DEIALDIAN AURKEZTUTAKO JARDUEREN ZERRENDA ETA LABURPENA

1.–Jardueraren izena: Zenbatekoa:

2.–Jardueraren izena: Zenbatekoa:

3.–Jardueraren izena: Zenbatekoa:

4.–Jardueraren izena: Zenbatekoa:

5.–Jardueraren izena: Zenbatekoa:

6.–Jardueraren izena: Zenbatekoa:

7.–Jardueraren izena: Zenbatekoa:

8.–Jardueraren izena: Zenbatekoa:

9.–Jardueraren izena: Zenbatekoa:

10.–Jardueraren izena: Zenbatekoa:

11.–Jardueraren izena: Zenbatekoa:

12.–Jardueraren izena: Zenbatekoa:

13.–Jardueraren izena: Zenbatekoa:

Zenbatekoa, guztira:

.........................................(e)n, 20.....(e)ko ...........................aren ......(e)(a)n

FEDERAZIOKO LEHENDAKARIA

(sinadura eta zigilua)

V. ERANSKINA.–GASTUAREN JUSTIFIKAZIO KONTUA

DIRUZ LAGUNDUTAKO jarduera:

DOKUMENTU ZK.

HARTZEKODUNA

ZENBATEKOA

ORDAINKETA DATA

1

2

3

4

5

6

...

KOSTUA, GUZTIRA

ANEXO VI / VI. ERANSKINA

Curso / Ikastaroa: ....................................................................................................................................

Fecha / Data: ...........................................................................................................................................

Lugar de realización / Lekua: ...................................................................................................................

NOMBRE / IZENA

APELLIDOS / ABIZENAK

DNI / NAN

FIRMA / SINADURA

Iragarkiaren kodea: F2307728