126. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IZARBEIBARKO MANKOMUNITATEA

"Muniain Gesalatzen ura erregulatzeko biltegi berria eta konexioak egitea" proiektua. Behin betiko onespena

Izarbeibarko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak, 2023ko maiatzaren 31n hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zuen "Muniain Gesalatzen (Nafarroa) ura erregulatzeko biltegi berria eta konexioak egitea" deritzon proiektua, bai eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berarekin dakar onura publikoaren eta okupatu beharraren deklarazioa.

Batzorde Iraunkorreko kideek aho batez onetsitako proiektuaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialera igorri da, argitara dadin, eta orok jakin dezan.

MUNIAINGO BILTEGIAREN PROIEKTUA ETA PROIEKTUAK UKITUTAKO ONDASUN ETA ESKUBIDEEN ZERRENDA. BEHIN BETIKO ONESPENA ONURA PUBLIKOARI ETA OKUPATU BEHARRARI BURUZKO DEKLARAZIOA

Izarbeibarko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak, 2023ko urtarrilaren 13an egindako bilkuran, "Muniain Gesalatzen (Nafarroa) ura erregulatzeko biltegi berria eta konexioak egitea" deritzon proiektua onetsi zuen, bai eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere.

Orobat, 2023ko martxoaren 21ean, Izarbeibarko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak, onetsi zuen aitortzea eta deklaratzea proiektuaren onura publikoa eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzeko beharra, nahitaez desjabetzeko, hori baitakar inplizituki onespenak. Halaber, erabaki zuen proiektua jendaurrean jartzea hamabost egun baliodunean.

Epe horretan alegazio bat jaso da. Hona hemen erantzuna:

1.–Muniain Gesalazko Kontzejuak jarritako alegazioa.

Bide berri bat proiektatu da, idoiaren ondoan, abiatzen dena errepideko bidegurutzetik eta iristen dena biltegi berriraino. Kontzejuak uste du hiltegiaren goiko aldetik abiatu beharko litzatekeela, han jada badelako bide bat. Aipatu du Mankomunitateak proposatutako bidearen hasieraren eta Kontzejuak proposatutako bidearen hasieraren artean dagoen trazadura duela gutxi asfaltatu dela, eta 3,5 metro zabal dela.

Bestalde, herri-bazkalekuan dagoen abeltzaintzako nabea urez hornitzeari dagokionez, uste du oso garrantzitsua dela lotura berriak ur-hornidura bermatzea. Izan ere, belarren errentamendua zinez garrantzitsua da Muniain Gesalazko Kontzejurako, eragina baitu ekonomian ez ezik, bai eta ingurumenean ere. Hortaz, bi alternatiba proposatzen ditu: saretik ateratzen den hodi bat, kontagailuarekin; edo, bestela, ur-biltegitik ateratzen den hodi bat, egin beharreko zanga aprobetxatuz.

Muniain Gesalazko Kontzejuak jarritako alegazioari dagokionez (proposatu du alda dadila ura erregulatzeko biltegi berrira iristeko proiektatu den bidearen trazadura, eta erabil dadila egungo Sarbilgo bidearen trazadura), Mankomunitateak adierazi du ez dagoela Kontzejuaren eskaera ez onartzea eragin dezakeen eragozpen tekniko edo ekonomikorik. Hortaz, eskaera hori onartu da, eta biltegira iristeko bidearen trazadura aldatuko da. Bidearen hasierako zatia, bada, bat etorriko da egun dagoen bidearen hasierako zatiarekin.

Kontzejuaren abeltzaintzako naberako eskatu den ur-harguneari dagokionez (11. poligonoko 437. lurzatian dago), Mankomunitateak adierazi du gai horrek ez duela zerikusirik proiektatutako obrarekin, baina, halere, aztertzen ahal duela. Horretarako, Kontzejuak hornidura-eskaera bat eskatu beharko dio Mankomunitateari, adieraziz eguneko eta urteko, gehienez, zenbat emari eta bolumen eskatzea aurreikusten duen Kontzejuaren abeltzaintzako naberako.

Eskatutakoari hornidura ematea posible izanen balitz egungo baliabide eta azpiegituren bitartez, Mankomunitateak ur-hornidura emanen luke, Kontzejuaren hiri-sareak baliatuta. Dena den, kasu horretan, Muniain Gesalazko Kontzejuak jakin behar du bere kontura izanen dela hirigunean dagoen kontagailutik abeltzaintzako naberaino egin beharreko obra. Hain zuzen, kontagailu horretan amaitzen da Mankomunitatearen jurisdikzio eta hasten instalazioaren zati pribatua. Kontzejuak, orobat, arduratu beharko du obra hori egiteko behar diren baimenak eskuratzeaz, eta etorkizunean hodiak mantendu eta zaintzeko obrak ere berak egin beharko ditu. Halaber, jakinarazten dugu, Mankomunitateko kanalizazioetan kalteak saihesteko etorkizunean, Kontzejuaren hargune-hodi pribatuak jarriko direla beste zanga batean, alegia, Izarbeibarko Mankomunitatearen jabetzako kanalizazioetarako egiten den zangatik independentea den beste zanga batean.

Gaia bozkatu da, eta Batzordeak honako hau erabaki du, aho batez,

ERABAKIA:

Lehena.–Behin betiko onestea "Muniain Gesalatzen ura erregulatzeko biltegi berria eta konexioak egitea" deritzon proiektua, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar onura publikoaren eta okupatu beharraren deklarazioa, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea). Alegazioak ebatzi dira erabaki honen azalpen zatian adierazi den eran.

Bigarrena.–Muniango Gesalazko 11. poligonoko 154. lurzatiko afekzioak aldatzea. Afekzio horiek honako hauek dira: lurzatiko 1.012 m²-ren behin betiko okupazioa, 1.193,70 m²-ko bide-zorra, 7 erregistro-putzuren instalazioa (28 m² okupatuko dute) eta 7.791,92 m²-ren behin-behineko okupazioa.

Hirugarrena.–Desjabetze-espedientetik desafektatzea Muniain Gesalazko 11. poligonoko .179. lurzatia.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita haren laburpena Foru Komunitateko egunkari batean ere, eta Gesalazko Udalaren eta Izarbeibarko Mankomunitatearen iragarki-tauletan paratzea.

Bosgarrena.–Erabaki hau alegazio-egileari eta gainerako ukituei jakinaraztea, behar diren ondorioetarako.

Erabaki honen aurka, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

Berraztertzeko errekurtsoa, Izarbeibarko Mankomunitateari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau argitaratzen denetik hasita.

Garesen, 2023ko ekainaren 7an.–Mankomunitateko burua, Sabina García Olmeda.

Iragarkiaren kodea: L2308902