Iragarkia
126. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 15a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Arantzadi parkera sartzeko arau erregulatzaileak
«Ikusirik Herritarren Segurtasunaren Arloko zinegotzi ordezkariak 2023ko maiatzaren 10ean emandako ebazpena; ebazpen horren bidez onesten dira hiriko Arantzadi parkera sartzeko eta bertan zirkulatzeko arauak. Egiaztatu da badirela akats batzuk arau horien idazketan.
EBAZTEN DUT:
1.–Indarrik gabe uztea Herritarren Segurtasunaren Arloko zinegotzi ordezkariak 2023ko maiatzaren 10ean emandako ebazpena.
2.–Onestea hiriko Arantzadi parkera sartzeko eta bertan zirkulatzeko arauak (1. eranskina), ebazpen honen barruan.
Aipatu arauak 2023ko ekainaren 1etik aurrera jarriko dira indarrean.
Iruñean, 2023ko maiatzaren 10ean.–Herritarren Segurtasunaren Arloko zinegotzi ordezkaria, Javier Labairu Elizalde.
1. ERANSKINA.–ARANTZADI PARKERA SARTZEKO ARAU ERREGULATZAILEAK
Atarikoa
Iruñeko Udalaren xedapen honen helburua da hiriko gune berezienak babestea, eta helburu nagusia da Arantzadi parkean behar ez bezalako aparkatzeak murriztea eta joan-etorriko zirkulazioa murriztea, eta, hala, zirkulazioa mugatzea inguruko bizilagunen eta eremuko zerbitzuen erabilerara.
Horregatik guztiagatik, antolamendu-sistema arautzen duten artikulu hauek ezartzen dira.
I. TITULUA.–ESKUMENA, HELBURUAK, UKITUTAKO EREMUA
1. artikulua. Eskumenak:
Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluan udalerriei esleitzen zaizkie, besteak beste, honako eskumen hauek: trafikoa antolatzea eta kontrolatzea beren titulartasuneko hiri barruko bideetan; hiri barruko bideen erabilera arautzea zirkulazioko udal ordenantzen bidez, aparkalekuen banaketa orekatua ahalbidetuz erabiltzaile guztien artean, kontuan hartuz ibilgailuen zirkulazioan beharrezkoa den arintasuna eta oinezkoen joan-etorria; hiri barruko bideak ixtea, beharrezkoa denean; eta hiri barruko bideetan ibilgailu jakin batzuen joan-etorria murriztea.
Iruñeko Udalaren Mugikortasunari buruzko udal ordenantzaren 17. artikuluan honako hau ezartzen da:
"Iruñeko Udalak sarbide murriztuko eremuak ezartzen ahalko ditu segurtasun arrazoiengatik edo hura aholkatzen duten beste edozein ziorengatik. Halako eremuetan guztiz edo parte batez murrizten ahalko dira ibilgailuen zirkulazioa eta aparkatzea, eta baldintza zehatzak xedatuko dira eremu horietako zirkulazioaren nondik norakoak zedarritzeko".
Gainera, 18. artikuluan honako hau ezartzen da:
"Sarbide kontrolatuko eremuak udal-organo eskudunak emandako xedapen baten bidez arautuko dira".
Eremu horiek erregulatzen dituzten arauak urratzea administrazioko arau-haustetzat joko da zirkulazio eta bide-segurtasunari buruzko araudiarekin bat."
Era berean, 2019ko ekainaren 21eko Udal Antolaketaren Dekretuak Herritarren Segurtasunaren Arloari esleitzen dio eskumen hau:
"Espazio publikoaren erabilera antolatu eta arautzea, ibilgailuen eta oinezkoen mugikortasuna bermatzeko.
Xedapenak eta arauak egitea, ibilgailuen zirkulazioa, trafiko-seinaleak, aparkatzeko tokiak eta bidaiarien zein salgaien garraioa arautzeko."
2. artikulua. Helburuak:
Hauek dira xedapen honen helburuak:
1. Oinezkoen eta txirrindularien joan-etorri segurua bermatzea Arantzadiko parkean zehar.
2. Herritarrei modu ordenatu eta baketsuan sartzen uztea baratzeetara eta parkeko beste zentro eta zerbitzuetara.
3. Arantzadiko Inguruneko kaletik igarotzen diren ibilgailu motordunen kopurua murriztea eta Arantzadiko parkean behar ez bezalako aparkatzeak ezabatzea.
Parkean kalitate handiagoa lortzea, estetika hobetuz eta ibilgailu motordunek sorrarazitako zaratak eta keak murriztuz.
3. artikulua. Ukitutako eremuak:
–Arantzadiko Inguruneko kale osoan zirkulazioa eta erregulazioa murriztuko dira. Trafikoari buruzko araudi berezi honek ukitutako eremua hiriko Txantrea auzoan den Arantzadi parkeari dagokio.
Ukitutako eremua jasotzen duen planoa, xedapen honetan, "plano" gisa sartu da. Nolanahi dela ere, Vergel kaleak eta Arga ibaiaren Arantzadiko meandroak osatzen duten perimetroaren barruan dago.
–Sarbide kontrolatuko eremura sartzeko bide bakarra izanen da Vergel kalearen eta Arantzadiko Inguruneko kalearen arteko bidegurutzea.
II. TITULUA.–SARBIDEAK: LEKUAK ETA BALDINTZAK
4. artikulua. Bide seinaleak:
1. Sarrera kontrolatuko eremurako sarbidean bide-seinale bertikalak egonen dira, adierazten dutenak joan-etorri debekatuak (R-100) eta aparkaldi debekatuak (R-308) baimenik ez duten ibilgailuentzat, baita bizitegi-kalearen (S-28) seinale orokor bat ere, honako hauek adierazten dituena:
–Ibilgailuen gehieneko abiadura 20 km/h da.
–Gidariek lehentasuna eman behar diete oinezkoei.
–Ibilgailuak seinale edo marken bidez adierazitako tokietan baizik ezin dira aparkatu.
–Oinezkoak zirkulazio eremu osoan ibil daitezke.
–Jokoak baimenduta daude, oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa eragozten ez duten bitartean.
–Oinezkoek ez diete alferrik traba egin behar gidariei.
Era berean, sarrera kontrolatuko eremurako irteeretan bide-seinale bertikalak egonen dira, adierazten dutenak bukatzen dela baimenik gabeko joan-etorri eta/edo aparkaldi debekatuen eremua, eta berriro aplikatzen direla zirkulazioko arau orokorrak. Eremuaren barruan, ibilgailuen aparkalekuak pintura zuriz seinaleztatuko dira horizontalean, seinale bertikalen bidez edo zoladuran bereizitako egituraren bidez, eta bakarrik erabiltzen ahalko dituzte matrikulak erregistratuta eta baimenduta dituzten ibilgailuek.
2. Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko eta/edo handik ateratzeko guneetan instalatuak egonen dira irudiak hartuz matrikulak irakurtzeko gailuak, eta hala ere, kontrolerako beste edozein bitarteko erabiltzen ahalko da.
5. artikulua. Matrikulak egiaztatzea:
Udalak beretzat hartzen du ahalmena aipatutako kameretakoren baten kokapena aldatzeko edo kamera berriak kokapen desberdinetan jartzeko, kontrol-sistemaren eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin, eta aldaketa horien berri emanen da jendaurrean.
6. artikulua. Ibilgailuen sarbidea Arantzadiko parkeko Sarbide kontrolatuko eremuan (SKE), eta zirkulazioko arau orokorrak:
1.–Sarbidea:
–Bizikletek ez dute baimenik eskatu behar.
–Ez dute baimenik eskatu behar Arantzadiko Inguruneko kaleko geralekura aparkatu gabe sartzen diren ibilgailuek, baldin eta sartu eta irten bitartean gehienez ere 20 minutuko denbora bada eta baimendutako gehieneko masa (BGM) 5.500 kg-tik gorakoa ez badute.
–Ez dute baimenik eskatu behar aparkalekuan (Baratzetako aparkalekua) aparkatuko duten ibilgailuak dituzten erabiltzaileak. Aparkalekuaren sarreran kamera bat egonen da aparkalekurako sarrera kontrolatzeko eta 20 minutuko muga bertan behera uzteko, eta aparkalekutik irtetean berriro aktibatuko da.
–Ez dute baimenik eskatu behar, sartzeko maniobran, El Vergel zahar-egoitzara doazen ibilgailuetako erabiltzaileek. El Vergel zahar-egoitzako aparkalekutik irteteko maniobran, berriz, martxaren noranzkoan sartzean, 20 minutuko muga izanen dute parkean irteera kontrolatzeko puntura iritsi arte.
2.–Zirkulazio arau orokorrak:
–Sarbide kontrolatuko eremura sartzea eskatzen duten ibilgailuek indarrean eduki behar dituzte aseguru poliza eta ibilgailuen azterketa teknikoaren (IAT) aldeko txostena.
–Sarbide kontrolatuko eremura sartzeko aldi baterako edo behin betiko baimena lortzen ahalko duten ibilgailuen gehieneko masa (BGM) 5.500 kg-koa izanen da. Hori baino BGM handiagoko ibilgailuen sarbidea mugatuko da soilik Herritarren Segurtasunaren Arloko zuzendaritzak baimenduetara, eta baimenean jasotzen diren mugekin.
–Sarbide kontrolatuko eremuan dauden seinaleztatutako aparkalekuen erabilera arautuko da baimen bakoitzaren baldintza zehatzen arabera. Paragrafo honetan sartzen dira honako baldintza hauek:
- S-17 seinalearekin seinaleztatutako barruko aparkalekua.
- Erreserbatua desgaitasuna duten pertsonendako.
- Aparkaleku erreserbatuak.
–Nolanahi den, baimena edukita ere, sarrera arrazoitua izan behar da, eta Herritarren Segurtasunaren Arloak geroago eskatzen ahalko du egindako sarrerak justifikatzen dituen dokumentazioa. Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, sarrera ez badago justifikatua, Herritarren Segurtasunaren Arloak abian jarriko du dagokion zehapen-espedientea.
3.–Neurriak, masak, sarbidearen iraupena, egonlekua, aparkatzeko aldi baterako erreserba eta abar direla-eta, xedapen honetan azaldutako irizpideen arabera baimendu ezin diren ibilgailu guztiak arautzen dira bide publikoa okupatzeko ekitaldirako sarbide espezifikoaren bidez. (Iruñeko Udalaren Mugikortasunari buruzko udal ordenantzaren 44. artikulua).
III. TITULUA.–ARANTZADIKO INGURUNEKO KALEKO SARBIDE KONTROLATUKO (SKE) EREMUETAN SARTZEKO, EGOTEKO ETA FUNTZIONATZEKO IRIZPIDEAK
7. artikulua. Baimenak (motak):
Arantzadiko Ingurunea Sarbide kontrolatuko eremuan (SKE) sartzeko baimen-mota honen xede bakarra kale horretatik ibili beharra da.
Sarbide iraunkorra edo aldi baterakoa duten ibilgailuen matrikulen altak emanen dira baimen-motaren arabera ezarritako irizpideen arabera, eta honako modalitate hauek izanen dituzte:
A. Erabilera pribatuko garaje-plaza baten edo aparkaleku baten jabea edo errentaria.
1.–Arantzadiko Inguruneko kalean dagoen garaje-plaza edo aparkaleku pribatu baten titularrari edo erabiltzaileari zuzendua.
2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek erantsi behar dituzte:
–Jabea ez bada, garaje hori erabiltzeko eskubidea duela ziurtatzen duen agiria.
3.–Sarbide mugatuko eremuan zehar ibiltzea ahalbidetzen du, garajeraino dagoen ibilbide hurbilekoenetik, eta soilik garaje horretan aparkatzeko xedez. Ez dio gidariari baimenik ematen bere ibilgailua sarbide kontrolatuko eremuan aparkatzeko.
B. Sarbide kontrolatuko eremuan kokatua dagoen saltegi bateko titularra.
1.–Arantzadiko Inguruneko kalean kokaturik eta jendearentzat zabalik eta baimendurik dagoen saltegi baten titularrarentzat da.
2.–Baimen hori lortzeko, Arantzadiko Inguruneko kalean erabilera pribatuko aparkalekua duela frogatu beharko du.
3.–Sarbide mugatuko eremuan zehar ibiltzea ahalbidetzen du, aparkalekuraino dagoen ibilbide hurbilekoenetik, eta soilik aparkaleku-plaza horretan aparkatzeko xedez. Ez dio gidariari baimenik ematen bere ibilgailua sarbide kontrolatuko eremuan aparkatzeko.
4.–Aldi baterako aparkaleku pribatura sartu behar duten establezimenduko bezeroei alta ematen ahalko zaie sarbidea kontrolatzeko sisteman, horretarako prestatutako bitarteko telematikoen bidez. Data eta ibilgailuaren matrikula jasotzen dituen informazioa establezimenduaren titularrak sartuko du zuzenean.
Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.
C. Zamalanak.
1.–Zirkulaziorako sarbide kontrolatuko eremuan zamalanak egiten dituzten ibilgailu industrialak eta komertzialak dituen enpresa baten titularrarentzat da. Ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:
–Administrazio eskudunak emandako garraiorako administrazio baimenaren kopia, nahitaezkoa denean.
–Garraiorako baimena nahitaezkoa ez denean, interesdunak frogatu beharko du Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emana duela.
3.–Sarbide kontrolatuko eremuan sartu eta ibiltzea ahalbidetuko du astelehenetik ostiralera bitartean 08:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 08:00etatik 14:00etara, jaiegunak salbu.
4.–Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko denbora zamalanak egiteko izanen da, horretarako ezinbestekoa den denboran, eta denbora hori ez da bestelako zereginetan aritzeko erabiliko.
5.–Zamalanak, ahal den neurrian, jatorriko edo xedeko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen eremuan eginen dira. Zamak ez dira inola ere lurzoruan pilatuko edo utziko.
D. Lanak, aldairak eta etxeko konponketak.
1.–Zirkulaziorako sarbide kontrolatuko eremuan lanak, aldairak eta etxeko konponketak egiten dituzten ibilgailu industrialak eta komertzialak dituen enpresa baten titularrarentzat. Ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:
–Administrazio eskudunak emandako garraiorako administrazio baimenaren fotokopia, nahitaezkoa denean.
–Garraiorako baimena nahitaezkoa ez denean, interesdunak frogatu beharko du Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emana duela.
3.–Sarbide kontrolatuko eremuan sartu eta ibiltzea ahalbidetuko du astelehenetik ostiralera bitartean 08:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 08:00etatik 14:00etara, jaiegunak salbu.
4.–Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko denbora zamalanak egiteko izanen da, horretarako ezinbestekoa den denboran, eta denbora hori ez da bestelako zereginetan aritzeko erabiliko.
5.–Zamalanak, ahal den neurrian, jatorriko edo xedeko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen eremuan eginen dira. Zamak ez dira inola ere lurzoruan pilatuko edo utziko.
E. Larrialdietako ibilgailuak.
1.–Suteak itzaltzeko zerbitzuak eta poliziaren, babes zibilaren, hileta-autoen eta anbulantzien zerbitzuak ematen dituzten ibilgailuen titularrentzat. Ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera honako informazio hau erantsi behar dute:
–Ahal dela, zerbitzuetatik bertatik emanen dituzte matrikulen zerrendak, eta matrikula sisteman irauliko dira.
–Halakorik ezean, ibiligailuak behar bezala errotulaturik eta atzealdean identifikatuak badaude, egiten diren sarrerak ofizioz baimenduko dira.
3.–Ahalbidetuko du egunaren edozein unetan eta kontrol gune guztietatik sartzea eta sarbide kontrolatuko eremuan egotea, baldin larrialdietako lanak edo esleitutako zaintza lanak egiten ari badira.
F. Administrazio publikoen ibilgailu ofizialak.
1.–Iruñeko Udalarentzat, Iruñerriko Mankomunitatearentzat, Nafarroako Gobernuarentzat eta ibilgailu ofizialak dauzkaten gainerako administrazio publikoentzat da, sartzeko beharra arrazoituz frogatzen bada. Ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2.–Administrazioek berek emanen dituzte matrikulen zerrendak, eta matrikula sisteman irauliko dira.
3.–Baimen honen bidez ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidean zehar salgaien zamalan txikiak egiteko, eta egun eta orduen mugarik gabe pertsonak beren helbideetara eramateko, ezinbesteko denboran, eta ezin izanen da 15 minututik gora aparkaturik egon. Oinezkoen eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.
G. Iruñeko Udalean zerbitzuak egiteko enpresa emakidadunen ibilgailuak.
1.–Iruñeko Udalaren enpresa emakidadun baten titularrarentzat da, ibilgailuak Udalaren logotipoarekin errotulaturik badaude, sartzeko beharra arrazoituz frogatzen bada. Ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:
–Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko beharraren azalpen arrazoitua.
3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik, baimenean zehazturiko mugarekin eta ezinbesteko denboran. Ibilgailua ezin da egon sarbide kontrolatuko eremuan, egiten diren lanetarako beharrezkoa ez bada.
4.–Baimenaren indarraldia emakidaren epearekin bat etorriko da.
H. Mugikortasun murriztua duten pertsonak, aparkatzeko txartelaren titularrak direnak.
1.–Baimen hori mugikortasun murriztua duten pertsonek aparkatzeko txartelen titularrentzat da. Ibilgailuak mota horretako baimena badu beste edozein SKE gunetan, ofizioz alta emanen zaio, eta ez du inolako izapiderik egin beharko.
2.–Baimen hori lortzeko, eskabidean identifikatu beharko da mugikortasun mugatuko pertsona, aparkatzeko txartelaren titularra dena, bai eta adierazi ere txartel horren zenbakia.
3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidean zehar eta horretarako ezarritako lekuetan aparkatzea. Txartela ikusteko moduko lekuan jarriko da.
4.–Alta ematen ahalko diete bi ibilgailuri.
5.–Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko baimenen indarraldia txartelaren indarraldiaren epearekin bat etorriko da, 5 urtekoa gehienez ere.
I. Ekitaldiak egiteko behar den baimena.
1.–Ekitaldi erlijioso edo zibiletan eta erakusketa, azoka, ekitaldi ludiko edo kulturaletan parte hartzen dutenentzat da.
2.–Sartzeko baimena lortzeko, Mugikortasunari buruzko Udal Ordenantzan (V. titulua) adierazitakoa bete beharko du, eta Herritarren Segurtasuneko Zinegotzitzaren ebazpenaren irizpideak bete beharko ditu, honako espediente zenbakiarekin: RPC 03-JUN-05 (17/PC) eta eskabidearekin batera, honako hauek:
–Sarbidea justifikatzen duen informazio ulergarria.
–Iraupena.
–Okupatu beharreko eremuak.
–Ekitaldian parte hartzen duten matrikulen zerrenda.
3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea, xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik eta ezinbesteko denboran.
J. Egoera bereziak:
Udalak ulertzen du gerta daitezkeela aurreko puntuetan jaso gabeko egoerak, beren berezitasunagatik jaso ez direnak baimen zehatz batean. Horregatik, salbuespen moduan, Udalak egoera berezietarako baimen bereziak ematen ahalko ditu sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzeko.
Interesdunak arrazoitu beharko ditu sarbiderako beharra eta inguruabar bereziak, araututakoak ez bezalakoak.
Eskabidea edozein erregistrotan aurkezten ahalko dute, Herritarren Segurtasunaren Arloko zuzendaritzari zuzenduta, eta eskatzaileak ez du sartzerik izanen harik eta baimenaren berrespena jasotzen duenera arte.
IV. TITULUA.–KONTROLA, ZAINTZA ETA ESKAERAK
8. artikulua. Baimenen jarraipena eta kontrola:
1.–Baimen iraunkorrak emateko alderdi tekniko eta administratiboak Herritarren Segurtasunaren Arloari dagozkio.
2.–Arantzadiko Inguruneko kaleko sarrera kontrolatuko eremura (SKE) sartzeko, egoteko eta zirkulatzeko baldintzak ez betetzearen ondoriozko zehapen-espedienteak izapidetzea Herritarren Segurtasunaren Arloari dagokio, bat etorriz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko araudiarekin, eta Udaltzaingoari dagozkio zaintza, diziplina, behin-behineko baimenak ematea eta matrikulak irakurtzeko gailuen erabilera.
3.–Aldizkako kontrolak eginen dira Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko baimenen baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeko. Horretarako, eskatzaileei edo baimena ematea proposatzen duten erakundeei eskatzen ahalko zaie baldintzak betetzen dituztela justifikatzen duten agiriak.
9. artikulua. Baimen eskaerak eta berritzeak:
1.–Interesa duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek, edozein baimen eskatu baino lehen, alta eman behar dute, beren burua identifikatu eta autentifikatu behar dute Iruñeko Udalak komunikazio pertsonal eta pribaturako hiritarren eskura jartzen duen bitarteko birtualean.
Eragiketa hori egiteko, Iruñeko Udalak onartutako sinadura elektronikoko sistema bat eduki behar dute pertsona juridikoek.
Sinadura elektronikorik ez duten eta interesa duten pertsona fisikoen eskura prozedura bat jarriko da, eta horretan behar bezala identifikatzen ahalko dira.
2.–Sisteman alta emateko eta baimen iraunkorretarako edo aldi baterako baimenerako eskaerak, xedapen honetan kasu bakoitzean ezarritako dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira, honako online bitarteko hauen bidez:
–Honako web-orri hauetan: http://policia.pamplona.es eta http://www.pamplona.es.
Interesdunak baimenak online kudeatzea ezinezkoa denean, honela kudeatzen ahalko ditu:
–Telefono bidez, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez (010 edo 948420100 telefono zenbakia).
–Aurrez aurre, Herritarren Segurtasunaren Arloko bulegoetan (Iratxeko Monasterioa, 2) edo aldez aurretik hitzordua eskatuta Herritarren Arretarako Bulegoan, Kondestablearen Jauregian (Kale Nagusia, 2).
3.–Premiazko, behin-behineko edo aldi baterako eskabideak, arrazoi justifikatua izanik, ezin badira 2. puntuan ezarritako bideetatik egin, salbuespen moduan, egiten ahalko dira Iruñeko Udaltzaingoaren bidez.
10. artikulua. Baimena galtzea:
1.–Une jakin batean baimena emateko oinarritzat hartutako datuak edo baldintzak aldatuz gero, titularra behartua dago hori jakinaraztera, egiaztatu ondoren, baimena luzatu edo eteteko. Hala ere, ahal dela, egiaztapen hori ofizioz eginen da aldian behin, eta indargabetu eginen dira eskatutako baldintzak jada betetzen ez dituzten baimenak. Egiaztapena ofizioz egiteak ez du salbuesten baimenaren titularrak aipatu aldaketak jakinarazteko duen betebeharraz.
2.–Eremu horietako funtzionamenduaren arauak behin eta berriz ez-betetzeak espedienterako bidea emanen du eta, ondorioz, baimena ezeztatzen ahalko da, aldi baterako edo behin betiko.
PLANOA.–ARANTZADI PARKEA

Iragarkiaren kodea: L2308074
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
