126. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3347E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat eta oinarri arautzaileak onesten baitira, 2023an, profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako eta langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak finantzatzeko. DDBN identifikazioa: 699684.

Nafarroako Gobernuak borondate irmoa azaldu du jarduera ekonomikoa sustatzeko eta enplegua sortzeko behar diren jarduketei heltzeko. Horretarako, elkarrizketan eta lankidetzan oinarritutako jardunbide egokiak laguntzen ditu eta langileen enplegagarritasunaren hobekuntza zaintzen du, horixe baita enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren azken helburua.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak, lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duenak, eta lege hori garatzeko uztailaren 3an emandako 694/2017 Errege Dekretuak sistemaren erreforma integralari ekin diote eta, hala, esparru juridiko berria ezarri dute prestakuntza arloko ekimenentzat.

Bestalde, 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduak oinarriak ezartzen ditu administrazio eskudunek prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak nola eman arautzeko, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalarekin loturik betiere. Aipatu aginduak arautzen dituen prestakuntzaren arloko ekimenen artean ditugu langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak urtero argitaratu ohi ditu langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntza deialdiak.

Deialdi honetan, prestakuntza ekintzak programatzeko, identifikatu dira Nafarroako Foru Komunitatearentzat lehentasunezkoak diren sektore ekonomikoak eta ekoizpen arloak, baita sektore eta arlo horiekin lotutako profesionaltasun ziurtagiriak ere. Horretarako, honako iturri hauek erabili dira:

–Espainiako Enplegua Sustatzeko Estrategia.

–Nafarroako Gobernuaren sektore estrategikoak.

–Nafarroako eskualde bakoitzaren prestakuntza premien diagnostikoak.

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Behatokiak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lanbideen Behatokiak egindako azterlanak.

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako lehentasunen katalogoa.

Aurreko iturriez gain, kontuan hartu dira enplegu agentziek egindako programazio proposamenak, hain zuzen ere, lan eskaintzen kudeaketan eta enpleguaren eta prestakuntzaren diagnostiko pertsonalizatuetan identifikatutako beharretan oinarritzen direnak. Prestakuntza proposamen horiek modu erabakigarrian eragiten dute Nafarroako eskualdeetarako eskaintza programatzeko orduan.

Langabeei zuzendutako 2018ko deialdian, aurrekontuaren %67,81 gauzatu zen, 2019koan %81,33, 2020koan %95,23 eta 2021ekoan %70 inguru. 2023rako dirulaguntzen deialdi honen helburua aurrekontuaren %75 baino gehiago gauzatzea da.

Prestakuntza ekintza hasi zutenetatik %93,3k bukatu zuten prestakuntza 2019ko deialdian, %90,6k 2020koan, eta %85ek 2021ekoan. 2023rako helburua da gutxienez ikasleen %90ek bukatzea prestakuntza ekintza.

Deialdi honetako dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren araberakoak dira (Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea, eta osoki zein partzialki kudeatzeko eskumena, berriz, beste administrazio publiko batzuei), baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 1. artikuluaren araberakoak ere.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 4.1 eta 23. artikuluetan xedatutakoa betez, deialdi honen helburua da lanbide arlo jakin batzuetan dagoen segregazio horizontala murriztea, hala nola Eraikuntza eta Obra Zibilean, Elektrizitatea eta Elektronikan, Energia eta Uran, Instalazioa eta Mantentze-lanetan eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanetan; horietan, izan ere, emakumeak parte-hartzaile guztien %10 baino gutxiago dira.

Deialdi honek zuzeneko eragina du 2021-2024 aldirako Nafarroako Enplegu Planean sartutako O.E.2.2.4 helbururako (Irismena hobetzea, prestakuntza lurralde guztietara eta talde guztietara zabalduz) neurri hauetan: "prestakuntza eskaintzaren optimizazioa eta arrazionalizazioa, lurraldeen premiak kontuan izanda" eta "emakumeen partaidetza sustatzea gutxi diren sektoreen prestakuntzan".

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak, bai eta gainerako eranskin guztiak ere.

2. Dirulaguntza publikoen deialdi hau onestea, 2023an, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako eta langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak finantzatzeko dirulaguntzak.

3. Horretarako, 450.000 euroko gastua baimentzea, 950002 96200 4819 242116 "Profesionaltasun ziurtagirien lanbide prestakuntzarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala" aurrekontu partidaren kargura.

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta ebazpena aipatu aldizkarian argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 30ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntza batzuk emateko prozedura arautzea, 2023an, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako eta langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak gauzatzeko.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Prestakuntza entitate publikoak edo pribatuak izaten ahalko dira oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun, titulartasun pribatuko lanbide heziketako ikastetxe bateratuak barne, baldin eta kasuan kasuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan akreditatuta badaude dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak irakasteko; horrez gain, diruz lagundutako ekintzaren berri emateko jarduerak egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala akreditatutako instalazioak eduki beharko dituzte eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko.

Entitate batek prestakuntza eman nahi baldin badu akreditatutakoez bestelako instalazioetan, adierazi beharko du, diruz lagundutako ekintzen berri emateko jarduerak egin aurretik, zer instalazio erabiliko dituen prestakuntza emateko, eta haiek eskura dituela dioen akordioa edo kontratua aurkeztu beharko du. Betiere, eskatutako prestakuntza ekintzetarako akreditatuta egon beharko dute instalazio horiek, entitate eskatzaileen instalazioentzat ezarritako epe beretan.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.

3.–Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzak.

3.1. Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzak oinarri arautzaile hauen III. eranskinean jasotzen dira.

Eranskin horretan adierazitako tokietan emanen da prestakuntza, hau da, ekintza bakoitzerako ezarrita dagoen enplegu agentziari dagozkion herrietan.

Laguntzak ematen diren egunetik 2024ko ekainaren 30era bitarte egiten ahalko dira prestakuntza ekintzak.

3.2. Prestakuntza ekintza guztien erreferentzia izanen da irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan ezarritako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta horien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira.

3.3. Prestakuntza ekintza guztiek III. eranskinean adierazitako digitalizazio orduak eman beharko dituzte.

Teknologia digital berriak lan ingurunean txertatzeari eta horiek duten eraginari buruzko prestakuntza jarduketak dira (zerbitzu berriak sortzea, lanbide profilak aldatzea edo sortzea, lan prozesuak aldatzea, komunikaziorako bide berriak sortzea, etab.).

Prestakuntza horrek zerikusia izan behar du irakasten den prestakuntza espezialitatearekin, eta espezialitate horren modalitate berean eman beharko da. Kasuan kasuko prestakuntza espezialitatea modalitate mistoan ematekoa bada, digitalizazio orduak modalitate presentzialean edo teleprestakuntzan ematen ahalko dira.

Prestaketa lanetan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horretarako prestatutako erreferentziazko materialak erabiliko dira.

3.4. Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak eguneko gehienez. Muga horretan sartuko dira lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, kasua denean.

3.5. Nolanahi ere, aurrez aurre egin beharko dira prestakuntza modulu bakoitzeko nahitaezko aurrez aurreko saioak eta amaierako ebaluazio probak, bat etorriz kasuan kasuko profesionaltasun ziurtagirirako ezarritakoarekin.

3.6. Irakasleek prestakuntzaren eta esperientzia profesionalaren arloetako aginduak bete behar dituzte, profesionaltasun ziurtagiri bakoitzaren IV. apartatuan biltzen direnak, eta frogatu behar dute ezen profesionaltasun ziurtagiriari buruzko errege dekretuak irakasteko eskatzen duen gaitasuna badutela, kontuan izanik martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretuak egin dituen aldaketak.

Prestakuntza entitateak egiaztatuko du irakasleek frogaturik dauzkatela esleitutako modulua edo moduluak irakasteko behar diren baldintzak. Frogaturik badituzte, entitateak haien parte-hartzea jakinaraziko du prestakuntza ekintzaren hasieraren jakinarazpenaren bidez. Hala izan ezean, berrikuspena eskatu beharko du, eta irakasleei buruzko dokumentazioa aurkeztu, "Irakasleak akreditatzea, profesionaltasun ziurtagiria lortzeko prestakuntzarako" agiriaren prozeduraren arabera; helbide honetan eskura daiteke: https://bit.ly/3IwMHAv.

Dirulaguntza ematen den unetik aurrera, prestakuntza entitateak aukera izanen du onartutako moduluetako irakasleei buruzko agiriak aurkezteko eta berrikuspena eskatzeko. Prestakuntza ekintza hasi baino gutxienez 15 egun natural lehenago egin beharko da tramite hori.

4.–Irakasleei ordaintzea.

4.1. Irakasleen kostuen barnean sartzen dira prestakuntza ekintza ematearen ondoriozkoak, bai eta irakaslanaren prestakuntza, jarraipena eta kontrola, irakaskuntza ebaluatzea, tutoretzak, joan-etorriak eta prestakuntza jarduerako irakasleek egotzitako beste edozein ere.

Oinarri honetan aipatzen den orduko kostua kostu gordina da, hau da, barnean hartzen ditu zergak, kenkariak edo legez egin beharreko beste edozein gastu.

4.2. Prestakuntza ekintza bakoitzean, irakasleen kostuak izanen dira, gutxienez, entitate onuradunak prestakuntza amaitu ondoren aurkeztu beharreko justifikazio memorian eskatzen duen dirulaguntzaren zenbatekoaren %35.

Eskatutako dirulaguntzan akatsen bat badago, irakasleen kostuak kalkulatzeko, akatsa zuzendu ondoren ateratzen den zenbatekoa hartuko da kontuan.

4.3. Orduko kostua kalkulatzeko, eskatutako dirulaguntzaren %35 aterako da, eta hori zatituko prestakuntza ekintzaren ordu guztien kopuruarekin.

Zatiketa eginda ateratzen den orduko kostua 40 euro baino gutxiagokoa baldin bada modalitate presentzialean edo 30 euro baino gutxiagokoa teleprestakuntzan, orduko kostua, gutxienez ere, 40 eurokoa izanen da modalitate presentzialean eta 30 eurokoa teleprestakuntzan. Modalitate mistoan, kasuan kasuko kostuak aplikatuko dira, zenbat ordu eman diren modalitate presentzialean eta teleprestakuntzan.

Kopuru horrek ez du zerikusirik prestakuntza ekintzaren mailarekin, prestakuntza amaitzen duten pertsonekin edo entitateari azkenean ordaintzen zaion dirulaguntzarekin.

4.4. Prestakuntza ekintza batean irakasle bat baino gehiago badago, horietako bakoitzak kostu desberdina izan dezake entitatearentzat. Nolanahi ere, irakasle guztien guztizko gastuak eskatutako dirulaguntzaren %35ekoa izan beharko du gutxienez, eta irakasle bakoitzaren orduko kostuak, aurreko puntuan adierazitakoa.

4.5. Oinarri honetan aipatutako kostuak gutxieneko kostuak dira. Prestakuntza entitateak portzentaje eta orduko kostu handiagoak ordaintzen ahalko dizkie irakasleei.

4.6. Oinarri honetan adierazitakoa betetzen ez bada, entitateari eskatuko zaio hilabeteko epean zuzentzeko. Zuzentzen ez bada, entitateari eskatuko zaio eskatutako dirulaguntzaren %35 itzul dezala, gehi dagozkion berandutze-interesak, likidatutako dirulaguntza ordaindu zen egunetik itzulketaren ebazpena ematen den egunera artekoak.

Itzulitako zenbatekoak irakasleei ordainduko zaizkie, oinarri honetan ezarritakoa bete arte.

4.7. Oinarri honetan adierazitakoa noraino bete den kontuan hartzen ahalko da etorkizuneko deialdien balorazioan.

5.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

5.1. Deialdi honen III. eranskinean zerrendatutako prestakuntza ekintzak lagunduko dira diruz.

Aurrekontu kreditua agortutakoan, erreserbako prestakuntza ekintzak esleituko dira; horiek aurrekontu erabilgarririk badago baizik ez dira eman eta gauzatuko.

5.2. Prestakuntza ekintza bakoitzerako ematen den dirulaguntzak gehieneko diru muga bat izanen du, deialdi honen III. eranskinean adierazitako kostua, hain zuzen. Zenbateko hori ateratzen da parte-hartzaile eta prestakuntza ordu bakoitzari dagokion berariazko modulu ekonomikoa aplikatuta, 15 parte-hartzaileri modalitate presentzialean edo mistoan, eta 20 parte-hartzaileri teleprestakuntzako modalitatean.

Modalitate presentzialean nahiz teleprestakuntza bidez eman daitezkeen prestakuntza espezialitateen kasuan, entitateak eskatzen badu teleprestakuntzaren bidez ematea, modulu ekonomikoa ezin da izan III. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoaren %75 baino handiagoa.

Modalitate presentzialean nahiz modalitate mistoan eman daitezkeen prestakuntza espezialitateen kasuan, entitateak eskatzen badu modalitate mistoan ematea, kasuan kasuko modulu ekonomikoak aplikatuko dira, zenbat ordu eman diren modalitate bakoitzean (presentziala edo teleprestakuntza). Teleprestakuntza modalitateko modulu ekonomikoa ezin da izan III. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoaren %75 baino handiagoa.

6.–Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak.

6.1. Honako hauek parte har dezakete deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan:

a) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean ezarritakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

Era berean, atzerritarraren identifikazio zenbakia (AIZ) iraungita dutenek edo identifikazio zenbaki hori ez dutenek ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta pasaportea badute eta prestakuntza ekintzetan izena emateko eskaera egitea ahalbidetuko dien identifikazio kodea eskatzen badiete oinarrizko gizarte zerbitzuei edo etorkinen kolektiboari arreta ematen dioten erakunde edo elkarteei. Kasu batean zein bestean, ez da beharrezkoa lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea.

Prestakuntza ekintza bakoitzean hasten diren pertsona guztien gutxienez %70 talde horretakoak izan beharko dira.

b) Lana duten pertsonak, kolektibo hauen barruan badaude:

–Zerbitzu ordainduak administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan ematen dituztenak, baldin eta Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen badute.

–Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian egonik langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.

–Besteren kontura ari diren nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuak daudenak; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.

–Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.

Prestakuntza ekintza bakoitzean hasten diren pertsona guztien gehienez %30 talde horretakoak izan daitezke.

Aldizkako langile finkoak, lanik gabe dauden aldietan, eta enplegu erregulazioko espediente batean sartutako pertsonak ez dira landuntzat zenbatuko irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren 20.4 artikuluan ezarritako mugaren ondorioetarako.

Administrazio publikoen zerbitzuko langileek ezin dute ekintza hauetan parte hartu.

Prestakuntzaren hasieran zer lan egoera duten, horren arabera joko dira landuntzat ala langabetzat.

6.2. Modalitate presentzialeko eta modalitate mistoko prestakuntza ekintzak 15 laguneko taldeei zuzenduta daude. Entitate onuradunek zilegi izanen dute 20 lagun bitarteko taldeak osatzea, horretarako inskribaturik badaude. 15. ikaspostutik gora dauden pertsonak ez dira kontuan hartuko likidazioa egiteko, baina egiaztagiria jaso dezakete. Asegurua izan beharko dute, 14.1.d) oinarrian ezarritako moduan.

Teleprestakuntza modalitateko prestakuntza ekintzak 20 laguneko taldeentzat dira. Entitate onuradunek parte-hartzaile kopurua handitzen ahalko dute, baldin eta gutxienez tutore bat badute, eta tutore bakoitzeko gehienez 80 parte-hartzaile badira. 20. ikaspostutik gora dauden pertsonak ez dira kontuan hartuko likidazioa egiteko, baina egiaztagiria jaso dezakete. Asegurua izan beharko dute, 14.1.d) oinarrian ezarritako moduan.

Prestakuntza-hartzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

6.3. Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

6.4. Entitate onuradunak hautatuko ditu parte-hartzaileak, kontuan hartuta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak identifikatzen dituen beharrak eta berdintasun eta objektibotasun irizpideak. Horrez gain, bermatu beharko du parte-hartzaileek betetzen dituztela parte hartzeko baldintzak, eta prestakuntza ekintza egiteko oinarrizko gaitasunen jabe direla.

Inskripzioa enplegu atariaren prestakuntza atalaren bidez eginen da (https://formacion.navarra.es/eu/), edo enplegu agentzietan, aurretik hitzordua eskatuta.

6.5. Parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaeren kopuruak gainditzen duenean postu kopurua, entitate onuradunak hautaketa bat eginen du. Hautaketa horretan, irizpide eta lehentasun ordena hauek erabiliko dira:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientazio-zerbitzuek, orientazio zerbitzuak emateko entitate laguntzaileek edo oinarrizko gizarte zerbitzuek lehentasunezkotzat jotzen dituztenak.

b) Langabeek lehentasuna izanen dute landunen aldean.

Salbuespenez, profesionaltasun ziurtagiri baten prestakuntza modulu bat baino gehiago programatzen diren prestakuntza ekintzetan, lehentasuna izanen dute ziurtagiri horren beste prestakuntza moduluren bat –kasuan kasuko prestakuntza ekintzakoa ez dena– frogaturik dutenek, langabeak edo landunak izan, eta, horien artean, modulu gehien frogaturik dituztenek.

c) Errenta Bermatua edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen dutenak.

d) %33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortuta dutenak, edo ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia egiaztatzen dutenak.

e) Prestakuntza prozesua egin ondoren kontratatuak izateko konpromisoa frogatzen dutenak.

f) Ikastaro bakoitzean lehenetsiak izateko baldintza betetzen dutela frogatzen dutenak.

g) Irizpide horiek erabili ondoren eskatzaile batzuk berdinduta geldituz gero, talde hauei emanen zaie lehentasuna, ordena honetan: enplegu erregulazioko espediente batean sartuak daudenei, emakumeei eta kualifikazio apaleko pertsonei.

Kualifikazio apaleko pertsonatzat hartuko dira prestakuntza ekintza hasten denean kotizazio talde hauetako batean daudenak: 06, 07, 09 edo 10. Langabeak edo langile autonomoak badira, hauetako bat ere ez dutenak hartuko dira: lanbide txartela, 2. edo 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiria, lanbide heziketako titulua edo unibertsitateko titulua.

h) Azkenik, prestakuntza ekintzan programatutako prestakuntza moduluren bat egiaztatuta duten pertsonak hautatuko dira, langabeak nahiz landunak izan. Pertsona horien artean, azkenean hautatuko dira prestakuntza ekintzako modulu gehien egiaztatuta dutenak.

Entitateak hautaketa osatzen ahalko du elkarrizketak, mailaketa probak, hizkuntzen ezagutzakoak eta bestelakoak eginez, taldeko kideen artean antzeko maila dagoela ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen dituenak.

Prestakuntza entitateak zorrotz zehaztu beharko ditu hautaketa irizpideak. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak irizpide horien berri emanen du prestakuntza ekintzen zabalkunde fitxetan.

Aukeratutako ikasleek aukeratuak izateko betekizunak mantendu beharko dituzte prestakuntza ekintzetan hasten diren egunean.

6.6. Hautaketa irizpideak aplikatu ondoren, prestakuntza modulu bat baino gehiagoko prestakuntza ekintzetan, programatutako modulu horietakoren bat akreditatuta duten pertsonak onartu beharko balira, ez lukete bertaratu beharko akreditaturik dituzten moduluetara. Prestakuntza entitateek egoera hori jakinarazi beharko diote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Ondorio guztietarako, bertaratu izan balira bezala izanen da, salbu eta prestakuntza ekintzaren likidazioari dagokionez; izan ere, entitate onuradunak akreditatu gabeko moduluengatik bakarrik kobratuko du.

6.7. Hautaketa egin ondoren, prestakuntza entitateak emaitzen berri emanen dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, eta, bereziki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientazio zerbitzuek eta entitate laguntzaileek bidalitako pertsonen hautaketaren emaitzaren berri, adieraziz nor onartu den eta nor ez, eta, kasu horretan, ez hautatzeko edo parte ez hartzeko arrazoia emanez.

6.8. Moduluka ematekoak diren prestakuntza modulu bat baino gehiago programatzen badira, 15.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, prestakuntzan beste pertsona batzuk hautatzeko irizpideak eta lehentasun ordenari buruzkoak programatutako prestakuntza modulu bakoitzaren hasieran aplikatuko dira.

6.9. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek kanporatzeko arrazoiak dira:

a) Hilabete batean hirutan baino gehiagotan huts egitea bidezko arrazoirik izan gabe.

b) Prestakuntza ekintza probetxuz ez segitzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitateko langileekin.

e) Prestakuntza ematen duen entitateko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza ematen duen entitateko funtzionamendu araudian jasotzen den beste edozein.

6.10. Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute izena eman ez eta parte hartu ere Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako beste prestakuntza ekintza batean, harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten dutenetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

6.11. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza ekintza kautelaz eteten ahal du, prestakuntza normaltasunez emateko eragin nabarmena duten irregulartasunak atzematen direnean.

7.–Bekak eta laguntzak.

7.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradun izaten ahalko dira, baldin betetzen badituzte arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak.

Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran langabezian eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Bekak eta laguntzak zuzeneko araubidearen arabera emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduak helaraziko dizkie. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen ataleko kasuan kasuko fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskaera ereduak.

Langabeek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura 10 egun naturaleko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Bi hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskaerarekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

7.2. Bekak eta laguntzak:

a) Emakumeak bertaratzeko beka.

Honako lanbide arlo hauetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten emakumeei dagokie: Eraikuntza eta Obra Zibila; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Instalazioa eta Mantentze-lanak; eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean parte hartzen badu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean diruz lagundutako lanbide arlo horietako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

Beka hau dagokie %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenei, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko entitateak egiaztaturik, edo ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia dutenei, Ezintasunak Baloratzeko Gizarte Segurantzako Taldearen ebazpen bidez egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

c) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta egoera hori honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskuduneko edo harrera zentroko gizarte zerbitzuek emandako ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

d) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleek izena emana duten enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi ohi den, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiazta badezake.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen lukete. Hiriarteko joan-etorrietan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen ohiko helbidetik prestakuntza entitatea dagoen tokira joateko garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek prestakuntza ekintzarako egokia den ordutegi erregularrik ez badu, garraioa norberaren ibilgailua erabiliz eginez gero laguntzarako eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketarako eskumena duen organoak aztertu beharko du. Garraiorako norberaren ibilgailua erabiliz gero, laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

e) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez egiten diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

f) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta, joan-etorriak eskolak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, inguruabar hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aztertu beharko du. Gehienez ere 36 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu horrengatik. Gainera, langabeak hasieran eta bukaeran ohiko bizilekutik egiten dituen joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 30 euro, biak baturik. Laguntza hori ez da bateragarria izanen norberaren ibilgailuan edo hiriarteko garraioan egindako joan-etorrietarako laguntzarekin.

Ostatuko gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

g) Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen 2. gradurainoko ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, horiekin bizi badira, eta prestakuntza ekintza hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana.

–Lanbide sustapeneko, prestakuntzako edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-subsidioa edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.

–Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoaren (OAEAP-IPREM) %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, OAEAParen %75 gainditzen ez badu, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren 24. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

7.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ez da eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertzen ez den egunei dagozkien garraio eta mantenurako laguntzak jasotzeko, ezta justifikatu gabeko hutsegiteei dagozkien bekak eta kontziliaziorako laguntzak jasotzeko ere.

Modalitate mistoko edo teleprestakuntzako modalitateko prestakuntza ekintzak direnean, garraiorako, mantenurako eta ostaturako laguntzak soilik jasoko dira langabeek aurrez aurreko prestakuntza saioetara agertu behar duten egunen kontura.

8.–Lanekoak ez diren praktikak.

8.1. Deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonek lanekoak ez diren praktika profesionalak egiten ahalko dituzte, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren 21. artikuluan arautzen diren baldintzetan.

8.2. Entitate onuradunak lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua egiten lagundu beharko die prestakuntza emateko unean profesionaltasun ziurtagiri baten modulu guztiak osatzen dituztenei, baldin eta egitetik salbuetsita ez badaude. Praktikak Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, salbu eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beste nonbait egiteko baimena ematen badu, aldez aurretik eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik betiere.

Praktika horietan parte hartzen dutenek asegurua izan beharko dute, prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen baldintza berberetan.

8.3. Lanekoak ez diren praktikak egiten dituzten langabeek 7. oinarrian ezartzen diren bekak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte. Langabetzat joko da praktika profesionalen hasieran langabezian eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan.

Prestakuntza ekintzaren likidazioan 500 euroko zigorra aplikatuko da lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua egiteko aukera eman ez zaion pertsona bakoitzeko.

8.4. Prestakuntza ekintza egin bitartean nahiz hori bukatu ondoren (baldin eta ebaluazio positiboa lortu bada) egiten ahalko dira praktikak. Prestakuntza ekintzarekin batera egin ahal izateko, praktikak azken modulua eman bitartean hasi beharko dira, edo profesionaltasun ziurtagiriaren prestakuntza moduluen iraupen osoaren %75, gutxienez, emana dagoenean. Prestakuntza ekintza bukatu ondoren hasten badira, ez dira 4 hilabetetik gora iraganen horren bukaeraren eta praktiken hasieraren artean. Epe hori luzatzen ahalko da soil-soilik Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimena ematen badu, aldez aurretik eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik betiere.

Praktikak hasi baino lehen, haien berri emanen zaie enpresako langileen legezko ordezkariei, eta parte hartzen duten ikasleen eta tutoreen zerrenda igorriko zaie.

8.5. Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua ez da beharrezkoa izanen parte-hartzaileak frogatzen badu profesionaltasun ziurtagiriari lotutako lan esperientzia baduela.

8.6. Lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluak ez du lan harremanik sortzen enpresarekin, eta ez dakar parte-hartzaileentzako diru konpentsaziorik ere, langabeentzako beka eta laguntzetarako 7. oinarrian ezarritakoa salbu.

9.–Eskaerak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

9.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztu behar dira, Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxako "Eskaerak aurkeztea" tramitetik, fitxa horretan bertan eskuragarri dagoen eskaera eredu normalizatua erabilita.

9.2. Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzak loteka eskatu beharko dira. Loteek osoak izan beharko dute, eta bat etorri beharko dute III. eranskinean argitaratutakoekin. Baldintza horiek betetzen ez dituztenak ezetsi eginen dira.

9.3. Entitate eskatzaileek eskaera bakarra aurkeztu beharko dute. Entitate batek eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, aurkeztutako azkena bakarrik hartuko da kontuan.

9.4. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen gaineko adierazpena.

c) Adierazpena, dioena eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ageri diren informazioa eta datu guztiak egiazkoak direla eta eskatzen den dokumentazioa aurkezten duela.

9.5. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Entitateak eskatutako prestakuntza ekintza guztien laburpena, memoria eta aurrekontua, Nafarroako Atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

c) Entitateek prestakuntza eman nahi badute akreditatutako instalazioak ez diren beste batzuetan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztuko dute.

d) 11.2 oinarriko berdintasunaren irizpidea frogatzea, hala badagokio.

e) Aurreko guztiaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Beste edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

9.6. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10.–Errekerimenduak, eta tramitera ez onartzea.

10.1. Dirulaguntzarako eskaera aurkeztu ondoren, deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei errekerimendua egiten ahalko zaie eskaera zuzen dezaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

10.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

11.–Balorazio irizpideak.

11.1. Balorazio irizpideak aplikatzeko, 2021eko ekitaldiko datu kontsolidatuak hartuko dira kontuan.

11.2. Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikoa egiteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, gehienez ere 65 puntu bitarte:

A) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren inkestetan lortutako puntuazioa.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da zer puntuazio lortu duen entitate eskatzaileak 2021ean amaitutako prestakuntza ekintzetan parte hartu duten pertsonei egindako inkestetan (ekintza horiek sartuta daude lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdietan, zeinak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onetsi baitzituen).

Inkesta horietan 3tik 4ra doan puntuazioa hartuko da kontuan. Ezarritako tartearen gutxieneko balioari (3) 0 puntu emanen zaio, eta gehieneko balioari (4), berriz, 15 puntu; hainbanaketa proportzionala eginen da 3tik 4ra doan tartean.

Entitate bat ez bazen eskatutako espezialitateari dagokion lanbide arloan 2021ean ematen zen ezein prestakuntza espezialitateren onuradun, urte horretan kontzeptu horrengatik lortutako batez besteko puntuazioaren %75 emanen zaio.

B) Kaudimen finantzarioa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: entitate eskatzaileak prestakuntzaren arloan edozein administrazio publikotatik lortu dituen dirulaguntzen bolumena zati entitatearen negozio bolumen osoa (bi kasuetan 2021. urtea hartuko da aintzat). Portzentajea %50 eta %10 bitartean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

C) Laneratze indizea.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Ikasle hauek bakarrik baloratuko dira: prestakuntza ekintzak iraun duen denboraren %75era gutxienez bertaratu direnak 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean amaitutako prestakuntza ekintzetan (profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako eta langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduak, martxoaren 26ko 538E/2021 Ebazpenean eta irailaren 22ko 3911E/2021 Ebazpenean araututako dirulaguntzen bidez).

Baloratu beharreko laneratze bakoitza prestakuntza ekintza bakar bati lotuta egongo da. Laneratze bakoitzak behin bakarrik jasoko du puntuazioa.

Kalkulua honela eginen da: laneratuen ehunekoa %10 eta %60 bitartean dagoenean, 2-15 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Aurrekoaren ondorioetarako, laneratzetzat jotzen da kontratazio edo autoenplegu bidezko laneratzea eta bazkide-langile gisa sartzea kooperatiba batean, lan sozietate batean edo ekonomia sozialaren sektoreko beste forma juridiko batean, prestakuntza entitateak emandako prestakuntza ekintzaren lanbide arloarekin lotutako lanbideetan, prestakuntza ekintza hasten denetik amaitu eta hurrengo 6 hilabetean. Kontratua egiten bada, gutxienez hilabete batekoa izan behar da.

Prestakuntza espezialitatea prestakuntza osagarriko lanbide arlokoa bada, laneratzetzat joko da edozein lanbidetan egindako laneratzea, betiere gainerako baldintzak beteta.

Ez dira baloratuko entitateak aurkezturiko laburpen memoria-aurrekontuan behar bezala jasota ez dauden pertsonen laneratzeak.

2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntzen onuradun izan ez ziren entitateei emanen zaie kontzeptu horrengatik dirulaguntzen eskaera guztiek lortzen duten batez besteko puntuazioaren %75 (aipatu dirulaguntzak dira profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako eta langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandakoak, martxoaren 26ko 538E/2021 Ebazpenean eta irailaren 22ko 3911E/2021 Ebazpenean arautuak).

D) Berdintasuna.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: 5 puntu emanen dira, baldin eta eskaera aurkezteko egunean entitate eskatzaileak egiaztatzen badu baduela berdintasun plan bat indarrean eta Nafarroako Gobernuaren edo Espainiako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratuta edo, bestela, honako esparru hauetakoren batean genero-berdintasunaren arloko hiru neurri, gutxienez, gauzatu dituela adierazten duen txostena: 1. Hautapen eta kontratazio prozesua; 2. Lanbide sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena; 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoretza barne; 6. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

E) Eraginkortasuna dirulaguntzaren kudeaketan.

Irizpide honek 5 puntuko balorazioa izanen du.

Baloratuko da 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntzen kudeaketa eraginkorra izan den (aipatu dirulaguntzak dira profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako eta langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandakoak, martxoaren 26ko 538E/2021 Ebazpenean eta irailaren 22ko 3911E/2021 Ebazpenean arautuak).

Emandako dirulaguntzaren %90 gutxienez gauzatu duten entitateei 5 puntu emanen zaizkie. Uko partzialen kasuan, dagokion deialdian ezarritako epean egin badira, gauzapena kalkulatzeko, uko egitearen ondoriozko dirulaguntzaren zenbatekoa hartuko da erreferentziatzat.

Kalkulua honela eginen da: ordaindutako dirulaguntza zati emandako dirulaguntza.

F) Kontratatzeko konpromisoa.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Prestakuntza ekintzak iraun duen denboraren %75era edo gehiagora joan diren ikasleak kontratatzeko konpromisoa baloratuko da.

Baloratu beharreko kontratatzeko konpromiso bakoitza prestakuntza ekintza bakar bati lotuta egongo da. Kontratatzeko konpromiso bakoitzak behin bakarrik jasoko du puntuazioa.

Kalkulua honela eginen da:

–Lanaldi osoko eta epe mugagabeko kontrataziorako konpromiso bakoitzeko, prestakuntzako ekintzari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan: 5 puntu.

–Lanaldi osoko eta gutxienez hiru hilabeteko kontrataziorako konpromiso bakoitzeko, edo lanaldi partzialean baliokidea den denboraz, gutxienez eguneko %50eko lanaldia izanik, prestakuntzako ekintzari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan: 2,5 puntu.

11.3. Ez badira exekutatu 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean prestakuntza ekintzak egiteko emandako dirulaguntzak (aipatu dirulaguntzak dira profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako eta langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandakoak, martxoaren 26ko 538E/2021 Ebazpenean eta irailaren 22ko 3911E/2021 Ebazpenean arautuak):

–Emandako dirulaguntzaren %10era arteko ez-exekutatzeak: ez dago penalizaziorik.

–Emandako dirulaguntzaren %10 baino gehiagoko ez-exekutatzeak: 0-10 tarteari dagokion puntuazioa kenduko da, proportzioan.

Kalkulua honela eginen da: ordaindutako dirulaguntza zati emandako dirulaguntza.

11.4. Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako agirietan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

11.5. Ez-betetzeak gertatu badira 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean prestakuntza ekintzak egiteko emandako dirulaguntzak gauzatzean, kontuan hartuko dira eskaera bakoitzaren azken baloraziorako, dirulaguntza horiek arautzen dituzten bi ebazpenetako II. eranskinean ezarritako baldintzen arabera (aipatu dirulaguntzak dira profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako eta langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandakoak, martxoaren 26ko 538E/2021 Ebazpenean eta irailaren 22ko 3911E/2021 Ebazpenean arautuak).

12.–Adjudikaziorako irizpideak.

12.1. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun ordena ezartze aldera, 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Kreditu erabilgarria gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuak gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen dutenei.

Lote bakoitza osatzen duten prestakuntza ekintzak independenteak dira baloraziorako. Dirulaguntza emateko, lotearen azken puntuazioa izanen da prestakuntza ekintza bakoitzak, banaka hartuta, lortutako balorazioaren batez besteko puntuazioa.

Esleipena honela eginen da:

–Lehenik, entitate batek bakarrik eskatutako prestakuntza ekintzen loteak esleituko dira.

Prestakuntza ekintzen lote horiek ez dira kontatuko gainerako loteak esleitzeari begira.

–Ondoren, III. eranskinean ageri diren hurrenkeran esleituko dira prestakuntza ekintzen loteak.

Lote bakoitzaren onuradun izanen da puntuaziorik handiena eta lote kopuru txikiena esleitua daukan entitate eskatzailea. Esleitutako lote kopurua berdina bada, lehentasun ordenaren arabera esleituko dira.

Eskatutako lotean balorazio handiena lortu duen entitatearen puntuazioaren %50 gutxienez lortu dutenak soilik izanen dira onuradunak.

Gelditzen den dirulaguntza ez bada aski loteak osorik emateko, lote horietako prestakuntza ekintzak banaka ematen ahalko dira, baina betiere III. eranskinean agertzen diren ordenari segituz.

12.2. Puntuazioan berdinketarik bada, ondoko irizpide hauek aplikatuko dira hori hausteko, lehentasun hurrenkera honen arabera:

–Puntuaziorik handiena "Laneratze garbiaren indizea" izeneko balorazio irizpidean.

–Puntuaziorik handiena "Kontratatzeko konpromisoa" izeneko balorazio irizpidean.

–Erregistroan lehenago sartu zena.

12.3. Baldin entitate onuradunak 2023ko irailaren 30a baino lehen, erregistro orokor elektronikoaren bidez, uko egiten badio emandako dirulaguntzari, hurrengo deialdien baloraziorako erreferentzia gisa hartuko dira uko egitearen ondotik ateratzen diren datuak, balorazio irizpideetan besterik adierazi ezean.

13.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

13.1. Deialdi honetan jasotako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

13.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

13.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

13.4. Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

a) Batzordeko burua: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio batzordeak txosten loteslea eginen du, non, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko baita zerrenda batean.

13.5. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

13.6. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

14.–Entitate onuradunen betebeharrak.

14.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonei bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla.

b) Ikasleei honako hauen berri ematea: prestakuntzaren norainokoa; prestakuntzak profesionaltasun ziurtagiri osoa edo haren ziurtapen partziala lortzea dakarren ala ez; eskubideak eta betebeharrak; eta aurreikusitako kontratazioen oinarrizko baldintzak.

c) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza jarduera egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

d) Deialdi honetan jasotako edozein prestakuntza jardueratara joateak dakarren arriskua estaltzea; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du, edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, prestakuntza ekintzaren orduetan gertatutako edozein istriputarako –horren barnean, bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik prestakuntza ematen den tokira joateko behar den denbora (joan-etorria edozein garraiobidetan izaten ahal da)–; gutxienez 36.000 euroko kalte-ordaina heriotzagatik, eta 72.000 eurokoa ezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek in itinere istripuaren ondoriozkoak badira, prestakuntza ekintzan eta hari laguntzeko antolatzen diren irteeretan edo bisitetan gertatua.

e) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.

f) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozeduraren instrukzio fasean, prestakuntza ekintzak gauzatzeko fasean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabiliz, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak.

g) Aurreko deialdietan emandako eta ordaindutako diru zenbatekoen itzulketak egin edo, hala badagokio, bermatu izana, baldin eta itzulketa hori betearazpen bidera jo aurreko erreklamazioaren bitartez edo itzulketaren egokitasunari buruzko ebazpenaren bitartez eskatu bazaio, eta ebazpen irmo bat baldin badago, salbu eta egintza eten bada.

h) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu diren, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da.

i) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak egunean izatea.

j) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

k) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

l) Oinarri honetan berariaz arautu ez den orotan, beteko dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren gaineko araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak.

Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

14.2. Gardentasun betebeharrak:

14.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuka banakatuta. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

Atal honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

14.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

14.2.3. Aurreko bi apartatuetan xedatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, aipatu dokumentazioa igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Gardentasunari buruzko adierazpena" tramitearen bidez.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

14.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

14.3. Kontratatzeko konpromisoa betetzeko betebeharra:

14.3.1. Entitate onuradunek kontratatzeko konpromisoa bete dela justifikatu beharko dute, "Agirien taula. Langabeak" agirian zehazten den moduan. Agiri hori deialdiaren fitxan dago eskuragarri, arestian aipatutako Interneteko atarian.

14.3.2. Baldintza hauen arabera gauzatuko da kontratazio konpromisoa:

a) Kontratazioak eginen dira kasuan kasuko prestakuntza ekintzari dagokion lanbide arloko lanetan.

b) Kontratazio bakoitza prestakuntza ekintza bakar bati lotuta egonen da, eta behin bakarrik zenbatuko da.

c) Kontratazioa egiteko, epe bat izanen da, prestakuntza ekintzaren lehen egunean hasten dena eta ekintza bukatu eta 6 hilabetera bukatzen dena. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak epe hori luzatzeko baimena ematen ahal du, bukatu aurretik, entitate onuradunak eskaera arrazoitua egiten badu.

d) Lan kontratuak lan arloko araudiarekin bat etorriko dira eta, ahal bada, mugagabeak izanen dira. Nolanahi ere, gutxienez hiru hilabeteko kontratuak izanen dira, lanaldi osokoak, edo horien baliokideak lanaldi partzialean, eguneko lanaldia %50ekoa dela, gutxienez ere.

e) Kontratazio konpromisoa betetzeari dagokionez, kontratazio mugagabetzat hartuko dira honako hauek:

–Ikasleak kooperatiba bateko, lan-sozietate bateko edo gizarte-ekonomiako beste edozein forma juridikotako bazkide langile gisa sartzea, hori egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuta.

–Langile autonomoen araubide berezian alta emanda dauden eta dagozkien kuotak gutxienez 12 hilabetez ordaindu dituztenak.

–Aldizkako kontratu finkoarekin kontratatu dituztenak.

f) Kontratatzeko konpromisoa betetzeari dagokionez, hiru hilabeteko edo epe handiagoko kontrataziotzat hartuko dira langile autonomoen araubide berezian alta emanda dauden eta dagozkien kuotak gutxienez 3 hilabetez ordaindu dituzten pertsonak.

g) Ikasleek kontratazioari uko egiteak ez du justifikatuko hartutako kontratazio konpromisoa ez betetzea, salbu eta kontratatzeko beste ikaslerik ez dagoenean.

h) Kontratu horiek Gizarte Segurantzaren kotizaziorako pizgarri edo onurez baliatzen ahalko dira, edo kasuan kasuko kontratuagatik legozkiokeen bestelako laguntzez, horrelako pizgarri edo onurak arautzen dituen araudiaren arabera.

15.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

15.1. Prestakuntza ekintzak garatu eta ematerakoan, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan eta irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren 18. artikuluan araututakoa beteko da.

15.2. IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da prestakuntza ekintzen hasieraren berri, ekintza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira ekintza hasi aurretik, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Prestakuntza ekintzaren hasiera ezarritako epeetan jakinarazten ez bada, ez egintzat joko da dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

15.3. Prestakuntza ekintza hasi ondoren ikaspostu hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira prestakuntzan, baldin eta prestakuntzak irauten duen denboraren %25 gainditu ez bada.

Moduluka ematekoak diren prestakuntza modulu bat baino gehiago programatzen badira, prestakuntza ekintza osatzen duten modulu guztietarako sarbidea errazteko, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira prestakuntzan, programatutako modulu bakoitzaren hasieratik, baldin eta modulu bakoitzak irauten duen denboraren %25 gainditu ez bada.

Moduluka ematekoak ez diren (hots, aldi berean ematekoak diren) prestakuntza modulu bat baino gehiago programatzen badira, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira prestakuntzan, baldin eta programatutako moduluetatik gutxien irauten duenaren denboraren %25 gainditu ez bada.

15.4. Prestakuntza entitateak IRIS aplikazio informatikoan erregistratu beharko du prestakuntza ekintzan parte hartzen duten pertsona guztien zerrenda, aurreko apartatuan adierazitako epe berberetan. Baliozkotzat joko dira %25eko ehunekoa gainditzen den eskola egunera arteko (egun hori barne) egindako informazio erregistroak.

16.–Gastu diruz lagungarriak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren 14. artikuluan gastu diruz lagungarriei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

17.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

17.1. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa prestakuntza ekintza bakoitzeko eginen da, eta akreditazio modalitatean, moduluka.

17.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hori eskatzen duen beste edozein legezko betebeharri erantzuteko ere.

17.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituta. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Prestakuntza ekintza hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere hura gauzatzeko eman den zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 gehiago ere aurrez ordaintzea ezar daiteke, prestakuntza ekintza hasi dela egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60koa gehienez, prestakuntza ekintza hasi dela egiaztatu ondoren.

b) Justifikazio partzialaren bidez ordaintzea. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko prestakuntza ekintzarako guztira emandakoaren %60; gainerako %40 diruz lagundutako ekintza bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

17.4. Diruz lagundutako prestakuntza ekintzaren azken likidazioa egiteko, honako justifikazio agiri hauek igorri beharko dira Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Ordainketak eta likidazioak" tramitearen bidez:

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Halaber, emaitzak eta kalitatearen ebaluazioaren balorazioa jasoko ditu, 18.1 eta 18.2 oinarrietan ezarri bezala.

2. Justifikazio memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

a) Entitate onuradunaren akreditazioa edo, hori ez bada, adierazpen bat modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza-orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memorian adierazitako jardueren datuetan eta oinarri arautzaileetako moduluetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

17.5. Dirulaguntza justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da gehienez, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita.

Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea iragaten bada aurreko ataletan adierazitako agiriak aurkeztu gabe, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitate onuradunari eskatuko dio agiri horiek aurkez ditzala, 15 eguneko epean. Epe hori luzaezina izanen da. Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak berekin ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 20. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura hastea.

17.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbateko osora, bidezkoa izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aurreratutako edo justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

17.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

17.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada, digitalizazio orduak barne daudela. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen gutxienez %75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

17.9. Oro har, ebaluazio probetara aurkezteko gutxieneko bertaratzea urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduaren 18. artikuluan ezarritakoa izanen da. Salbuespen gisa, eta behar bezala justifikatutako ez-bertaratzeengatik, modulu bakoitzaren ebaluazio probetara aurkezten ahalko dira modulu horrek irauten duen denboraren %65era gutxienez joan diren parte-hartzaileak.

Dirulaguntza zehazteko, ekintza presentzialetan, salbuespen gisa eta behar bezala justifikatutako arrazoi batengatik, ikasle batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da modulu bakoitzak irauten duen denboraren %65era gutxienez joan bada eta prestakuntza ekintza osatzen duten modulu guztiak ebaluazio positiboarekin gainditu baditu.

Ebaluaziorako eta dirulaguntzarako, justifikatutako hutsegitetzat joko da ikasleak ez bertaratzea eritasunagatik edo istripuagatik, familiakoak zaindu behar izateagatik edo prestakuntza entitatearen zuzendaritzak aintzat hartzen duen aparteko beste edozein inguruabarrengatik. Ikasleek ekarri beharko dituzte ez-bertaratzeen arrazoia egiazki justifikatzen duten agiriak. Nolanahi ere, modulu bakoitzeko bertaratzeen eta justifikatutako hutsegiteen baturak, gutxienez, haren iraupenaren %75 izan behar du.

17.10. Justifikazioaren ondorioetarako, ekintza presentzialetan, ulertuko da langabeen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela baldin eta ekintza bertan behera utzi behar izan badute lana, beka bat edo lanekoak ez diren praktikak aurkitzeagatik, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza jardueraren %25 egin badute. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, pertsona horiek egina izan beharko dute, gutxienez, beren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian aldiko kontrolen %25, edozein dela ere konektatuta egon diren ordu kopurua.

Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

17.11. Prestakuntza ekintza presentzialetan, aurreko apartatuan ezarritakoez bestelako arrazoiengatik ekintzak bertan behera uzten badira prestakuntza orduen %25 eman ondoren, prestakuntza ekintzak hasi dituzten parte-hartzaileen kopuruaren %20ra arteko desbideratzeak onartuko dira, prestakuntza ekintza bakoitzeko. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, prestakuntza ekintzaren iraupenaren %25 eman ondoren utzi beharko dira bertan behera.

Prestakuntza ekintzetan, ikasleek prestakuntza ekintza hasi dutela ulertuko da gutxienez egun batean joan badira, ekintza hasi zenetik %25eko tartearen barnean. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, ikasleek prestakuntza ekintza hasi dutela ulertuko da prestakuntza plataforman sartu badira, ekintza hasi zenetik %25eko tartearen barnean.

Dirulaguntzak justifikatzeari begira prestakuntza ekintza bukatu duten pertsonak nor diren zehazteko oinarri honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioetarako, bat etorrita abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

18.–Dirulaguntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.

18.1. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluazio hori kalitatea ebaluatzeko galde-sortaren bidez eginen da, Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

Entitate onuradunek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko.

18.2. Entitateak bilduko ditu, 17.4 oinarrian aipatzen den jarduketa memorian, emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak.

18.3. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

a) Denbora errealeko jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea ematen den tokian bertan, jarduera egin bitartean, ebidentzia fisikoak eta testigantzak bilduz, prestakuntzaren arduradunak, ikasleak eta irakasleak elkarrizketatuz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz: prestakuntza ekintza nola egiten den, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den jarduerak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

b) Ex post jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira, entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko, besteak beste:

–Prestakuntza ekintzak egin diren.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaien.

–Irakasleei ordaindu zaien.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak daudela ikusiz gero, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan.

19.–Azpikontratazioa.

19.1. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarren entitateekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza jarduera gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen kontratazioa baizik ez da ulertu behar. Halaber, ez da azpikontrataziotzat hartuko entitate onuradunak berak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko bere gain hartu behar dituen bestelako gastuak kontratatzea. Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren entitate batek egin ditzake.

19.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu diruz lagundutako jardueraren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, nolanahi ere, jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

20.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

20.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa egiten denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

Orobat, entitate onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere eginbeharrak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren. Ez-betetzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluan ezarritakoaren arabera neurtuko dira.

20.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Dirulaguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea erabatekoa bada, emandako dirulaguntzaren %100 itzuli beharko da. Orobat, ez-betetzea erabatekotzat hartuko da, baldin eta diruz lagundutako jardueran ez bada helburuen %25 bete, honela neurtuta: prestakuntza orduen kopurua bider prestakuntza bukatu duten pertsonen kopurua.

b) Dirulaguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea partziala bada, emandako dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da. Aurreko lerroaldean aipatutako adierazlea %25etik %100era bitarte bete bada, ez-betetzearena adinako ehunekoa kenduko zaio dirulaguntzari, baldin eta gastuak behar bezala justifikatu badira.

Dagokion dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, partzialetan zein amaierakoan, baina bai aurkezten bada horien ondorengo 5 egunetan, honako hau izanen da atzerapenaren penalizazioa: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa %5 murriztuko da. Atzerapeneko seigarren egunetik aurrera, %1 erantsiko da eguneko, 15 egunez gehienez ere.

c) Eskaeran jasotako kontrataziorako konpromisoa, dirulaguntza emateko baloratu dena, betetzen ez bada, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza murriztuko da, edo, behar denean, jada likidatutako dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da. Murriztu edo itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, kontratazio konpromisoaren atalean lortutako baina gauzatu gabeko puntuak entitatearen azken baloraziotik zer ehuneko diren kalkulatuko da, eta ehuneko hori aplikatuko zaio likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzari. Ez-betetzea zehaztearen ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko kontratatutako pertsonen borondatezko bajak.

d) Landun ikasleen ehunekoa ez betetzea: likidazioaren ondorioetarako, parte hartzen duten landunak %30 baino gehiago badira, ehuneko horretatik goiti parte hartzen duten landunak kenduko dira, landunen parte-hartzea ezarritako mugaraino iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

20.3. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

20.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean "Dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei" buruz ezarritakoa.

20.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo uko egiteengatik askatutako zenbatekoekin, beste dirulaguntza bat ematen ahalko da esleitu diren erreserbako loteak gauzatzeko. Erreserbako lote guztiak emanda badaude, askatutako zenbatekoak erabiltzen ahalko dira beste dirulaguntza bat emateko, hasieran baztertuta gelditu ziren eskaerak egin zituzten entitateei, uko egin zaien loteak edo prestakuntza ekintzak gauzatzeko, puntuazioaren araberako lehentasun hurrenkeran eta beste deialdi bat egin beharrik gabe.

Uko egin zaien loteetarako edo prestakuntza ekintzetarako beste entitate eskatzailerik ez bada, edo entitate eskatzaileek uko egiten badiete edo ez badute lortu eskatutako lotean balorazio handiena lortu duen entitatearen puntuazioaren %50 gutxienez, askatutako zenbatekoak erabiltzen ahalko dira beste dirulaguntza bat emateko, hasieran baztertuta gelditu ziren eskaerak egin zituzten entitateei, III. eranskinean agertzen diren hurrenkeran eta puntuazioaren araberako lehentasun hurrenkeran, beste deialdi bat egin beharrik gabe.

21.–Datuen babesa.

21.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek komunikazioetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

21.2. Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen eta diruz lagundutako jardueretan parte hartzen duten pertsonen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira. Aipatu erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zehazki, entitate onuradunen erantzukizuna izanen da aipatutako EBren Erregelamenduaren 13. artikuluan ezartzen den informazioa ematea diruz lagundutako jardueran parte hartzen duten pertsonei.

22.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztian, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da. Agindu horren bidez arautzen da administrazio eskudunek lanaren arloan egiten duten lanbide prestakuntzarako eskaintza, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalarekin loturikoa, eta haren oinarri arautzaileak eta finantzaketarako baldintzak ezartzen dira.

Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein xedapen arau-emaile.

23.–Dirulaguntzen publikotasuna.

23.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa lehentasunezko toki batean agertu beharko da, eta ezin izanen da inola ere izan entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

23.2. Entitate onuradunak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

24.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA.–EZ-BETETZEEN KASUAN APLIKATU BEHARREKO PENALIZAZIOEN ARAUBIDEA

Aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubide hau ezartzen da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz, egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketen esparruan:

1) Ez-betetzeengatiko penalizazioa deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %40ra artekoa izan daiteke gehienez, honako mailaketari jarraikiz:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: %1eko penalizazioa.

–Ez-betetze astun bakoitzagatik: %15eko penalizazioa.

–Ez-betetze oso astun bakoitzagatik: %20ko penalizazioa.

2) Aipatutako ez-betetzeak metagarriak izanen dira, eta, guztiak batuta, penalizazioa ezin da sekula izan deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %40 baino gehiago.

3) Aurkitutako gabeziak zuzenduz gero, 1) puntuan aurreikusitako penalizazioa %50 murriztuko da.

4) Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskaerarik ez izatea.

–Emandako material didaktikoaren hartze-agiririk ez izatea.

–Prestakuntza jardueraren egun aldaketak, ordutegiak, emateko lekuak, irakasleak eta tutoreak ez jakinaraztea.

–Lanekoak ez diren praktiken kasuan:

Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan (PNL-4) ez egotea haien sinadurarik, edo jarduera deskribatu gabe egotea.

Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan (PNL-4), jarduera ez egotea deskribaturik.

Praktiketatik salbuestea zilegi ez izatea.

Salbuespena eskatzeko aurkeztutako agiriak ez izatea egokiak.

Jasota ez egotea praktikei egindako ukoak, kasua bada.

5) Hauek izanen dira ez-betetze astunak:

–Irakasleei ez ordaintzea deialdian zehaztutakoarekin bat.

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Asistentzia-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura.

–Gaitzat jotzea prestakuntzaren %75era joan ez diren ikasleak edo, hala dagokionean, prestakuntza modulu bakoitzeko orduen %65era justifikatutako arrazoiengatik.

–Praktikak egiteko hitzarmenik ez izatea.

6) Hauek izanen dira ez-betetze oso astunak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Bertaratze-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gordailura bidalitakoak.

–Praktiken kasuan, sinadurak bat ez etortzea ikasleen ebaluazioa egiteko dokumentuan (PNL-5) ageri den asistentzia kopuruarekin.

III. ERANSKINA.–Prestakuntza ekintzak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2308475