121. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

75/2023 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza honen oinarri arautzaileak deialdia onesten baitira: "Nafarroako ehiztarien tokiko elkarteentzako laguntzak, ehizazainak kontratatzeko, ehiza-habitata hobetzeko eta kalteak prebenitzeko 2023. urtean". DDBN identifikazioa: 697659.

Apirilaren 4ko 4/2014 Foru Legearen 51. artikuluak (lege horrek abenduaren 22ko Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legea aldatzen du) ezartzen du zer jarduketa egiteko den beharrezkoa ehiza-barrutiek zaintza sistema bat izatea, barrutiaren kudeatzaileek jarri beharko dutena. Era berean, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legearen 52. artikuluak ("Ehiza sustatzeko neurriak") ezartzen du Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak ematen ahalko dituela zaintza sistema bat ezartzeko.

Ehiza jarduera jasangarria izateko tresna lagungarritzat hartzen da ehizazaina, bereziki Nafarroa bezalako kasuetan, non ehiza basa faunako populazioetan oinarritzen baita. Ehizazainei eskatzen zaien prestakuntzak, barnean direla ekosistemei eta basa faunari buruzko ezagupenak, bermatu behar du titularrek egiten duten ehizaren kudeaketak babes teknikoa duela.

Orobat, ehizazaina funtsezko elementua da kudeaketaren arloan, batzuetan ehizazaina baita landa-inguruneko eragileen arteko zubi lana ongien egiten duena, hala nola barrutiaren kudeatzaileen eta nekazari eta abeltzainen artean.

Bestetik, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak, 52. artikuluan ("Ehiza sustatzeko neurriak"), beste hainbat kontzepturen artean laguntza ekonomikoak ezartzea aurreikusten du, ehiza-espezieek eragiten dituzten kalteen kontrolerako neurriak hartzeko. Gainera, Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak, 2. eta 4. artikuluetan, gaitasuna ematen dio administrazioari neurriak gauzatzeko basa fauna kontserbatzeko.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako ehiztarien tokiko elkarteei ehizazainak kontratatzeko, ehiza-habitata hobetzeko eta kalteak prebenitzeko gastuak partzialki finantzatzeko laguntzak ematen jarraitzea.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren txostena ikusirik.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea honako deialdi hau: "Nafarroako ehiztarien tokiko elkarteentzako laguntzak, ehizazainak kontratatzeko, ehiza-habitata hobetzeko eta kalteak prebenitzeko 2023. urtean".

2. Onestea oinarri arautzaileak laguntza hauek emateko: "Nafarroako ehiztarien tokiko elkarteentzako laguntzak, ehizazainak kontratatzeko, ehiza-habitata hobetzeko eta kalteak prebenitzeko 2023. urtean".

3. Honako gastu-konpromiso hauek baimentzea:

KONTZEPTUA

AURREKONTUKO PARTIDA

ZENBATEKOA

Ehizazainak

740002-74200-4819-456300: %0,7ko funtsa. Ingurumen Programak

122.623 euro

Ehiza-habitata hobetzea eta kalteak prebenitzea

740002-74200-7819-456300: %0,7ko funtsa. Elkarteentzako laguntzak, ingurune naturalaren kalitatearen gaietarako

132.900 euro

4. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Deialdi hau eta haren oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (DDBN) erregistratzea.

7. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Foru Ogasuneko kontu-hartzailetza delegatuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Ehiza Atalari.

8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, NAFARROAKO EHIZTARIEN TOKIKO ELKARTEENTZAKO LAGUNTZENAK, EHIZAZAINAK KONTRATATZEKO,
EHIZA-HABITATA HOBETZEKO ETA KALTEAK PREBENITZEKO 2023. URTEAN

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako ehiztarien tokiko elkarteei ematen zaizkien laguntzak arautzea, gastu hauen ehuneko bat ordaintzeko: ehizazainak kontratatzeko (aurrerakoan ehizazainak), ehiza-habitata hobetzeko eta kalteak prebenitzeko (aurrerakoan, kalteak prebenitzeko eta habitata hobetzeko), 2023. urtean.

2. oinarria.–Laguntzen helburua.

Ehizazainak kontratatzeko laguntzen helburua da baliabide naturalen jarraipena, kudeaketa eta mantentze-lanak egiteko behar den zaintza-lana modu iraunkorrean egotea barrutietan.

Habitata hobetzeko eta ehiza-espezieen kalteak prebenitzeko laguntzen helburuak honako hauek dira: habitatek ehiza-espezieak hartzeko ahalmena hobetzea, ehiza jardueraren eta inguruneko beste erabilera batzuen arteko bateragarritasuna hobetzea eta zenbait ehiza-espeziek nekazaritzako eta basogintzako habitatetan eragiten dituzten kalteen arriskua gutxitzea edo murriztea.

3. oinarria.–Onuradunak.

Laguntza hauen onuradunak Nafarroako ehiztarien tokiko elkarteak izanen dira, baldin eta ondorengo baldintza hauek betetzen badituzte.

3.1. Ehizazainak kontratatzeko laguntzak jasotzeko, hiru baldintza hauek bete behar dira:

–Ehizazainak Nafarroako ehizazain titulua izan behar du, irailaren 4ko 94/2012 Foru Aginduaren arabera.

–Deialdiaren aldirako kontratatutako zerbitzuak 1.000 eurotik gorakoak izatea (soldata gordina edo BEZa kanpo) eskaera bakoitzeko.

–Ehizazainak ez du, deialdi honen epealdian zehar, desgaitua egon behar ehizarekin lotutako jardueretarako.

3.2. Habitata hobetzeko eta kalteak prebenitzeko laguntzei dagokienez, onartutako gauzatze aurrekontuak 1.000 eurotik gorakoa (BEZa kanpo) izan behar du.

4. oinarria.–Eskaerak onartzeko irizpideak.

Eskaerak tramitera onartuak izateko, onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epean:

4.1. Eskaerek behar bezala beteta eta sinatuta egon beharko dute.

4.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea. Eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da hori.

4.3. Egunean izatea zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, interesdunari jakinarazten zaio ezen deialdian aurkeztearekin batera baimena ematen diola Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari hura frogatzen duten datuak kontsultatzeko, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta 10 eguneko epean.

4.4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.

4.5. Ehizan aritzeko zehapen irmorik ez izatea edo ingurumen arloko beste arau-hauste batzuen ondoriozko zehapen irmorik ez izatea deialdia argitaratzen den egunean.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Ehizazainak kontratatzeko:

5.1.1. 7.2.3 apartatuan aipatzen diren ehizazainen berariazko lanak eta horiei lotutako kostuak baino ez dira izanen diruz lagungarriak. Hala denean, kontratuak dirulaguntzaren xede ez diren beste zereginak zehaztu, eta horien banakatze ekonomikoa egin beharko du.

5.1.2. Diruz lagungarriak dira kontrataziotik eratorritako gastuak (soldata gordina), 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitarteko aldian.

5.2. Ehiza-habitatak hobetzeko eta kalteak prebenitzeko, gastu diruz lagungarriak izanen dira (BEZa kanpo), jarduketa hauetatik eratorritako haiek, 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitarteko aldian egindakoak, jarraian aipatzen diren baldintza tekniko hauen arabera (oinarri honetako Atik Gra bitarteko letrak). Adostasunik ez bada, Nafarroako tarifa ofizialak erabiliko dira:

A.–Laboreak babesteko hesi fisikoak.

A.1. Laboreak babesteko sare-hesien kostu materiala, barnean direla horiek ongi funtzionatzen dutela bermatzeko beharrezkoak diren osagai guztiak. Metro bat altu izanen dira gutxienez, eta hogei zentimetro lurrean sartuta egon beharko dute. Sare-hesiak, justifikatutako kasuetan izan ezik, labore iraunkorretan ezarriko dira edo balio ekonomiko handikoetan, hala nola, mahastietan, olibadietan edo beste fruta-arbola batzuen alorretan, zainzuri, brokoli edo beste barazki batzuen sailetan.

A.2. Babes hodien edo antzeko sistemen kostu materiala, barnean direla horiek ongi funtzionatzen dutela bermatzeko beharrezkoak diren osagai guztiak.

A.3. Laboreak babesteko hesi elektrikoen kostu materiala, barnean direla horiek ongi funtzionatzen dutela bermatzeko beharrezkoak diren osagai guztiak. Hari kopuruek eta haien arteko tarteek kasu bakoitzerako egokiak izan beharko dute, eta baterien edo korronte elektrikoaren bidez elikatuko dira, halako moduan non haren intentsitatea etxeko abereentzat erabili ohi dena halako bi izanen den.

Hesi fisikoen ezarpenetik eta mantentze-lanetik sortutako gastu eta jarduketak ez dira diruz lagunduko. Hornitutako materialak gutxienez 5 urteko balio-bizitza izan beharko du beti. Lurzati eta nekazari jakin batzuentzako sare motako materialaren eta hodi babeslearen eskaera ezin da berriz egin hurrengo bosturtekoan.

B.–Lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan.

B.1. Uztatu gabeko labore zerrendak lurzatien ertzean. Gutxienez 2tik 5 metrora arteko zabalera duten zerrenda guztiak, dirulaguntza ematen den egunean, eta gutxienez abuztuaren 15era bitarte, uztatu ez badira eta laboreak dentsitate funtzionala badu. Egun horretatik aurrera beren aprobetxamendua baimentzen da, besteak beste bazkatzeko, bai eta hurrengo laborantza ziklorako lur-lantzea hasteko ere.

B.2. Nekazaritzako lurzatietan uztatu gabeko zerrendak, bai belarrezko bai zurezko laboreekin. 2 eta 5 metro arteko zabalera duten zerrenda hauek ez dute prestakuntza lanik edo tratamendu fitosanitariorik jaso behar izan, eta belar landaretza naturala mantendu beharko da. Zerrenda hauetan ezin da lur-lantzerik egin irailaren 1era arte, baina bazkatzeko aprobetxamendua abuztuaren 15etik aurrera baimentzen ahal da.

Dirulaguntzaren portzentajea aplikatzeko gehieneko prezioa ondoko taulako balioen araberakoa izanen da. Taula horretan lehorreko lurretako errendimenduaren eta merkatuko prezioaren azken bost urteetako batez besteko balioak agertzen dira, Landa eta Ingurumen Estatistikaren Atalaren datu ofizialen arabera kalkulatuak:

NEKAZARITZA ESKUALDEA

5 URTEKO BATEZ BESTEKO BALIOA (2018-2022) (euro/ha)

I

II

III

IV

V

VI

VII

Garia

1.311,08

1.265,29

1.342,44

1.130,16

1.074,89

747,99

376,66

Garagarra

1.153,14

1.065,24

1.133,27

908,75

901,76

598,28

377,15

Oloa

940,28

937,06

895,43

737,46

780,88

513,31

248,82

(*) Uztatu gabeko lur-zerrendaren azaleraren araberako laguntzarako portzentajea aplikatzeko gehieneko prezioa (euro/ha), BEZik gabea. Oloaren balioak aplikatuko dira landu gabeko lur-zerrendetarako.

C.–Faunarako ereintzak.

Jarduketa hauen gastuak izanen dira dirulaguntzaren xede:

C.1. Lurra prestatzeko lanak, ereintza eta hazien kostua. Dirulaguntzaren portzentajea aplikatzeko gehieneko prezioa (BEZik gabe) 564 eurokoa izanen da hektareako.

C.2. Lurzatiak alokatu edo errentatzeagatiko kostuak. Dirulaguntzaren portzentajea aplikatzeko gehieneko prezioa (BEZik gabe) 215 eurokoa izanen da hektareako.

Ereintza zurezko laboreen azpian egiten denean (olibondoak, mahatsondoak, arbendolondoak...), baldintza bakarra dago: ereintza dosia 50 kg/ha baino handiagoa izatea eta fauna babesteko dentsitate funtzionala izatea abuztuaren 15era bitarte.

Gainerako lurzatietan ereiteko, baldintza tekniko hauek bete behar dira:

–Ereintzaren dosia txikiagoa izaten ahal da produkziorako laboreetan erabiltzen dena baino, baina ez da 50 kg/ha baino txikiagoa izanen, lekadunen eta/edo zerealen eta/edo olio-landareen nahasketarena, edo ekilorearena bakarrik.

–Ezartzen da gehieneko ereintza azalera diruz lagungarria hektarea batekoa izanen dela lurzatiko.

–Lurzatiak lur goldagarritzat hartuko dira.

–Lurzatiak ez dira uztatuko, eta bazkatzeko aprobetxamendua abuztuaren 15etik aurrera baimentzen ahal da.

–Ahal dela ez da ongarri mineralik erabiliko, salbu eta justifikatuta badago; hots, tokiko baldintzak direla-eta bermatuta ez badago ereindakoaren nolabaiteko hazkundea. Galarazita dago lurzati horietan produktu fitosanitarioak erabiltzea.

D.–Sastrakak kentzea, fauna-espezieen habitata hobetzeko eta beste erabilera batzuekin bateragarri egiteko.

Diruz lagunduko dira sastraka garbitzeko lanak, eskuz eginak edo mekanizatuak, ehiza-espezieentzat balio handikoak diren ekotonoak leheneratzeko asmoz. Ehiza jarduera beste erabilera batzuekin eta, bereziki, erabilera publikoarekin bateragarri egiteko xedez egindako jarduketak sartzen ahalko dira, belar-sastrakak garbitzea justifikatzen bada mendiko beste erabiltzaile batzuek erabili ohi dituzten bide, bidexka edo ibilbideetatik ehiztarien postuak edo sarbideak aldentzean, istripu arriskuak murrizteko.

Oro har, debekatuta dago jarduketa eremuan dauden arboladiak eta tamaina handiko zuhaixkak kentzea, ez bada kontzesioa egiten duen ebazpenak berariaz horretarako baimena ematen duela. Diruz gehien laguntzen ahal den garbitzea bi hektareakoa izanen da orbaneko.

Oro har, espezie sentiberen ugalketa garaian sastrakak kentzea saihestuko da, eta eremuan dauden zuhaitz-oinen osotasuna errespetatuko da, bai eta bi metrotik gorako altuera duten sastrakadiak ere, fruta-espezieak zainduta (iparraldeko edo hegoaldeko elorri zuriak, ipuruak, basa-arrosak, eta abar).

E.–Zuhaitzak eta/edo zuhaixkak landatzea sailean, lerroan edo han-hemenka.

Jarduera hauen gastuak izanen dira dirulaguntzaren xede:

E.1. Lurra prestatzeko lanak, landarearen eta landatzearen kostuak.

E.2. Landaketak babesteko sistemen kostu materiala eta ezarpena.

Landaretza sortzea edo hobetzea fauna-espezieentzat interesa duten idoietan. Lehendik dagoen landaretza errespetatuko da. Landaketak eginen dira bertako tamaina txikiko zuhaixken espezieak erabiliz.

–Ezartzen da gehieneko azalera diruz lagungarria hektarea batekoa izanen dela zuhaiztiko.

–Halaber, jarduketa honetan diruz lagungarritzat joko dira zuhaitz- eta zuhaixka-espezieak –lerro itxurakoak– eta hesiak ere, horiek guztiek inguruneari egokitutako espezie autoktonoak badituzte.

–Horrez gain, diruz lagungarria izanen da lekura egokitutako zuhaitzak edo zuhaixkak sail zabaletan landatzea; mota horretako sailak izanen dira 5 metro koadroko azalera edo handiagoa dutenak edukiera estaliko zatiki txikia duten eremuetan.

F.–Fauna-espezieentzako idoi egokiak.

Jarduera hauen gastuak izanen dira dirulaguntzaren xede:

F.1. Ehiza-fauna espezieentzat interesa duten idoiak sortzea. Oro har, diruz lagungarriak izanen dira idoi txikiak egiteko materialen gastuak eta eraikuntza gastuak. Idoi txikitzat hartuko da 100 m³ baino bolumen txikiagoko edukiera duena eta 8 metroko diametroa gehienez, ez bada kontzesio ebazpenean berariaz beste baldintza batzuk baimentzen direla. Halaber, diruz lagungarriak izanen dira lehendik dauden idoiak konpontzeko edo hobetzeko lanak. Agorraldian funtzionalak direla bermatzen duten toki estrategikoetan egonen dira, eta ezponda-zatiren baten gehieneko malda 4H/1V izanen da. Ez dira onartuko erreka-zuloen barrenean daudenak. Diseinuak faunaren irteera ahalbidetu behar du, itotzea saihestuz.

F.2. Fauna-espezieentzat interesa duten idoi txikiak garbitzea. Ur-ekosistemekin lotutako landare-komunitatea ezponden zati batean mantendu beharko da, eta gutxienez perimetroaren %20koa izango da.

F.3. Itxitura iragazkorrak sortzea basafaunako eta ehiza-faunako espezieentzat. Diruz lagungarriak izanen dira materialaren kostua eta idoien inguruan itxitura partzialak ezartzeko lanak.

G.–Dokumentazio teknikoa lantzea.

Dokumentazio teknikoari eta, hala balegokio, obra zuzendaritzari lotutako dirulaguntza ordaintzeko, ezinbestekoa da A-tik F-ra arteko apartatuetan jasotako beste neurriren bat onartua izatea, eskaera telematika bidez aurkeztea, eta honako hauek eranstea: alde batetik, II. eranskinaren laburpen fitxa, .xls luzapena duen euskarri digital editagarria edo horrekin bateragarria dena, eta, beste aldetik, ekintzak kokatzen dituen kartografia geoerreferentziatua, .shp luzapena duen euskarri digital editagarrian edo horrekin bateragarria. A modalitateko ekintzek ez dute kartografia digitalik behar.

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Ehizazainak kontratatzeko laguntzetarako, ehizazain bakoitzeko gehienez emanen den dirulaguntza aipatu aldiari dagokion soldata gordinaren %45 izanen da, 5.500 euroko gehieneko dirulaguntzarekin ehizazain bakoitzeko. Kontratua zerbitzuak ematekoa baldin bada, diruz lagunduko den kopurua izanen da deialdian ezarritako aldiari dagokion kontratuan agertzen den zenbatekoaren %35 (BEZa kanpo), 5.500 euroko gehieneko dirulaguntzarekin ehizazain bakoitzeko.

6.2. Habitata hobetzeko eta kalteak prebenitzeko laguntzetarako, honako hau izanen da dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa:

–A modalitateko eskaeretarako, hau da, laboreak babesteko hesi fisikoetarako (sare-hesiak, hesi elektrikoak, babes hesiak), onartutako kostuaren %80, BEZa kanpo.

–B modalitateko eskaeretarako (lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan), eta C modalitateko eskaeretarako (faunarentzako ereintzak), onartutako kostuaren %80. Beti BEZik gabe.

–%70, D modalitateko eskaeretarako (sastrakak kentzea).

–%60, E (landaketak) eta F (idoiak) modalitateetako eskaeretarako.

–G modalitateko eskaeretarako, dirulaguntza Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak onetsitako jardueren exekuzio materialak duen aurrekontuaren %10 izanen da, eta modalitate honetan gehienez ere emanen den dirulaguntza 400 eurokoa izanen da. Modalitate horretarako gutxieneko zenbatekoa 200 eurokoa izanen da espedienteko.

Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko, behar adinako kreditua izan beharko da aurrekontuetan, eta Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

7. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

7.1. Eskaerak aurkeztea.

7.1.1. Eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dira 30 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio.

Horretarako, zerbitzu katalogoko fitxara sartu beharko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-asociaciones-locales-de-cazadores-para-guardas-de-caza-prevencion-de-danos-y-mejora-del-habitat-de-especies-cinegeticas), edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikora (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa). Beste administrazio publiko batzuetako erregistro elektronikoetan ere aurkeztu ahal izanen dira, baldin eta lehen aipatutako erregistroarekin elkarreragingarriak badira.

7.1.2. Eskaera harturik, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskaerak ez baditu eskatzen diren baldintzak betetzen, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta halaxe jakinaraziko zaio.

7.2. Eskatzen den dokumentazioa.

7.2.1. II. eranskineko eskaera-orria, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena biltzen duena. Eskaera telematika bidez aurkezten bada zerbitzuen katalogoko fitxa erabilita, fitxa horretako eremuak bete behar dira.

7.2.2. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskaera aurkeztu beharko du Foru Ogasuneko Diruzaintzan, behar bezala beterik eta sinaturik.

7.2.3. Ehizazainak kontratatzeko eskaeretarako, indarrean dagoen kontratua aurkeztu beharko da (lehentasunez PDF formatuan), haren iraupena zehaztuta, bai eta egin beharreko lanak ere; zehatz-mehatz, kontratuak ehizazainaren honako eginkizun, baldintza eta konpromiso hauek jaso beharko ditu:

–Ehizari buruzko datuen kontrol administratiboa egitea.

–Administrazioaren, ehiztarien eta nekazarien edo abeltzainen arteko lotura.

–Kalteak kudeatzea (prebenitzea eta kontrolatzea).

–Zaintza.

–Ehiza-espezieen populazioen kontrola eta segimendua egitea.

–Harrapakarien kontrola.

–Habitata kudeatzea.

–Seinaleak eta beste azpiegitura batzuk (adibidez, usategiak) mantentzea: garbiketa, kokapenaren kontrola, egoera...

–Administrazioari laguntzea, ehizaren kudeaketa errazteko eskatzen zaionean.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoak ehiza espezialitateko landazainentzat antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetara joatea.

Ehiza barruti batzuk elkartzen badira ehizazain bat kontratatzeko, elkarte guztiek bete beharko dituzte baldintza hauek.

7.2.4. Habitatak hobetzeko eta kalteak prebenitzeko eskaeretarako, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a. "Ehiza-espezieen habitata hobetzeko eta kalteak prebenitzeko lanen laburpena" fitxa (III. eranskina). Eskaera telematika bidez aurkezten bada zerbitzuen katalogoko fitxa erabilita, fitxa horretako eremuak bete behar dira.

b. Hala denean, B, C, D, E eta F motako ekintzetan proposatzen diren ekintzen kokapena agertzen duen kartografia.

c. Memoria teknikoa, ekintzen deskribapena, aurreikusitako kronograma, planoak eta aurrekontua bilduko dituena. Hala denean, ekintzak eginen diren lurren titularren baimena eta/edo borondatezko lankideekin lortutako kontratuak edo akordioak ere bai.

d. Uztatu gabeko edo landu gabeko lur-zerrenden modalitateetarako, ekintza eginen den lurzatiaren jabeak edo errentariak izenpetutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da. Adierazpenean deialdiaren oinarriekin ados dagoela esan beharko du. Ereintza, belar sastraken garbiketa, landaketa eta idoien modalitateetarako, lurren jabearen berariazko baimena eduki beharko da emakida jaso behar denean. Titulartasun publikoko lursailen kasuan, jabeak eta errentariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta, hala badagokio, esleipen agiriaren kopia.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko lehentasun irizpideak.

Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek.

8.1. Lehentasun-irizpideak, ehizazainak kontratatzeko dirulaguntzei aplikatzekoak:

8.1.1. Eskaerak ordenan jarriko dira, balorazio irizpideak aplikatuz emandako puntuen arabera:

ATALA

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

1

Ehiza-barrutiaren azalera osoa edo haren zati bat kalteak prebenitzeko plan batean sartuta egotea.

25

2

Ehiza-barrutian kalteak prebenitzeko planik ez izatea, baina urte osoan zaintzailea etengabe bertan egotea.

15

3

Ehiza-barrutian urte osoan etengabe zaintzailerik ez izatea, baina 2022an ehiza-espezieek eragindako kalteengatik salbuespenezko baimenak eskatu izana.

10

8.1.2. Eskaera batzuek puntuazio berdina ateratzen badute lehentasunaren irizpideetan, aintzat hartuko da kalteen prebentziorako planean zeinek duen azalerarik handiena. Ehiza-barrutiak ez badu kalteen prebentziorako planik, aplikatuko den lehentasun irizpidea izanen da barrutian zeinek duen azalerarik handiena.

8.2. Ehiza-espezieen habitatak hobetzeko eta kalteak prebenitzeko neurriei aplikagarri zaizkien lehentasun irizpideak:

8.2.1. Eskaerak ordenan jarriko dira, balorazio irizpideak aplikatuz emandako puntuen arabera:

ATALA

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

1

A modalitateko eskaerak

30

2

B modalitateko eskaerak

30

3

C modalitateko eskaerak

30

4

D modalitateko eskaerak

15

5

Ehizazainak dituzten ehiza-barrutietarako eskaerak*

15

6

Tramitatutako eskaera, honako hauek erantsita: II. eranskineko laburpen fitxa (luzapeneko formatu digital editagarrian), .xls edo horrekin bateragarria, eta kartografia geoerreferentziatua, lanen kokapena emanen duena hedapeneko formatu digital editagarrian (.shp edo horrekin bateragarria). A modalitateko ekintzek ez dute kartografia digitalik behar.

10

7

E modalitateko eskaerak

5

8

F modalitateko eskaerak

5

* Deialdi honen ondorioetarako, ehizazainak dituzten ehiza-barrutien kasuan, ehizazainek oinarri arautzaile hauen 3.1 oinarria bete behar dute.

8.2.2. Eskaera batzuek puntuazio berdina baldin badute, modalitate ezberdinetan onetsitako aurrekontu handienaren irizpidea aplikatuko da, modalitateen lehentasun-ordena honi jarraikiz: A; B; C; D; E eta F.

9. oinarria.–Instrukzio organoa.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa.

10. oinarria.–Balorazio Batzordea.

10.1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txostena bi hilabete baino gutxiagoko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

10.2. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

–Burua: Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Lehen batzordekidea: Ehizaren Ataleko burua.

–Bigarren batzordekidea: Basoak Kudeatzeko Ataleko burua.

–Idazkaria: Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Administrazio Laguntzako Bulegoko administraria.

10.3. Batzordeko kide bakoitzak Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utz dezake bere ordezkaritza.

10.4. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko langileek aurretiazko landa-bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduketa eginen dituzte eskatu diren inbertsioak egokiak diren erabakitzeko.

10.5. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik egokiak ez diren ekintzetarako dirulaguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

11. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

11.1. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak, Ehiza Atalaren bidez, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusira igorriko du.

11.2. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

11.3. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.

12. oinarria.–Ebazpena.

12.1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

12.2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

12.3. Dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

12.4. Ebazpen proposamenean onartutako eskaerak agertuko dira, kasuan kasuko dirulaguntzak esleiturik, zortzigarren oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran.

12.5. Ebazpenak eskatzaile bakoitzaren ingurumen, baso eta ehiza baimenari buruzko alderdiak jasoko ditu.

12.6. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena. Epea inoiz ez da izanen dirulaguntzen foru legean ezarritakoa baino luzeagoa, eta ebazpenak esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak bilduko ditu.

12.7. Eskaera ezetsi dela ulertuko da baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epean. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek, administrazio publikoak ez badira, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

13. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

Arau orokorra da ez dela onartuko aldaketarik egitea aurkeztutako eskaeretan. Edozein aldaketa justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari, egin aurretik eta erregistroaren bidez.

14. oinarria.–Ordainketa eskaera: gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.

Frogagiriak aurkezteko azken eguna 2023ko azaroaren 7a izanen da. Justifikazioa telematikoz aurkeztu beharko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, eta Basoen eta Ehiza Zerbitzuari zuzenduko zaio. Ahal dela, dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, eta JPG fitxategiak saihestuko dira. Beste administrazio publiko batzuetako erregistro elektronikoetan ere aurkeztu ahal izanen dira, baldin eta lehen aipatutako erregistroarekin elkarreragingarriak badira.

14.1. Ehizazainen kontrataziorako, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Lan kontratua izanez gero, 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitarteko nominen fotokopia, edo soldata gordinaren zenbatekoa kobratu izana justifikatzen duten beste agiri ofizial batzuena.

–Zerbitzuak emateko kontratuen kasuan, 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitarteko jatorrizko fakturak, edo horien fotokopiak, hornitzailearen eta ehiztarien tokiko elkartearen datu fiskalak jasotzen dituztenak. Egindako gastua benetan ordaindu dela egiaztatzeko, fakturak bankuko egiaztagiriekin batera aurkeztu beharko dira, eta horien zenbatekoak bat etorri beharko du dagokion fakturarekin.

14.2. Habitata hobetzeko eta kalteak prebenitzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Egindako lanen egiaztagiriak, IV. eranskineko ereduari jarraikiz. "Kalteen prebentzioa" izeneko A modalitateko ekintzen kasuan, hesi elektrikoetarako izan ezik, dagokion zutabea bete beharko da, materiala jasotzen duten nekazarien zerrenda eta nekazari horien sinadura barne.

–Egindako gastuen fakturak, edo, hala bada, kontratua eta ordainagiriak, jatorrizkoak edo fotokopiak izan beharko dutenak, betiere entitate onuradunaren izenean, eta ordainketa horiek frogatzen dituzten bankuko egiaztagiriak. 600 eurotik beherako zenbatekoa duten fakturetarako, eskudirutan ordaintzea onartuko da, baldin eta behar bezala frogatzen bada. Fakturen zerrenda aurkeztuko da, V. eranskineko ereduaren arabera.

15. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Egiaztagiriak azterturik, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

Ordainketa bakarrean pagatuko da dirulaguntza.

16. oinarria.–Onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

16.1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

16.2. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari.

16.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

16.4. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

16.5. Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako inguruabarretan dauden onuradunek foru dekretu horren 4. artikuluan aipatutako informazioa jakinarazi beharko dute hilabeteko epean, laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Betebehar hori bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da.

17. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna/bateraezintasuna.

17.1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.

17.2. Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, baldin onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen badu, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluaren d) letran xedaturikoarekin bat.

17.3. Kokaleku jakin batzuetako lanek ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso, baldin eta kontzeptu berak (zehazki, lekadun haziez ereindakoak edo landu gabeko lur-zerrendak) "Estepako nekazaritza habitatak hobetzea" izeneko laguntza duten nekazarien konpromisoen parte badira.

17.4. Ez dira diruz lagunduko "Mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzetan" nekazariek hartutako konpromisoen parte diren kontzeptu berengatik zehaztutako kokapenetan egindako ekintzak, zehazki, hodi babesleak.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (http://www.navarra.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

II. eranskina.–Eskaera eredua.

III. eranskina.–Laburpen fitxa.

IV. eranskina.–Egindako lanen ziurtagiria.

V. eranskina.–Egindako lanen fakturen eta gastuen zerrenda.

Deskargatu II.etik V.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2308103