121. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

140E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: "Laguntzak, deskarbonizazio planak egiteko industria sektoreko ETEetan eta enpresa handietan, 2023an". DDBN identifikazioa: 698433.

2030erako Nafarroako Energia Planak helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea, garraioan energia berriztagarrien erabilera handitzea eta komunitate energetikoak sustatzea, eta horrela, berotegi-efektuko gasen isuria murriztea.

Berotegi-efektuko gas horiek isurtzen dituztenen artean aipatzekoa da industriaren sektorea, eta hor, isuri horiek murrizteko edo konpentsatzeko aukerak nabarmenak dira.

Horregatik, industria sektoreko ETEetan eta enpresa handietan deskarbonizazio planak egiteko laguntzen 2023ko deialdi honen xedea hauxe da: 2030erako Nafarroako Energia Planean adierazitako helburuak erdiesteko laguntza ematea.

Adierazitakoarekin bat, eta erabilita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1.–Onestea "Laguntzak, deskarbonizazio planak egiteko industria sektoreko ETEetan eta enpresa handietan" izeneko 2023ko deialdia.

2.–Dirulaguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3.–Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, honako gastu hauek baimentzea:

Aurrekontu-partida: 820001-82500-7701-467300: Nafarroa, trantsizio energetikoaren erakusle den eskualdea.

Ekitaldia: 2023.

Zenbatekoa: 300.000,00.

Halaber, 400.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetarako aplikatzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4.–Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 25ean.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduak neutraltasun klimatikoa lortzeko esparrua ezarri zuen, eta, halaber, haren bidez aldatu ziren 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak (Klimari buruzko Europako legeak).

Erregelamendu horrek (EB) zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, neutraltasun klimatikoa 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa-mailekiko. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.

Laguntzen deialdi honen xedea da laguntza ematea aipatu erregelamendu horretan aurreikusitako helburuak erdiesteko, helburu horiek bat baitatoz, aldi berean, 2030erako Nafarroako Energia Planean ezarritakoekin. Horretarako, bada, industria sektoreko ETEetan eta enpresa handietan deskarbonizazio planak egin daitezen sustatuko du 2023. urtean.

Deskarbonizazio plan horien gutxieneko edukia deialdiaren II. eranskinean jaso da.

2. oinarria.–Onuradunak.

1.–Industria sektoreko ETEak eta enpresa handiak izaten ahalko dira onuradun, baldin eta dirulaguntza eskatzen dutenean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Haien ekonomia-jardueren sailkapen nazionala hauetako bat izatea:

07.–Metalezko mineralen erauzketa.

08.–Beste erauzketa-industria batzuk.

09.–Erauzketa-industriari laguntzeko jarduerak.

10.–Elikagaien industria.

11.–Edarien fabrikazioa.

13.–Ehungintza.

14.–Jantzigintza.

15.–Larruaren eta oinetakoen industria.

16.–Zuraren eta kortxoaren industria, altzariak, saskigintza eta espartzugintza izan ezik.

17.–Paperaren industria.

18.–Arte grafikoak eta grabatutako euskarrien erreprodukzioa.

19.–Kokea lortzea eta petrolioa fintzea.

20.–Industria kimikoa.

21.–Farmazia-produktuen fabrikazioa.

22.–Kautxuzko produktuen eta plastikoen fabrikazioa.

23.–Metalezkoak ez diren beste produktu mineral batzuen fabrikazioa.

24.–Metalurgia; burdinaren, altzairuaren eta ferroaleazioen fabrikazioa.

25.–Metalezko produktuen fabrikazioa, salbu makineria eta ekipamendua.

26.–Produktu informatikoen, elektronikoen eta optikoen fabrikazioa.

27.–Material eta ekipo elektrikoen fabrikazioa.

28.–Beste inon sailkatu gabeko makineriaren eta ekipoen fabrikazioa.

29.–Ibilgailu motordunen, atoien eta erdiatoien fabrikazioa.

30.–Garraiorako bestelako materialaren fabrikazioa.

31.–Altzarigintza.

32.–Beste manufaktura-industria batzuk.

33.–Makineriaren eta ekipoen konponketa eta instalazioa.

35.–Energia elektrikoaren, gasaren, lurrunaren eta aire egokituaren hornidura.

36.–Ura hartu, araztu eta banatzea.

37.–Hondakin urak bildu eta tratatzea.

38.–Hondakinak bildu, tratatu eta deuseztatzea; balorizazioa.

39.–Deskontaminazio jarduerak eta hondakinak kudeatzeko bestelako zerbitzuak.

Enpresa txiki edo ertaintzat hartzeko, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako definizioari jarraituko zaio. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Enpresa handitzat hartzeko, aldiz, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 24. definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, EBFT).

Enpresaren tamaina zehazteko, kontuan hartuko dira enpresaren urteko kontuen datuak, itxitako azken hiru ekitaldietakoak (2020, 2021 eta 2022), bai eta hari lotutako eta elkartutako enpresa guztienak ere.

Eskatzaileek laguntzen eskaerari erantsita aurkeztu beharko dute enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

b) Lantokiren bat Nafarroan edukitzea eta jarduketa diruz lagungarria onuradunak Nafarroan duen establezimendura bideratuta egotea.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

d) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

f) Enpresa krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. definizioan ezarritakoaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

g) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, hura berreskuratzeko agindu bat, oraindik bete gabea, ezarria ez izatea.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2.–Atal honetako betekizunak laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.–Laguntza hauen xedea da industriako sektoreetan deskarbonizazio planak egin daitezen sustatzea, eta horretarako, onuradunak Nafarroan dituen establezimenduetarako prestatu beharko da plana.

Deskarbonizazio plana aholkularitzako lan bat izanen da, enpresa ingurumen aldetik jasangarriagoa izan dadin lortzeko estrategia globala prestatzera bideratutakoa; horregatik, enpresaren estamentu guztiak inplikatu behar dira, honako premisa hauek hartuta:

Energia-efizientzian oinarritutako trantsizio energetikoa.

Berriztagarrien maximizazioa.

Neutraltasuna berotegi-efektuko gasen isurian.

Deskarbonizazio planaren gutxieneko edukiak bat etorri beharko du oinarrion II. eranskinean zehaztutakoarekin.

Deskarbonizazio planak behar besteko kualifikazioa dutenek prestatuko dituzte. Horretarako, kualifikazio teknikoari buruzko gutxieneko betekizun batzuk bete beharko dira, zehazki, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuaren 7.b) artikuluan zehaztutakoak. Errege dekretu horren bidez energia-efizientziari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko Zuzentarauaren transposizioa egiten da, energia-auditoretzei, zerbitzu hornitzaileen eta energia-auditoreen egiaztapenari eta energia-horniduraren efizientziaren sustapenari dagokienez. Enpresaren deskarbonizazio plana enpresa horretako teknikari kualifikatuek egiten ahalko dute, edo enpresatik kanpoko profesionalek.

2.–Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

b) BEZa, onuradunak berreskuratu edo konpentsatu dezakeenean. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.

Jarduera diruz lagungarriarekin lanean hasi aurretik aurkeztu behar da eskaera.

3.–Laguntzaren xedeko jarduketak amaitzeko muga-eguna 2023ko urriaren 31 izanen da.

4.–Deialdi honi 300.000 euro esleitu zaizkio, 2023ko gastuen aurrekontuko "Nafarroa, trantsizio energetikoaren erakuslea den eskualdea" izeneko 820001 82500 7701 467300 partidaren kargura.

5.–Deskarbonizazio planen kostuetarako laguntzen zenbatekoak hauek izanen dira:

a) Enpresa handientzat: %38.

b) Enpresa ertainentzat: %48.

c) Enpresa txikientzat: %58.

6.–Nolanahi ere, laguntzaren gehieneko zenbatekoa hau izanen da:

AZKEN ENERGIAREN KONTSUMOA, DESKARBONIZAZIO PLANA
EGITEN DEN ESTABLEZIMENDUAN (MWh/urte)

LAGUNTZAREN GEHIENEKO
BALIO GARBIA

(euroak)

9.999 MWh arte (860 PTB)

3.000

10.000 eta 24.999 MWh artean (860 eta 2.150 PTB artean)

5.000

25.000 MWh eta 49.999 MWh artean (2.150 eta 4.300 PTB artean)

7.500

50.000 MWh-tik aurrera (4.300 PTB)

10.000

Enpresak energia arloko auditoretza edo diagnostiko bat egiten badu deskarbonizazio planaren barruan, gehieneko zenbateko horiek handitzen ahalko dira, alegia, taulan finkatutako kopuruak %30ean handitu.

Dirulaguntzaren gehieneko balio garbia zehazte aldera, eskatzaileak laguntzen eskaeran adierazi beharko du urteko azken energiaren kontsumoa, MWh-tan edo petrolio tona baliokideetan (PTB).

Gehieneko zenbateko horiek establezimendu bakoitzari dagozkio; posible da, beraz, eskatzaile bat laguntza baten baino gehiagoren onuradun izatea, eta halakoetan, muga bakarra establezimendu bakoitzerako ezarritakoa izanen da. Onuradun bakoitzeko, 50.000 euro da gehieneko zenbatekoa.

Gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu prestazio bat egiten duten kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu formularioan frogatu beharko dira.

7.–Genero-berdintasuna:

Laguntzaren intentsitatea %2 handiagoa izan daiteke osotara, baldintza hauetako bakoitza betetzeagatik %1 handituko baita: Laguntza %2 handitzen ahalko da gehienez ere. Hauek dira baldintzak:

a) Plantillako gizonen batez besteko orduko lansari gordina emakumeen batez besteko lansari gordinaz zatitzerakoan (2022ko ekitaldiko datuak), zatidura 1,05 edo hortik beherakoa izatea.

Egiaztapena egiteko: 2022ko lansarien erregistroa.

b) Enpresako plantillan dauden emakumeen kopurua %30ekoa izatea, gutxienez.

Egiaztapena egiteko, eskaera inprimakia eta entitateak Nafarroan dituen kotizazio kontu bakoitzari dagozkion lan bizitzaren txostenak (2022ko abenduaren 31ra artekoak) beharko dira, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak emanak.

c) Enpresako ardura edo zuzendaritzako lanpostuetan ari direnen %30 emakumeak izatea gutxienez.

Egiaztapena egiteko: berariazko izendapena eraketa-eskrituretan, Merkataritza Erregistroaren zuzendaritza-karguei buruzko ziurtagiriaren edo enpresaren Zuzendaritza Batzordearen ziurtagiriaren bidez.

d) Enpresak 50 lagunetik behera edukitzea plantillan, eta adostuta edukitzea kontziliazio-neurriak edo berdintasunari buruzkoak, legeak agintzen dizkionaz haragokoak, edo protokolo bat edo neurri espezifikoak onetsi izana lantokian sexu-jazarpenari eta sexuagatiko jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko. Azpi-irizpide hau egiaztatzeko, enpresak eta plantillaren ordezkariek sinatutako akordioaren kopia aurkeztu beharko da.

e) Aitortzaren edo bereizgarriren bat edukitzea bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatzeagatik (esaterako, Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarria, NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen "Reconcilia zigilua" edo genero-berdintasunaren arloko beste batzuk).

8.–Laguntza hauen esparrua, oro har, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio-eremua da (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1.–Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko.

2.–Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3.–Eskabide telematikoan adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan.

4.–Laguntzen fitxan eskura daitezkeen ereduen araberako eskabide telematiko horrekin batera beste agiri hauek aurkeztu beharko dira, agiri bereizietan eskaneaturik eta izenarekin behar bezala identifikaturik (adib: "Eskabide telematikoa", etab.):

a) Eskabide telematikoa, 7. oinarriko b) atalean aipatu den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) Inprimakia, jarduketaren eta laguntza eskatzen duenaren datuekin.

c) Enpresa eskatzailearen edo eskatzaileen ordezkariaren ahalordea egiaztatzen duen agiriaren kopia, behar bezala inskribaturik, kasua bada, dagokion erregistro publikoetan.

d) Enpresaren tamaina 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko 3. artikuluan ageri diren definizioekin bat datorrela ziurtatzeko, eskatzailearen eta haren enpresa elkartu eta lotuen azken hiru ekitaldietako kontu itxiak aurkeztu beharko dira, bai eta langileen kopurua adierazi ere, horrela egiaztatuko baita enpresaren tamaina.

5.–Eskabide bat aurkeztu beharko da establezimendu bakoitzeko.

6.–Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

4. atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

5. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

1.–Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hori dela eta, eskaerak 3. oinarrian ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuaren 2023ko apirilaren 26ko 3252 Erabakiaren bidez baimena eman zitzaion Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari 2023. urtean industria sektoreko ETEei eta enpresa handiei dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidean, deskarbonizazio planak egin ditzaten.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Laguntzen zenbatekoa 3. oinarrian adierazitakoa izanen da.

2.–Plan Energetikoaren Atalak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruz ebazteko.

Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3.–Baldin eta dirulaguntza onartu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

6. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.

1.–Onuradunek laguntzen xede diren jarduketak gauzatu dituztela frogatu beharko dute, 3.3 oinarrian adierazi den gauzatze-epearen azken egunean beranduenez, eta horretarako honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) Gastu diruz lagungarrien guztizkoari dagokion fakturaren edo fakturen fotokopia(k), eta ordainagiriena(k).

b) Deskarbonizazio planaren kopia, euskarri digitalean.

c) Energia arloko auditoretza edo diagnostikoaren kopia euskarri digitalean, halakorik egin bada deskarbonizazio planaren barruan.

d) Hornitzailea aukeratzeko erabakiaren justifikazioa.

e) Deskarbonizazio planaren laburpena (eredu bat egonen da eskuragarri deialdiaren tramiteen fitxan, nafarroa.eus-en).

2.–Ordainketa eskaera eta dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3.–Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

4.–Laguntza justifikatzeko dokumentazioa apartatu honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, laguntzarako eskubidea galduko da.

Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

5.–Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du frogagiriak aurkezten direnetik hiru hilabeteko epean gehienez.

7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1.–Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Lantokiren bat Nafarroan izatea eta bertan egitea diruz laguntzen diren jarduerak.

b) Dirulaguntza onartu zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua. Adierazpen hori kasu guztietan aurkeztuko da, bai onuradunak gardentasun betebeharra duenean (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai halako betebeharrik ez duenean ere (kasu horretan, egoera hori azalduko da adierazpenean).

Foru dekretu horren 3. artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen 4.1. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

c) Diruz lagundutako jarduketa egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

d) Enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.

f) Onartutako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

g) Onuradun izateko baldintza da, bai laguntza onartu aurretik eta bai onartutako dirulaguntza likidatu arte, zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa ere, kasua bada.

h) Jasotako dirulaguntzaren berri ematea webgunean, bai eta diruz lagundutako inbertsioak direla-eta onuradunak sortzen duen dokumentazioan ere.

i) Laguntza jaso eta hiru urtera txosten-memoria bat aurkeztea; hartan adierazi beharko da deskarbonizazioan zenbateko inbertsio edo gastu metatua egin den denbora-tarte horretan, diruz lagundutako plana gauzatzearen ondorioz, eta kalkulatu beharko da zenbat energia aurreztu den eta zenbateko isuriak sortu diren. Dirulaguntzaren xede ez diren beste inbertsio batzuk ere txertatzen ahalko dira aipatu txosten-memoria horretan.

j) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2.–Deskarbonizazio planaren gutxieneko edukiak bat etorri beharko du oinarrion II. eranskinean zehaztutakoarekin.

3.–Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 6. oinarrian ezarritako epean egiten bada.

4.–Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egiten ahal ditu; hain zuzen ere, dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

8. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Kasu horretan, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metaketa arauak izanen dira aplikatzekoak. Laguntza hauek metagarriak dira diruz laguntzen ahal diren bestelako kostu identifikagarriei erantzuten dietenekin, edo kostu diruz lagungarri berberei osorik edo partez erantzuten dietenekin baldin eta metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo aipatu erregelamenduak kategoria bakoitzerako xedatutakoaren arabera aplikatu daitekeen laguntza kopururik handiena.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

9. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 7. atalean ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa). Salbuespen hori 36. artikuluan dago jasorik; izan ere, hartan ezartzen da ezen inbertsiorako laguntzek bidea ematen badute Batasunaren arauez harago joateko ingurumenaren babesaren arloan edo Batasunaren araurik ez dagoenean ingurumenaren babes-maila handitzeko, laguntzak bateragarriak izanen direla barne merkatuarekin, Tratatuaren 3. apartatuko 107. artikuluaren arabera, eta 108. artikuluan ezarritako jakinarazpen-betebeharretik salbuetsita egonen direla, baldin eta artikulu honetan eta I. kapituluan aurreikusitako baldintzak betetzen badira.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

Laguntzen eskabidea eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

11. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA.–DESKARBONIZAZIO PLANAREN GUTXIENEKO EDUKIA

Deskarbonizazio planak honako eduki hauek izan beharko ditu, gutxienez:

1.-Helburuak eta edukia.

2.–Establezimenduaren datu orokorrak.

2.1.–Establezimenduaren identifikazioa.

–Enpresaren sozietate-izena.

–Zentroaren helbidea.

–Ekonomia-jardueren Sailkapen Nazionala.

2.2.–Establezimenduaren datuak.

–Funtzionamendu araubidea (orduak egunean, egunak astean, eta orduak urtean).

2.3.–Establezimenduaren ekoizpen datuak.

–Erabiltzen dituen lehengai nagusiak. Izena eta urtean erabiltzen den kantitatea.

–Lortzen diren produktu nagusiak. Izena eta urtean lortzen den kantitatea.

3.–Gobernantza.

3.1.–Zuzendaritzaren konpromisoa.

3.2.–Estrategia korporatiboan nola txertatzen den.

3.3.–Interes taldeak.

4–Erakundearen testuingurua.

4.1–Erakundearen kanpo-testuingurua.

4.1.1.–Deskarbonizazioaren arloko arau-esparrua, estrategiak eta ekimenak.

4.1.2.–Jardunbide onenen/teknologien azterketa sektore horretan eta beste sektore batzuetan.

4.2.–Erakundearen barne-testuingurua.

4.2.1.–Energia auditoretzak.

4.2.2.–Karbono aztarnaren kalkulua.

4.2.3.–Oinarrizko lerroa eta KPI delakoak (Key Performance Indicator).

5.–Arrisku eta aukeren azterketa.

6.–Helburuen identifikazioa.

6.1.–Energia aurreztu eta efizientziaz erabiltzeko neurriak.

6.2.–Energia iturrien eta ekipamenduen aldaketa.

6.3.–Jatorri bermea duen energia erostea.

6.4.–Energia hartu eta konpentsatzeko estrategiak.

6.5.–Kostuen eta eraginkortasunaren balorazioa.

7.–Kontrola eta jarraipena.

8.–Komunikazioa.

9.–Laguntza publikoak.

10.–Deskarbonizazio plana.

10.1.–Epe laburrerako ezarpen plana.

10.2.–Oinarriak finkatzea epe luzeko helburuetarako.

Iragarkiaren kodea: F2308393