121. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

122/2023 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita unibertsitarioentzako bi prestakuntza bekatarako deialdia, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuan aritzeko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusian. DDBN identifikazioa: 695636.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen da. Beka emateko prozedurari hasiera eman aurretik organo eskudunak deialdiaren oinarri arautzaileak onartu beharko ditu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.

Proposatzen da unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza bekatarako deialdia onestea, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuan aritzeko, zerbitzu horietan egiten diren jarduketen gaineko ezagutza praktikoa, zuzena eta espezializatua eskuratzeko. Prestakuntza eginen da zerbitzuetako bakoitzaren eskumenen esparruko jardueretan, hurrenez hurren Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalean eta Turismo Eraldaketako eta Behatokiko Atalean.

Horrenbestez, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza bekatarako deialdiaren oinarriak onestea. Bekak Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuan aritzeko dira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusian.

2. 8.248,18 euroko gastua baimentzea 2023ko Nafarroako Gastuen Aurrekontu Orokorretako "Praktiketako ikasleentzako transferentzia arruntak" izeneko 830001 83100 4800 432100 partidaren kargura.

3. 136,54 euroko gastua baimentzea 2024ko Gastuen Aurrekontuan, 2023ko abenduko gizarte segurantzari dagokiona; 2024ko urtarrilean ordainduko da, 2023ko Gastuen Aurrekontuetako "Praktiketako ikasleentzako transferentzia arruntak" izeneko 830001 83100 4800 432100 partidaren baliokidearen kargura, kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintzapean.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzura, Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzura eta Turismoko eta Merkataritzako Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegora.

6. Adieraztea ebazpen honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 17an.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO ZUZENDARITZA NAGUSIKO TURISMOA ETA MERKATARITZA ANTOLATU ETA SUSTATZEKO ZERBITZUAN ETA TURISMOAREN PLANGINTZA ETA BERRIKUNTZA ZERBITZUAN ARITZEKO BI PRESTAKUNTZA BEKATARAKO DEIALDIARENAK

1. Xedea.

Turismo eta Soziologiako unibertsitate gradua duten tituludunentzako bi prestakuntza beka norgehiagokako araubidean emateko oinarriak ezartzea du xede deialdi honek. Bekadunak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuan arituko dira.

2. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen gastu konpromisoei aurre egiteko 79.336,54 euroko kreditua gorde da. Horietatik, 2023an 8.248,18 euroko kreditua baimentzen da eta 68,27 euroko kreditua 2024an, 2024ko aurrekontuan kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintzarekin. Luzapenik baldin bada, 2024., 2025. eta 2026. urteei dagozkien zenbatekoak baimentzea aurreikusten da, aldez aurretik balidatu den aurrekontu erreserbaren arabera. Bekak ekitaldi horietako bakoitzean kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintzapean gelditzen dira.

3. Bekaren iraupena.

Prestakuntza bekak 4 hilabete inguruko iraupena izanen du hasieran, beka ematen duen ebazpenean ezarriko den hasierako datatik hasita, eta 2023ko abenduaren 31n bukatuko da. Prestakuntza 2023ko irailaren 1ean hastea aurreikusten da, edo beka ematen duen ebazpenean adieraziko den egunean, hura geroago emanez gero.

Edonola delarik ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak luzatzen ahalko ditu, hiru urte bete arte, gehienez ere, hasierako aldia eta luzapenak kontuan hartuta. Beraz, luzapenak 2024. eta 2025. urteak hartzen ahal ditu, oso-osorik, eta 2026. urtean, zenbat hilabete falta diren hiru urteak betetzeko, beste hainbeste, betiere partidan kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintzapean.

4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Prestakuntza beketan aurreikusirik dago gehienez ere 1.100,00 euroko aurrekontua hilabetean, kopuru horretan sartuta dagoela Gizarte Segurantzaren kotizazioari dagokion gastua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kargura.

Bekadun bakoitzak 990,00 euroko zenbateko gordina jasoko du hilean. Indarreko araudiaren arabera nahitaezkoa denean, zenbateko horretatik kenduko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako atxikipena eta bekadunaren kotizazioari dagokiona.

Bekadunei ematen zaien dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

5. Eskatzaileak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisikoak izan daitezke bekaren onuradun:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen bateko herritarra. Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Nafarroan erroldatua egotea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) 1. oinarrian aipatu diren unibertsitate tituluetako bat izatea, Espainiako agintariek luzatua edo homologatua.

f) Eskatutako titulua izatea eskaerak aurkezteko epea amaitzean eta betiere deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteetan.

g) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

6. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epeak.

Interesdunek 15 egun balioduneko epean aurkezten ahalko dituzte eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/becas-de-formacion-con-destino-en-turismo-y-comercio. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve eduki beharko da.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan aurkez daitezke. Dokumentazio hori euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.

Eskaera egiteko, deialdi honen II. eranskineko inprimaki normalizatua bete beharko da. Inprimaki hori, halaber, goian aipatutako tramiteen katalogoko fitxatik jaisten ahalko da, eta bekaren eskatzaileak sinatuta bidali beharko da. Eskaera horri dokumentu hauek gehitu beharko zaizkio:

–Eskatzailearen gaineko dokumentazioa:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo eskatzailearen nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Erroldatze-ziurtagiria, Nafarroan deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez erroldaturik egotea frogatzen duena.

c) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.

Eskabideak honako hau izanen du erantsita: aipatutako erantzukizunpeko adierazpena eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari emandako baimena, Ogasunean eta Gizarte Segurantzan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren egiaztatzeko.

–Eskaeraren xedearen gaineko dokumentazioa:

a) Lortu gogo den bekari dagokion titulu akademikoaren fotokopia.

b) Norberaren ikasketen ziurtagiri ofiziala, ikas-maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin; orobat, espedientearen batez besteko nota, 0tik 10erako eskalan.

c) Eskatzailearen curriculum vitaea, non aipatu merezimendu guztiak zehaztuko diren; merezimenduak frogagirien bidez egiaztatuko dira, 7. oinarrian ezarritakoarekin bat, bereziki hauek:

–Bekarekin zerikusi zuzena duten unibertsitateko beste titulu akademiko batzuk.

–Bekarekin zerikusi zuzena duten prestakuntza ikastaroak, Espainiako zein atzerriko unibertsitateetan edo administrazio eta erakunde publikoetan eginak.

–Eskatutako titulazioarekin lotura zuzena duten proiektuetan parte hartu izana (bekak, praktikak, etab.): unibertsitateak edo enpresak emandako ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horretan adieraziko da egindako praktikak, bekak eta abar curriculumetik kanpokoak direla, eta aipatuko dira betetako eginkizunak, hasiera- eta amaiera-datak eta egindako orduak.

–Hizkuntzak jakitea.

Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

7. Merezimenduak baloratzeko irizpideak.

Beka hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta banatuko dira dirulaguntzak baremoko ordenaren arabera, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren.

Eskaerak baloratzeko, honako irizpide hauen arabera kalifikatuko dira merezimenduak, 25 puntu arte, gehienez ere:

a) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria. 10 puntu gehienez. Espedientearen batez besteko nota baloratuko da, 0tik 10era bitarteko eskalan.

b) Beka emateko eskatzen ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. gehienez ere 4 puntu eskuratzen ahalko dira.

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: 1 puntu.

–Beste gradu batzuk: 1 puntu.

c) Bekaren xede diren arloekin lotura zuzena duten prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 4 puntu.

Kontuan hartuko dira 20 orduko edo hortik gorako prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, interesdunak jasotakoak zein emandakoak. Kontzeptu horrengatik 0,20 puntu emanen dira kredituko edo prestakuntzako 10 orduko, eta kopuru horietatik beherako unitateak proportzionalki baloratuko dira.

Ez dira kontuan hartuko 20 ordutik beherako ikastaroak.

Interesdunak jasotako ikastaroek titulu ofizialak izan beharko dute edo, bestela, ofizialki aitortutako prestakuntza zentroetan jasoak, eta behin besterik ez dira baloratuko, nahiz eta interesdunak ikastaroaren edizio bat baino gehiago jaso edo eman izan.

d) Bekaren xede diren arloekin edo titulazioekin lotutako proiektuetan parte hartzea (beste beka batzuk, curriculumaz kanpoko praktikak eta abar): 0,10 puntu hilabete bakoitzeko, 2 puntura arte gehienez.

Horretarako, hilabete osoak zenbatuko dira, eta ez dira kontuan hartuko hortik beherako aldiak. Ziurtagirian ez denean jasotzen jarduerak zenbat hilabete iraun duen, ez da kontuan hartuko.

Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko. Ez dira atal honetan baloratuko hasiera- eta amaiera-datak jasotzen ez dituzten ziurtagiriak.

e) Hizkuntzak jakitea. 5 puntu gehienez. Hizkuntza bakoitzeko maila handieneko ziurtagiria bakarrik baloratuko da, eta 5etik gorako puntuazioa ez da kontuan hartuko.

–Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiria edo C1 titulua, edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: 1,2 puntu (euskara), puntu bat (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).

–B2 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: puntu bat (euskara), 0,8 puntu (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).

–B1 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: 0,5 puntu (euskara), 0,4 puntu (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).

Ez da meriturik baloratuko ez bada agiri bidez frogatzen, eta merituak kontuan hartuak izan daitezen, eskaerak aurkezteko epea amaitu aurrekoak izan behar dute.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa espedienteko a) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, beste ikasketa titulu batzuetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

8. Ebaluazio batzordea.

Ebaluazio batzordea izanen da eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko eta alegatzen diren merezimenduak baloratzeko ardura izanen duen kide anitzeko organoa, bai eta ebazpen proposamena prestatzeko ardura izanen duena ere, non adieraziko baita izangai bakoitzari guztira emandako puntuazioa.

Kide hauek osatuko dute ebaluazio batzordea:

Batzordeko burua: Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Ataleko burua.

–Ordezkoa: Turismoa Eraldatzeko eta Behatokiko Ataleko burua.

Batzordeko kidea: Amaia García López de Arana, Merkataritza eta Artisautza Antolatzeko eta Laguntza Ekonomikoen Ataleko teknikaria.

–Ordezkoa: María Aranzazu Areta Cebrian, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Ataleko teknikaria.

Idazkaria: Lorea Mei Ojer Suzuki, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko APT juridikoa.

–Ordezkoa: Iris Meritxell Ollo López, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko APT juridikoa.

9. Bekaren tramitazioa eta hura emateko ebazpena.

Eskaerak hartutakoan, ebaluazio batzordeak espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Eskaerak ez baditu betetzen nahitaezko dokumentazioari loturik finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Eskaera osoa eta behar bezalakoa dela ikusitakoan, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera barematuko da espedientea, eta ebaluazio batzordeak lehentasun ordena zehaztuko du ateratzen den baremoaren arabera.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko, eta ez da zuzenduko eskaerarekin batera barematzeko aurkezten ez den merezimenduen dokumentazioa.

Ebaluazio batzordeak ebazpen proposamena igorriko du, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak bekaren deialdia ebatz dezan. Ebazpenak, gutxienez ere, beka eskuratzen duten eskatzaileen zerrenda jasoko du eta, zein den kasua, espresuki adieraziko du zein eskaera ezesten diren, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera jakinaraziko da.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Eskatutako beka eman edo ukatzen duen ebazpenaren aurka, eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

10. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, deialdi honen emaitzak argitaratuko dira Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzaren fitxan.

11. Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

Onuradunek apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren artikuluetako betebehar eta eskubideak izanen dituzte eta, bereziki, 19. artikuluan adierazitako betebeharrak; foru dekretu horretan araubide orokorra ezartzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko.

Orobat, beka ematen duen ebazpenaren proposamena egiten den unean, onuradunak behartuta daude zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatera.

12. Jardueren hasiera eta ukoak.

Onuradunek hamar egun naturaleko epean, gehienez ere, hasi beharko dituzte beren jarduerak, beka ematen dien ebazpenean adierazten den egunetik hasita. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

Edozein arrazoi dela eta, emandako bekari uko eginez gero, idatzita eman beharko zaio horren berri Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago, gutxienez ere.

Uko eginez gero, zilegi izanen da beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea.

13. Tutoretzak eta jarduerak.

Beka duen pertsonari eskatu zaion titulazio bera edo altuagoa duen tutore batek, dagokion administrazio unitateak izendatutakoak, gidatu eta gainbegiratuko ditu bekadunak egiten dituen jarduerak.

Bekadunak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan eginen ditu bere jarduerak. Halaber, bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen ditu.

Beka bakoitzaren arabera, prestakuntza bekak honako alderdi hauek jaso ditzake:

a) Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan, Turismoaren Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitateko Ataleko teknikariekin batera, honako jarduera hauek eginen dira, besteak beste:

–Turismoaren sektoreko enpresei informazioa eta aholku ematea jarduera bat (ostatuak, jatetxeak, turismoko bitartekaritza eta turismo aktiboa eta kulturala) Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko egin beharreko tramiteei eta bete beharreko baldintzei buruz.

–Turismoaren sektoreko enpresek turismoko establezimenduak edota jarduerak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko aurkezten dituzten erantzukizunpeko adierazpenak (alta, baja, datuen aldaketa) behar bezala bete direla egiaztatzea.

–Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalean Nafarroako Turismo Erregistroaren kudeaketarekin loturik sortzen diren txostenak eta mota guztietako agiriak (erregistroa eta ikuskapena) prestatzea, idaztea eta igortzea.

–Turismoko jarduera bat betetzeko araudian ezarritako bermeak edo erantzukizun zibileko aseguruak betetzearen gaineko kontrol eta jarraipen lanetan laguntzea.

–Turismo jarduerari lotutako erreklamazioak eta salaketak tramitatzen laguntzea.

–Turismoaren arloko intrusismoa eta lehia desleiala kontrolatzen laguntzea.

–Antolaketarekin, datu bilketarekin eta txostenak eta aurkezpenak prestatzearekin lotutako lanak, betiere Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalaren eskumenei dagokienez.

–Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalaren artxiboa antolatzeko lanak.

–Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusian betetzen den beste edozein lan.

b) Soziologiako graduarekin lotutako tituluak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiko Turismo Eraldaketako eta Behatokiko Ataleko teknikariekin batera, honakoetan:

–Behatokian informazio iturri berriak erabili eta automatizatzeko lanetan laguntzea. Behatokiaren datamart-en mantentze eta garatze lanetan laguntzea.

–Zuzendaritza nagusiaren jarduketa planetan jasotako adierazleak zehazten eta horien informazioa gehitzen laguntzea. Informazioaren bilketarako, gainerako unitateekin koordinatzeko lanak.

–Aldizkako txostenak prestatzea, prestakuntzarako programak eta turismo eta merkataritza kalitaterako programak ebaluatzeko.

–Aldizkako txostenak eta turismoaren arloko koiuntura txostena prestatzea. Informazioaren analisia egiten eta hura zabaltzeko prestaketan laguntzea.

–Behatokiaren gobernantza eredua abian jartzen laguntzea. Bileren deialdia eta prestaketa, bai eta dokumentazioa, komunikazioak eta abar ere.

–Turismoaren eta kontsumoaren arloan jardunbide onak, nazionalak eta nazioartekoak, detektatzeko lanak betetzea. Behatokiaren radarra.

–Behatokiaren web orria eguneratzea eta informazioa gehitzea.

–Eskariari buruzko azterketak egiteko informazioa bildu eta aztertzeko lanetan laguntzea: bisitariak eta turistak.

–Big datako datu basea aztertzeko eta horiek neurtzeko sistemak garatzeko lanetan laguntzea, koordinaturik Administrazioaren beste unitate eskudun batzuekin.

–Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

14. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekadunak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren instalazioetan jardunen du, astean gehienez ere 30 ordu sartuz eta 2,5 egun natural atseden hartuz, bekak dirauen hilabete bakoitzean.

Bekaren onuradunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

Bekaren onuradunak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutako betebeharrak bete beharko ditu, baita lege hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoak ere. Hala, prestakuntzaldia amaituta ere, berdin bete beharko dituzte bekaren bitartez eskura izan dituzten datu pertsonalak tratatzeari buruzko indarreko xedapenak.

15. Lan harremanik ezaren adierazpena eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

1. Beka edukitzea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik eskuratzea ere. Administrazioak ez du inolako konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

2. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoko kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

3. Bekadunek, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari diren, administrazio horrekin duten harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen dute zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

4. Beken onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izanen du, haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri baitzen.

Ondorio horietarako, prestakuntzan aritzen direnek Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuaren istripuengatiko estaldura izanen dute.

16. Bateraezintasuna.

Prestakuntza beka bateraezina da administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalak edo nazioartekoak izan, emandako beste prestakuntza beka batzuekin.

17. Araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2307958