121. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, Sakanako Mankomunitateko idazkari lanpostua aldi baterako eta administrazio-kontratuarekin betetzeko

Lehendakaritzak ekainaren 1ean emandako 224/2023 Ebazpenaren bitartez, honako hau erabaki da:

1. Sakanako Mankomunitateko idazkaria oposizio-lehiaketa bidez ordezkatzeko deialdiaren oinarriak onartzea.

2. Prozedura oinarriekin bat etorriz hastea eta deialdia eragin duen presazko egoera deklaratzea.

3. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea. Hona hemen oinarriak:

SAKANAKO MANKOMUNITATEKO IDAZKARI LANPOSTUA ALDI BATERAKO ETA ADMINISTRAZIO-KONTRATUAREKIN BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK ONESTEA

Deialdi hau honako hauen arabera arautuko da:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Sakanako Mankomunitateko idazkari lanpostua aldi baterako eta administrazio-kontratuarekin betetzeko deialdiaren oinarriak onestea du xede deialdi honek.

Lan poltsa sortuko da hautapen prozesu hau gainditzen duten izangaiekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, eta indarrean izanen da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean.

1.2. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan, bilatuko da kontratazioa ahalik eta arintasun handienarekin egitea.

Honakoa premiazko kasua dela kontuan hartuta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 239. eta 239. bis artikuluetan aipatzen diren idazkaritza-postuaren eginkizunak organoen egintza eta erabaki guztien fede publikoa ematea eta toki entitateetako organoei lege aholkularitza ematea direlako, eta udal eskumenen bizitza eta kudeaketa arrunta ez geldiarazteko helburuarekin, interes orokorraren alde eta herritarrei zerbitzua ematearen alde, lege horren 42.2.c) artikuluan oinarrituta, izangaien zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako deialdi publiko bidez eratuko da, eta aipatu Erregelamenduan Administrazioko funtzionarioak sartzeko ezarritako epeak murriztuko dira.

1.3. Hautapen probak 7. oinarrian ezarritakoak izanen dira eta lehiaketaldia ere baloratuko da, baldintza hauen 7.1 oinarrian ezarri bezala.

1.4. Hautapen prozesu honen kontratazioak 3 hilabete iraunen du, luzagarria izanen da eta kasua bada, iraunen du lanpostuan ordezkapenak egiten diren bitartean. Kontratua bukatzeko zergatia izanen da Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan aipatuetariko edozein. Nolanahi ere, kontratua amaituko da gaur egun plaza betetzen duen idazkaria jarduneko egoerara itzultzen denean, lanpostua behin betiko betetzen denean edo amortizatzen denean.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da eta horretan Sakanako Mankomunitateak prozesu honetan hautatutako langileekin formalizatutako kontratazioak ezeztatu ahalko ditu bere iritziaren arabera.

1.5. Lanaldia Sakanako Mankomunitateak ezartzen duena izanen da; betiere zerbitzuaren beharren araberakoa. Hala ere, noiznahi aldatzen ahalko da.

1.6. Lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan A mailarako ezarritako ordainsariak izanen ditu, baita plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritako osagarriak ere.

1.7. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaiak idazkaritza eginkizunak beteko ditu Sakanako Mankomunitatean.

2. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean hauetako titulu bat izatea edo lortzeko moduan egotea, edo titulu horiek eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria izatea:

–Zuzenbideko gradua edo lizentziatura.

–Politika eta Administrazio Zientzietako gradua.

–Soziologiako lizentziatura.

–Zientzia Politikoetako eta Soziologiako lizentziatura.

Izangaiek alegatzen badute aurretik aipatutako titulazioen baliokideak dituztela, baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute edo, bestela, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak emandako ziurtagiria aurkeztu.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

e) B motako gidabaimena edukitzea.

f) EGA edo titulu baliokidea edukitzea, edo horri dagokion euskara proba gainditzea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdi honetan aurreikusitako epe eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean bete beharko dituzte eta hautapen prozeduran haien jabe izan beharko dute, izendapena egin arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Hautapen prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Sakanako Mankomunitateko Erregistro Orokorrean, edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan; kasu horretan, dokumentazioa aurkeztu izana frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute ezarritako epea baino lehen posta elektronikoko helbide honetan: idazkaria@sakana-mank.eus.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 14:30era arte. Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta ondokoekin batera aurkeztuko da:

a) NANaren edo horren baliokidea den identifikazio agiriaren fotokopia.

b) Gidabaimenaren fotokopia.

c) Eskatutako tituluaren kopia bat.

d) Lehiaketaren baremoaren irizpideei jarraikiz, baloratuko diren merezimenduen gaineko agiriak. Epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko dagozkien dokumentuarekin egiaztaturik ez dauden merezimenduak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://sakana-mank.eus/).

Bost eguneko epean, iragarkia Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://sakana-mank.eus/) argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak egin edo eskabideko akatsak zuzentzen ahalko dituzte.

5. oinarria.–Behin betiko zerrendak.

Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia, eta, kasua bada, euskararen probak egitekoak ere bai.

Alegaziorik baldin badago, horiek ebatzi ondoren, Lehendakaritzak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta hura argitara emango da Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://sakana-mank.eus/), hautapen proba egiteko eguna eta tokia adierazita. Halaber, kasua bada, euskararen probak egiteko eguna eta tokia iragarriko dira.

6. oinarria.–Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Lehendakaria: David Oroz Alonso, Sakanako Mankomunitateko lehendakaria. Ordezkoa: Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza, Sakanako Mankomunitateko lehendakariordea.

Bigarren mahaikidea: Iosune Telleria Petroch, Sakanako Mankomunitateko kudeatzailea (edo haren ordezkoa 2023ko abuztuaren 1etik aurrera). Ordezkoa: Iker Manterola Matxain, Sakanako Garapen Agentziako kudeatzailea.

Laugarren mahaikidea: Ana Carrillo Simón, langileen ordezkaria, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen 113/1985 Errege Dekretuaren 21.1 artikuluan xedatutakoarekin bat. Ordezkoa: langileen ordezkaritzak proposatua.

Mahaikide kontu-hartzailea: Nerea Malkorra Araolaza, Sakanako Mankomunitateko kontu-hartzailea. Sakanako Mankomunitateko kide den udal bateko idazkari bat.

Mahaikide-idazkaria: Sakanako Mankomunitateko idazkaria. Ordezkoa: Sakanako Mankomunitateko kide den udal bateko idazkari bat.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa, gutxienez, bildu gabe. Halaber, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, eraketa baliozkoa izan dadin.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

6.4. Epaimahaiak aholkularien laguntza eska dezake proba guztietan edo batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6.5. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta epaimahaiko buruari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean agertuko da hori, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.6. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

7. oinarria.–Proben nondik norakoa.

Oposizioaldia hasi baino lehen euskararen proba eginen dute deialdi honen oinarrietan eskatutako ezagutza agirien bidez egiaztatu ez dutenek. Proba horretan idatzizko bi ariketa eginen dira eta ahozko bat, eta horiekin zehaztuko da izangaia gai edo ez-gai den, C-1 hizkuntza mailari, EGAri edo baliokidea den tituluari dagokionez. Proba horiek Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko edo Euskarabideako langileek eginen dituzte. Ondotik etorriko dira oposizioko proba berariazkoak.

7.1. Lehiaketaldia.

Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, baremo honen arabera:

–Lanbideko esperientzia:

  • Nafarroako toki entitate batean idazkari gisa emandako zerbitzu-urte bakoitzeko: 3 puntu.
  • Edozein Administrazio Publikotan Zuzenbideko gradua, Zientzia Politikoetako eta Administrazioaren Zientzietako gradua edo Soziologiako lizentzia edo Zientzia Politikoetako eta Soziologiako lizentzia izatea eskatu duten plaza batean aritutako urte bakoitzagatik 1,5 puntu.

Urtebetetik beherako aldiak proportzioan puntuatuko dira, lan bizitzaren txostenari jarraituz.

Atal honetan gehienez ere 20 puntu emanen dira.

Prestakuntza osagarria:

–Idazkaritzako lanpostuaren berezko gaietan espezializatzeko edo hobetzeko ikastaroengatik:

  • 5 eta 25 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,5 puntu ikastaro bakoitzeko.
  • 25 eta 50 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko (biak barne): puntu 1 ikastaro bakoitzeko.
  • 50 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko: 2 puntu.

Atal honetan gehienez ere 10 puntu emanen dira.

Lehiaketa honetan gehienez ere 30 puntu lor daitezke.

7.2. Oposizioaldia.

–Lehen proba:

Erantzun laburreko eta/edo test motako 50 galderari erantzun beharko zaie idatziz, II. eranskineko gaiei buruz.

Proba honek ordu eta erdi iraunen du gehienez eta 70 puntu izanen ditu gehienez ere. Erantzun okerrak zigortuko dira, epaimahaiak ariketa hasi aurretik zehaztuko duen maneran. Baztertu eginen dira gutxienez 35 puntu lortzen ez duten izangaiak.

Probak plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen dira. Emaitzak hiru eguneko epean argitaratuko dira erakundearen webgunean.

7.3. Izangaietako batek ere ez baditu proba guztiak gainditzen edo gaindituta ere kontratatua izaterik nahi ez badu, Sakanako Mankomunitateak kontratatu ahalko du probaren bat gainditu duen hurrengo izangaia, hautapen-aldian lortutako puntuazio ordenari zorrotz jarraituz.

7.4. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

7.5. Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.

8.1. Azken proba bukatuta, epaimahaiak puntu gehien lortu dituen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio Sakanako Mankomunitateari.

Berdinketa izanez gero, lehentasuna izanen du bigarren ariketan puntuaziorik handiena eskuratzen duenak, eta hala ere berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da izangaien artean.

8.2. Proposamena loteslea izanen da Sakanako Mankomunitatearentzat.

8.3. Ariketak bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean, probak egin diren tokian eta web orrian (http://www.sakana-mank.eus).

8.4. Hautatutako izangaiak deialdi honen hirugarren oinarriaren arabera aurkeztutako jatorrizko dokumentuak entregatu beharko dizkio Mankomunitateari, kontratazio-proposamena egin aurretik.

8.5. Hautatutako izangaiak astebeteko epean hasi beharko du lanean, gehienez ere, Sakanako Mankomunitatearen kontratazio proposamena onartzen duenetik aurrera. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei egiten ahalko die kontratua, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Lakuntzan, 2023ko ekainaren 1ean.–Alonso Sakanako Mankomunitateko lehendakaria, David Oroz Alonso.

I. ERANSKINA.–Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–1978ko Espainiako Konstituzioa.

2.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituena.

5.–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.

6.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onesten duena.

7.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

8.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

9.–38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzen Lege Orokorra.

10.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoena.

11.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.

12.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

13.–Sakanako Mankomunitatearen Estatutuak (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 57. zk., 2003-05-07, eta aldaketa, (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 75. zk., 2010-06-21).

Iragarkiaren kodea: L2308751