1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
66/2023 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena ukatzen baita energia elektrikoa ekoizteko "La Lobera" haize-parkearen instalaziorako.
1.–Aurretiazko administrazio baimenaren eskaera.
2020ko azaroaren 25ean, eta aplikatu beharrez Nafarroan haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa, MTorres Desarrollos Energéticos SLk aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen energia elektrikoa ekoizteko "La Lobera" haize-parkearen instalazioa, 25 MW-eko potentzia instalatua duena, eta haren ebakuazio azpiegiturak ezartzeko, Artaxoako eta Tafallako udal mugarteetan.
2.–Aurreproiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko tramiteak.
Aurreproiektuan eta ingurumen arloko dokumentazioan hainbat aldaketa egin zirenez, MTorres Desarrollos Energéticos SLren eskaera hirutan jarri zen jendaurrean, kasu guztietan maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluarekin bat etorriz.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman ziren argitara: 2021eko otsailaren 4an (26. zk.), 2021eko abenduaren 21ean (285. zk.) eta 2022ko ekainaren 29an (127. zk.). Prentsan, Diario de Navarra egunkarian argitaratu ziren, 2021eko otsailaren 5ean, 2021eko abenduaren 23an eta 2022ko ekainaren 28an. Parkeak eta ebakuazio azpiegiturek ukitutako udaletako ediktu-tauletan eta Nafarroako Gobernu Irekiaren webgunean ere argitaratu ziren.
Era berean, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, izapide bakoitzean, kontsulta egin zien administrazio publikoei eta interesdunei, eta separatak bidali zitzaizkien erakunde publikoei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargupeko ondasun eta eskubideak ukitzen dituen zatiari dagokionez.
3.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaera.
Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen dena aintzat hartuta, 2022ko abuztuaren 25ean, behin jendaurreko informazioaren hirugarren tramitea bukatuta, MTorres Desarrollos Energéticos SLk dokumentazioa aurkeztu zuen, eskatzeko ingurumen inpaktuaren ebaluazioa hasteko, batetik, eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena emateko, bestetik. Jasotako alegazioei eta txostenei emandako erantzuna gehitu zuen.
4.–Aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena.
Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak dio behar bezala egin dela ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura.
Hala ere, proiektua bideraezina da ingurumenaren aldetik, baita proposatu diren prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak aplikatuta ere, ingurunearen ingurumen balio handiagatik, hegazti mehatxatuen presentziagatik, hegazti horiek talka egiteko eta espazioaren erabilera galtzeko arriskua dutelako, eta, halaber, inguruan haize-parke ugari eta bestelako azpiegiturak daudenez, horiek guztiek sortzen dituzten ondorio metagarri eta sinergikoengatik.
Horiek horrela, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 5eko 332E/2023 Ebazpenaren bidez, aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zen "La Lobera" haize-parkearen eta haren ebakuazio azpiegitura elektrikoen proiekturako.
5.–Aurretiazko administrazio baimena ukatzeko proposamena.
Ingurumen inpaktuaren adierazpena aurkakoa dela ikusirik, eta espedientearen azterketa teknikoa egin eta gero, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura era egokian egin dela, eta espedientea ebaztea proposatu du, eskatutako aurretiazko administrazio baimena ukatuz.
Bestetik, 2023ko apirilaren 28an, MTorres Desarrollos Energéticos SLk eskatu du sarbide eta konexio baimenari lotutako bermea itzultzeko, aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpenak tramitazioarekin jarraitzea eta proiekturako administrazio baimena lortzea galarazten duelako.
Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,
EBAZTEN DUT:
1. Aurretiazko administrazio baimena ukatzea, MTorres Desarrollos Energéticos SLk eskatu duena energia elektrikoa ekoizteko "La Lobera" haize-parkearen instalaziorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako.
2. Agindua ematea Diruzaintza Atalari sarbide eta konexio prozedurari lotutako 1.000.000 euroko bermea itzul dezan; MTorres Desarrollos Energéticos SLk jarri zuen berme hori 2019ko otsailaren 14an, eta erregistro zenbaki hau du: 5020000047 CFNA 2019 (Av-NAV-0138).
3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Basoen eta Ehizaren Zerbitzura, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Ubideari (CANASA), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Telefónica de España SAri, Compañía Logística de Hidrocarburos SAri (CLH), Enagás SAri, Enerfin Sociedad de Energía SLri, Nedgia SAri, Abaco ENSari (813 ENS zenbakia) eta Red Eléctrica de España SAUko Sarera Lotzeko Departamentuari, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Errekurtsoaren idazkian, espediente zenbakia adierazi beharko da.
6. Ebazpen hau jakinaraztea Artaxoako eta Tafallako udalei, Administrador de Infraestructuras Ferroviariasi (ADIF) eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea zilegi dela haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2023ko maiatzaren 11n.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.
Iragarkiaren kodea: F2307526