121. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

179/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 24koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira hautagaitzak aurkezteko epe bat eta bozketa egun posible bat Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzordeko kideen izendapen proposamenerako, oinarrizko osasun laguntzaren arlorako.

Abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen, adingabeen arretaren eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea. Foru dekretu horren 44.3 artikuluan ezartzen da ezen, hasiera batean, Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzordean zortzi aditu izanen direla gutxienez, pertsonarengan zentratutako arretan oinarritutako ikuspegia, ekintzak eta ereduak dituzten zentro edo zerbitzuen kudeatzaile diren pertsonek edo erakundeek aukeratuak, eta gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuaren bi ordezkari ere arituko direla, batzordeko lehendakari eta idazkari lanetan.

Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen 45.4 artikulua aplikatuta, adingabeentzako arretaren arloko beste bi ordezkari sartu ziren Batzordea osatzeko, eta horrenbestez, 8 kide izan beharrean 10 izanen ditu, gizarte zerbitzuetako hainbat arlotakoak.

Orain, apirilaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuaren 1. artikuluko hamabigarren apartatuaren bidez aldatu da abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren 44.3 artikulu hori, eta, horrenbestez Batzordearen osaera berriro ere handitu da, 10 kidetik 12ra, oinarrizko osasun laguntza arloa ere ordezkaturik egon dadin (92/2022 Foru Dekretuak arautzen ditu, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea).

Abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren 44.3 artikulu aipatuak ezartzen du, orobat, arlo bakoitza ordezkatuko duten batzordekideak izendatzeko prozedura hasiko dela gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuaren titularraren foru agindu baten bidez, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluarentzat ezarritako bide bera edo antzekoa erabiliz. Ahal dela, oreka egonen da emakumeen eta gizonen artean eta foru dekretu honen xedeko arloen artean, deusetan galarazi gabe arlo horietako batzuetarako azpibatzordeak eratzea.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren urriaren 2ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren hautagaitzak aurkezteko epe bat eta bozketa egun posible bat Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko batzordekideen izendapen proposamenerako, aipatu foru dekretuan ezarritako erakundeak ordezkatzeko. Orain, foru agindu horretan ezarri ziren irizpideen antzekoen arabera antolatu behar da oinarrizko osasun laguntzaren arloko bi pertsonaren izendapena; gizarte zerbitzuetako beste bost sektoreetako 10 adituei gehitu zaizkie, eta hala ordezkaturik egonen dira 6 esparruak.

Horrenbestez, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea hautagaitzak aurkezteko epea, bozketa egun posible bat eta Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzordean oinarrizko osasun laguntzaren arloko kideak izendatzeko arauak, foru agindu honen eranskinari jarraikiz.

2. Foru agindu hau igortzea Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzura, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora eta Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusira, hautagaitzak proposatu ditzaketen toki erakundeen artean heda dadin; eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

ERANSKINA

1. Bat etorriz apirilaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuaren 1. artikuluko 12. apartatuarekin eta abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren 44.3 artikuluarekin, oinarrizko osasun laguntzaren arloko bi aditu izendatuko dira. Izendapen hori lau urterako izanen da, eta epe hori igarota, izendapen berriak eginen dira.

2. Eskubide Sozialetako kontseilariak izendatuko ditu ordezkariak, oinarrizko gizarte zerbitzuak edo auzo unitateak dituzten Nafarroako toki erakundeen proposamenarekin bat, behar beste proposamen badaude.

3. Aipatutako erakundeek dagozkien hautagaitzak aurkez ditzaten, epe bat ezartzen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik 2023ko ekainaren 15era bitartekoa.

Hautagaitzak idatziz aurkeztu beharko dira, eskabidea Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira zuzenduta, eta, ahal dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan administrazio publikoei zuzendutako eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

Idazkian, berariaz aipatuko dira Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzordeko kide izateko hautagai(ar)en izen-deiturak, baita ordezko(ar)en izen-deiturak ere, eta zein toki erakunderen ordezkari den adieraziko da.

Bi pertsona proposatzen direnean, ahal den guztietan, bat emakumea izanen da, eta bestea gizona.

4. Ezarritako epea iraganik soilik 2 hautagaitza aurkezten badira, Eskubide Sozialetako kontseilariak horiek izendatuko ditu oinarrizko osasun laguntzaren arloko kide Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzorderako.

Aipatu epea iraganik hautagaitza nahikorik aurkezten ez bada, kontseilariak libreki izendatuko ditu oinarrizko osasun laguntzaren arloko adituak, biko talde bat osatu arte, izendatuek onartu ondoren.

Bi toki erakundek proposatzen badituzte hautagaitzak, aditu bat izendatuko da erakunde bakoitzeko, bat etorriz erakunde horiekin eta, ahal dela, emakumeen eta gizonen arteko oreka mantenduta.

Bi hautagaitza baino gehiago aurkezten diren gainerako kasuetan, bozketa eginen da aurkeztutako hautagaien artean aukeratzeko, jarraikiz eranskin honen 6. apartatuan ezarritako prozedurari.

5. Bozketa egitea beharrezkoa ez bada, behar adinako hautagaitza aurkeztu ez delako edo soilik 2 aurkeztu direlako, departamentuaren webgunean emanen da horren berri. Bozketa egitea beharrezkoa bada, aipatu webgunean iragarriko da zein hautagaitza aurkeztu diren, eta zein erakundek proposatu dituen.

6. Bozketa, beharrezko izatekotan, 2023ko irailaren 1ean, ostiralarekin, izanen da, 08:30etik 14:30era, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egoitzan (González Tablas kalea 7, 31005 Iruña), Idazkaritza Tekniko Nagusiaren bulegoetan.

Bozketan aurkeztutako hautagaitzak identifikatuko dira, baita zein erakundek proposatu dituen ere.

Bozketaren ondorioetarako, eranskin honen 2. apartatuan adierazitako erakundeetako bakoitzak boto bat izanen du. Erakundearen ordezkaritza duen pertsonak edo erakundeak berak bozketarako izendatu duenak gauzatuko du eskubide hori.

Bozketan hautesle bakoitzak bere nortasun agiri nazionala erakutsi beharko du, baita toki erakundea ordezkatzea ahalbidetzen dion titulua ere.

Boto gehien lortzen duena izanen da hautatua. Berdinketarik izanez gero, zozketa eginen da.

Bozketarik egin gabe amaitzen bada deialdia, Eskubide Sozialetako kontseilariak askatasunez izendatuko ditu ordezkariak, biko talde bat osatu arte, haiek onartu ondoren.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 24an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2308229