1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
15/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 15ekoa, aldatzen duena Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 18ko 244DEP/2011 Foru Agindua, zeinaren bidez hauteskundeetako arbitraje prozeduretan parte hartzen duten arbitroen dietak onesten baitira.
Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 76. artikuluak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 44. artikuluak eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioen ordezkaritza organoetarako hauteskundeei buruzko Erregelamendua onesten duen otsailaren 13ko 30/1995 Foru Dekretuaren 25. artikuluak ezartzen dute hauteskunde arloko inpugnazioak arbitraje prozeduraren arabera tramitatuko direla, eta artikulu beretan araututako prozeduraren arabera izendatutakoak izanen direla arbitroak.
Kontuan izanda arbitroen funtzioa interes sozialekoa eta onura publikokoa dela eta haien jarduerak inpartzialtasuna ardatz izanik burutzen direla, eta aintzat harturik delako arbitroen jarduna ez dela haiek normalean garatzen dutena, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 18ko 244DEP/2011 Foru Aginduaren bidez (zeina aldatu baitzuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren abenduaren 18ko 1032/2012 Foru Aginduak) eta Garapen Ekonomiko kontseilariaren abenduaren 18ko 99/2018 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren hauteskundeetako arbitraje prozeduretan parte hartzen duten arbitroen dietak.
Kualifikatutako langileek egiten dituzten arbitro-eginkizunak duin egin nahian, eta bost urte igaro direnez arbitraje laudo bakoitzeko konpentsazio ekonomikoa finkatu zenetik, beharrezkoa da berriz ere horien zenbatekoak eguneratzea, eguneko errealitatera egokitzeko, kontuan harturik arbitroek egiten dituzten eginkizunak, haien inpartzialtasuna eta hauteskunde arloko arbitrajea dela bide judizialera jo aurreko izapidea.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,
AGINTZEN DUT:
1.–Aldatzea Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 18ko 244DEP/2011 Foru Aginduaren 1. artikulua, honela:
1. Laneko agintaritzak hauteskundeetako nahitaezko arbitraje prozeduretan parte hartzeko izendatzen dituen arbitroek (Langileen Estatutuaren 76. artikuluan, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 44. artikuluan eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioen ordezkaritza organoetarako hauteskundeei buruzko Erregelamenduaren 25. artikuluan aurreikusiak) ondoko dieta hauek kobratuko dituzte, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko kideak ez badira:
a) 200 euro, emandako arbitraje laudo bakoitzeko, agerraldia egiten bada eta zuzenbidean ebazten bada aurkeztutako aurkaratzea.
b) 100 euro, emandako arbitraje laudo bakoitzeko, agerraldia egiten bada eta aurkaratzearen egileak atzera egiten badu.
2. Ez da dietarik kobratuko aurkaratzearen egilearen atzera-egitea agerraldia egin baino lehenago jakinarazten zaionean izendatutako arbitroari.
2.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2023ko maiatzaren 15ean.–Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Mikel Irujo Amezaga.
Iragarkiaren kodea: F2307641