121. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

114E/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 5ekoa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez partez aldatzen baita Nafarroako Foru Komunitatean tokiko irrati-difusio digitaleko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko hirurogeita hamabi lizentzia emateko lehiaketa publikoaren balorazio mahaiaren osaera, azaroaren 20ko 187/2019 Foru Aginduaren bidez onetsitako deialdikoa.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren azaroaren 20ko 187/2019 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko tokiko irrati-difusio digitaleko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko hirurogeita hamabi lizentzia banatzeko lehiaketaren deialdia eta oinarri arautzaileak. Oinarri horiek zuzendu egin ziren Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren otsailaren 6ko 8/2020 Foru Aginduaren bidez.

Deialdi horren 18. oinarrian balorazio mahaia izendatzen da, jasotako eskaintzak barematzeko. Mahai hori antolatuta dago profil profesionalen eta lanpostuen arabera, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuak ezarritakoaren arabera.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 27ko 106/2022 Foru Aginduaren bidez, lehiaketa publikoko balorazio mahaiaren osaera aldatu zen.

Hala ere, denbora tarte honetan, giza baliabideen berrantolaketa izan da balorazio mahaian profil teknikoko batzordekide bat zuen Telekomunikazio Sistemen Atalean eta, horregatik, administrazio-unitate horrek mahaian zituen batzordekide titularraren eta ordezkoaren izendapena aldatu beharra dago.

Antzeko egoera bat gertatzen da Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusian ere; izan ere, idazkari gisa aritzeko izendatua zegoen arlo juridikoko administrazio publikoko teknikariak (APT) administrazioan zerbitzuak emateari utzi dio eta, beraz, hura ordeztu beharra dago.

Ikusirik Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Ataleko buruaren txostena, eta erabiliz Nafarroako Gobernuaren departamentuen egitura onesten duen abuztuaren 7ko 22/2019 Lehendakariaren Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Balorazio mahaiaren osaera partez aldatzea, Nafarroako Foru Komunitatean tokiko irrati-difusio digitaleko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko hirurogeita hamabi lizentzia emateko lehiaketa publikoan. Balorazio mahai hori Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren azaroaren 20ko 187/2019 Foru Aginduaren bidez izendatu zen, eta geroago partez aldatu zen, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 27ko 106/2022 Foru Aginduaren bidez.

2. Mahaikide titular izendatzea David Moreno Plou jauna, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiko telekomunikazioetako ingeniaria, Iñaki Ilundáin Benito jaunaren ordez; eta haren ordezko izendatzea Fernando Moreno Ayala jauna, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiko telekomunikazioetako ingeniaria, zuzendaritza nagusi bereko Telekomunikazio Sistemen Ataleko buruaren ordez.

3. Mahaiko idazkari titular izendatzea María Teresa Fernández Baraibar andrea, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko APTa (arlo juridikoa), Arantza Bidondo Arnedo andrearen ordez.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus) argitaratzea.

5. Foru agindu hau igortzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusira eta Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusira, eta jakinaraztea interesdunei eta balorazio mahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 5ean.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2307416