116. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

173E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten baita Nafarroako toki erakundeek (udalek eta kontzejuek) guneak birmoldatzeko obrak egin ditzaten IkasNOVA gelak izateko. DDBN identifikazioa: 686584.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezarri zen, orokorrean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra, eta prozeduraren kontrol eta gardentasun hobean aurrera egiteko beharrari erantzuten dio, publikotasun, lehia eta objektibotasun printzipioen arabera.

Hori baino lehenago, urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuak berariaz arautu zuen "Eskolaurreko eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikastetxe publikoak eta Udal Musika Eskolak eta Kontserbatorioak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak gauzatzeko Nafarroako udal eta kontzejuentzako dirulaguntzen kontzesioa". Foru dekretu horren xedea laguntzen sistema orekatua eta koordinatua ezartzea izan zen eta, beraz, deialdi bakoitzaren esparrua eratzeko administrazioaren irizpideak eta bideak ezartzea.

2023ko ekitaldirako, deialdiaren jomugatzat hartuko dira IkasNOVA gela bat izateko guneak birmoldatzeko obrak, Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoetan.

Toki erakundeek aukera izan dezaten beren titulartasuneko IkasNOVA gelen helburuak duten proiektu egokietarako aurreikusita dauden laguntzak eskuratzeko, nahitaezkoa da ebazpen bat ematea, dirulaguntzen deialdia onetsi eta laguntzak banatzeko oinarriak ezar daitezen.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea dirulaguntzak emateko deialdi bat 2023ko ekitaldian Nafarroako toki erakundeek (udalek eta kontzejuek) beren titulartasunekoak diren ikastetxeetan guneak birmoldatzeko obrak egin ditzaten IkasNOVA gela bat izateko. Deialdia "Obrak udal jabetzako ikastetxeetan" izeneko 410001 41800 7609 325100 partidaren kargura finantzatuko da, gehienez 300.000 euro.

2. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez, deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Obren Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

5. Ebazpen honen aurka, administrazio publiko interesdunak gora jotzeko errekurtsoa jar dezake, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 15ean.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, NAFARROAKO TOKI ERAKUNDEEI (UDALEI ETA KONTZEJUEI) DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDI HONETARAKO: 2023AN GUNEAK BIRMOLDATZEKO OBRAK EGIN DITZATEN HAUR HEZKUNTZAKO 2. ZIKLOAN, LEHEN HEZKUNTZAKO ETA LEHEN HEZKUNTZA-DBH-KO IKASTETXE PUBLIKOETAN IKASNOVA GELA BAT IZATEKO

1. Helburua.

Ebazpen honetan jasotzen diren dirulaguntzak Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoetan IkasNOVA gela bat izateko guneak birmoldatzeko obrak egin daitezen finantzatzeko erabiliko dira.

2. Onuradunak.

Dirulaguntza hauek eraikin horien titularrak diren toki erakundeek eska ditzakete.

Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden erakundeak.

3. Xedea.

Diruz lagungarriak izanen dira guneak birmoldatzeko obrak, IkasNOVA gelaren helburuetara egokitutako gune bat lortzeko (gune irekia, malgua, mugikortasun handikoa, ataza esperimentalak, parte-hartzaileak eta digitalizatuak ahalbidetzen dituena), baldin eta horien proiektu pedagogikoa aldez aurretik onetsi bada Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak egindako deialdian. Obrak 2023ko ekitaldi ekonomikoaren barruan eginen da, Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxeetan.

Salbuespenez, diruz lagungarriak izaten ahalko dira 2021eko edo 2022ko ekitaldietan egindako obrak. Eskaera horiek baloratzeko, deialdi honen 8. oinarrian ezarritako irizpideak eta puntuazioak erabiliko dira.

Deialdi honen bidez emandako dirulaguntzak 300.000 eurokoak izanen dira gehienez.

Esku-hartzearekin zuzenean lotutako elementu edo lanen kostua izanen da soilik diruz lagungarria. Proiektua eta obren zuzendaritza gauzatzeko aholkularitza teknikoaren ordainsariak diruz lagungarriak dira baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

Ez da dirulaguntza honen xede izanen ekipamendua erostea, ezta eraikinaren eta bertako instalazioen ohiko mantentze-obrak egitea ere.

Balio erantsiaren gaineko zerga gastu diruz lagungarritzat hartuko da deialdi honen ondorioetarako, udalak ezin badu berreskuratu edo konpentsatu.

4. Dirulaguntzen portzentajea eta gehieneko zenbatekoak.

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa (BEZa barne) da ikastetxe bakoitzeko.

Dirulaguntzen gehieneko portzentajeak, ikastetxe motaren edo helburu duten jarduketaren forma zehatzaren arabera, honakoak izanen dira:

1. Obrak Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleek erabiltzen dituzten egoitza edo instalazioetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %65 gehienez.

2. Obrak Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek partekatuz erabiltzen dituzten egoitza edo instalazio komunetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %80 gehienez.

3. Obrak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek soilik erabiltzen dituzten egoitza edo instalazioetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %100 gehienez.

4. Obrak Pirinio aldeko udal ikastetxeetako egoitza edo instalazioetan: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %95 gehienez, edo diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %100 gehienez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek soilik erabiltzen dituzten egoitza edo instalazioetako obren kasuan.

5. Ezaugarri soziodemografiko bereziak dituzten herriei arreta ematen dieten ikastetxeetako egoitza edo instalazioetan egiten diren obrak, horietan lerro osoa ez badute, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria aplikatuz: diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %80 gehienez, edo diruz lagundutako obraren zenbatekoaren %100 gehienez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek soilik erabiltzen dituzten egoitza edo instalazioetako obren kasuan.

Dirulaguntzen zenbatekoak 8. oinarriari jarraikiz kalkulatuko dira.

5. Noiz eta non aurkeztu.

Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) Tramiteen Katalogoko fitxa erabiliz.

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/17528/Subvenciones-a-Entidades-Locales-Municipios-o-Concejos-para-obras-de-remodelacion-de-espacios-en-centros-escolares-de-caracter-publico-para-creacion-de-Aulas-IkasNovas-

Tramitazio elektronikoa nahitaezkoa da prozeduraren fase guztietan.

Hala xedatzen baitu bere 16.8 eta 66.6 artikuluetan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere.

6. Dokumentazioa.

a) Eskaerak toki erakundeen legezko ordezkariek aurkeztu beharko dituzte; beraz, hezkuntza komunitatearen barnean (ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoen elkarteak, besteak beste) sustatzen den edozein eskaera ordezkari horien bidez bideratu behar da.

b) Dirulaguntzak eskatzeko aurkezten diren eskabideak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, agiri hauek erantsita:

b.1. Eskatutako dirulaguntzaren xede diren obren memoria balioetsia edo aurrekontua (partidak zehaztuta).

Eraikin mistoen kasuan (bertan haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntza ematen denean), aurrekontu independenteak aurkeztu beharko dira, deskribatutako jarduketa alde baten edo bestearen eremuan dagoen kontuan hartuta.

b.2. Jarduketak eginen diren guneen egungo egoeraren eta eraberrituaren planoa, eraikinaren zein solairutan/tokitan dauden adierazita, baita horien argazki-dokumentazioa ere.

b.3. Ikastetxeko zuzendaritza taldearen txostena. Bertan, birmoldatu beharreko guneen egungo erabilera adieraziko da, eta justifikatuko da, ikastetxearen eskolatze joeraren arabera, birmoldatu beharreko guneak ez direla beharrezkoak ikasgela arrunt, ikasgela espezifiko, banaketa ikasgela edo laguntza ikasgeletarako.

b.4. Udal erabakia honako hauen inguruan:

–Obrak onesteko, diruz laguntzeko eskatu den inbertsioaren zenbateko osoa adierazita.

–Oinarri hauek betetzeari buruzkoa.

b.5. Idazkariaren ziurtagiria, non agertuko baita udalaren edo kontzejuaren konpromisoa, aurrekontuetan behar adinako zuzkidura ekonomikoa egon dadin dirulaguntzaren xedeko obraren kostua ordaintzeko, eskatzen den dirulaguntzaren adjudikaziodun izanez gero. Kreditu nahikorik ez badago, dirulaguntzari uko egin zaiola jakinarazi beharko zaio Hezkuntza Departamentuari, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean.

b.6. Adierazpena, honako hauei buruzkoa (I. eranskineko ereduaren arabera):

–Dirulaguntzaren xedeko lokalak irakaskuntza publikoari lotuko zaizkio obra amortizatzeko bide emanen duen epean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluari jarraikiz.

–Deialdi honen xedea finantzatzeko eskatu edo lortu diren beste dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

–Toki erakundearen konpromisoa, adierazten duena bere gain hartuko dituela dirulaguntzaren xede diren eskola instalazioen geroko funtzionamendu eta mantentze gastuak.

–Toki erakundearen konpromisoa, adierazten duena bere gain hartuko dituela ikastetxe ukituen berezko erabiltzaileak (irakasleak eta ikasleak) behin-behineko lokaletara lekualdatzeko gastuak, obrek dirauten bitartean, baita, beharrezkoa balitz, horien alokairuaren gastuak ere.

b.7. Obrak egin nahi diren eraikin edo lurren jabetza frogatzen duen agiria edo errentamendu kontratua, obra amortizatzeko aukera ematen duen epearekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikulua betez.

b.8. Kasua bada, udaleko idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena udalak ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zerga ordainduak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

b.9. Erakunde eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.

Eskaerak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio. Halaber, eskatutako zuzenketa aurkeztu ondoren zuzena ez bada, ez onartutzat joko da, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

c) Eskaera aurkezteak berekin dakar toki erakundeek deialdi honetan adierazitako oinarri arautzaileak betetzea.

7. Jarduketa diruz lagungarriak.

Deialdi honen xedetzat hartzen dira IkasNOVA gelaren helburuetara egokitutako gune bat lortzeko guneak birmoldatzeko obrak, baldin eta gela horien proiektu pedagogikoa aldez aurretik onetsi bada Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak egindako deialdian. Zehazki, honako obra hauek:

–Baoak (hutsuneak) korridorera irekitzea, eta horietan beirateak jartzea.

–Lanpostuak instalatzea (Ethernet sare-ahoak eta korronte-hargunea), beharrezkoa balitz.

–Bateratu beharreko guneei dagozkien trenkadak eraistea, gune berria sortzeko.

–Gunea intsonorizatzea.

–IkasNOVA gelarako beharrezkoak diren beste batzuk (igeltserotza-lanak, margotze-lanak...).

8. Deialdiaren 7. oinarria betetzen duten eskaerak baloratzeko irizpideak.

Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak onetsi ez dituen proiektu pedagogikoak dituzten eskaerek ez dute inolako dirulaguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen.

Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak onetsitako proiektu pedagogikoak dituzten eskaerek dirulaguntza jasotzeko eskubidea izanen dute. Dirulaguntza jasotzeko eskubidea duen eskaera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa, 4. oinarrian jasotako gehieneko portzentajeekin eta zenbatekoekin, indize eta datu hauen arabera kalkulatu eta zehaztuko da:

1) Ikastetxeko HLBPI indizea.

Ikastetxe bakoitzaren argitaratutako HLBPI indizea haztatzen duen kalkulu gehigarri bat egin da, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleak onartzeko prozesuko jarraibideak arautzen dituen otsailaren 13ko 21/2023 Ebazpenaren III. eranskineko 1 taulan argitaratutako indizetik abiatuta (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2023/39/22). Horretarako, kontuan izan da proposamenak aurkezteko epemugan ikastetxeek hizkuntz eredu bakoitzean, A/G eta B/D, duten matrikula kopuru aktiboa. Modu horretan, HLBPI indize haztatu bakarra lortzen da, baita ikastetxe elebidunetarako ere.

Ikastetxeen HLBPI indize haztatuetatik abiatuta, bakoitzari 0 eta 1 arteko koefizientea esleitzen zaio, honela: HLBPI indize haztatu handiena (positiboena) duen ikastetxeari 0ko koefizientea esleitzen zaio, eta HLBPI indize txikiena duen ikastetxeari (negatiboena) 1eko koefizientea. Gainerako ikastetxeetarako koefizientea ezartzen da bakoitzaren aldagaiaren balioaren eta 0 koefizientearekin esleitutako ikastetxearen balioaren arteko diferentziaren arabera, eta laguntza eman zaion ikastetxeen artean aldagaiaren heinaren arabera hainbanatuta.

2) Ikastetxearen matrikula kopuru aktibo osoa, proposamenak aurkezteko epemugan.

Matrikula txikiena duen ikastetxe parte-hartzaileari 0 koefizientea esleitzen zaio, eta matrikula handiena duen ikastetxe parte-hartzaileari 1 koefizientea. Gainerako ikastetxeetarako koefizientea aurreko puntuan deskribatutako moduan ezartzen da.

3) 16 urtetik beherakoen pobrezia erlatiboaren arrisku-tasa (portzentajean), Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak 2020an argitaratutako datuen arabera eta ikastetxeko Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Eskualdea (Iruñeko ikastetxeen kasuan, auzoko unitatea) erreferentzia hartuta.

Pobrezia erlatiboaren tasa txikiena duen ikastetxe parte-hartzaileari 0 koefizientea esleitzen zaio, eta tasa handiena duen ikastetxe parte-hartzaileari 1 koefizientea. Gainerako ikastetxeetarako koefizientea aurreko puntuetan deskribatutako moduan ezartzen da.

4) 16 urtetik beherakoen pobrezia larriaren arrisku-tasa (portzentajean), Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak 2020an argitaratutako datuen arabera eta ikastetxeko Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Eskualdea (Iruñeko ikastetxeen kasuan, auzoko unitatea) erreferentzia hartuta. Pobrezia larriaren tasa txikiena duen ikastetxe parte-hartzaileari 0 koefizientea esleitzen zaio, eta tasa handiena duen ikastetxe parte-hartzaileari 1 koefizientea. Gainerako ikastetxeetarako koefizientea aurreko puntuetan deskribatutako moduan ezartzen da.

5) Ikastetxea dagoen udalerrian erroldatutako biztanle kopurua, NASTATek 2022rako argitaratutako adierazlearen arabera (https://nastat.navarra.es/es/tablas_powerbi/-/tag/indicadores-poblacion).

Ikastetxe bakoitzerako 0 eta 1 bitarteko koefizientea esleitzen da, taula honetan biztanleria non kokatzen den:

BIZTANLERIA TARTEA

KOEFIZIENTEA [0,1]

< 400

1

[400, 700)

0,9

[700, 1000)

0,8

[1000, 1500)

0,7

[1500, 2000)

0,6

[2000, 3000)

0,5

[3000, 4000)

0,4

[4000, 5000)

0,3

[5000, 7000)

0,25

[7000, 10000)

0,2

[10000, 15000)

0,15

[15000, 100000)

0,1

>100.000

0

Deialdi honen %30 gordetzen da (90.000 euro) Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak onetsitako proiektu pedagogikoa duten ikastetxeen eskaera guztien artean zati berdinetan banatzeko.

Gainerakoa modu proportzionalean banatuko da, ikastetxe bakoitzak lortutako azken puntuazioaren arabera. Horretarako, deskribatutako aldagai bakoitzaren 0-1 koefizienteak biderkatuko dira modu honetan: deialdi honen zenbatekoaren %20, HLBPI indize haztatuari; %10, ikastetxeko matrikula kopururako; %10, udalerriko biztanle kopuruari; %15, 16 urtetik beherakoen pobrezia erlatiboaren arrisku-tasari eta %15, 16 urtetik beherakoen pobrezia larriaren arrisku-tasari. Atal bakoitzean lortutako puntuen batura ikastetxe bakoitzaren guztizko azken puntuazioa izanen da.

9. Ebaluazio batzordea.

Aurkeztuko diren eskaerak aztertu behar dituen batzordeak kide hauek izanen ditu: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lana eginen duena, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzua, Obren Ataleko burua, Hezkuntza Departamentuko Obren Ataleko teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa).

10. Deialdiaren ebazpena.

Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, 8. oinarriko baremoak erabiliz lortutako puntuazioaren arabera, aurrekontuko dirua agortu arte.

Dirulaguntzak emateko eta eskaerak ezesteko ebazpena Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emanen du, aurrez ebaluazio batzordeak proposaturik, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean. Emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian argitaratuko dira (www.nafarroa.es/eu/), adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

11. Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza hauen ordainketa 2023ko aurrekontuko "Obrak 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan" izeneko 410001 41800 7609 325100 partidaren kargura eginen da, obrak bukatu ondoko ordainketa bakarraren bidez.

Ematen diren kopuru horiek guztiak jasotzeko nahitaezkoa izanen da obrak bukatuta egotea eta frogagiriak aurkeztea 2023ko urriaren 20ra bitarte (egun hori barne).

Agiri horiek Nafarroako Gobernuko Justifikazio Erregistroan aurkeztu beharko dira, esteka honen bitartez:

https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2003247

Dirulaguntzaren ordainketari ekiteko ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Egin den esku-hartzearen faktura edo fakturak.

b) Obren ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak -halakorik badago- eta enpresa adjudikaziodunak sinatua.

c) Egindako ordainketaren frogagiria.

d) Udal edo kontzejuko idazkariaren ziurtagiria, honako honi buruz:

d.1) Obrak funts berekien bidez finantzatzeari buruz (edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuen bidez); hor, zenbatekoak eta funtsen jatorria jasoko dira, eta nola aplikatu diren, eta hala badagokio, horien bateragarritasunari eta kostua edo baimendutako gehieneko intentsitatea ez gainditzeari buruzko erabakia. (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 eta 27.4 artikuluak).

d.2) Betetzen direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak, obra gauzatzeagatik izandako gastu diruz lagungarria 40.000 eurotik gorakoa bada, edo emandako aholkularitza 15.000 eurotik gorakoa bada (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ eta 28.3 artikuluak).

d.3) La finalización de las obras. Horren ordez, harrera-akta ere aurkezten ahalko da, honako hauek sinatua: zuzendaritza fakultatiboa, halakorik balego, jabea (udala edo kontzejua) eta enpresa adjudikazioduna.

e) Teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria, egindako obrak gauzatzean arlo horretako indarreko araudia bete dela egiaztatzen duena.

f) Azken planoak eta argazki-dokumentazioa.

g) Adierazpena honi buruz (II. eranskineko ereduaren arabera):

g.1) Onuradunak azpikontrataziorik egin duen ala ez, deialdiaren 12. oinarriko 1. puntuarekin bat, eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoarekin bat.

g.2) Publizitate betebeharrak bete izana, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta deialdi honen 12. oinarriko 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

g.3) Gardentasun betebeharra betetzea, 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez; jasoko da Interneteko zer helbidetan argitaratu den emandako dirulaguntzari dagokion dokumentazioa.

12. Onuradunek bete beharrekoak:

12.1. Obrak gauzatzea.

Obren finantzaketaren berri emanen da obretan publizitate kartel bat jarriz. Kartelean finantzaketa publikoa dela adierazi beharko da.

Erakunde onuradunek dirulaguntzaren xede diren obrak osorik egiteko azpikontratazioa egin dezakete hirugarrenekin. Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki erakunde onuradunak hartuko ditu bere gain.

Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.

Oinarrietan xedatuta ez dagoen guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio eta, onuradunaren betebeharrei dagokienez, haren 9. artikuluan xedatutakoari.

12.2. Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

13. Bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradun diren toki erakundeek beste administrazio, erakunde eta organismo (publiko edo pribatu) batzuen dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, guztira proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute, BEZa barne.

Deialdi honen kargura jasotako ekarpena, beste organismo publiko edo pribatuetatik datozen laguntzei gehituta, inbertsioaren kostu osoa baino handiagoa bada, lehenbizikoa murriztuko da, kostu horrekin bat etorri arte.

14. Ikuskatzeko bisitak.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikuskapen guztiak egin ditzakete, hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Dirulaguntzen onuradun diren toki erakundeak beharturik daude obretan sartzen uztera eta eskatzen zaizkien obrei buruzko agiriak ematera.

15. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezartzen dena ez betetzea.

Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edo dirulaguntzaren helburua aldatzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzake.

Formazko alderdiak ez betetzeak ekar dezake dirulaguntzaren zati bat itzuli behar izatea. Funtsezko alderdiak ez betetzeak, berriz, ekar dezake dirulaguntza osorik itzuli behar izatea, hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera.

Nafarroako toki erakundeei ordaindutako dirulaguntzak itzuli behar direnean, itzuli beharreko kopurua banaketa kontuan kargatzen ahalko da.

I. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA (ESKABIDEARI ERANTSI)

Izen-deiturak: …………………………………………………………………… NAN/IFZ:......................................, .............denez, eta ............................................... ................................................................ Udalaren edo Kontzejuaren (Nafarroa) ordezkaria den aldetik (ezabatu behar ez dena).

..................................................................................................................................... ikastetxean IkasNOVA gela bat jartzeko guneak birmoldatzeko obrak egiteari dagokionez,

bere erantzukizunpean adierazten du:

a) Dirulaguntzaren xedeko lokalak irakaskuntza publikoari lotuko zaizkio obra amortizatzeko bide emanen duen epean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluari jarraikiz.

b) Toki erakundeak konpromisoa hartzen du bere gain hartzeko dirulaguntzaren xede diren eskola instalazioen geroko funtzionamendu eta mantentze gastuak, dagokion neurrian.

c) Toki erakundeak konpromisoa hartzen du ikastetxe ukituen berezko erabiltzaileak (irakasle eta ikasleak) behin-behineko lokaletara lekualdatzeko gastuak bere gain hartzeko, obrek dirauten bitartean, baita, beharrezkoa balitz, horien alokairuaren gastuak ere.

d) Toki erakundeak eskatu edo lortu ditu deialdi honen xedea finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak........................... BAI  EZ 

Baiezkoan, aipatu behar da zer erakunderi eskatu edo zer erakundetatik lortu diren deialdi honen xedea finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak, baita haien zenbatekoa ere.

Eskaera aurkezteak berekin dakar toki erakundeek deialdi honetan adierazitako oinarri arautzaileak betetzea.

.............................................(e)n, 2023ko ............................................aren ........(e)(a)n

ESKATZAILEAREN SINADURA

OBREN ATALA-HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA

II. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, DIRULAGUNTZA ORDAINDUA IZATEKO AURKEZTEKOA

Izen-deiturak: …………………………………………………………………… NAN/IFZ:......................................, .............denez, eta ............................................... ................................................................ Udalaren edo Kontzejuaren (Nafarroa) ordezkaria den aldetik (ezabatu behar ez dena).

..................................................................................................................................... ikastetxean IkasNOVA gela bat jartzeko guneak birmoldatzeko obrak egiteari dagokionez,

bere erantzukizunpean adierazten du:

a) Onuradunaren azpikontratazioari dagokionez, bete egin dela deialdiaren 12. oinarriko 1. puntuan ezarritakoa, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa bete beharrez.

b) Publizitate betebeharrak bete direla, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta deialdi honen 12. oinarriaren 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

c) Gardentasun betebeharra bete dela, 11. artikuluan ezarritakoaren arabera publizitate aktiboari dagokionez, zeina arautu baita Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. artikuluan. Interneteko helbide honetan argitaratu dela emandako dirulaguntzari dagokion dokumentazioa:

.............................................(e)n, 2023ko ............................................aren ........(e)(a)n

ESKATZAILEAREN SINADURA

OBREN ATALA-HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA.

Iragarkiaren kodea: F2307702