115. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZALTZU

Ordenantza, eguzki-energia biltzeko eta aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko arauak arautzen dituena

Itzaltzuko Udaleko Kudeaketa Batzordeak, 2022ko ekainaren 16an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Ordenantza, arauak ezartzen dituena teknologia fotovoltaikoaren eta/edo termikoaren bidez eguzki-energia biltzeko eta aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko Itzaltzuko udalerrian.

Iragarkia 2022ko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 28an, bai eta iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurrean egon da, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe; hortaz, aipatu ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da eta haren testu osoa argitaratzen, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. Eta 326. artikuluekin bat.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Itzaltzun, 2023ko apirilaren 17an.–Kudeaketa Batzordeko burua, Enrique Juanto Pascual.

ORDENANTZA, EGUZKI-ENERGIA BILTZEKO ETA APROBETXATZEKO INSTALAZIOAK EZARTZEKO ARAUAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Itzaltzuko udal-mugartea.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen determinazioek arautzen dute eguzki-instalazio termikoen zein fotovoltaikoen ezarpena, Itzaltzuko Udal Plan Orokorreko hiri-lurzoruan, finkatuan eta finkatugabean, urbanizagarrian eta urbanizaezinean.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honetan, eguzki-panelak edo -plakak deituko zaie eguzki-energia hartzeko elementuei. Eguzki-energia zer energia formatara bihurtzen duten kontuan hartuz, bi eguzki-instalazio mota daude: termikoak eta fotovoltaikoak.

a) Eguzki-instalazio termikoak: eguzkitik datorren irradiatze-energia aprobetxatzen dute fluido bat berotzeko. Etxeko ur beroa lortzeko eta/edo espazioak girotzeko erabiliko dira.

b) Eguzki-instalazio fotovoltaikoak: material erdieroale jakin batzuek energia elektromagnetikoa xurgatzean duten portaera aprobetxatuz, eguzkitik datorren irradiatze-energia energia elektriko bihurtzen dute.

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Eguzki-instalazioak baimenduko dira, neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean, dela etxeko ur beroa sortzeko (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak araututakoaren arabera (errege dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak).

Bizitegi-erabilerarako ez diren eremuetan, baimenduta dago bai autokontsumorako argindarra sortzea, bai (indarreko araudiaren arabera) elektrizitatea energia-sarera igorriko den elektrizitatea sortzea.

II. KAPITULUA

1. ATALA

Bizitegi-erabilerako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatutako instalazioak

(AO-1 antolamendu eremua).

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

a) Panelak estalkietako isurkiekin planokideak izanen dira, aldapa eta orientazio bera izanen dute, eta ez dira horietatik 30 cm baino gehiago irteten ahalko.

b) Oinplanoan jarriz gero, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat edo gehiago, teilatu-hegalaren muturrarekiko paraleloan.

c) Panelak zer isurkitan kokatuta dauden, haien azalerak ez du gaindituko isurkiaren %50, proiekzio horizontalean neurtuta.

d) Gutxienez 0,50 m bereizi beharko dira fatxadaren lerrokaduretatik, gailurretatik, bizkar-limetatik, limatxokonetatik, argi-zuloetatik (veluxak) eta beste panel-eremu batzuetatik.

e) Laguntza elementuak, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar, ezin izanen dira eraikinaren estalkian edo fatxadetan agerian geratu.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

a) Estalki lauaren azaleraren %50 hartzen ahal dute gehienez.

b) Karelen atzean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehieneko garaieraren azpitik. Ez da baimenduko baldin eta karelak gardenak badira –baranda, sareta edo beira motakoak–, eta instalazioa bistan uzten badute, non eta, aldi berean, ez diren proposatzen neurri egokiak hura ikustea galarazteko.

c) Espazio publikotik ahalik eta gutxien ikusteko moduan jarriko dira; horretarako, plakak fatxadatik atzera eramanen dira eta peto perimetralak baliatuko dira.

3. Portxe, markesina edo eraikuntza osagarrietan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

a) Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarriko dira.

4. Oro har, ezinen dira instalatu fatxadaten, balkoietan, begiratokietan edo antzekoetan.

5. Salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, baldin eta bermatzen bada ongi integraturik geratzen direla eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek aldez aurretik baloratu beharko dira, eta zerbitzu teknikoek eta Udalaren osoko bilkurak berariaz baimendu beharko dituzte.

6. Eguzki-teilak edo antzeko soluzioak baimenduta daude, baina ezingo dituzte gainditu paneletarako gainazaletarako ezarritako mugak. Edonola ere, bermatu beharko da ongi integraturik geratzen direla eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek aldez aurretik baloratu beharko dira, eta zerbitzu teknikoek eta Udalaren osoko bilkurak berariaz baimendu beharko dituzte.

6. artikulua. Instalazioak, eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan.

1. Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

a) Instalazioa baimenduko da soilik energia elektrikoa kontsumitzen duten eraikinak daudenean lurzati berean edo ondokoan, edo eraikin horietarako obra-lizentzia aldi berean ematen denean.

b) Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 2 metro baino altuagoak, lurretik neurtuta.

c) Lurrean bermatuta jarriko dira, bide publikotik ez ikusteko moduan.

d) Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak landare-pantailak (zuhaitzak, heskaiak, etab.) sortzea eskatzen ahalko du.

e) Ez da panelik jartzen ahalko eraikinaren fatxada nagusiaren aurrean.

f) Panelen orientazioa eta inklinazioa aldatzea badago, betiere, kaptazioak ahalik eta errendimendu handiena izan dezan lortzeko.

g) Instalazioak gehienez lurzatiaren azalera librearen %40 hartuko du, eta 40,00 m² gehienez.

h) Ondoko eraikinetan izan ditzakeen kalteei buruzko azterlan bat aurkeztuko da, batez ere haien gainean sor daitezkeen islei eta ispilu-efektuari dagokienez. Panelak instalatzeko baldintza izanen da, hala badagokio, balizko kalte horiek zuzentzeko proposatzen diren neurri zuzentzaileak betetzea.

7. artikulua. Eraikin katalogatuak.

1. Itzaltzuko Udal Plan Orokorreko Katalogoan sarturiko eraikinetan edo tokietan, edo babestutako beste elementu batzuetan instalazioak paratzeko eskaerak bidaliko dira Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

2. ATALA

2. sektoreko lurzoru urbanizagarrian kokatutako instalazioak

(AO-2 antolamendu eremua. Industria-Biltegiratzea).

8. artikulua. Instalazioak industriako erabilera globala duten eraikinetan.

1. Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak baimenduko dira, dela etxeko ur berorako (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako edo salmentarako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

2. Udalak uste badu ikusmen edo ingurumen inpaktua egon daitekeela, inpaktu hori minimizatzeko neurriak eskatzen ahalko ditu, bai eta proiektuari buruzko informazio osagarria ere.

III. KAPITULUA

Instalazioak lurzoru urbanizaezinean

9. artikulua. Instalazio isolatuak lurzoru urbanizaezinean.

1. Indarreko araudi sektorial autonomikoak berariaz arautzen du eguzki parkeak jartzea, hots, eguzki-energia erabiliz energia elektrikoa lortzeko instalazioak jartzea, lurzoru librean (64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana), eta bete beharko dira, halaber, Udal Plan Orokorrean lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria bakoitzerako ezarririko erabilera baimenduak eta 3. Lurralde Antolamenduko Planean (3. LAP-Pirinioak) jasotakoak.

10. artikulua. Aurretiazko baimenak.

1. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak lortzea Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena, hala badagokio, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko, jarraikiz ezarrita dagoenari uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikuluan.

11. artikulua. Instalazioak paratzea lehendik dauden eraikinetan.

1. Lehendik badauden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, horiek ezarri baldin baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aurretiazko baimenik izapidetzea.

2. Instalazioak planteatzeko eraikinek legezkoak izan beharko dute, edo haien garaian indarrean zen legediaren arabera ezarriak. Hala ez bada, haietan jarduketa berri bat egiteko eskaerak bildu beharko du, orobat, legeztatzea lehendik dauden erabilerak eta jarduketak eta eraikuntzak.

3. Baimentzen da eguzki-panelak jartzea, honako baldintza hauek betez gero:

d) Ezin izanen dira jarri ez fatxadetan, ez balkoietan ez begiratoki eta antzekoetan.

e) Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, eta ez dago mugarik azalerari nahiz orientazioari dagokionez.

f) Estalki inklinatuetan, estalkiaren planoetan bermaturik jar daitezke, eta panelen orientazioak alda daitezke eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen 0,60 metroko garaiera inongo tokitan, isurialdeko planoarekiko zut neurtuta. Okupatutako azalera gutxienez 1 metro bereiziko da isurkiaren perimetrotik, fatxadatik, mehelinetik, ertzetik edo gailurretik. Estalkiaren azaleraren %80 okupa daiteke gehienez, proiekzio horizontalean neurtuta.

4. Ezohiko neurri gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki-panelak jartzeko aukera proposatzen ahalko da, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Hirigintza Zerbitzuak eta Udalaren osoko bilkurak baloratu beharko ditu proposamen horiek.

12. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

1. Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da tramitatzea linearen ingurumen ukipenetarako baimenaren espedientea (93/2006 Foru Dekretua, onesten duena Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua). Hura baimendu arte ezin izanen da eman panel fotovoltaikoak instalatzeko lizentzia.

IV. KAPITULUA

Izapidetzea

13. artikulua. Lizentzia eskatzea.

1. Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Itzaltzuko Udalari eskatuko zaio dagokion obra lizentzia. Horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.

2. Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, proiektu bat aurkeztu beharko da, teknikari eskudun batek sinatua eta egoki den elkargo profesionalak ikus-onetsia, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

3. Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.

4. Udal lizentzia eman aurretik, beharrezko baimenak tramitatuko dira, kontuan harturik Itzaltzuko Udal Plan Orokorrean eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako betebehar partikularrak.

5. Nolanahi ere, lizentziak kasu guztietan emanen dira, jabetza eskubidea izan ezik, eta hirugarrenei kalterik eragin gabe. Hala, eskatzailea izanen da lanek Udalaren hirigintza-eskumenetatik kanpo eragin dituen ondorio guztien erantzulea.

Iragarkiaren kodea: L2306965