115. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERGOIENA

Ordenantza, eguzki-energia jasotzeko instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ergoieneko Udalak, 2023ko martxoaren 15ean egin osoko bilkuran, legez behar den quoruma izanik, erabaki zuen hasiera batez onestea Eguzki-energia jasotzeko instalazioak arautzen dituen ordenantza.

Erabakia 2023ko 67. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 4an. Jendaurrean egoteko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez zuenez gero, behin betikoz onetsirik gelditu da ordenantza, eta haren testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ergoienean, 2023ko maiatzaren 5ean.–Alkatea, Emeterio Senar Elso.

ORDENANTZA, EGUZKI-ENERGIAKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Ergoieneko Udal Plana aspaldikoa denez, eguzki-energiako instalazioen gaineko araudia ez dago nahikoa zehaztuta.

Bestalde, Udal Plana indarrean jarri zenetik, teknologia mota horiek sustatzeko beharraren gaineko kontzientzia hazi egin da gizartean, eta maila handiagoko arauetan ere horiek bultzatzeko premia jaso da. Horren adibide da, esaterako, berriki onetsi den 4/2022 Foru Legea.

Horregatik, adierazitakoarekin bat etorriz, Udalak borondate politikoa du udal ordenantza bat egiteko, energia-efizientzia bultzatuko duena dagokion lege-mailan.

I. KAPITULUA

Xedea, aplikazio-eremua eta definizioak

Xedea: arauak ematea, eguzki-energia teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez aprobetxatzeko instalazioak paratzeko.

Aplikazio-eremua: udalerriko lurzoru osoa, eta bereziki hiri-lurzorua (berariazko determinazioak ezarri dira hiri-lurzorurako).

Definizioak:

–Eguzki-instalazio termikoak: fluido bat berotzeko eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dutenak. Erabiliko dira etxeko ur beroa lortzeko eta espazioak girotzeko.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoak: eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dutenak energia elektrikoa sortzeko; horretarako, zenbait material erdieroaleren propietateez baliatzen dira, elektrizitatea sortzen baitute eguzki-erradiazioaren eraginpean jartzen direnean.

II. KAPITULUA

Instalazioak, hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian

2.1. Instalazioak, etxebizitza, zuzkidura edo industria erabileretarako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian.

Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

a) Plakak estalkiaren isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta, eta estalkiaren edo isurkiaren puntu batean ere ezin dira isurkien planotik 30 zentimetro baino gehiago irten.

Oinplanoan jarriz gero, sortu behar dute forma erregularreko gainazal bat edo gehiago.

b) Horiek guztiak metro bat gutxienez bereiziko dira teilatu-hegalen, mehelinen eta estalkien planoetatik.

c) Elementu osagarriak, hala nola andelak, metagailuak, bihurgailuak, kaxa elektrikoak eta abar ezin izanen dira bide publikotik ikusi.

Hori betetzea ezinezkoa bada, salbuespen gisa, beste soluzio batzuk baimentzen ahalko dira. Soluzio horiek instalazioaren inpaktua minimizatu behar dute.

d) Eguzki-panelak estalki lauetan instalatzea soilik baimenduko da baldin eta ezinezkoa bada horiek eraikinaren estalki inklinatuan instalatzea. Dena den, bermatu beharko da ez direla bide publikotik ikusten, eta ez dutela inpaktu negatiborik edo itsutzerik sortzen inguruko eraikinetan.

e) Fatxadetan, balkoietan eta antzekoetan ezinen da eguzki panelik jarri.

III. KAPITULUA

Instalazioak lurzoru urbanizaezinean

a) Lehendik dauden eraikinetako instalazioen kasuan (hirigintza-araudiarekin bat etorri behar dute), baimenduta dago eguzki-plakak instalatzea, baina horretarako beste estamentu batzuen aurretiazko baimena lortu beharko da, egoki bada. Instalazioaren ezaugarrien arabera jakingo da zer estamenturi dagokion baimena ematea.

b) Horiek jartzerakoan, hiri-lurzorurako ezarritako baldintza berberak bete beharko dira, salbu eta %25etik beherako malda duten estalkiak dauzkaten eraikinetan. Izan ere, kasu horretan, berariazko soluzioak aztertuko dira.

c) Lurzoru pribatuko edo beste mota bateko lurzoruetako instalazioetan, aplikagarri diren goragoko mailako araudietan xedatutakoa beteko da.

IV. KAPITULUA

Bestelako xedapenak

a) Salbuespen gisa, berezitasunen bat duten eguzki-panelak instalatzeko soluzioak proposatzen ahalko dira. Erabaki hori justifikatu beharko da, arkitekturaren ikuspegitik, eta udalaren osoko bilkuraren berariazko baimena beharko da horrelakoak instalatzeko.

b) Udalak ez ditu debekatuko Udal Planean babestu gisa definitutako eraikinetan eguzki-instalazioak jartzeko eskaerak. Dena den, katalogoan babestu beharrekotzat jotako elementuren bat ukitzen bada, goragoko mailako araudian xedatutakoari jarraituko zaio.

c) Instalatzeko eskaerak izapidetuko dira aplikatzekoa den araudi sektorialaren edo hirigintzakoaren arabera. Orobat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez izapidetzen ahalko dira, bat etorriz 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluan xedatutakoarekin.

d) Ikuskapenari eta zehapen-araubideari dagokionez, 1/2017 Foru Dekretuan xedatutakoa beteko da.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Iragarkiaren kodea: L2307080