115. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

40/2022 FORU AGINDUA, ekainaren 23koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abenduaren 30eko 81/2021 Foru Agindua, 2021eko abenduan Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda osagarria onesten duena eta kalte horiek ukitutako pertsona fisiko eta juridikoek izan ditzaketen zerga salbuespenak eta horiek aplikatu dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak zehazten dituena.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abenduaren 30eko 81/2021 Foru Aginduaren bidez 2021eko abenduan Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda onetsi zen, eta kalte horiek ukitutako pertsona fisiko eta juridikoek izan ditzaketen zerga salbuespenak eta horiek aplikatu dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak zehaztu ziren. Aipatutako foru aginduaren 1. atalean onetsi zen Nafarroako Foru Komunitatean 2021eko abenduan izandako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek ukitutakoen zerrenda, urriaren 30eko 11/2009 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

Foru agindu hori onetsi eta argitaratu ondoren, beste toki erakunde batzuek eskaerak igorri dituzte Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, uholdeek kaltetu bazituzten ere hasierako zerrenda horretan sartu gabe daudelako:

ZENBAKIA

UDALERRIA

1

Abaurregaina

2

Aberin

3

Aguilar Kodes

4

Artzi

5

Aria

6

Bidaurreta

7

Garaioa

8

Garralda

9

Genevilla

10

Goñi

11

Hiriberri

12

Iguzkitza

13

Itza

14

Itzagaondoa

15

Lizoainibar-Arriasgoiti

16

Lapoblación

17

Morentin

18

Murillo el Fruto

19

Orreaga

20

Saldias

21

Untzitibar

22

Urrotz

Plangintzaren, Azterlanen eta Uraren Ziklo Osoaren Atalak ekainaren 7ko txosten batean adierazi du zabaldu behar dela abenduaren 30eko 81/2021 Foru Aginduan hasiera batean jaso zen zerrenda, ukitutako udalerriak agertzen zituena; hortaz, foru agindu hori aldatzen da, aipatutako zerrendari dagokionez bakar-bakarrik, kalteak izan zituzten udalerri guztiak bertan sartzeko.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak uholdeek, haizete indartsuek eta beste fenomeno natural batzuek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoentzako laguntza eta onurak ezartzen ditu, eta, 2. artikuluan zehazten duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izaten ahal dituzten laguntzekin batera. Orobat, 3. artikuluan ezartzen du foru agindu horretan zehaztuko direla foru legean aurreikusitako laguntza edo konpentsazio eskaerak aurkezteko epeak, betebeharrak eta baldintzak. Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du aipatu foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

Gai honetan eskumena duen departamentua Lurralde Kohesiorako Departamentua da, kontuan hartuz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa (besteak beste, 15 b), 17 f), 18 i), 20 o), eta 23 f) artikuluak).

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, foru agindu honetan ezarritako laguntzak beti izanen dira izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak, ordena horretan, baita Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako izaten ahal diren beste laguntza batzuen osagarriak eta subsidiarioak ere.

Ondorio horretarako, urriaren 30eko 11/2009 Foru Legea garatzen duten foru aginduek osagarritasun eta subsidiariotasun hori izanen dute kontuan, eta, hortaz, onuradunek, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, polizen titular diren aseguru-etxeetan tramitatu beharko dituzte konpentsazioak, eta, bidezkoa bada, Estatuko zein Europar Batasuneko administrazioei ere eskatu dagozkien laguntzak.

Horrenbestez, bidezkoa da 2021eko abenduan Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda osagarri bat onestea, Nafarroako Gobernuaren laguntzak aplika daitezen lehenago deskribatutako fenomenoek egun horietan eragindako kalteen ondorioak arintzearren.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legea aplikatuz, bidezko da ezartzea zer zerga salbuespen eta konpentsazio izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean 2021eko abenduan gertaturiko euri erauntsiek eta uholdeek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoek.

11/2009 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritako udal zergen hobariak indarreko araudiarekin bat emanen direnez, hobari horien konpentsazioa, behin eta berriz aipatutako foru legearen 6. artikuluan ezarritako moduan, 2021eko eta hurrengo aurrekontu ekitaldietan gauzatuko da, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak ematen dizkidan eskudantziak aplikatuz, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuari dagokionez,

AGINTZEN DUT:

1. Aldatzea Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abenduaren 30eko 81/2021 Foru Agindua, 2021eko abenduan Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda osagarria onesten duena; kalte horiek ukitutako pertsona fisiko eta juridikoek izan ditzaketen zerga salbuespenak eta horiek aplikatu dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak zehaztea; eta onestea udalerri gehiago sar daitezen 2021eko abenduan Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek ukitutakoen zerrenda horretan, udalerri hauek, zehazki: Abaurregaina, Aberin, Aguilar Kodes, Artzibar, Aria, Bidaurreta, Garaioa, Garralda, Genevilla, Goñi, Hiriberri (Aezkoa), Iguzkitza, Itza, Itzagaondoa, Lizoainibar-Arriasgoiti, Lapoblación, Morentin, Murillo el Fruto, Orreaga, Saldias, Untziti eta Urrotz.

Zerrenda hau Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abenduaren 30eko 81/2021 Foru Aginduan jasotakoaren osagarria eta gehigarria da.

2. Ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko egoerak aintzat hartzeko ondorioetarako, foru agindu honetan aipatzen diren udalerrietan kaltetutako eremuei arreta emanen zaie, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan ezarritako araudiaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 29ko 72/2021 Foru Aginduaren arabera. Errege dekretu horrek nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenak eta laguntzeko beste araubide batzuk erregulatzen ditu, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

3. Foru agindu honen 1. atalean jasotako udalerrietan kokatutako ondasun higiezinen titular diren pertsona fisiko edo juridikoak eta, orobat, haietan adierazitako inguruabarrek ukitutako higiezinak salbuetsirik egonen dira egoera hori gertatu den ekitaldiari dagokion lurraren kontribuzioa ordaintzetik. Salbuespen horretarako eskubidea duten subjektu pasiboek, baldin eta hondamendia gertatu zen ekitaldiko ordainagiriren bat ordainduta badute, zilegi izanen dute ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatzea.

4. Foru agindu honen 1. atalean aipatutako udalerrietan jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan adierazitako gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira, gertaera horiek izan diren ekitaldian eta kaltetutako jarduerari dagokionez, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.

5. Foru agindu honen 1. atalean adierazitako herrietan kokatuta dauden jarduerak eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga ordaintzetik salbuesten ahalko dira, hondamendiak zergaren xede den instalazio, eraikuntza eta obrari eragin dien ehunekoan, foru agindu honek ezartzen dituen baldintzetan. Salbuetsitako jardueretan, kaltetutakoa berrezartzea edo berreraikitzea sartuko da, eta, hala, kontzeptu horrengatik ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatzen ahalko da.

6. Foru agindu honen 2., 3., 4. eta 5. ataletan aurreikusitakoaren arabera zerga-salbuespenak aplikatzearen eta dirua itzultzearen ondorioz toki erakundeek jasotzen ez dituzten tributu arloko diru-sarrerak Nafarroako Gobernuak konpentsatuko ditu, 2022ko gastuen aurrekontuko "Toki erakundeentzako konpentsazioak toki tributuetako hobariengatik" izeneko 210001 21100 4609 942300 partidaren kargura, eta 2023ko, 2024ko, 2025eko eta 2026ko ekitaldietako aurrekontuetan horretarako gaitzen diren partida baliokideen kargura. Izan ere, partida horiek handituko dira aitortzen diren edo aitortu asmo diren obligazioen muga berdindu arte, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 47.1.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

7. Laguntza hauek izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak dira, ordena horretan, baita Estatuaren edo Europar Batasunaren esparruan egon daitezkeen beste laguntzenak ere.

Kontzeptu horiengatik jasotakoa ez da inoiz izanen eragindako kalteen guztirako zenbatekoa baino handiagoa.

8. Foru agindu honetan ezarritako zerga-salbuespenak baliatu nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek eskaera bat aurkeztu beharko dute dagokien udalean, gehienez ere bi hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Horretarako, eta kaltea izan zen egunean ukitutako ondasunak aseguratuak ez bazeuden, honako adierazpena erantsi beharko zaio eskaerari:

–Kaltea izan zen egunean ukitutako ondasuna aseguratu gabe zegoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

–Teknikari kualifikatu baten txostena, izandako kaltea identifikatu eta zenbatesten duena. Txosten horren ordez, kaltetutako ondasun higiezinetan eragindako gastuen fakturen kopia eta hori ordaindu izana frogatzen duen dokumentua aurkez daitezke.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden hiri-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Baimen espresa, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.

–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
  • Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokien kalte-ordainari buruzkoa.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden landa-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Baimen espresa, Agrosegurok dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.

–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
  • Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokien kalte-ordainari buruzkoa.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

9. Foru agindu honetan aurreikusitako zerga onurak aplikatzen dituzten udalek Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko dute konpentsazio eskaera, azaroaren 9ko 325/1998 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako epean eta baldintzetan. Dekretu horren bidez, toki tributuetan zerga-onurak onestearen ondorioz toki entitateek eskatzen dituzten konpentsazio ekonomikoen eskaerak tramitatzeko prozedura onetsi zen. Eskaeran honako hauek jasoko dira:

a) Dagokion zerga-onura aplikatzeagatik tokiko tributuen diru-bilketan murriztutako zenbatekoa ordaintzeko eskatzea.

b) Organo eskudunaren erabakiaren ziurtagiria, zerga-onura onesten duena, honako hauek adierazita: onespenaren data, onura jasotzen duen tributua, dagokion aldia eta subjektu pasibo onuraduna. Horrez gain, tributuari dagokion kuota osoa adieraziko da ziurtagirian, baita emandako zerga-onurak aplikatzegatik sortzen den zenbatekoa ere.

c) Teknikari eskudun batek egindako txostena, foru agindu honetan aipatutako gorabehera meteorologikoen eta eragindako kalteen arteko erlazioa agertzen duena.

d) Ziurtagiri bat, honako hauek frogatzen dituena: eskaerak foru agindu honetan ezarritako epe barnean aurkeztu direla eta eskatzaileek egin beharreko zerga-salbuespena eta jasotako laguntzak eta kalte-ordainak ez direla kalteen balioa baino handiagoak.

10. Foru agindu hau Nafarroako Gobernuak egiten duen lehenengo bilkuran aurkeztuko da, berretsia izan dadin.

11. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko ekainaren 23an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2306878