114. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

160/2023 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, jarraibideak onesten dituena 2023-2024 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza irakaskuntzei dagokien eskola egutegia prestatzeko.

Ikusirik Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela behar diren jarraibideak onets daitezen 2023-2024 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza irakaskuntzei dagokien eskola egutegia prestatzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Behar diren jarraibideak onestea Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza irakaskuntzek 2023-2024 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko. Jarraibide horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Langileriaren Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Nafarroako hizkuntza eskola ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 10ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

JARRAIBIDEAK, IRUÑEKO ETA TUTERAKO HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALETAN ETA NAFARROAKO URRUTIKO HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALEAN EMANEN DIREN HIZKUNTZA IRAKASKUNTZEK 2023-2024 IKASTURTEAN IZANEN DUTEN ESKOLA EGUTEGIA PRESTATZEKO

1.–Egutegia.

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko eskola egutegiak baldintza hauek bete beharko ditu:

1. 2023-2024 ikasturtea 2023ko irailaren 1ean hasi eta 2024ko ekainaren 30ean amaituko da.

2. a) Ikastaro presentzialetako, erdipresentzialetako eta "That's English!" urrutiko ikastaroko eskolak ez dira 2023ko irailaren 20a baino lehen hasiko, eta beranduenez 2024ko maiatzaren 21ean bukatuko dira.

b) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan azterketak, programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

c) Eskolak bukatzen direnetik ekainaren 30era arte, azterketak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lan berariazkoak, departamentu didaktikoen memoriak, amaierako memoria eta beharrezko diren administrazio egintza guztiak eginen dira.

3. a) Egutegiak bermatu beharko du talde bakoitzak 130 ordu izanen dituela gutxienez. 2023-2024 ikasturteari dagozkion jarraibideetan ezarritakoarekin bat, eskolek erabakiko dute zenbat ostiraletan emanen den zuzeneko irakaskuntza, ikastaro presentzialetako eta erdipresentzialetako talde bakoitzak behar adina eskola-ordu izan ditzan, eta egutegian adieraziko dituzte. Zuzeneko eskola-saiorik gabeko gainerako ostiraletan, eskola-egunak izanez gero, irakasleak nahitaez joan beharko dira ikastetxera, eta zeregin hauetan arituko dira: koordinazio lanak egitea, ziurtapen probak prestatzea, programazioak eta zehaztapenak berrikustea, eta kurtsoaren garapenarekin zerikusia duten gainerako jarduerak.

b) Ezinezkoa izanen da eskolak etetea azterketa edo ebaluazio aldiak ezartzeko, ez eta klaustroak egiteko ere.

c) Ikasleren batek edo denek eskolaren batera huts egiteak ez du galaraziko ikastetxeak programaturiko ordutegi ofizialen araberako eskolak eskaintzen segitzea.

4. a) Honako egun hauek jaiegun izanen dira, Nafarroako lan egutegi arruntaren arabera: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 4a, 6a eta 8a, maiatzaren 1a, eta herriko jaieguna. Herriko jaieguna eskolarik gabeko eguna ez den batean egokitzen bada, horren ordez beste egun bat jarriko da.

b) Ikastetxeek zilegi dute hezkuntza-mailari dagokion jaiegun bat ezartzea.

c) Eskola gabeko laneguntzat joko dira ikastetxeak bere egutegian markatuko dituen hiru egun.

d) Eguberrietako oporrak abenduaren 23an hasiko dira, eta urtarrilaren 7an bukatuko, biak barne.

e) Aste Santuko oporrak martxoaren 28an hasi, eta apirilaren 7an bukatuko dira, biak barne.

f) Eguberrietako eta Aste Santuko oporraldiak ezin dira inola ere luzatu.

g) Otsailaren 9a, martxoaren 8a eta apirilaren 12a trebatzeko eta estandarizatzeko erabiliko dira Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak bere egutegian markatuko ditu trebatzeko eta estandarizatzeko erabiliko dituen egunak.

5. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, hark onets ditzan.

2.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

1. Zuzendariek, Eskola Kontseiluari entzun ondoren, egutegi eta ordutegi proposamenak bidaliko dituzte Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, EDUCA kudeaketa programaren bidez. Horretarako azkeneko eguna 2023ko ekainaren 14a izanen da.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ukatuko ditu, aztertu ondoren. EDUCA kudeaketa programak ematen duen informatikako euskarriaren bidez iritsiko zaie ikastetxeei Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren jakinarazpena. 2023ko ekainaren 24rako inolako jakinarazpenik jasotzen ez duten ikastetxeen egutegiak eta ordutegiak onetsitzat joko dira.

3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio 1. puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat. Eranskin honetako egutegia, hain zuzen.

4. Egutegiak onetsi ondoren, nahitaez bete beharko dituzte ikastetxe guztiek. Egutegia betearaztea ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna da, eta egutegien aplikazioa gainbegiratzea eta kontrolatzea, berriz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena.

5. Ikastetxe bakoitzaren eskola egutegia ikastetxeko iragarki-taulan ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimen idatzia ematen.

Iragarkiaren kodea: F2307504