114. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BEINTZA-LABAIEN

Zuzeneko kudeaketa-esleipena, Leurtzako Aisiarako naturagunea ustiatzeko, kudeatzeko, mantentzeko, kontserbatzeko eta zaintzeko

Udalak, 2023ko martxoaren 28an egin osoko bilkuran berezian, besteak beste, honako erabaki hau hartu zuen:

Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalerriek beren gain hartu dute Leurtzako Aisiarako naturagunearen kudeaketa, oinarri hartuta Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek egindako hitzarmenak Leurtzako urtegietako Aisiarako naturagunearen erabilera publikoa kudeatzeko eta ordenatzeko, bat etorriz ezarritakoarekin Nafarroako Naturaguneei buruzko Foru Legearen 25.b) artikuluan. Udalei dagokie kudeatzea Leurtzako Aisiarako naturagunea ustiatzeko, kudeatzeko, mantentzeko, kontserbatzeko eta zaintzeko zerbitzuak, zeinak Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalerrien artean partekatzen baitira.

Osoko bilkuraren 2023ko martxoaren 13ko erabaki baten bidez, behin betiko onetsi da administrazio espedientea Urroz eta Beintza-Labaiengo udalen artean zuzenean kudeatzeko Leurtzako Aisiarako naturagunearen kudeaketa, ustiatzea, mantentze-lana, kontserbazioa eta zaintza, bai eta ekintza sozioekonomikoa gauzatzea ere udalekotzearen bidez, Urroz eta Beintza-Labaien udalerriek partekatzen dituzten baliabide naturalak, ondarezkoak, kulturalak eta turistikoak sustatzeko, baloratzeko, garatzeko eta dinamizatzeko, horretarako tokiko merkataritza-sozietate publiko bat eratuz, erantzukizun mugatuko kapital-sozietate baten forma duena, "Leurtza Naturgunea SL" izenekoa, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalen partaidetza esklusiboarekin, erdi bana.

Akordio horietan erabaki da erakunde instrumental, bitarteko propio eta zerbitzu tekniko deklaratzea "Leurtza Naturgunea SL" tokiko merkataritza-sozietate publikoa, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalena, eta deklarazio hori iragartzea kontratazio atarian, udal horiek egitea erabakitzen duten enkarguei dagokienez, Leurtzako Aisiarako naturaguneko kudeaketa, ustiapen, mantentze, kontserbazio eta zaintzaren arloetan, eta, halaber, udalekotzearen bidez ekintza sozioekonomikoa gauzatzea, Urroz eta Beintza-Labaien udalerriek partekatzen dituzten baliabide naturalak, ondarezkoak, kulturalak eta turistikoak sustatzeko, baloratzeko, garatzeko eta dinamizatzeko.

2023ko martxoaren 16an, Esteban Manuel García Martín Lesakako notarioaren aurrean, tokiko merkataritza-sozietate publiko bat eratu da, erantzukizun mugatuko kapital-sozietatearen forma izango duena, "Leurtza Naturgunea SL" izenekoa, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalen partaidetza baino ez duela, erdi bana, aipatutako xedeetarako.

Kontuan harturik "Leurtza Naturgunea SL" tokiko merkataritza-sozietate publikoa dela ente instrumentala, bitarteko propioa eta zerbitzu teknikoa, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalena, betetzen baititu Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 8.2 eta 8.5 artikuluetan ezarritako baldintzak (2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa), eta, 2023ko martxoaren 13ko osoko bilkuraren erabakian halakotzat deklaratzeaz gainera, Estatutu Sozialetako artikuluak espresuki jasotzen baitu "Aipatutako sozietatea Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalen ente instrumentala, bitarteko propioa eta zerbitzu teknikoa izanen dela ondorio guztietarako".

Erakunde instrumentalei egindako enkarguen araubidea ikusita, zeina Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 8. artikuluan arautzen baita (2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa), eta honako hau adierazten du, besteak beste:

–"1. Foru lege hau ez da aplikatuko berari loturik dauden adjudikazio botereek beren ente instrumentalei egitea erabakitzen duten enkarguetan, enkargu horiek obra, hornidura eta zerbitzu kontratuei eta obra eta zerbitzu emakidei dagozkien prestazio berekienak direnean

–"6. Nahitaez bete beharreko aginduen bidez mamituko dira enkarguak, eta betiere adjudikazio botereari dagokio behar bezala exekutatzen direla gainbegiratzea. Enkargua egiten duen adjudikazio botereak ordaindu beharreko zenbatekoa ez da handiagoa izanen hura exekutatzeko beharrezkoak diren kostu errealen itzulketa baino.

Baldin enkarguen balioa zenbateko txikiko kontratuetarako araubide berezirako ezarritako baliotik gorakoa bada, haiek egiteko agindua Kontratazio Atarian argitaratuko da, labur azalduta agindua justifikatzen duten egitatezko inguruabarrak eta zuzenbideko oinarriak, eta enkarguak ez dira exekutatzen hasiko iragarkia argitara eman eta hamar egun natural iragan baino lehen.

Enkarguaren zenbatekoa Europako gutxienekoa baino handiagoa denean, hura egiteko agindua Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean ere argitaratu beharko da, eredu ofizialen arabera, onetsi eta berrogeita zortzi eguneko gehieneko epean".

Beraz, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legeak (2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa) botere adjudikatzaileei aukera ematen die enkarguak egiteko beren ente instrumentaltzat hartuak izateko legezko baldintzak betetzen dituzten eta izendatu diren erakundeei, zuzenean gauzatzeko obra, hornidura, zerbitzu eta obra eta zerbitzuen emakidako kontratuetako prestazioak. Hori dela eta, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek dagozkien enkarguak egiten ahal dizkiote Leurtza Naturgunea SL sozietateari, udalen ente instrumentala baita, bete, garatu eta gauzatu ditzan sozietatearen xede soziala osatzen duten eta esleitu zaizkion eta horietarako gaituta dagoen eginkizunen esparruko jarduera eta zerbitzuak.

Osoko bilkurak 2023ko martxoaren 13an hartutako erabakiaren arabera, Udalari interesatzen zaio Leurtza Naturgunea SL sozietateari enkargatzea Leurtzako Aisiarako naturagunearen kudeaketa, ustiapen, mantentze, kontserbazio eta zaintza, modu bateratuan gauzatzeko horiek Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalen artean, Nafarroako Gobernuarekin dagozkion lankidetza-hitzarmenak egitearekin lotuta eta horrek baldintzatuta (hitzarmen horiek bermatu behar dute bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa Leurtzako Aisiarako naturagunearen kudeaketa, ustiapen, mantentze, kontserbazio eta zaintzako jarduera eta zerbitzuetarako), bai eta jarduera sozioekonomikoa ere gune horretan ematen ahal diren prezio araubideko zerbitzuei dagokienez.

Leurtza Naturgunea SL sozietateak baditu giza baliabideak eta baliabide teknikoak enkarguaren xede den prestazioaren parte handiena gauzatzeko. Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek Leurtza Naturgunea SL sozietatearen eskura jartzen dituzte beharrezko baliabide materialak.

Enkargua behar bezala eta eraginkortasunez kudeatzeko, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan araututakoaren arabera, egokia da, eraginkortasun-arrazoiengatik, Urrozko Udalari esleitzea enkargua, bai eta behar diren jarduerak izapidetzea ere, loturik daudenak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalen arteko hitzarmenekin, xedea izanik Leurtzako urtegietako aisiarako naturagunearen erabilera publikoa ordenatzea eta kudeatzea. Orobat, aisiarako naturaguneko zerbitzuak emateagatik onesten dituzten tasa, tarifa edo prezio publikoak ordainaraztea eta kobratzea, bi udalen izenean.

Horiek horrela, bertaratutako guztiak bat etorriz, erabaki da:

Lehenengoa.–Kudeaketa esleipena.

Urrozko Udalari esleitzea "Leurtza Naturgunea SL" tokiko merkataritza-sozietate publikoari enkargua egitea, modu bateratuan egiteko, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalen artean, Leurtzako Aisiarako naturagunearen kudeaketa, ustiapen, mantentze, kontserbazio eta zaintza, bai eta behar diren jarduerak izapidetzea ere, loturik daudenak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalen arteko hitzarmenekin, xedea izanik Leurtzako urtegietako aisiarako naturagunearen erabilera publikoa ordenatzea eta kudeatzea. Orobat, aisiarako naturaguneko zerbitzuak emateagatik onesten dituzten tasa, tarifa edo prezio publikoak ordainaraztea eta kobratzea, bi udalen izenean. Hori dena, erabaki honi atxikitako lankidetza-hitzarmenaren arabera.

Bigarrena.–Indarraldia.

Kudeaketa-esleipenaren urte anitzeko indarraldia ezartzea, betiere indarrean dauden bitartean Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalen arteko hitzarmenak Leurtzako urtegietako aisiarako naturagunearen erabilera publikoa ordenatzeko eta kudeatzeko. Hitzarmen horien arabera, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek bere gain hartzen dute aisiarako naturagunearen kudeaketa, jarraikiz ezarritakoari Nafarroako Naturaguneei buruzko Foru Legearen 25.b) artikuluan, eta hitzarmenek bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa bermatu behar dute Leurtzako Aisiarako naturagunearen kudeaketa, ustiapen, mantentze, kontserbazio eta zaintzako jarduera eta zerbitzuetarako.

Hirugarrena.–Argitalpena.

Kudeaketa-esleipena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, bai eta kudeaketa-esleipena formalizatzeko lankidetza-hitzarmena ere.

Laugarrena.–Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio bideari. Erabakiaren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baino lehen, hilabeteko epean jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, jakinarazpen jaso eta biharamunetik kontatzen hasita, egoki iruditutako beste edozein errekurtso jartzeko aukera gorabehera.

Beintza-Labaienen, 2023ko martxoaren 28an.–Alkatea, Jon Telletxea Juanenea.

Iragarkiaren kodea: L2307988