114. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Aldaketa bide publikoari buruzko ordenantzan. Behin betiko onespena

Antsoaingo Udalak, 2023ko otsailaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Bide publikoari buruzko ordenantzaren aldaketa.

Espedientea jendaurrean egon zen 30 egun baliodunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita (2022ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa), interes legitimodunek azter zezaten, eta egoki jotako erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten, jarritako epearen barnean; hori guztia, bat etorriz xedatutakoarekin uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Erreklmazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez, zilegi da Bide publikoari buruzko ordenantzaren aldaketa argitaratzea:

ALDAKETA BIDE PUBLIKOARI BURUZKO ANTSOAINGO UDALAREN ORDENANTZAN

ATARIKO TITULUA

Xedea eta aplikazio-eremua

1. artikulua. 1. Ordenantza honek arautzen du Antsoaingo mugapeko etorbide, pasealeku, karrika, plaza, herri-lur, zubi, parke, lorategi, iturri eta gainerako udal ondasun publikoen erabilera komuna eta pribatiboa.

2. Bide publikoa txukuntzeko eginkizunaren pean sartuko dira orobat pasabide partikularrak, etxarteak eta lur gaineko zerbitzu publikoa egiten duten ibilgailuak.

2. artikulua. 1. Ordenantza hau Antsoaingo udal-mugarte osoan aplikatuko da, eta haren mende egonen dira bertako biztanle guztiak, edozein dela ere haien kalifikazio juridiko-administratiboa.

2. Ordenantza honen edukia ez jakitea ez da aitzakiatzat hartuko, hura betetzen ez bada.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Errotuluak eta zenbakiak

3. artikulua. Bide publikoek izen edo zenbaki bat izanen dute bereizgarri eta identifikagarri, desberdina bakoitzerako, eta hura Udalak onetsi beharko du. Hirian ez da bi bide publiko izaten ahalko izen bera edo zenbaki bera dutenak, ezta desberdinak izanda ere, beren antzekotasun grafiko edo fonetikoak nahasmendurik ekartzen ahal badu.

4. artikulua. Bide publikoen errotulazioa zerbitzu publikoa da eta egiten ahalko da oroitarri edo plakaren bidez. Horiek ongi ikusteko tokian finkatuko dira, eta gutxienez ere bide publiko bakoitzaren sarreran eta irteeran. Plazetan bere eraikin gailenean izanen da, halakorik bada, eta haren sarbide nagusietan.

5. artikulua. Higiezinen jabeak beharturik daude egokitu zaien zenbakia paratzera, banan-banan nahiz kolektiboki horretarako errekerimendua egiten zaielarik. Errekerimenduak finkaturiko epearen barnean betebehar hori betetzen ez bada, Alkatetzak izendaturiko langileek paratuko dute, eta gastuak eraikinaren jabearen bizkar izanen dira, errekerimendua ez betetzeagatik dagokion zehapenaz aparte.

6. artikulua. 1. Errotulu eta zenbakiak bertan paratuz gero, ukituriko higiezinen jabeak beharturik daude horien finkapena onartzera eta bertan egoten uztera; gainera, zaindu beharko dute haien kontserbazioa eta haien ikusgarritasuna.

2. Idazkunak atxikitzen dituzten elementuek eta idazkunek berek harmonia artistikoa gorde beharko dute finkatzen diren fatxada, alderdi edo sektorearekin.

3. Zortasun administratibo hau doan izanen da eta jakinarazi beharko zaio ukituriko jabeari.

II. KAPITULUA

Bide publikoen kontserbazioa

7. artikulua. Udal administrazioaren eskumenekoa da bide publikoetako egiturazko nahiz apaindurazko elementuen kontserbazio egokirako lan eta obrak egitea. Bide publikoen kontserbazio egoera hobetzeko izanik ere, inork ez du elementu horiek berritzeko edo konpontzeko lanik egiten ahalko, aurretik Udalaren lizentziarik ez badu.

II. TITULUA

Bide publikoaren erabilera

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

8. artikulua. Debeku da:

a) Bide publikoa erabiltzea auto edo motoak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo gisakoetan aritzeko, edo ibilgailuak nahiz animaliak garbitzeko.

b) Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.

c) Bide publikoan edariak kontsumitzea eta edalontziak eta botilak lurrera botatzea.

d) Bide publikoan tapizak edo bestelako objektuak garbitzea.

e) Bide publikoaren gainean arropak, tapizak edo bestelako objektuak inarrostea.

f) Loreontziak ureztatzea, eta zikinkeria edo ura botatzea bide publikora.

g) Bide publikoan pixa egitea edo hura gorotzez zikintzea.

h) Futbolean, pilotan edo beste kirolaren batean aritzea kale, plaza eta parke publikoetan.

i) Udal instalazio edo parkeen barnean egotea sartu eta ixteko ordutegi araututik kanpo, dauden seinaleek adierazitakoari kasurik ez egitea edo gune zehatz batzuetara sartzeko aldi baterako nahiz behin betiko murrizketei desobeditzea.

9. artikulua. Bide publikoan mahaitxoak eta aulkiak paratzeko, zerga hori arautzen duen ordenantza fiskaleko arauak bete beharko dira.

10. artikulua. Obretako hesiak paratzean, bide publikoa okupatzen bada, Antsoaingo Udal Planeko determinazioak bete beharko dira.

11. artikulua. Publizitatea egiten ahalko da bide publikoan, horretarako baimendutako tokietan, dagokion ordenantza fiskalak ezarritako ezaugarriak dituela; bestela, propaganda banatuz eginen da. Lizentzia eskaerarekin batera iragarkiaren jatorrizkoa edo kopia aurkeztuko dira.

II. KAPITULUA

Zaratak

12. artikulua. 1. Bide publikoan zaratarik sortuz gero, ez dira gaindituko herritarren bizikidetzak behar dituen mugak. Eraikin eta jardueretan zaratak eginez gero begiratu beharko diren arauak izanen dira jarduera sailkatuei buruzko foru araudia eta zaratak eta bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen foru dekretua.

2. Debeku da:

a) Bide publikoan eta zerbitzu publikoko ibilgailuetan kantatzea edo oihu egitea.

b) Sobera gora kantatzea edo solas egitea eraikin partikularren barrenean, ezarritako asots mailak gaindituta.

c) Etxebizitzetan musika-tresnak jotzea, gela edo lokala behar bezala intsonorizatu gabe.

d) Patio, etxabe edo galerietan, beren asots eta oihuekin auzoaren atsedenari traba egiten dioten animaliak edukitzea.

e) Petardo klase guztiak saltzea eta erabiltzea, eta suziriak jaurtitzea Udalaren baimenik gabe.

f) Obrak gauez egitea.

13. artikulua. Irrati, telebista, transistore, musika-kateen eta hotsak erreproduzitzeko gailuen jabeek erabili beharko dute asotsak eta bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen foru dekretuak baimendutako asots mailak gaindituko ez dituen bolumena. Halaber, jabeei zehapena ezarriko zaie beren establezimenduetako alarmek arrazoirik gabe seinale akustikoak sortzen badituzte.

III. KAPITULUA

Ibilgailuen asotsak

14. artikulua. Bide publikoan ibiltzen diren ibilgailuen motor eta ihes tutuek ez dute jarduera sailkatuetan agertzen diren mugak hausteko moduko asotsik ateratzen ahalko, non eta ez diren muga haien ordez beste batzuk baimentzen, orduan muga berriak aplikatzen ahalko baitira.

IV. KAPITULUA

Iturri publikoak

15. artikulua. Iturri publikotzat hartuko dira bide publikoan daudenak edo landa bazterretan izanagatik jende guztiak erabiltzen ahal dituenak. Iturburuen gaineko araua urari buruzko legeek osatuko dute.

16. artikulua. Debeku da iturri publikoetan:

a) Arropa, fruta, barazkiak edo beste edozein gauza garbitzea.

b) Jendea garbitzea edo bainatzea eta, orobat, zakurrak nahiz bestelako animaliak bainatzea.

c) Ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

d) Etxeko animaliei giza kontsumorako diren iturrietatik zuzenean edaten uztea.

e) Ibilgailu mota oro garbitzea.

V. KAPITULUA

Parke eta lorategiak

17. artikulua. Udalaren eskumenekoa da bide publikoko parkeak eta lorategiak landatu eta mantentzea. Guztiek arbolak errespetatuko dituzte, eta ez dute eginen haiei kalte egiten ahal dien deus. Parke eta lorategietan edozein landareri kalte egiten dionak hura lehengoratzeko gastuak ordaindu beharko ditu.

18. artikulua. Debeku da:

a) Kanpoko seinaleen bidez mugatutako berdeguneak zapaltzea.

b) Zuhaitzetara igotzea.

c) Txoriak harrapatzea eta hiltzea.

d) Banku publikoetan etzatea eta gauez haietan lo egitea.

e) Berdeguneetan hondakinak botatzea, eta ez erabiltzea paperontziak edo edukiontziak.

f) Lorategietan sua piztea edo piztua edukitzea.

g) Kanpin-dendak jartzea.

h) Edozein ibilgailutan ibiltzea debekatzen duten trafiko seinaleak urratzea.

i) Kalez kaleko salmenta egitea udal baimenik izan gabe.

j) Txakurrak aske eramatea.

k) Soropilean edo espaloietan edozein motatako ibilgailuetan ibiltzea (autoak, motozikletak, bizikletak eta abar).

l) Bonbillak, farolak eta semaforoak apurtzea.

m) Zaldi-azienda edo beste animalia batzuk sartzea bazkatzera.

19. artikulua. Debeku da pixa egitea eta iraizkinez zikintzea edozein bide publiko edo jende guztiak erabiltzekoak diren lekuak. Halakorik egiten duena zehatua izanen da, non ez duen frogatzen salbuesten duen eritasunen bat jasaten duela.

III. TITULUA

Bide publikoaren garbiketa

I. KAPITULUA

Bide publikoaren garbitasuna, herritarren erabilera orokor eta arruntaren ondorioz

20. artikulua. Garbiketa dela-eta, eremu publikotzat joko dira honako hauek: etorbideak, pasealekuak, karrikak, espaloiak, zeharkaleak, bideak, lorategiak eta berdeguneak, lurguneak, zubiak, bide-tunelak eta zuzenki herritarren erabilera arrunt eta orokorrerako diren erabilera publikoko gainerako ondasunak.

Udalak eginen du bide publikoko plaza eta kaleen garbiketa.

21. artikulua. 1. Debekaturik dago bide publikoan nolanahiko hondakin solido, likido eta gaseosoak botatzea eta uztea. Formatu txikiko hondakin solidoak, hala nola paperak, bilgarriak, txikleak, zigarrokinak eta antzekoak, horretarako instalatutako paperontzietan utzi beharko dira. Debeku da paperontzietan botatzea bestelako hondakinak edo zabor-poltsak.

2. Hondakinak bolumen handikoak badira, edo tamaina txikikoak izan arren multzo handia osatzen badute, debeku da bide publikoan uztea, eta modu berezian bilduko dituzte horretarako antolatutako zerbitzuek.

3. Debekaturik dago paperontzietan zigarroak, puruak, zigarro-muturrak edo beste zernahi botatzea, piztuta egonez gero. Botatzekotan, itzalita bota beharko dira.

22. artikulua. 1. Honako hauei espaloiak garbitzea dagokie, eta hori egin ezean udal administrazioaren aitzinean erantzun beharko dute:

a) Espaloia fatxadarena baldin bada, eraikinaren jabeak, eraikinaren funtzioa edo helburua edozein delarik ere.

b) Beheko solairuan saltokiak edo dendak baldin badaude, beren aitzinaldeak hartzen duen espaloi zatia negozioaren titularrek garbitu beharko dute.

c) Titular administratiboak, espaloiak eraikin publikoei dagozkienak badira.

d) Jabeak, eraiki gabeko orubeei dagozkien espaloiak direnean.

e) Elikagaien salmenta automatikorako makinen titularrak.

f) Jabari publikoko zoruaren gaineko erabilera bereziaren lizentzia administratiboaren titularrak (terrazak).

2. Partikularrek eremu publikoa eskobatu eta garbitzean sortzen diren hondakinak ezin izanen dira, inoiz ere, kalean utzi. Ontzi homologatuetan jaso beharko dira edo, bestela, beren pisu eta neurriarengatik hala behar badu, etxez etxeko zabor bilketako zerbitzuaren esku jarri beharko dira.

II. KAPITULUA

Bide publikoko zikinkeria, obrek eta bertzelako jarduerek sortua

23. artikulua. Bide publikoan zikinkeria sor dezaketen jarduerak egiten badira, non-nahi eginak izanagatik eta batere ukatu gabe kasu bakoitzean behar diren lizentziak edo baimenak, titularrak behartuak daude neurriak hartzera eremu publikoan zikinkeriarik izan ez dadin, eta, era berean, behartuak daude bai eremu publikoa bai bertako egitura elementuak garbitzera, eta gelditu diren hondakinak jasotzera.

24. artikulua. 1. Zikinkeriarik ez sortzeko, obrak egiten ari direnek bide publikoa babestu beharko dute, elementu egokiak paratuz zagorren eta eraisketako nahiz obran sobratutako materialen inguruan, ez daitezen barreiatu eta zabaldu obra-lanek zehazki hartzen duten esparrutik kanpora, hala agintzen baitu gaur egun indarra duen Udal Planeko Eraikuntzako Ordenantzak.

2. Bereziki, bide publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta lotura lanen inguruak, beti garbi eta inolako hondakinik gabe eduki beharko dira. Ateratako lurra aurreko 1. zenbakian zehaztu bezala babestu beharko da.

3. Obrak bide publikoan edo aldameneko lekuren batean egiten direnean, hesiak eta babes-elementuak nahiz seinaleak ezarri beharko dira. Horietaz gain, hodiak ere bai, eraisketako materialen eta produktuen zamalanetarako, behar diren baldintzak betetzen dituztenak, bide publikoa ez zikintzeko eta jendeari edo gauzei kalterik ez egiteko.

4. Eraikinak jaso bitartean, bide publikoa garbitzeko betebeharra, 23. eta 24. artikuluetan ezarritako esparru material osoan, obrako kontratistarena da.

25. artikulua. 1. Debeku da bide publikoan nahiz bertako edozein elementutan hondakinak zuzenean utzi, hustu edo botatzea. Hondakinak uzteko, Udalak edo kasuan kasuko entitateak homologatutako edukiontziak erabili beharko dira.

2. Bide publikoan abandonatutako materialak, Hiri hondakin solidoei buruzko azaroaren 19ko 42/1975 Legeari jarraikiz, udal jabetzako bihurtuko dira, eta interesatuak ezin izanen dio ez Udalari ez egiteko horren kargu egin denari ezer erreklamatu egin dutena egiteagatik, material horiek bertatik kentzeagatik, eta gainera aplikatzen ahalko zaio egindako zerbitzuari dagokion tasa fiskala edo kasurako dagozkiokeen zehapenak.

26. artikulua. Behar diren zerbitzuak bildu bitartean, bide publikoan utzitako hondakinetan debeku da bilaka ibiltzea eta handik deus hartzea.

27. artikulua. 1. Bide publikoa zikin dezakeen edozein ibilgailuk zamalanak, obrak nahiz biltegietako sartu-ateratzeak, etab. bukatutakoan, lan horietaz arduratu diren langileak eta, bestela, establezimendu edo obretako titularrek eta, azken finean, ibilgailuaren jabe edo gidariek garbitu beharko dituzte bide publikoa eta bertan zikindutako elementuak, eta botatako materiala jasoko dute.

2. Aurreko zenbakian aipatutako pertsonak izanen dira, aipatu hurrenkera berean, ordenantza honetako xedapenak haustearen eta gerta daitezkeen kalteen erantzule.

III. KAPITULUA

Eraikin higiezinetako elementuen eta kanpoaldeen garbitasuna eta mantentze-lana

28. artikulua. 1. Eraikin higiezinen jabeak behartuak daude haien segurtasun, garbitasun eta apaindura publikoko baldintzak zaintzera.

2. Debeku da arropa, janzki eta etxeko gauzak hedatzea edo agerian uztea balkoietan, leihoetan, kareletan, kanpoko terrazetan edo, beren kokapen eta orientazioagatik, kaletik ikusten ahal den beste edozein lekutan. Orobat, debeku da eraikinetako fatxadetan edo balkoietan era guztietako antenak instalatzea.

29. artikulua. 1. Finka, etxebizitza eta establezimenduen jabeak behartuak daude garbi edukitzera fatxadak, kaleko zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, higiezinetako sarrerak eta sarbideko eskailerak eta, orokorrean, bide publikotik ikus daitezkeen eraikin zati guztiak.

2. Honen aurreko 1. zenbakiari dagokion guztian, jabeek egin beharko dituzte mantendu, garbitu eta iztukatze lanak, apaindura publikorako beharrezko denean eta udal-agintaritzak, dagokion udal zerbitzuak aldez aurretik txostena egin ondotik, hala agintzen duenean.

3. Jabeek, orobat, garbi eduki beharko dituzte tximiniak, deposituak, patioak eta argi-patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, tximistorratzak, telebisten antenak eta, oro har, eraikinen osagarri diren gainerako instalazioak.

IV. KAPITULUA

Orubeen garbitasuna eta mantentze lana

30. artikulua. 1. Jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte orube eta lursailak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren, segurtasunaren eta apaindura publikoaren aldetik.

2. Aurreko aginduan sartzen da orubeetan arratoi-garbiketa eta desinfekzioa egin beharra.

3. Udalak ahalmena du aurreko 1. eta 2. zenbakietan aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki eginak izan daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.

31. artikulua. Udal zerbitzua edo udalerria garbitzeko lana adjudikatua duen enpresa arduratuko da aurreko artikuluan aipatu diren lanen ordezko betearazpenaz, gastuak kargatuz egiteko betebeharra zuenari eta ordenantza fiskalek xedatzen dutenaren arabera, eta, gainera, ezartzen ahalko zaizkio dagozkiokeen zehapenak.

32. artikulua. 1. Hirigintzako planeamenduak ukitutako finkak badira eta jabeek erabilera publikorako lagapena egina badute, Udalak, interesdunek diotena entzun ondotik, bere gain har dezake, guztiz edo partez, 30. artikuluan aipatu baldintzak betetzeko ardura.

2. Aurreko 1. zenbakian aipatutako kasuan, Alkatetzak, bere ahalmenaz baliatuz, erabakiko du zer egin behar den, herritarren interesei begira.

V. KAPITULUA

Animaliak bide publikoan edukitzeak garbitasunaren gainean duen eragina

33. artikulua. 1. Jabeak dira beren jabetzapeko animaliek pertsona eta gauzen gainean eragindako kalte edo hondamenen zuzeneko erantzuleak, bai eta bide publikoa zikinduz egiten duten edozein egintzarenak ere.

2. Jaberik agertu ezean, zikinkeria sortutakoan animalia zeraman pertsona izanen da erantzule subsidiarioa.

34. artikulua. 1. Higiene neurri utziezina denez, bide publikoan zakurrak edo bertzelako animaliak daramatzaten pertsonak behartuak daude beren animaliei iraizkinak egiten ez uztera, bide publikoko oinezkoen ibiltoki, parterre eta berdeguneetan, eta bide publikoan herritarren pasabide, egonleku eta jostaleku diren gainerako tokietan.

2. Zakurra beti ibiliko da norbaitekin, pertsona arduradunak lotuta eta kontrolaturik daramala.

VI. KAPITULUA

Herritarrek elurteetan egin beharrekoak, bide publikoa garbi egon dadin

35. artikulua. Elurtea izan eta sortzen den egoera larrialdikotzat jotzen denean, eragindako eremua egoera horretan segituko du, harik eta Alkatetzak espresuki normaltasuna itzuli dela adierazten duen arte.

36. artikulua. 1. Elurte kasuetan, 22. artikuluan aipatzen diren pertsonek eta, subsidiarioki, eraikinen arduradunek, ondoko 2. eta 3. zenbakietan aipatzen direnak egin beharko dituzte.

2. Finketako enplegatuek edo, bestela, higiezinetako bizilagunek edo eraikinak garbitzeko ardura duten pertsonek elurra eta horma kendu beharko dituzte fatxada aurrean dagokien espaloi zatian, oinezkoak pasatu ahal izateko behar duten lekua libre utzi beharrez.

3. Elurra eta horma espaloian pilatuko dira, galtzadan utzi gabe eta gisa honetara:

a) Aparkaturiko ibilgailuen gainean utzi gabe.

b) Uraren eta ibilgailuen ibilia eragotzi gabe.

c) Estolderia sareko kainozulorik hurbilenaren sarbidea estali gabe.

37. artikulua. Bide publikoan elurra garbitu eta biltzeko lanek dirauten bitartean, ibilgailuen jabe eta gidariek kasu egin beharko diete udal agintariek aparkatzeari buruz ematen dizkieten jarraibideei.

38. artikulua. Inola ere ez da bide publikora botako zabaltza, terraza, balkoi eta eraikinen bestelako irtenguneetan pilatu den elurra, Alkatetzak kontrako xedapenik eman ezean.

IV. TITULUA

Garbitasuna, erabilpen arrunt, berezi eta pribatiboari eta karrikako agerpen publikoei dagokienez

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak eta aplikazio eremua

39. artikulua. Titulu honek udalerriko garbitasuna gordetzeko arauak ematen ditu, honako hauei dagokienez:

a) Udal jabari publikoko ondasunen erabilpen arrunta, berezia eta pribatiboa egiten denean.

b) Herriko kalean egiten diren ekitaldi publikoen eta publizitateko zenbait jardueren ondoriozko zikinkeriaren prebentzioa.

40. artikulua. 1. Erabilpen arrunt eta pribatiboaren ondorioz bide publikoan zikinkeria sortzen denean, erabiltzaile titularrak izanen dira haren erantzule.

2. Finkoak izan ala ez, establezimenduetako titularrek, hala nola ostatu, kafetegi, kiosko, salmentako postu eta gisakoetakoek behar bezain garbi eduki beharko dituzte bai instalazioak bai haien eraginpeko hiri espazioa.

3. Udal-zerbitzuak edo hiri hondakin solidoen bilketako adjudikazioa duen enpresak aurreko 2. zenbakian aipatutako titularrak behartu ditzake kontsumoagatik beren establezimenduetan sortutako hondakinak edukitzeko elementu homologatuak paratzera. Horretaz gain, titular horiei dagokie, baita ere, elementu horiek zaintzea eta garbitzea.

41. artikulua. 1. Kalean ekitaldi publikoren bat antolatzen dutenak ekitaldi hori egiteagatik sortzen den zikinkeriaren erantzule izanen dira.

2. Udalerriaren garbitasuna dela eta, ekitaldi publikoen antolatzaileek ekitaldiaren leku, ibilbide eta ordutegiaren berri eman behar diote Udalari. Udalak eskatzen ahalko die eskudiruzko fidantza eratu edo bankuko abala aurkezteko, ekitaldi publikoak sortzen duen zikinkeriaren ondorioz antolatzaileei legokiekeen garbiketarako zerbitzu subsidiarioen kostua kitatzeko adinakoa.

42. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, honela ulertuko da:

1. Kartelak dira iragarkiak –inprimatuak nahiz pintatuak–, paperean edo sendotasun txikiko beste material batean eginda badaude. Kartelak formatu txikikoak eta eskuz banatzekoak badira, esku orriak direla erranen dugu.

2. Errotuluak dira iragarkiak, finko edo mugikorrak, baldin pintura, baldosa eta iraupen luzea emanen dieten bestelako materialez eginda badaude.

3. Pankartak dira tamaina handiko iragarki publizitarioak, bide publikoan noizbehinka eta ekitaldi publikoren bat egin behar dela-eta gehienez ere hamabortz egunean egoten direnak.

4. Pintaketak dira bide publikoan egindako eskuzko inskripzioak, herriko murru edo paretetan, espaloi edo galtzadetan, edo egiturazko elementuren batean eginak.

5. Opuskuloak eta liburuxkak dira paperez nahiz antzeko materialez egindako argitalpenak, edozein agerpen publiko nahiz pribatutan herritarrei eman edo banatzen zaizkienak bide publikoan.

6. Errotulutzat hartuko dira kartelak, instalazio edo babes aldetik hamabost egunetik goitiko iraupena izateko baldintzetan ezartzen direnean.

43. artikulua. Kartel eta pankartak paratzeko eta itsasteko, esku orriak banatzeko eta titulu honetan araututako beste edozein publizitate jarduera egiteko, beharrezkoa izanen da Alkatetzak edo, hala badagokio, Tokiko Gobernu Batzarrak aurretiaz udal baimena ematea.

44. artikulua. 1. Errotuluak eta aurreko 42. Artikuluan adierazitako gainerako publizitate elementuak paratu edo banatu ahal izateko baimena jasotzearekin batera, erantzuleak bere gain hartu beharko du bide publikoan erabilitako espazioaren eta dagozkion osagarrien garbiketa.

2. Bide publikoan 43. artikuluan aipatutako publizitate elementuak paratu edo banatu ahal izateko, Udalak eska dezake eskudiruzko fidantza eratzea edo bankuko abala ekartzea, zikinkeria sor dezaketen elementuak garbitu eta biltzeko aurreikus daitezkeen kostuak kitatzeko adinakoa.

II. KAPITULUA

Bide publikoan kartelak eta pankartak paratzea

45. artikulua. Debeku da kartelak eta eranskailuak bereziki horretarako antolatutako tokietatik aparte paratzea eta itsastea, udal agintaritzak bereziki baimendutako kasuetan salbu.

46. artikulua. 1. Udalak hartarako erabakitako tokietan paratzen diren kartel eta eranskailuek herritarrentzat interesgarriak diren ekitaldien edo jardueren berri eman beharko dute.

2. Ez da afixarik paratzen hasten ahal aurretik udal agintariei horren berri eman gabe. Arau-hausleak zigortu eginen dira.

47. artikulua. 1. Alkatetzak baimena eman ezean debeku da bide publikoan pankartak paratzea.

2. Udalean eskumena duen organoak kasu bakoitzean arautuko du nolako baldintzetan erabiltzen ahalko diren Udalaren toki eta espazioak publizitatea egiteko, eta nolako tramiteak egin behar diren horretarako baimena lortzeko.

3. Pankartek kutsu politiko edo herrikoiko propaganda baizik ez dute edukiko, bestelako publizitaterik gabe.

4. Pankartak paratuko direla jakinarazteko idazkian, honako hauek adieraziko dira:

a) Pankartaren edukia eta neurriak.

b) Zein tokitan paratu nahi den.

c) Zenbat denbora egonen den.

d) Arduradunaren konpromisoa, bide publikoan edo bertako egiturazko elementuetan egiten diren kalteak konpontzeko, eta pankarta paratzearen ondorioz sor daitezkeen kalte eta galerak ordaintzeko.

48. artikulua. Bide publikoko egiturazko elementuei estekatutako pankartek, nolanahi ere, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ez da pankartarik paratzen utziko farola artistikoetan.

b) Zuhaitzetan lotutako pankartei dagokienez, zuhaitzaren zirkunferentzia 50 zentimetro izanen da gutxienez. Pankarta adarrei lotua baldin badago, horiek gutxienez 30 zentimetroko zirkunferentzia izan beharko dute.

c) Pankartaren azalerak behar adina zulo izanen ditu haizearen eragina apaltzeko.

d) Nolanahi ere, paratzeko gutxieneko altuera, punturik apalenean neurtuta, 5 metro izanen da pankartak galtzada alderik alde zeharkatzen duenean, eta 3 metro, espaloi, pasealeku eta oinezkoen beste gune batzuetan.

49. artikulua. 1. Pankartak interesdunek kendu beharko dituzte, haiek paratzeko eskatutako epea bukatu bezain laster. Kentzen ez badituzte, udal zerbitzuek kenduko dituzte eta zerbitzu horren kostua erantzuleei ordainaraziko zaie, legokiekeen zehapenaz gainera.

2. Pankartak bide publikoan baimenik gabe emanez gero, udal agintariek zehapena ezarriko diete erantzuleei.

III. KAPITULUA

Pintaketak

50. artikulua. 1. Debekaturik dago bide publikoan pintaketak egitea, hala bertako egiturako elementuetan, galtzada, espaloi eta hiri altzarietan, nola herriko kanpoaldeko horma eta paretetan.

2. Honako hauek salbuetsita daude, aurreko 1. zenbakian xedatuari dagokionez:

a) Orubeetako hesietan egindako horma-pintura artistikoak, baina horretarako Udalaren eta orubearen jabearen baimena beharko da aitzinetik.

b) Publizitatearen udal ordenantzak horren gainean baimentzen dituenak.

V. TITULUA

KAPITULU BAKARRA

Zehapenak

51. artikulua. 1. Ordenantza honetako arauak hausten dituztenei 300 eurorainoko isunak ezarriko dizkie Alkatetzak eta, gainera, erantzuleei erreklamatzen ahalko zaie, egoki den maneran, garbiketa eta konponketa gastuen ordaina eta, hala behar badu, salaketa aurkez daiteke agintari judizial eskudunaren aurrean.

2. Enpresek edo entitateek egindako arau-hausteak zehatzen ahalko dira, eta haien gain uzten ahal dira, baita ere, sortutako gastuak eta dagozkien ordezko betearazpenak, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeari eta aplikatzen ahal diren gainerako legeei jarraikiz.

Antsoainen, 2023ko maiatzaren 10ean.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

Iragarkiaren kodea: L2307639