114. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

391E/2023 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-txosten estrategikoa egiten duena Untzueko Udal Plan Orokorraren 69. artikulua (ingurumen aldetik balioa duen lurzoru urbanizaezina) aldatzeari buruz. Aldaketaren sustatzailea Red Eléctrica Española SA da.

Untzueko Udalaren osoko bilkurak 2023ko apirilaren 4an onetsi zuen aldaketa hasiera batez, eta jendaurrean jartzeko epea ireki zen, iragarkia argitara emanda 2023ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 20koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Espedientearen helburua da ingurumen aldetik balioa duen lurzoruak (lehorreko alorren eta sastrakadien mosaikoa), udal planaren araudiko 69b artikuluan araututa dagoenak, izan ditzakeen erabileren araubidea aldatzea, jarduera baimengarrietako bat honakoa izan dadin: "penintsulako garraio sareko aireko azpiegitura elektrikoak, interes orokorreko deklarazioa eta foru intereseko deklarazioa dutenak, Nafarroako Gobernuak emanda".

Beraz, aldaketaren esparrua trenbidetik udal mugarteko hego-mendebalderantz zabaltzen den lehorreko alorren eta sastrakadiaren mosaikoa da, udal planean sartuta dagoena paisaia gizatiartu gisa, Nafarroako erdialdearen adierazgarria, natura balioa eta faunarentzat harrera balioa dituena. Proposamenak ez du aldatuko lurzoru urbanizaezinaren mugaketa, eta araubidea baizik ez du aldatzen, indarreko planeamenduan ez baita berariaz ezer aipatzen azpiegitura elektrikoen ezarpenaz.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Untzueko Udal Plan Orokorraren 69. artikulua (ingurumen aldetik balioa duen lurzoru urbanizaezina) aldatzeari buruz, ingurumenaren gaineko ukipenik sortzen ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Red Eléctrica Española SA da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Untzueko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko apirilaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2306988