114. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

165/2023 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia 2023-2024 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte irakaskuntzak arautzen dira, besteak beste musikako goi mailako irakaskuntzak.

Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako goi mailako arte irakaskuntzak antolatzen ditu.

Maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako Musikako graduko goi mailako arte irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen du, bat etorriz Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren printzipio orokorrekin.

Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 22an emandako 34/2014 Foru Aginduaren bidez, musikako goi mailako arte irakaskuntzen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 27an emandako 210/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Musikako graduko goi mailako irakaskuntzak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa eta titulua arautu ziren.

Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 29an emandako 48/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Musikako graduko goi mailako irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak eman ziren.

Ikusirik Arte Ikasketen Atalak aldeko txostena eman duela behar diren jarraibideak onets daitezen Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia prestatzeko 2023-2024 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia prestatzeko arauak onestea 2023-2024 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Arte Ikasketen Atalera eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 11n.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ARAUAK, MUSIKAKO GOI MAILAKO ARTE IRAKASKUNTZEN 2023-2024 IKASTURTERAKO ESKOLA EGUTEGIA PRESTATZEKO NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN

1.–Egutegia.

Musikako goi mailako arte irakaskuntzen eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu 2023-2024 ikasturtean:

1. a) Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

b) Eskolak iraileko lehenbiziko astean hasiko dira, oro har, eta maiatzeko azkeneko astean bukatuko.

c) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan, programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

d) Eskolak bukatu eta ekainaren 30a arte, honako hauek eginen dira: azterketa arruntak eta bereziak, ikasturtea berrikusi eta ebaluatzeko lan berariazkoak, memoria didaktikoak, departamentu didaktikoen memoriak, azken memoria eta beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak.

2. a) Irakaskuntza hauetan dedikazio osoan ari diren ikasleek, ikasturte bakoitzean, 36 asteko eskolaldia izanen dute gutxienez, eta 40 astekoa gehienez. Astetzat joko da gutxienez 3 eskola-egun dituena.

b) Eskolaldi horren barnean eskola teoriko eta/edo praktikoak sartuko dira, eta azterketa eta ebaluazio probak egiteko eta prestatzeko denbora.

c) Ikasturte bakoitzean bi ebaluazio antolatuko dira. Lehenbiziko ebaluazioa partziala izanen da, eta urtarrilean eginen da. Bigarrena azken ebaluazioa izanen da, eta bi deialdi izanen ditu, bata arrunta eta bestea berezia, maiatzean eta/edo ekainean.

d) Gehienez ere bi aste erabiliko dira lehen ebaluazioko azterketak prestatu eta egiteko, eta beste bi aste bigarren ebaluazioko deialdi arruntaren azterketak (ikasketen bukaerako lana salbu) prestatu eta egiteko.

e) Ikasketen bukaerako lanaren deialdi arrunta ekaineko lehenbiziko astean eginen da.

f) Ikasketen bukaerako lanaren deialdi berezia ekaineko bigarren hamabostaldian eginen da.

g) Egutegia aldatu behar denean, hura lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola asteak errespetatuta.

h) Ikasleak bakarkako eskoletara edo taldekoetara agertzen ez badira ere, ikastetxeak eskola horiek ematen jarraituko du.

3. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean halakotzat hartzen direnak: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 4a, abenduaren 6a, abenduaren 8a eta maiatzaren 1a. Herriko jaiaren eguna ere jaieguntzat joko da, Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jaiak eta irakaskuntza bakoitzari dagokion zaindariaren eguna zehazten dituen arauan ezartzen denari jarraikiz.

b) Herriko jaiaren eguna eta irakaskuntza bakoitzari dagokion zaindariaren jaieguna eskolarik gabeko egunak badira, ikastetxeak beste egun bat aukeratzen ahalko du hura ordezteko.

c) Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna azaroaren 22a izanen da.

d) Ikastetxeak erabakitako eskola egunez gainerako egunak, aurreko ataletan jaiegun gisa finkatu ez direnak, eskolarik gabeko lanegunak izanen dira, gehienez ere 5 egun, eskolak hasten direnetik amaitzen diren arte.

4. Ikastetxeko zuzendariak 3. baldintzan aipatzen den hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna aldatzen ahalko du, betiere 36 eskola aste errespetatzen badira.

5. Arestiko 3. baldintzan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Santuko eta Eguberrietako oporraldiak luzatzeko.

6. Eguberrietako oporrak abenduaren 23an hasiko dira, eta urtarrilaren 7an bukatuko, biak barne.

7. Aste Santuko oporrak martxoaren 28an hasi, eta apirilaren 7an bukatuko dira, biak barne.

8. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalarekin koordinatuko da, ahal den neurrian, eskola gabeko egunak eta hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna berberak izan daitezen bi ikastetxeetako egutegi proposamenetan.

9. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak betiere aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.

2.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

1. Ikastetxeko zuzendaritzak 2023-2024 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena prestatuko du, Eskola Kontseiluari entzun ondoren, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorriko dio 2023ko ekainaren 14an beranduenez, EDUCA kudeaketa programak ematen dion euskarri informatikoa erabiliz.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, aztertu ondoren, egutegiak onetsiko ditu. Ikuskapen Zerbitzuaren jakinarazpena, orobat, EDUCA kudeaketa programaren euskarri informatikoaren bidez eginen zaio ikastetxeari. Egutegia onetsitzat joko da ikastetxeak horren gaineko jakinarazpenik jasotzen ez badu 2023ko ekainaren 24rako.

3. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio 1. puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.

4. Egutegia, behin onartu eta gero, nahitaez bete beharrekoa izanen da. Zuzendaritzaren ardura da egutegia betearaztea, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena, berriz, betetzen den gainbegiratzea eta kontrolatzea.

5. Egutegia iragarki-taulan ikusgai jarriko da, eta ezin izanen da aldatu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren idatzizko baimena izan gabe.

Iragarkiaren kodea: F2307521