112. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

140/2023 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 2023-2024 ikasturterako laguntza-deialdi bat, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan Osasunerako Hezkuntza, Garapenerako eta Herritartasun Globalerako Hezkuntza, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza eta Memoria Historikoaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza eskolan sustatzeko eta garatzeko.

1994. urteaz geroztik, Hezkuntza eta Osasun Departamentuen arteko lankidetzarako esparru-hitzarmenari jarraikiz eta eskoletan osasuna bultzatzearren, honako hau izan da lehentasuna: "ikastetxeei erraztea osasunaren sustatzaile gisa duten eginkizuna, Europan Osasunaren Mundu Erakundeak, UNESCOk eta nazioarteko beste organismo batzuek bultzatzen duten bezala".

Halaber, 2015az geroztik, Hezkuntza Departamentuaren eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren arteko lankidetza-akordioaren bidez, "Eskola Solidarioak" programa garatzen da Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako ikastetxeek elkartasunaren, berdintasunaren, giza eskubideen eta justizia sozialaren balioak txerta ditzaten, zehar-lerro gisa, curriculumean, alderdi horiek ikastetxeko hezkuntza proiektuan garatzeko.

Era berean, 2016. urtetik, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Zuzendaritza Nagusiaren arteko lankidetza-akordioaren bidez, lanean dihardute ikastetxeek ingurumen jasangarritasunaren kultura bultza dezaten, biodibertsitatea eta klima babesteko asmoz, eta, hartara, kontsumo arduratsua, birziklatzea, berdeguneak eta bizimodu jasangarria sustatzen dira.

Azkenik, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren artean 2020. urtean sinatutako akordio bat abiapuntu harturik, bakearen eta bizikidetzaren aldeko kultura bultzatu nahi da, giza eskubideen adierazpena oinarri duena, "Eskolak eta Memoria, Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko sarea" delakoaren bidez.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntzak onestea Osasunerako Hezkuntza, Garapenerako eta Herritartasun Globalerako Hezkuntza, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza eta Memoria Historikoaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza eskolan sustatzeko eta garatzeko ikastetxe publikoetan. I. eranskinean zehazten diren deialdiaren oinarriek arautuko dituzte laguntzak.

2. Gastua baimentzea, gehienez ere 50.000 euro, ikastetxe publikoetan jarduketak gara daitezen honako arlo hauetan: Osasunaren aldeko Hezkuntza eta Sustapena, Garapenerako eta Herritartasun Globalerako Hezkuntza, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza, eta Memoriaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza. Gastu hori egotziko zaio 2024ko gastuen aurrekontuan honako partida honen baliokide den partidari: 2023ko gastuen aurrekontuko "Ikastetxe publikoetako prestakuntza-programak eta berrikuntza-proiektuak" izeneko 420002 42100 2269 322004 partida. Baldin eta kreditu egokia eta nahikoa bada.

3. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzailetza delegatura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Prestakuntza eta Kalitate Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2023ko apirilaren 25ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, Osasunerako Hezkuntza, Garapenerako eta Herritartasun Globalerako Hezkuntza, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza, eta Memoria Historikoaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza eskolan sustatu eta garatzeko laguntzen deialdian parte hartzeko

Lehena.–Xedea.

Dei egiten zaie Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko eta araubide bereziko ikastetxe publikoei, 2023-2024 ikasturtean honako hauek sustatzeko proiektuak aurkez ditzaten: Osasunerako Hezkuntza, Garapenerako eta Herritartasun Globalerako Hezkuntza, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza, eta Memoria Historikoaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honen hartzaileak ikastetxe publikoak dira:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak.

c) Lanbide Heziketako ikastetxeak.

d) Araubide bereziko ikastetxeak.

e) Hezkuntza bereziko ikastetxeak.

f) Helduen hezkuntzako ikastetxeak.

Hirugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.

Ikastetxe batek laguntza horiek jasotzeko aukera izan dezan, honako baldintza hauek betetzen dituen urteko proiektu bat aurkeztu beharko du:

a) Deialdi honetara aurkezten den proiektuak originala izan beharko du, ekonomikoki eta teknikoki bideragarria, eta kualitatiboki ukitu beharko du hezkuntza jarduneko prozesuetako edo osagaietako bat.

b) Hezkuntza Departamentuak proiektua onesteak berekin ekarriko du laguntza ematea, eta proiektu bat aurkeztu beharko da lortu nahi den laguntza bakoitzeko. Deialdi honen eta berrikuntza proiektuetako deialdiaren laguntzak bateraezinak dira, eta, horregatik, berrikuntza proiektuetako deialdian aldeko balorazioa lortu bada deialdi honetan aurkeztutako proiektu beragatik, ikastetxeek bi laguntzetako bat hautatu beharko dute.

c) Proiektuak koordinatzaile bat izan beharko du. Hark izanen du lantaldea koordinatzeko ardura, eta Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea izanen da. Koordinatzailea beste pertsona batek ordez lezake, justifikatutako arrazoiak tarteko. Horretarako, beharrezkoa izanen da ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia, zeinak aldaketa eskatu beharko baitio Prestakuntza eta Kalitate Ataleko Prestakuntza Programen Bulegoari.

d) Aurkeztutako proiektuak ikastetxeko zuzendaritzaren aldeko txostena izan beharko du, proiektuak ikastetxearen hezkuntza jarduna hobetzeko ekarpena egiten duela adierazita. Hartara, proiektua urteko programazio orokorrean sartu beharko du. Zuzendaritza taldeak proiektu hori egitearen ardura hartzen du bere gain, nahiz eta proiektuko irakasleen artean aldaketak izan. Era berean, hitzematen du horren berri emanen diela familiei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei.

e) Proiektua idatzi beharko da deialdi honen seigarren oinarrian zehaztutako gidoiaren arabera. Horretarako formulario bat ezarri da "Eskolak Sarean" izeneko web-orrian: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red

f) Proiektuen lan plana 2023-2024 ikasturtean garatu beharko da eta amaitzeko epemuga 2024ko maiatzaren 31 izanen da.

g) Kontuan hartuko da proiektuak adierazleak eta helmugak ezartzen dituen edo ez, helburuak erdietsi diren neurtzeko.

h) Proiektuek kontuan hartu beharko dituzte erakunde eskudunek gomendatutako printzipio orokorrak

–Osasunerako Hezkuntzaren sustapena eta garapena bultzatzeko:

  • Osasunerako Hezkuntzaren edukiak zehar-lerro gisa sartzea ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan, adibidez elikadura, ariketa fisikoa egitea, gorputz eta postura higienea, segurtasuna eta istripuen prebentzioa, mugikortasun osasungarria eta jasangarria, adikzioen prebentzioa, hezkuntza inklusiboa, hezkuntza afektibo-sexuala, osasun emozionala eta abar, osasuna eta garapen pertsonal eta soziala kontuan hartzen dituen ikuspegi holistiko, pertsonal eta testuingurudun batetik.
  • Behar diren ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea, bizimodu osasungarria eta oreka fisiko, psikologiko eta soziala izateko lagungarri direnak.
  • Ikasleen gaitasuna handitzea, osasunarekin zerikusia duten alderdietan erabaki egokienak har ditzaten.
  • Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen, inguruko zentro soziosanitarioen, familien eta komunitatearen artean lankidetza harremanak ezartzea, osasunerako hezkuntza programa koherenteak presta daitezen.
  • Berdintasuna zehar-lerro gisa sartzea ohitura osasungarrien ikasketan.
  • Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea bide-segurtasunari eta ikastetxeko arriskuen prebentzioari lotutako alderdiak. Ikastetxeek beste irizpideren bat sartzen ahalko dute beren hezkuntza-proiektuan jasotako berariazko beharrei buruz edo osasun arloko lehentasunei buruz.

–Garapenerako eta Herritartasun Globalerako Hezkuntza bultzatzeko:

  • Garapenerako Hezkuntzako edukiak sartzea, esaterako: justizia soziala eta ekitatea; globalizazioa eta interdependentzia; giza garapen jasangarria; dibertsitatea; bakea eta gatazka; herritartasun globala; giza eskubideak; giza garapen jasangarria, garapenerako laguntza; bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua eta elikadura subiranotasuna. Hori dena, bai ikastetxearen urteko programazio orokorrean, zehar-lerro gisa, bai ikastetxeko programazio didaktikoetan, kontuan izanik Garapen Jasangarrirako Helburuen esparrua.
  • Ikasleen gaitasunak handitzea, gauza izan daitezen erabakiak hartzeko herritar guztien erantzunkidetasunaz, giza garapen jasangarriaren prozesuan.
  • Elkartasunarekin, justizia sozialarekin eta giza eskubideekin lotutako balioak eta jarrerak sustatzea, esaterako: enpatia, identitatea, autoestimua, dibertsitatearekiko errespetua, diskriminaziorik eza, genero berdintasuna, eta ingurumenarekiko kezka.
  • Sustatzea bizimodu solidarioagoak errazten dituzten trebetasunen garapena: pentsamendu kritikoa; argudiatze eraginkorra; lankidetza eta gatazkak konpontzea; irudiak eta mezuak deskodetzea; kontsumo arduratsua; etab.
  • Sustatzea familien eta komunitate guztiaren parte-hartzea errazten duten jarduerak.
  • Elkarlanerako harremanak ezartzea inguruneko beste ikastetxe, familia eta gizarte entitateekin, prestatzeko garapenerako hezkuntzarekin koherenteak diren programak.
  • Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen, gizarte entitateen, eta administrazioan gai hauetan eskudunak diren zerbitzuen hezkuntza ahalmenak erabiltzea, eta erantzukizun partekatua eta elkarlan estua sustatzea.

–Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza bultzatzeko:

  • Gaitasunen ikuspegi batetik, Ingurumen Hezkuntzaren edukiak (ikastetxeko edo inguruneko hondakinen, energiaren eta ur baliabideen kudeaketa, eskola-baratzeak, eta abar...) txertatzea ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan.
  • Bizimodu jasangarriak bultzatzen dituzten ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea hezkuntza komunitatean.
  • Ikasleen gaitasuna handitzea, ingurumen arloan ahalik eta erabaki egokienak har ditzaten eta ingurumena hobetzeko prozesuak abiaraz ditzaten, bai eskolan, bai herrian eta, geroago, lagungarriak izan daitezen problematika globalari erantzuteko.
  • Ikastetxearen ingurune fisikoa hobetzea, ingurumenari lotutako neurriak hartuz.
  • Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea ingurumen-osasunari eta ikastetxeko arriskuen prebentzioari lotutako alderdiak.

Ikastetxeek beste irizpideren bat sartzen ahalko dute ikastetxearen hezkuntza proiektuan jasotako berariazko beharrei edo ingurumen arloko lehentasunei buruz.

–Memoria Historikoaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza bultzatzeko:

  • Tolerantzia, justizia, bizikidetza baketsua, giza eskubideak eta memoria historikoa gisako edukiak txertatzea, zehar-lerro gisa, ikastetxearen urteko programazio orokorrean nahiz programazio didaktikoetan, kontuan hartuz garapen jasangarrirako helburuak.
  • Ikasleen erabakimena handitzea, gizarte tolerantea eta baketsua sortzeko herritar guztien erantzunkidetasunaren inguruan.
  • Elkarrizketarako eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea hezkuntza komunitatean.
  • Sustatzea familien eta komunitate guztiaren parte-hartzea errazten duten jarduerak.
  • Inguruko beste ikastetxe, familia eta gizarte-erakunde batzuekin lankidetza-harremanak ezartzea.

Laugarrena.–Proiektuaren koordinazioa ikastetxean.

Irakasle taldeko pertsona bat arduratuko da proiektua ikastetxe bakoitzean koordinatzeaz. Ikastetxeko zuzendaritzak hautatuko du eta "proiektuaren koordinatzailea" izena hartuko du. Honako hauek baloratuko dira hautatua izateko: konpromisoa, ezagutzak, kudeatzeko ahalmena, eta hezkuntza komunitate guztia motibatzeko gaitasunak. Ikastetxeak, ordutegi antolamenduagatik posible badu, bi ordu osagarri bitarte esleitzen ahalko dizkio ikastetxeko proiektuaren koordinatzaileari, zeregin horietarako.

Ikastetxeko zuzendaritzak ofizialki izendatuko eta babestuko du proiektuaren koordinatzailea. Horrek beharrezko laguntza jasoko du talde bat eratzeko, helburua izanik proiektua martxan jartzea, ebaluatzea eta bideratzea.

Proiektuaren koordinatzailearen eginkizunak:

–Abiapuntua aztertzea.

–Aliantzak bilatzea entitate laguntzaileekin.

–Proiektuaren jarduketak antolatzea eta dinamizatzea.

–Ikasleak eta hezkuntza komunitatea inplikatzea.

–Bere jarduketa eremuarekin zerikusia duten prestakuntza jardueretan parte hartzea, beharrezkoa balitz.

–Ebaluazio prozesuan parte hartzea.

–Proiektua aurkeztea eta igortzea Hezkuntza Departamentuaren "Eskolak Sarean" izeneko web-orriaren bidez (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red), horretarako diseinatuko den formularioa erabilita.

Bete beharko dira formularioaren hasieran zehazten diren jarraibideak.

–Proiektuaren memoria aurkeztea 2024ko maiatzaren 31 baino lehen, Hezkuntza Departamentuaren "Eskolak Sarean" izeneko web-orrian argitaratzen den estekaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red. Bertan, bilduko dira 2023-2024 ikasturtean egindako jarduketak.

Bosgarrena.–Ikastetxeen konpromisoak:

Ikastetxeek konpromiso hauek hartuko dituzte:

a) Proiektuaren koordinatzailea izendatzea.

b) Aurkezturiko proiektua garatzea.

c) Proiektuan aurreikusitako jarduketak garatzea.

d) Jarraipena egiteko eta esperientziak trukatzeko urteko jardunaldi edo topaketetan parte hartzea, beharrezkoa izanez gero.

Seigarrena.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

Proiektuaren koordinatzaileak atal hauek dituen formulario bat igorriko du:

1. Koordinatzailearen datuak.

–Izen-deiturak.

–IFZ.

–Helbide elektronikoa.

2. Ikastetxearen datuak.

–Ikastetxearen izena.

–Herria.

–Ikastetxeko zuzendaritzaren helbide elektronikoa.

–Ikastetxeko telefonoa.

3. Proiektua.

a) Proiektuaren izenburua.

b) Gako-hitzak (3tik 5era bitarte).

c) Deskribapen laburra (30-40 hitz).

d) Hezkuntzako zein etapari zuzenduta dagoen.

e) Helburuak: berariazkoak, neurgarriak, lortzeko modukoak, garrantzitsuak eta denboran mugatuak.

f) Edukiak eta jarduerak.

g) Ikasleek garatzea nahi diren funtsezko konpetentziak.

j) Metodologia.

k) Faseak eta tenporalizazioa. Jardueren, arduradunen eta baliabideen egutegia.

l) Egin beharreko materialak eta proiektuaren hedapena (halakorik balego).

m) Parte hartzen duten irakasleak (izen-deiturak, profilak). Zertan parte hartuko duten eta parte-hartze hori nola justifikatzen den proiektuan.

n) Ikasleen parte-hartzearen eta inplikazioaren deskribapena.

ñ) Hezkuntza komunitateko beste eragile batzuen parte-hartzearen nondik norakoa: familiak, irakasle ez diren langileak, udalak... (halakorik balego).

o) Proiektua ebaluatzeko irizpideak.

p) Aurrekontu justifikatua. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

q) Eranskinak (baldin badaude).

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdi honetan parte hartzeko, Internet bidez bete beharko da eskabidea, "Eskolak Sarean" izeneko web-orrian dagoen formularioaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red.

Zazpigarrena.–Hautapen batzordea.

Honako hauek hautatuko dituzte proiektuak:

–Osasunerako Hezkuntzaren sustapena eta garapena bultzatzen duten proiektuen batzorde teknikoak kide hauek izanen ditu:

  • Osasun Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

–Garapenerako eta Herritartasun Globalerako Hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoak honako kide hauek izanen ditu:

  • Eskubide Sozialetako Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

–Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoak honako kide hauek izanen ditu:

  • Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

–Memoria Historikoaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako batzorde teknikoak honako kide hauek izanen ditu:

  • Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

Zortzigarrena.–Deialdiaren ebazpena.

a) Aipatutako batzorde teknikoak aurkeztutako proiektuak aztertuko ditu, eta onartu direnen zerrenda Hezkuntza Departamentuaren "Eskolak Sarean" izeneko web-orrian argitaratuko du (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red). Eskaeraren batean akats formalik bada, akatsen arrazoia azaldu beharko da espresuki.

b) Atzemandako akats horiek zerrenda argitaratu eta bost egun naturaleko epean zuzentzen ahalko dira. Epe horretan ere, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte, edo berariazko ukoa.

c) Behin alegazioak aztertuta, aipaturiko batzorde teknikoak behin betiko zerrenda eginen du, Hezkuntza Departamentuaren "Eskolak Sarean" izeneko web-orrian (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red) argitaratuko du eta laguntza emateko proposamena igorriko dio organo eskudunari.

d) Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aurkeztutako proposamena eta batzorde teknikoak prestatutako txostena ikusirik, ebazpena emanen du hautatutako ikastetxeen zerrenda onartzeko.

Bederatzigarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

a) Erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera, ikastetxeek 750 euroko laguntza jaso dezakete gehienez, ikastetxeko eta onetsitako proiektu bakoitzeko. Laguntzen zenbatekoa proportzionalki banatuko da ikastetxeen artean. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

b) Gastu justifikagarritzat jotzen dira material bibliografikoa eta eskatutako beste material batzuk erostea eta antzeko beste gastu arrunt batzuk, proiektua garatzeko eta ezartzeko beharrezkoak direnak. Proiektuaren urteko memorian justifikatu eta dokumentatu beharko dira gastu horiek. Proiektuarekin lotuta dauden irakasleen soldatak eta haborokinak ez dira inolaz ere laguntza honen kargura ordainduko.

Hamargarrena.–Laguntzen ordainketa.

Erositako materialek edo baliabideek lotura zuzena izanen dute proiektua ikastetxean inplementatzearekin edo garatzearekin. Proiektuaren memorian justifikatuko da zergatik erosi diren materialak eta baliabideak eta nola erabili diren, hori eskatzen duen atalean.

Gastuak justifikatzeko faktura guztietan agertu beharko du ikastetxearen izena.

Fakturen datak izan behar du 2023ko irailaren 1aren eta 2024ko maiatzaren 10aren artekoa.

Fakturek eskaneatuta egon behar dute, eta ECOEDUCA aplikazioan sartuta.

Fakturak aurkezteko epea bukatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Hamaikagarrena.–Ikasturte bukaerako memoria.

Koordinatzaileak 2024ko maiatzaren 31 baino lehen igorri beharko dio ikasturte bukaerako memoriaren kopia formatu elektronikoan Prestakuntza eta Kalitate Atalari. Horretarako, "Eskolak Sarean" izeneko web-orrian dagoen formularioari jarraituko dio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red.

Memoriak atal hauek izanen ditu:

1. Proiektuaren izenburua.

2. Proiektuaren koordinatzailea.

3. Parte hartzen duten irakasleen zerrenda.

4. Proiektuaren garapenaren laburpena.

5. Helburuen betetze-maila.

6. Jardueren eta erabili diren baliabideen jarraipena.

7. Proiektuaren eragina.

a) Irakasleengan.

b) Ikasleengan.

c) Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.

8. Proiektuaren balorazioa eta hobekuntza alorren proposamena.

9. Erabilitako materialak edo horietarako esteka.

10. Ebazpen honen II. eranskina (Fakturatzeko informazioa).

Hamabigarrena.–Proiektuak argitaratu eta zabaltzea.

Hautatutako proiektuak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela. Deialdian parte hartzeak berekin dakar zeinahi argitalpen mota egiteko behar diren eskubideak lagatzea.

II. ERANSKINA.–FAKTURATZEKO INFORMAZIOA

Ikastetxea: .........................................................................................................................................

Proiektuaren izena: ................................................................................................................................

Sare honi atxikirik: .............................................................................................................................

Koordinatzailea: .................................................................................................................................

ECOEDUCA
IDAZPENA

KONTZEPTUA

FAKTURAREN
ZENBATEKOA,
GUZTIRA

PROIEKTUARI EGOZTEN ZAION ZENBATEKOA

Iragarkiaren kodea: F2306949