112. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Aldaketa, Los Llanos-Kulturagunea erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

2023ko martxoaren 2an egin osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zen aldaketa egitea Los Llanos-Kulturagunea erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantzan. Erabaki horren iragarkia 2023ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 21ean, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoarekin. Alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da.

Ondorioz, eta erabakitakoa bete beharrez, onetsitako araudiaren testu osoa argitara ematen da, indarrean jar dadin.

Lizarran, 2023ko maiatzaren 17an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

LIZARRAKO UDALAREN LOS LLANOS KULTURAGUNEA ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza honen helburua da Udalaren jarduerarekin zerikusirik ez duten entitateek, partikularrek edo erakundeek Los Llanos Kulturagunearen instalazioak erabiltzea.

Honako hauetan xedatuari jarraikiz ezartzen dira ordenantzan arautzen diren ordainarazpenak: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatala, eta haren 28. artikuluan jasotako baimena.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da Los Llanos Kulturaguneko gelen, kamerinoen eta behar diren guneen erabilera, Udalaren baimena duten pertsona fisiko edo juridikoek eta erakundeek edo entitateek egina.

Ordenantza honen ondorioetarako, gelatzat hartuko dira Kulturaguneko lorategiak (San Benitoko lorategiak esaten zaie), kontuan hartuta dagozkion artikuluetan jasotako ezaugarri bereziak.

Arautzen da, orobat, jarduerak egiteko beharrezkoak diren Kulturaguneko baliabide materialen erabilera, salbu eta lorategiak erabiltzeko behar direnak (agertokia, aulkiak, hesiak eta abar). Izan ere horiek araututa daude Udalaren langileez, makineriaz, ibilgailuez, lanabesez eta bestelako gauzez baliatzeko prezio pribatuak arautzen dituen ordenantzan.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Prezio publikoaren subjektu pasiboak dira aipatu instalazioak erabiltzeko Lizarrako Udalaren baimena duten pertsona fisiko edo juridikoak.

Prezio publikoaren sortzapena eta haren ordainketa

4. artikulua. Prezio publikoaren sortzapena baimena ematen den unean berean gertatzen da eta ordainketa erabilera aurretik eginen da, eta betiere, 10 egun natural lehenagotik.

Egindako erreserbak bertan behera uzteko, idatziz justifikatutako arrazoiak baino ez dira onartuko, eta eskaera egin beharko da programaturiko jardueraren data baino 5 egun lehenago, gutxienez.

Erabilera

5. artikulua. Honako arau hauei jarraituko zaie Los Llanos Kulturaguneko espazioak erabiltzeko baimena emateko:

1. Definizioa: Los Llanos Kulturagunearen erabilera arautzen du ordenantza honek. Instalazio horiek jabari eta zerbitzu publikoko udal ondasunak dira, eta Los Llanos pasealekuan daude. Kulturaguneak, gehienbat, pasealekuaz gozatzeko aukera ematen du, baina horretaz gain, balio du kultur jarduerak egiteko, honako arlo hauetan: musika, antzerkia, gorputz adierazpenari lotutako eszenografia eta plastika. Tarteka, bestelako jardueretarako ere izan daiteke.

2. Eskumena: Lizarrako Udalari dagokio instalazio honen funtzionamendua arautzea.

3. Araubide ekonomikoa: Ordenantza honek arautzen duen Los Llanos Kulturagunea osatzen duten elementuen erabileraren araubide ekonomikoa arau fiskal honen eranskineko tarifetara egokituko da, Udalak dohainik erabiltzeko baimena ematen duen kasuetan salbu.

4. Konpromisoak: Talde edo entitate antolatzailearen esku izanen dira honako hauek:

a) Ezarritako prezio publikoak eta fidantzak ordaintzea.

b) SGAEri egile eskubideak ordaintzea.

c) Esparruaren ardura duten teknikariei ordaintzea.

d) Administrazioaren baimenak.

e) Dagokion udal arloari eskatzea jarduera aurrera eramateko beharrezkoak diren elementuak eta materialak (agertokia, aulkiak, mahaiak, sare elektrikorako lotura eta abar) eta materialek eta horien tramitazioak eragiten dituzten gastuak ordaintzea.

f) Jarduera aurrera eramateko behar diren elementuak muntatu eta kentzea, antolamendua Udalarena ez denean, eta betiere, udal zuzkiduraren ardura duten teknikariek une oro ematen dituzten oharrei kasu egitea.

g) Antolatutako ekitaldia bertan behera geratzen bada, horrek eragiten dituen gastu guztiak ordaintzea (sarreren itzulketa kudeatzea, sare elektrikorako lotura eta abar). Orobat, esparruko teknikariei ordaindu beharko zaie, baldin eta ekitaldia bertan behera gelditu dela jakinarazi ez bada bost egun lehenago, gutxienez, eta behar den dokumentazioa aurkeztuta, edo egunean bertan bertan behera geratzen bada eguraldia dela-eta edo beste arrazoiren batengatik. Edonola ere, arrazoia behar bezala justifikatu beharko da.

h) Lagatako instalazioetan sortutako kalte-galerak, ondasunen leheneratzea barne.

5. Ordutegiak. Udalak berretsiko ditu lagatzen diren Kulturaguneko instalazioak erabiltzeko orduak, erabiltzeko eskaeren arabera.

Lorategiak lagatzen badira, baimendutako ordutegiak ezin izanen du inola ere gainditu hiriko aire zabaleko gainerako tokietan egiten diren jardueretarako, oro har, ezarritako ordutegia.

6. Baimena. Udalak antolatzen edo babesten dituen jarduerek erabiltzeko lehentasuna izanen dute beti entitate edo partikularrei emandako baimenen aurrean. Ez zaie erabiltzeko baimenik emanen Lizarrako Udalarekin edo bere erakunde autonomoekin zorrak dituzten talde edo entitateei.

Honako hauek izanen dira baimena emateko aintzat hartuko diren irizpideak:

a) Jarduera egokia ote den eskatutako espaziorako.

b) Eskaera Erregistro Nagusian noiz sartu den.

c) Udalaren eskaintzaren osagarri diren kultura ekitaldiak.

d) Antzeko jarduerarik ez izatea.

e) Hiriarentzat interes orokorreko kultura, gizarte eta merkataritza ekitaldiak.

f) Lizarrarako garrantzi handia duten biltzarrak.

7. Komunikazioa. Ebazpena jakin eta gero, Lizarrako Udalak eskatzaileari igorriko dio, eranskin batekin batera. Eranskin horretan, hain zuzen, baimenak bete beharrezko baldintza guztiak jasoko dira.

8. Fidantza. Kasuan kasuko fidantza ezarriko da, eranskinean adierazitako zenbatekoen arabera. Fidantza banku-abal bidez ordaindu ahal izanen da, baita eskudirutan ere, Udalak adierazten duen kontu-zenbakian, jarduera egin baino 10 egun natural lehenago.

Fidantza –osorik edo horren zati bat– ez da itzuliko onetsitako baldintzak betetzen ez badira edo eskabidean adierazitako edukiak aldatzen badira.

9. Eskaerak. Lizarrako Udalaren Erregistro Orokorrean –Sorkunde Garbiaren pasealekua 1, 31200 Lizarra– tramitatuko dira, edo posta elektroniko bidez, mendi.pagola@estella-lizarra.com helbidera bidalita, instalazioa erabili nahi den eguna baino 31 egun natural lehenago, gutxienez. Eskabideari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, nahitaez:

1.–Eskaria egiteko inprimaki berariazkoa, zuzen eta osorik betea.

2.–Jarduera antolatzen duen eskatzaile eta/edo entitatearen NAN/IFZren fotokopia.

3.–Egitekoa den jarduerari buruzko deskripzio-memoria, bertan, gutxienez, honako hauek agertuz:

a) Iragartzeko kartelaren kopia, behin betiko bertsioarena edo, bestela, zirriborroarena.

b) Aurreikusten den gehieneko ikusle kopurua (ez da inoiz lagatako espazioaren edukierarena baino handiagoa izanen).

c) Aurreikusitako baliabide osagarriak.

d) Gelako zenbat teknikari beharko diren zehaztea (soinua, argiak, proiektagailua eta abar).

e) Jarduerako parte-hartzaileen eta edukien zerrenda.

f) Salgai jarriko diren sarreren gehieneko kopurua eta zenbatean salduko diren, zehaztuta zer salmenta sistema erabiliko den eta zenbat jende ariko den sarrerak eta edukiera kontrolatzen.

g) Aurreikusitako diru-sarrerak txarteldegitik eta bestelako baliabideetatik.

h) Bestelakoak, eskatzaileek garatu beharrekoak.

i) Kulturaguneko lorategia erabiltzeko eskaeretan, lorategiari berari eta inguruneari egiten ahal zaizkien ukipenen justifikazioa gehitu beharko da, eta deskribatu eta baloratu beharko da zer prebentzio neurri hartuko diren baldin eta ingurua leheneratu behar bada ekitaldia amaitu eta gero.

10. Mugak. Oro har, ordenantza honetan araututako Kulturaguneko instalazioak ez dira lagako Lizarrako Udalak itxita egon behar dutela erabakitzen duenean (herriko jaiak, eraberritzeak egiteko itxierak, Kulturaguneko taberna zerbitzua eta sarrerak saltzeko ohiko zerbitzua itxita egotea eta abar), edo eskatutako jarduerarekin bateraezin izan daitezkeen bestelako jarduerak programatu baldin badira.

Gastua kontrolatzeko, honako hauek izanen dira erabiltzeko baimenerako mugak:

1.–1. gela, gehienez ere 5 orduko 96 saio urtean, edo 10 orduko 48 saio.

1.1. Entitate salbuetsiak.

a) Kulturaguneko taberna irekitzeko orduarekin batera bada, 5 orduko 24 saio.

b) Kulturaguneko taberna irekitzeko orduarekin batera ez bada, 5 orduko 24 saio.

1.2. Entitate ez salbuetsiak.

a) Kulturaguneko taberna irekitzeko orduarekin batera bada, 5 orduko 24 saio.

b) Kulturaguneko taberna irekitzeko orduarekin batera ez bada, 5 orduko 24 saio.

2.–2. gela eta 3. gela, gehienez ere 2,5 orduko 24 saio, edo 5 orduko 12 saio.

2.1. Entitate salbuetsiak:

c) Kulturaguneko taberna irekitzeko orduarekin batera bada, 2,5 orduko 6 saio.

d) Kulturaguneko taberna irekitzeko orduarekin batera ez bada, 2,5 orduko 6 saio.

2.2. Entitate ez salbuetsiak:

c) Kulturaguneko taberna irekitzeko orduarekin batera bada, 2,5 orduko 6 saio.

d) Kulturaguneko taberna irekitzeko orduarekin batera ez bada, 2,5 orduko 6 saio.

11. Instalazioak erabiltzen dituzten pertsona eta entitateen betebehar orokorrak:

a) Entitate antolatzaileak bere gain hartuko ditu eskatzen ahal zaizkion erantzukizun zibil, penal eta administratibo guztiak, baita lan eta zerga alorretakoak ere, edo edozein motatakoak, eta bere esku geldituko dira, oso-osorik, bere erantzukizunaren ondoriozko kalte-galeren ordainak, eta Lizarrako Udalak ez du horrengatik inongo kalterik jasoko.

b) Entitate antolatzailea behartua dago agintaritzari eta erakunde eskudunei beharrezko diren baimen guztiak eskatzera, egin nahi duen ekitaldirako.

c) Jarduera bukatu eta gero, entitate antolatzaileak begiratuko du instalazioak ongi geldi daitezen, jarduera hasi aurretik zeuden bezala. Oniritzia eman beharko dute horretarako izendatzen diren udal langileek.

d) Entitate antolatzaileek beren gain hartuko dute instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren kalteak konpondu edo ordaintzea, edozein izanik ere kalte horien arrazoiak. Horretarako, Lizarrako Udalak agertuko die dagokion likidazioa, salbu eta Udalak berak konponketen ardura zuzenean bere kargu hartzen badu, izendatzen dituen udal teknikarien zuzendaritzapean eta horien adostasunarekin egiteko. Ebazteko eskumena duen organoak, eskuratutako txostenen edukia ikusita, fidantza bat ezartzea erabaki dezake, betebehar hori betetzeko berme gisa.

e) Lizarrako Udaleko zerbitzu teknikoek noiznahi ikuskatzen ahalko dituzte jarduera egiteko instalazioen muntatze eta desmuntatze lanak, eta entitate antolatzaileek onartu eta bete beharko dituzte horri buruz ematen zaizkien jarraibide guztiak.

f) Lizarrako Udalak eskatzen ahalko dio antolatzaileari erantzukizun zibileko poliza kontrata dezan, egin beharreko jardueraren ondoriozko edozein gertakizuni aurre egin ahal izateko.

g) Jarritako fidantza itzuli baino lehen, Udalaren teknikariek ikuskatuko dute baimendu diren instalazioen eta ukitutako elementuen egoera.

12. Lizarrako Udalak ez du inongo erantzukizunik izanen ikusleek egiten dituztenengatik, entitate antolatzailearena baita erantzukizun hori, ez beste inorena, oso-osorik.

13. Orokorrean, ezin izanen da lagatako instalazioen barnean ezeren publizitaterik ezta propagandarik egin, ez bazaio lehenago Lizarrako Udalari jakinarazten eta horrek ez badu baimenik ematen.

14. Kulturaguneko barneko geletan egiten diren ekitaldietan, Lizarrako Udalak izendatutako laguntzaile teknikoek erabiliko dituzte baliabide teknikoak eta/edo ikus-entzunezkoak, entitate antolatzaileak ekartzen dituen adituekin koordinaturik. Behar bezala akreditatutako adituak izanen dira, eta Udalak oniritzia eman behar du.

15. Lizarrako Udalari dagokio araudi honetan jaso ez diren kasuen gainean erabakitzea, eta zalantzarik sor dezaketen artikuluen azken interpretazioa.

16. Lizarrako Udalaren Euskarari buruzko ordenantzaren aginduak betetzeko, gune honetan egitekoa den edozein jardueraren antolatzaileek euskara erabili beharko dute hori hedatzeko baliatzen dituzten euskarri guztietan (kartelak, informazio orriak, sare sozialak, web-orria, salmenta-puntu informatizatuak eta abar). Era berean, kontuan hartuko da Hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio inklusiboaren sustapena arautzen dituen udal ordenantza.

17. Ordenantza honetan araututako Kulturaguneko instalazioetan egiten diren jarduera guztien hedatze euskarrietan, espresuki eta ikusgai, adieraziko da Udalaren laguntza jaso dela eta Udalaren logotipoa agertuko da bertan.

Salbuespenak

6. artikulua. Ezartzen diren kuotak ordaintzetik salbu daude ondoko jarduera hauek:

a) Lizarrako Udalak eta haren erakunde autonomoek antolatutakoak.

b) Nafarroako Gobernuak edo haren entitate laguntzaileek antolatzen dituztenak, Lizarrako Udalarekin hitzartu eta gero.

c) Elkarteen Udal Erregistroan dauden talde artistikoak kuota ordaintzetik salbuetsita egonen dira muntaia edo errepertorio berriak estreinatzen dituztenean, jarduera eskatutako gunerako egokia bada eta hiriarentzat interes orokorrekoa bada. Eskaera nahikoa aurreikusten bada, elkarren segidako bi emanaldi eskaintzen ahalko dira.

Horrelako kasuetan, barne hartzen dira emanaldien muntaia edo entsegua ere, gehienez ere 10 ordu (antzerki edo musika ikuskizunetarako) edo 4 ordu (kontzertu eta barietateetarako).

Lorategien kasuan, entitate antolatzaileak ordaindu beharko ditu sare elektrikora lotzeko gastuak, egile eskubideei lotutakoak eta jarduera martxan jartzeak edo hura bertan behera uzteak eragindako gastu guztiak.

Gainerako kasuetan (berremanaldiak, bestelako taldeekin egindako truke-jarduerak eta abar), dagozkien prezioak ordaindu beharko dituzte.

d) Aurreko apartatuan ez dauden eta Elkarteen Udal Erregistroan izena emana duten irabazi asmorik gabeko elkarteak prezioa ordaintzetik salbuetsita egonen dira jarduera batean urte naturaleko, betiere jarduera eskatutako gunerako egokia bada eta hiriarentzat interes orokorrekoa bada.

Kasu bakoitzean ezarritako berariazko baldintzak gorabehera, c eta d letretan araututako salbuespenak aplikatu ahal izateko, ordenantza honetan araututako Kulturaguneko instalazioak erabili nahi badira jardueraren bat egiteko, jarduera hori ezin izanen da antolatu zinema zerbitzua eskaintzen den egunetan edo beste jardueraren bat antolatzen denean Los Llanos Kulturaguneko barneko geletan, baldin eta jarduera horiek bateraezinak badira kamerinoen erabilera dela eta edo barneko muntaietarako zamalanetarako ibilgailuen sarbidea dela eta, edo soinu interferentziak sortzen ahal direlako jardueren artean.

Lorategien kasuan, kontuan hartu beharko da jarduera ez dela eginen Los Llanos pasealekuan antolatutako beste baten ordu berean (kirol probak eta abar), horien artean bateraezintasunen bat sor liteke eta.

Tarifak

7. artikulua. Eranskineko tarifak aplikatuko dira Kulturaguneko espazioak erabiltzeagatik.

TARIFEN ERANSKINA

1. gela alokatzea.

–295,00 euro, 5 ordu baino gutxiagoan.

–345,00 euro, 10 ordu baino gutxiagoan.

2. eta 3. gelak alokatzea.

–100,00 euro.

Lorategiak alokatzea.

–300 euro, 5 ordu baino gutxiagoan.

–350 euro, 10 ordu baino gutxiagoan.

Prezio horien barrenean hau dena sartzen da:

a) Alokatutako espazioa eta kamerinoak erabiltzea, 1. gelaren kasuan;

b) Aplikaturiko BEZa.

c) Berokuntza edo aire-girotzea.

d) Instalazioaren oinarrizko garbiketa, erabili ondokoa, betiere garbiketa arrunta bada, ez garbiketa berezia.

e) Lorategien erabilera, bai eta kamerinoena eta ondoko komunena ere.

f) Udalak Iberdrolarekin egin beharreko izapideak, sare elektrikora lotzeko.

g) Lorategia berregokitzeko eta garbitzeko lanak, lagapen-gastutzat jotzen baitira, kalterik egin gabe ordenantzan xedatuta dagoenari abala eskatzeari buruz.

Prezio horien barrenean ez da hau sartzen:

a) Gelako zerbitzu teknikoa;

b) Gelako ekipamendu teknikoak erabiltzea;

c) Gelako langileak (sarreren kontrola);

d. Proiektagailua erabiltzea. Behar izanez gero, 75,00 euro ordaindu behar dira.

e) Esparruaren ardura duten teknikariak.

f) Sare elektrikorako lotura. Gastu hori antolatzaileak ordainduko dio Udalari.

g) Ekipamenduak, hala nola agertokia, aulkiak eta abar, horiek materialak lagatzeari buruzko ordenantzan ezarritako tasen arabera izapidetuko baitira.

h) Arrazoia edozein dela ere (eguraldia edo besteren bat), ekitaldia bertan behera uzteak eragindako gastuak (sarrerak itzuli beharra, sare elektrikorako lotura eta abar).

Fidantzak

–1. gela: 375,00 euro.

–2. eta 3. gela: 150,00 euro.

–Lorategiak: Gutxienez 500 euro. Zenbatekoa handitzen ahalko da, Lizarrako Udaleko lorategien zerbitzuak igorritako txostenetan jasotakoaren arabera. Bestela, fidantzaren ordez, erantzukizun zibileko poliza bat eskatzen ahalko da, berariaz jasoko duena ekitaldiak udalaren ondasunei eragiten ahal dizkien kalteak.

Fidantzak itzuliko dira instalazioen egoera egiaztatu ondotik, kenduta konponketei eta garbiketei dagokien zenbatekoa, halakorik egin behar izanez gero.

Ordenantza berri hau hasiera batez onetsi zen 2018ko uztailaren 5eko osoko bilkuran, eta behin betiko onespena osorik argitaratu zen 2018ko 190. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 1ean.

Iragarkiaren kodea: L2307710