112. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko, Lurralde Kohesiorako eta Eskubide Sozialetako departamentuen artekoa, zeinaren bidez batera baimentzen baita Europako proiektuen bulegoko zerbitzuari kudeaketa esleipen bat egitea, behar diren jarduketak egin ditzan goi mailako kontrolatzaile/auditore bat kontratatzeko, Nafarroako Gobernuak lehenbizikoz egin duen Interreg Europe deialdiko proiektuetarako.

Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo Hualdek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gómez Lópezek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Mikel Irujo Amezagak, Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Ciriza Pérezek eta Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztu Villafrancak

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenbizikoa.

2022ko abenduaren 16an, Interreg Europe Lurralde arteko Lankidetzako Programaren Programazio Batzordeak jendaurrean jarri zituen proiektuen lehenbiziko deialdiko emaitzak. Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea zuten zazpi proiektu hauek onetsi ziren: Coop4RURALGov, INERTWASTE, NEAR, DEBUTING, InterRevita, WEEEWaste eta ZCI. Horietatik bostek partaidetza-gastuak egiaztatu behar dituzte; bost hauek zehazki: Coop4RURALGov, INERTWASTE, NEAR, WEEEWaste eta ZCI.

Bigarrena.

Onetsi diren proiektu nafar horiek, haien emaitzen bitartez, lagundu nahi dute Europa berdeagoa eta sozialagoa lortzen, herritarrei garrantzi handiagoa ematen diena eta eskualde-gobernantza hobea duena. Izan ere, haien helburu nagusia da jardunbide egokiak identifikatu, aztertu eta Europako eskualdeen artean transferitzea; 4 urte eta hiru hilabetean (51 hilabetean) garatuko dira, eta haien kofinantzaketa %80koa izanen da.

Hirugarrena.

Europako proiektuen betebeharretako bat da, dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten gastuak sei hilean behin egiaztatzeari begira, gastuak aurkeztu baino lehen ikuskatu behar direla.

Gastuak baliozkotzeko izapideak abiatu daitezen eta proiektu bakoitzeko gastu diruz lagungarriak ordainduak izan daitezen, gastu horiek egiaztatu behar dituzten bost departamentuek kontrolatzaile/ikuskari bat izan behar dute, hura arduratuko baita 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 47.1.a artikuluan eta 2021/1059 (EB) Erregelamenduaren 46. artikuluko 3.etik 9.era bitarteko apartatuetan ezarritako egiaztapenak egiteaz. Departamentu bakoitzak ikuskari bat kontratatzea zilegi litzateke, baina eraginkortasun printzipioari jarraikiz bidezkoa da kontratazio bakarra egitea, horrek prozedura eta irizpideak homogeneizatzeaz gain, kontratua enpresentzat erakargarriagoa eginen baitu. Kontrolatzaile/ikuskari bakar bat kontratatzeko proiektuaren aurrekontua 18.150 eurokoa da (BEZa barne), gehienez, bost departamentuetarako, eta kontratua gauzatzeko aurreikusi den epea, 51 hilabetekoa.

Laugarrena.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluaren arabera, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak Administraziora itzultzeko laguntza ematen du, Europako proiektuetan parte hartuz.

Bestalde, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari dagozkio, Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Atalaren bidez, Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuetako proiektuen kudeaketa koordinatzeko eginkizunak.

Bosgarrena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.1 artikuluak xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dutela beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien menpekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, ondoko apartatuetan xedatuarekin bat. Manu horren 3. apartatuak ezartzen du ezen, esleipena egiten duen organoa eta kudeaketa-esleipena egiten zaion administrazio organoa departamentu desberdinekoak direnean, kudeaketa esleipen hori bi departamentuetako titularren baterako baimen baten bitartez egin behar dela; kasu honetan, hala da.

Horrenbestez,

ERABAKITZEN DUTE:

Lehenbizikoa.

Batera baimentzea Europako Proiektuetako Bulegoaren Zerbitzuari kudeaketa esleipen bat egitea, behar diren jarduketak egin ditzan kontrolatzaile/auditore bat kontratatzeko, hura arduratuko baita 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 47.1.a artikuluan eta 2021/1059 (EB) Erregelamenduaren 46. artikuluko 3.etik 9.era bitarteko apartatuetan ezarritako egiaztapenak egiteaz, partaidetza gastuak egiaztatu beharra duten Nafarroako Gobernuaren bost proiektuetarako.

Bigarrena.

Esleipen honek ondorioak izanen ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera, eta zerbitzu kontratua gauzatzen den bitartean. Kontratua 2027. urteko erdialdera amaitzea aurreikusten da.

Hirugarrena.

Kudeaketa esleipenaren xede diren prozeduren ondoriozko gastuak finantzatzeko –18.150 euroan (BEZa barne) aurreikusi dira–, proiektu/departamentu bakoitzerako osotara 3.630 euro izanen dira erabilgarri. Zenbateko horiek 2023ko gastu aurrekontuetako honako partida hauen kargurakoak izanen dira, bai eta 2024., 2025., 2026. eta 2027. urteetako gastu aurrekontuetako partida baliokideen kargurakoak, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak behar den lizitazioari erantzun ahal izateko.

DEPARTAMENTUA

PARTIDA

IZENA

Landa Garapena eta Ingurumena

740001 74100 2269 456203

Europako proiektuen kudeaketa

Garapen Ekonomikoa eta Enpresariala

820001 82500 2269 425200

Bestelako hainbat gastu

Lurralde Kohesioa

210001 21100 2279 922108

Coop4RURALGov. Enpresek eta profesionalek egindako lanak (E-23/000575-01)

Eskubide Sozialak

910001 92100 2276 231004

Gizarte berrikuntzako proiektuak eta Europako proiektuak

EGIAZTAPENA

EGIAZTAPEN EPEA

(6 hilabete)

GASTUAK BERRIKUSTEKO EPEA

(3 hilabete)

ERABILGARRI DAGOEN GEHIENEKO ZENBATEKOA

1

2023/03/01 - 2023/08/31

2023/09/01 - 2023/11/31

453,75 euro

2

2023/09/01 - 2024/02/28

2024/03/01 - 2024/05/31

453,75 euro

3

2024/03/01 - 2024/08/31

2024/09/01 - 31/11/2024

453,75 euro

4

2024/09/01 - 2025/02/28

2025/03/01 - 2025/05/31

453,75 euro

5

2025/03/01 - 2025/08/31

2025/09/01 - 31/11/2025

453,75 euro

6

2025/09/01 - 2026/02/28

2026/03/01 - 2026/05/31

453,75 euro

7

2026/03/01 - 2026/08/31

2026/09/01 - 31/11/2026

453,75 euro

8

2026/09/01 - 2027/02/28

2027/03/01 - 2027/05/31

453,75 euro

GUZTIRA

3.360,00 euro

Laugarrena.

Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko, Lurralde Kohesiorako eta Eskubide Sozialetako departamentuetara, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzura eta aipatu departamentuetako idazkaritza teknikoetara eta kontu-hartzailetza delegatuetara.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 4an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.–Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Mikel Irujo Amezaga.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Carme Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2307434