112. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

41/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 8koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean osasuntsu egoteko jarduera zein ariketa fisikoaren preskripzio plana onesten duena.

Espainiako Konstituzioaren eskumen-esparru arauemailearen barruan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 44.14 artikuluan ezartzen duenaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumen esklusiboa da kirola eta aisialdiaren behar bezalako erabilera sustatzea. Nafarroako Foru Komunitatearen administrazio publikoaren kirol-politikaren helburuetako bat da kirolaren arloko koordinazio, lankidetza eta elkarlan arduratsua sustatzea, Foru Komunitatean kirola sustatzen eta garatzen diharduten erakunde publikoen artean eta erakunde publikoen edo beste erakunde batzuen artean, publikoak zein pribatuak. Era berean, planteatzen da kirol-jarduera sustatzea, laguntzen eta dirulaguntzen bitartez.

Espainiako Konstituzioak 43.3 artikuluan jasotako gizarte- eta ekonomia-politikaren printzipio gidarietan ezartzen du botere publikoek osasun-hezkuntza, gorputz-hezkuntza eta kirola sustatuko dituztela.

2020ko uztailaren 21ean Kontseilu Europarrak onartu zuen martxan jartzea Suspertzeko Europako Tresna, zeinaren garapenean Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2021/241 (EB) Erregelamendua eman baitzuten, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko otsailaren 12koa, NextGenerationEU funts berriarekin finantzatuko den Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzeko.

Kirolaren Konferentzia Sektorialak 2022ko maiatzaren 9ko bileran hartu zuen erabakiaren bidez baimentzen da autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek kudeatutako kredituak lurraldean banatzeari eta horiek banatzeko irizpideei buruzko proposamena. Kredituok Kirol Kontseilu Gorenaren 2022ko ekitaldiko aurrekontuaren kargurakoak dira, «Kirol Sektorearen Sustapena» 26. osagaiaren esparruan; 9.000.000,00 euro dira guztira, «Jarduera Fisikoaren Preskripzioa Digitalizatzeko Plana» gauzatzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan (SEEP).

Kirol Kontseilu Gorenaren Lehendakaritzaren 2022ko uztailaren 4ko Ebazpenaren bidez, Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko maiatzaren 9ko erabakia argitaratu zen, hizpide duena nola banatu lurraldeetan Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko 26. osagaiko (Kirol Sektorearen Sustapena) I1 inbertsioen (Kirol Sektorea Digitalizatzeko Plana) zenbait proiektu, 2022. urterako.

Erabaki horren arabera, eta funtsak banatzeko irizpideak aplikatuta, 253.386,13 euro da Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako zenbatekoa.

Nafarroako Gobernuak 2022ko otsailaren 16an hartu erabakiaren bidez, arauak onetsi ziren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako proiektuak kudeatu eta kontrolatzeko. Arau horien 3.4 apartatuak ezartzen duenez, "SEM proiektu bakoitzerako, kudeaketa-plan bat egin beharko da, non jaso beharko baitira proiektuari esleitutako helburuak lortzera bideratutako jarduerak garatzeko kudeaketa-esparrua definitzen duten elementu guztiak".

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak "Osasuntsu egoteko jarduera zein ariketa fisikoaren preskripzioa. Digitalizazioa eta prestakuntza" azpiproiektua kudeatzeko plana (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) barnean). Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena du.

"Osasuntsu egoteko jarduera zein ariketa fisikoaren preskripzioa. Digitalizazioa eta prestakuntza" SEM azpiproiektua garatuta inbertsioa bete den edo ez autonomia-erkidego bakoitzean aztertzeko adierazle objektiboen eta lortu beharreko helburuen artean, 1. helburu gisa dago jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko plan bat onestea autonomia-erkidegoan.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Foru Komunitatean osasuntsu egoteko jarduera zein ariketa fisikoaren preskripzio plan bat onestea, Nafarroako Kirolaren Institutuak sustatu eta garatua, Osasuntsu egoteko jarduera zein ariketa fisikoa sustatzeko, osasun-esparruarekin eta toki erakundeekin lankidetzan, Nafarroako herritarren artean bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko eta bizi-kalitate fisikoa, psikikoa nahiz soziala hobetzen laguntzeko.

Plan horretan, honako hauek deskribatzen dira: jarduera-esparrua, garapenaren bidez bete beharreko helburuak, ildo estrategikoak eta ekintza-arloak, plan horrek biltzen dituen ekintzak, 2023ko periodizazioa deskribatzen duen kronograma eta laburpen-taula bat, aukera ematen duena planaren ikuspegi globala eta laburtua izateko.

Adierazi behar da ezen "Osasuntsu egoteko jarduera zein ariketa fisikoaren preskripzioa. Digitalizazioa eta prestakuntza" SEM azpiproiektua nahiz Kultura eta Kiroleko kontseilariaren irailaren 5eko 56/2022 Foru Agindua, Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena 60 urte baino gehiagoko pertsonentzako jarduera fisikoaren programak eta osasuntsu egoteko jarduera zein ariketa fisikoaren preskripzio proiektuak susta ditzaten, 2022-2023 aldian, sartuta daudela jarduera nahiz ariketa fisikoaren preskripzio planean, zeina Nafarroako Kirolaren Institutuak sustatu eta garatu baitu Zahartze Aktibo eta Osasungarrirako Nafarroako Estrategiari (2017-2022) erantzuteko, 2022-2023 Ekintza Planaren barnean, 1. ardatzean (Bizitza aktibo eta osasungarriko proiektuak).

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean osasuntsu egoteko jarduera zein ariketa fisikoaren preskripzio plana onestea. Eranskinean dago jasota.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 8an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Nafarroako Foru Komunitatean osasuntsu egoteko jarduera zein ariketa fisikoaren preskripzio plana (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2307290