112. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

408E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, honako dirulaguntza honen deialdia onesten duena: "2023ko Hondakinen Funtseko dirulaguntza Nafarroako unibertsitateentzat. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxua". DDBN identifikazioa: 693195.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bidez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea. Halaber, zehazten du Nafarroako Gobernuak ezarriko dituela Hondakinen Funtsa kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak erregelamendu bidez. Tramite hori betetzat jo da Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretua argitaratzearekin batera.

2023ko Hondakinen Funtsak 5.230.512 euro ditu, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergatik heldu direnak, baita 62.579 euroko diru-sarrerak ere, zeinek jatorria baitute hondakinen arloko arau-hausteengatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dituen isunetan. Hortaz, guztirako zenbatekoa 5.293.091 eurokoa da. Diru-sarrera horiek kalkulatzeko, kontuan hartu da 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitarteko aldia, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.

2023ko Hondakinen Funtsa banatzeko, 2022ko urriaren 19an nahitaezko kontsulta egin zaie Hondakinen Partzuergoari eta Iruñerriko Mankomunitateari, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuak ezartzen duenarekin bat. Bi erakundeek iruzkinak egin dituzte ezarritako epealdiaren barruan.

49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak gauzatu ondoren, abenduaren 16an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 298E/2022 Foru Agindua onetsi zen, 2023ko Hondakinen Funtsaren banaketari buruzkoa, zeinean ezartzen baita 937.000 euro erabiliko direla eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxurako. Zenbateko hori zenbait jarduketaren artean banatuko da. Zehazki, 300.000 euro bideratuko dira Nafarroan egoitza duten unibertsitate ikastegietara, 2023. urtean zehar lan egin dezaten eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen aplikazio berrien gaineko ikerketan, garapenean eta berrikuntzan, eta dagoeneko halako materialak erabiltzen dituzten prozesu edo produktu industrialak edo eraikuntzakoak garatzeko. Hortaz, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea eta UHUNek Tuteran eta Iruñean dituen ikastegi elkartuak izanen dira funtsen hartzaileak.

Halaber, aurreko paragrafoan adierazitako helburu beretarako 2024. urtean zehar egiten diren jardueretarako 5.000 euro bideratuko dira, eta beste 5.000 euro 2025ean egiten direnetarako, behar den garaian onesten diren foru aginduekin bat.

Bestetik, 2023. urterako Nafarroako Aurrekontuei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legean, gastuen aurrekontuan, Hondakinen Funtsari dagozkion gastu-partidak aurreikusi dira, bat etorriz Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin. Eta, partida horien artean, honako hau dago, behar beste funts dituena aurreko paragrafoan aipatutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxuaren dirulaguntzarako: 740001 74100 4812 456200 Hondakinen Funtsa. Dirulaguntzak unibertsitateko fakultate eta ikastegietarako. Eta hurrengo aurrekontu-ekitaldietarako, baliokide diren aurrekontu partidak gaituko dira.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza hau emateko deialdia onestea: "2023ko Hondakinen Funtseko dirulaguntza Nafarroako unibertsitateentzat. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxua".

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

740001-74100-4812-456200: Hondakinen Funtsa. Dirulaguntzak unibertsitateko fakultate eta ikastegietarako

2023

300.000,00

740001-74100-4812-456200: Hondakinen Funtsa. Dirulaguntzak unibertsitateko fakultate eta ikastegietarako (1)

2024

5.000,00

740001-74100-4812-456200: Hondakinen Funtsa. Dirulaguntzak unibertsitateko fakultate eta ikastegietarako (1)

2025

5.000,00

(1) edo 2024ko eta 2025eko gastu aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida baliokidea, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago 2024an eta 2025ean.

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 8an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea nola eman dirulaguntza bat 2023an Nafarroako unibertsitateei, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxurako, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza honen helburua da laguntzea hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenesten eta hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat eta Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 310.000 eurokoa da, guztira, eta hurrengo atalean zehazten diren jarduketa-ildoen artean banatuko da.

2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

Dirulaguntzaren xede izanen dira gastu arrunten ekintzak (azterlanak edo proiektuak, ondasunen errentamendua, material suntsikorra, beste enpresa batzuek egindako lanak, publizitatea, jardunaldiak, liburuxkak, informazio kanpainak eta abar) edo kapital inbertsioak, baldin eta lotuta badaude eraikuntzako eraispeneko hondakinen eta hondeatutako material naturalen fluxuarekin. Deialdi honetan, diruz lagungarriak izanen dira eraikuntza hondakinen eta hondeatutako material naturalen arloan jarduketa berritzaileak garatzen dituzten proiektuak. Hauek dira ekintza diruz lagungarriak:

1. Kudeatzaile baimenduek (R5) aurretik tratatutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetarako eta hondeatutako material naturaletarako (II. eranskinean definitzen diren bezala) aplikazio berriak ikertzeko, garatzeko eta berritzeko ekintzak.

2. Material horiek dagoeneko erabiltzen diren prozesu edo produktu industrialak edo eraikuntzakoak garatzeko ekintzak, haien ekodiseinua, ingurumen aztarna edo bizi zikloa hobetu nahi dutenak.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen intentsitatea.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean eta moduan egiten badira.

2. Justifikatzen diren gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren gainean, erakunde onuradun bakoitzarentzako gehieneko laguntza 100.000 eurokoa izanen da. Atalen batean soberako krediturik baldin badago, atal horren onuradun izan direnen artean banatuko da, horietako bakoitzaren puntuazioan ezarritako ordenaren arabera eta aipatutako gehieneko laguntzarekin, diruz lagungarria den zenbatekora iritsi arte eta erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Hala ere soberako kreditua badago, beste atalekoen artean banatuko da.

3. Ekipamenduak alokatzea proiektuak irauten duen bitartean.

4. Gastu orokorrak eta zeharkako kostuak diruz laguntzen ahalko dira, proiektuaren guztirako aurrekontu diruz lagungarriaren %5 gehienez, justifikatu beharrik gabe.

5. Zuzenean proiektuan aritzen diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak), horretan aritzen diren neurrian eta denbora horretan. Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.

6. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko edo estatuko indarreko nahitaezko arauetara egokitzeko jarduketak.

c) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten diren obrak.

d) Degradatutako espazioak agregakin birziklatuekin leheneratzeko obrak.

e) Lurrak eskuratzeko eta industria nabeak eraikitzeko gastuak.

f) Agregakin birziklatuak eta hondeatutako material naturalak erabiltzen dituzten obra proiektuak izanik, Nafarroako Foru Komunitatean sortuak direla egiaztatzen ez bada.

g) BEZa edo beste zerga batzuk.

h) Finantza-gastuak.

i) Eskuratzen diren ekipamendu, patente eta bestelakoen amortizazio gastuak, dirulaguntza edo laguntza publikoren bat jaso badute.

j) Erabilera orokorreko gailu informatikoak: PCak, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...

k) Hasierako memorian zehaztu gabe dauden gastuak, dirulaguntzaren xederako ez direnak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

l) Azpiegituren alokairua.

m) Dietak eta mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak.

7. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua baino handiagoa.

4. oinarria.–Erakunde onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroan egoitza duten unibertsitate ikastegi hauek: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea eta UHUNek Iruñean eta Tuteran dituen ikastegi elkartuak.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskabide orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo apartatuan (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuta frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da, hurrengo hilabetean.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta dirulaguntza-eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, eta tramiteen katalogoko fitxan behar bezala iragarriko. Gune horietan, aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko nahitaezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskaera-inprimakia (I. eranskina).

b) Garatu beharreko proiektua, non argi eta garbi zehaztuko baitira egin beharreko lanak, memoria tekniko baten bidez. Memoria horretan, egin beharreko ekintzak zehaztuko dira, jarduketa lerroen arabera multzokatuak, eta horien diru zenbatekoak, 2. oinarriaren arabera.

c) Proiektuaren aurrekontu xehakatua.

d) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten hedapen neurriak.

6. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren bidez. Jasotako eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuko ditu atal horrek.

2. Eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta besterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskaerak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten administrazio espedienteak eta beharrezko dokumentazioa baloratuko dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badira edo behar den dokumentazioa ez badago, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusira igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Administrazioan edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntzarako eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da erakunde onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Hauek dira dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. Proiektuaren berrikuntza maila. Berrikuntza eskualde mailan (10 eta 15 puntu bitarte, berrikuntza txikia, ertaina edo handia den), nazio mailan (12 eta 17 puntu bitarte) edo nazioartean (15 eta 20 puntu bitarte).

2. Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gehienez ere 10 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan:

–Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

–Zereginen definizioa, egikaritzeko kronograma, esleitzen diren baliabideak.

3. Lan taldean doktoreak dituzten proiektuei 5 puntu emanen zaizkie.

4. Emakumeek ikertzaile taldean duten parte-hartzea baloratzeko, proiektuko ordu guztiekin alderatuta, emakumeek sartutako orduen portzentajea hartuko da kontuan, honako tarte hauen arabera:

EMAKUMEEN ORDUEN %/
PROIEKTUKO ORDU GUZTIAK

PUNTUAZIOA

≥ 25 eta < 35

1

≥ 35 eta < 50

3

≥ 50

5

5. Agregakin birziklatuaren (ikerketara bideratuak) edo hondeatutako material naturalen erabilera alternatiboak dituzten proiektuen eskaerak baloratzeko, gehienez ere 10 puntu emanen zaizkie irismen eta eragin zabalenak dituztenei, helburuei eta jarduketa eremuei dagokienez.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketarik bada, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 2 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Bi hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

Laguntza emateari buruzko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2. Dirulaguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, dirulaguntza ematen ahalko zaie aurrekontu-kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskaera batzuei, aurrekontuan behar adina diru egonez gero. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

10. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Finantzatzen diren proiektuak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira, eta gauzatzeko epea 2025eko abenduaren 31n bukatuko da. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.

11. oinarria.–Egindako gastu eta ordainketen justifikazioa.

Erakunde onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztuko dituzte diruz lagungarriak diren jarduketak bukatu ondoren. Aurkezteko azken eguna 2026ko martxoaren 31 izanen da. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako jarduketak deskribatzen dituen memoria; bertan, era berean, diruz lagundutako jarduketekin lortu nahi diren xedeen emaitzak baloratuko dira.

Eskaeran adierazitako hedapen neurrien betetze maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5. oinarriko 2. ataleko e letra). Neurri horien ordez, eskaeran proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.

b) Proiektuaren azken aurrekontua.

c) Aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen fakturak eta transferentzia.

Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa atal honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen egin beharko da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, erakunde onuradunak frogatzen ahalko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 2 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

d) Ziurtatzea egin diren ekintzek betetzen dutela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak ezartzen duena.

e) Gardentasun Legea betetzeko III. eranskina betetzea.

Dirulaguntza justifikatzen ez bada ezarritako baldintza guztiak betez, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak ezartzen duen moduan.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainduko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero. Zerbitzu horrek ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko du Ingurumen Zuzendaritza Nagusira, eta, horrekin batera, txosten bat, erakunde onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

13. oinarria.–Erakunde onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Oinarri arautzaileen 11. oinarriko a) atalean jasotako hedapen neurriak betetzeko (dirulaguntzaren publizitate aktiboa egitea), onuradunek Hondakinen Funtsaren logoa izan beharko dute oinarri arautzaile hauen bidez finantzatuko diren material guztietan. Azpimarratu behar da betebehar hori eskaera-orrian adierazi dituzten hedapen neurri guztien osagarria dela.

Logoa helbide honetan dago eskuragarri: https://oprec-navarra.com/fondo-de-residuos/

c) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga onartzea.

d) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

f) Ekipamendu-ondasunak edo higiezinak diruz lagunduz gero, horiek erakunde onuradunaren ondarean egon beharko dute gutxienez 5 urtez, salbu eta erakunde onuradunari egotzi ezin zaion suntsipena edo galera gertatzen bada. Hala ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

g) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa egitea.

2. Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru-kopuru horiek askatzen badira, jarduketa-ildo bereko erakunde onuradunei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, beren proiektuen zenbatekoa oso-osorik jaso ezin izan badute.

4. Erakunde eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

17. oinarria.–Gardentasuna, informazio publikorako sarbidea eta gobernu ona.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betetako aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan erakundearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten erakundeek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Erakundeak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatua, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, erakunde onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Erakundeak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Erakundeak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

I. eranskina.–Dirulaguntza-eskaera.

III. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Deskargatu doc formatuan (DOC).

II. ERANSKINA

Definizioak

Dirulaguntza hauen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira kontuan:

Agregakin birziklatua: Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak dira; R05 kudeaketa instalaziotik igaro ondoren, baldintza teknikoak, legeria eta obra batean produktu gisa erabiltzeko aplikatu beharreko arauak betetzen dituzte.

Hondeatutako material naturalak: Oinarri hauen ondorioetarako, eraikuntza edo eraispen obretan hondeatutako lur eta harri naturalak dira, baldin eta 9/2005 Errege Dekretuan konposatu organikoen kasuetarako, ezarritako beste erabilera batzuetako erreferentziako maila orokorrak gainditzen ez badituzte, ez eta metaletarako erreferentziako maila orokor horiei buruz Nafarroan egindako azterlanean lortutako mailak ere, eta betiere, kutsagarria izan daitekeen jarduketa bat kokaturik egon den tokietatik ez badatoz, 9/2005 Errege Dekretuan zehaztu bezala.

Iragarkiaren kodea: F2307288