112. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

142/2023 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez 2023-2024 ikasturterako deialdia onesten baita unibertsitateaz kanpoko irakasleen etengabeko prestakuntza planaren baitako hezkuntza berrikuntzako proiektuak egiteko ikastetxe publikoetan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak adierazten duenez, etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, baita hezkuntzako administrazioen eta ikastetxeen beren erantzukizuna ere. Era berean, ezartzen du hezkuntza administrazioei dagokiela berrikuntza programak sustatzea, irakaskuntzaren kalitatea eta zentroen funtzionamendua hobetzeko.

Legezko betebehar hori betez, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza berrikuntza sustatzeko jarduketak bultzatzen ditu, berrikuntza proiektuetarako deialdien bidez.

Bestetik, Europar Batasunak hezkuntzarako ezarritako erreferentzia markoak jasoa du Europako gazteek helduarorako prestatzeko funtsezko konpetentziak garatu behar dituztela. Europako zuzentarau hori betez, deialdi honek helburu nagusia du funtsezko konpetentzien curriculumaren garapenerako berrikuntza proiektuak bultzatzea, bai eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak hobetzea ere.

Horregatik, deialdi honek, gehienbat, laguntza ematea du helburu, hezkuntza berritzeko proiektuak ikastetxeen eguneroko jardunean sar daitezen. Proiektuek ikasleen beharrak aztertzeko esparrua osatzen dute, eta behar horien kausak eta konponbide proposamenak ezartzen dituzte; horretarako, abiapuntutzat hartzen dituzte teknologiaren, didaktikaren edo pedagogiaren arloetan izandako bilakaera, hobekuntza eta sormena. Helburua da, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak hobetuta, Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea handitzea. Aldi berean, sustatu beharreko alderdi bat izanen da proposamena gainerako ikastetxeetara eramateko modukoa izatea.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. 2023-2024 ikasturterako deialdia onestea unibertsitateaz kanpoko irakasleen etengabeko prestakuntza programako hezkuntza berrikuntzako proiektuak egiteko. Ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan ageri diren oinarriek arautuko dute deialdia.

2. Gehienez ere 75.000 euroko gastua baimentzea ikastetxe publikoetako hezkuntza berrikuntzako proiektuetarako. Gastu hori egotziko zaio, baldin kreditu egokia eta nahikoa badago, 2024ko gastu aurrekontuan gaitzen den eta 2023ko gastu aurrekontuko "Ikastetxe publikoetako prestakuntza programak eta hezkuntza berrikuntzako proiektuak" izeneko 420002 - 42100 - 2269 - 322004 partidaren baliokidea den aurrekontu partidari.

3. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzailetza delegatura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Prestakuntza eta Kalitate Atalera, Hezkuntzako Teknologiak Txertatu eta Ustiatzeko Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

Iruñean, 2023ko apirilaren 25ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

2023-2024 ikasturterako deialdia, irakasleen etengabeko prestakuntza planeko hezkuntza berrikuntzako proiektuak egiteko ikastetxe publikoetan. Oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da zenbait neurri arautzea, laguntza eta aitortza emateko Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan, araubide orokorrekoak edo araubide berezikoak izan, hezkuntza berrikuntzaren arloan gauzatzen diren proiektuei.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honen hartzaileak ikastetxe publikoak dira:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa).

c) Araubide bereziko ikastetxeak.

d) Hezkuntza bereziko ikastetxeak.

e) Helduen hezkuntzako ikastetxeak.

Deialdi honetan parte hartzeko, eskaera aurkezten denean eta proiektua egiten den bitartean, irakasleak jarduneko zerbitzuan egon behar du lehenago aipatutako ikastetxeetako batean.

Ahal dela, irakasleek taldean hartu beharko dute parte. Ikastetxe bereko irakasle taldeak zein ikastetxe ezberdinetako irakasleen artean osatutako taldeak aurkezten ahalko dira.

Zenbait kasu justifikatutan, irakasleek ez ezik irakasle ez diren ikastetxeko langileek ere har lezakete parte proiektuaren garapenean.

Hirugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.

Eskatzaileek berrikuntza proiektu bat aurkeztu beharko dute, baldintza hauek betetzen dituena:

a) Deialdi honetara aurkezten den proiektuak originala izan beharko du, ekonomikoki eta teknikoki bideragarria, eta hezkuntza jarduneko prozesuetako edo osagaietako bat kualitatiboki ukitu.

b) Proiektua jarduketa lerro hauetakoren batean garatuko da gehienbat:

–Ikasleek aktiboki eta lankidetzan ikastea sustatzen duten metodologiak ezartzea, erritmo, estilo eta premiei erantzuteko balio dutenak eta konpetentzien ikuspegi inklusibo batetik abiaturik.

–Hezkuntza-teknologiak irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan txertatzea.

–Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan espazioak eta denborak berrikustea.

–Hezkidetzarekiko konpromisoa eta kontzientzia kritikoa garatzea: genero berdintasuna, bizikidetza eta tratu ona, erantzukizuna eta justizia soziala, herritartasun globala, jasangarritasuna eta ingurumena.

–Eleaniztasuna sustatzea, Nafarroako berezko hizkuntzetatik abiaturik eta hizkuntzen tratamendu integratua erabiliz.

–Euskararen erabilera sustatzea ikasleen artean, alor guztietan euskaraz mintzatzeko: astialdia, aplikazioak, sare sozialak, etab.

c) Proiektuak koordinatzaile bat izan beharko du. Hark izanen du lantaldea koordinatzeko ardura, eta Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea izanen da. Arrazoi justifikatuengatik ordezten ahalko da; halakoetan, ikastetxeko zuzendaritzari dagokio Prestakuntza eta Kalitate Atalari horren berri ematea eta kide berriak izendatzea. Koordinatzaileak irakasle parte-hartzaileak inskribatuko ditu ikasturte hasieran horretarako ezarriko den epean. Behin epea bukaturik, ezin izanen da irakasle gehiago inskribatu. Ikasturtean zehar irakasleren bat ordezkatu behar izanez gero, koordinatzaileak horren berri eman beharko dio zuzendaritza taldeari eta Prestakuntza eta Kalitate Atalari, eta hark ontzat eman beharko du aldaketa.

d) Proiektuak ikastetxe bati atxikirik egonen dira beti, nahiz eta beste ikastetxe batzuek ere har dezaketen parte. Ikastetxe horri, hemendik aurrera, ikastetxe koordinatzailea deituko zaio. Proiektuaren koordinatzailearen destinoko ikastetxea hartuko da ikastetxe koordinatzailetzat.

e) Aurkeztutako proiektuak ikastetxe koordinatzailearen zuzendaritza taldearen aldeko txostena izanen du, proiektuak ikastetxearen hezkuntza jarduna hobetzeko ekarpena egiten duela adieraziz. Hartara, proiektua UPOan sartu beharko du. Zuzendaritza taldeak proiektu hori egitearen ardura hartzen du bere gain, nahiz eta proiektuko irakasleen artean aldaketak izan. Era berean, familiei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei aditzera emanen diela hitzematen du.

f) Ikastetxe bakoitzeko gehienez ere bi berrikuntza proiektu aurkezten ahalko dira, ezinbesteko baldintza izanik independenteak izatea. 800 ikasle baino gehiagoko ikastetxeek 3 proiektu aurkez ditzakete, gehienez.

g) Proiektuak idatzirik egon beharko du II. eranskineko 3. apartatuan aipatutako eskemari jarraikiz.

h) Kontuan hartuko da proiektuak adierazleak eta helmugak ezartzen dituen neurtzeko ea zer neurritan bete diren helburuak.

i) Proiektuek beren lan plana 2023-2024 ikasturtean garatu beharko dute eta amaitzeko epemuga 2024ko maiatzaren 31 izanen dute.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea eta epeak.

Proiektuaren koordinatzaileak eskabidea aurkeztuko du, honako dokumentazioarekin batera:

–Parte hartzeko eskaera, II. eranskinaren araberakoa, honako atalak beteta:

1. Koordinatzailearen datuak.

2. Ikastetxe koordinatzailearen datuak.

3. Proiektuaren datuak.

4. Deialdiaren baldintzak onartzen direla dioen adierazpena.

5. Ikastetxe koordinatzailearen zuzendaritzaren txostena.

Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdi honetan parte hartzeko, elektronikoki bete beharko da ebazpen honen II. eranskin gisa agertzen den eskabidea, Hezkuntza Departamentuaren webgunean dagoen inprimakiaren bidez (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/proyectos-de-innovacion). Inprimakia bete eta igorritakoan, eskatzaileak dagokion dokumentua jasoko du PDF formatuan, inprimakia betetzean adierazi duen helbide elektronikoan. Ondoren, dokumentazioa inprimatu, sinatu eta Hezkuntza Departamentuko erregistro orokorrean aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko erregistro orokor elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Eskabideak zuzenduko zaizkio Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza eta Kalitate Atalari.

Bosgarrena.–Hautapen batzordea.

Proiektuak batzorde batek hautatuko ditu, zeinak ondoko kide hauek izanen baititu:

–Prestakuntza eta Kalitate Ataleko burua, batzordeburu lanetan arituko dena.

–Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoko burua (idazkari lanetan ariko da).

–Prestakuntza Programen Bulegoko burua.

–Prestakuntza eta Kalitate Ataleko aholkularia.

–Hezkuntzako Teknologiak Txertatu eta Ustiatzeko Ataleko burua.

–Ebaluazio bulegoko burua.

Hautapen batzordeak berariazko aholkularitza eskatzen ahalko du proiektuak baloratzeko, haien gaia dela-eta egokitzat jotzen bada.

Seigarrena.–Hautapen prozesua.

Proiektuak aldez aurretik hautatuko dira, hezkuntza berrikuntzako irizpideak kontuan hartuta. Honela definitzen da hezkuntza berrikuntza: irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan horiek hobetu nahian aldaketa eragiten duten lan estrategiak planifikatu, bilatu eta txertatzea. Proiektuan argi azalduko da eduki berritzailea. Eduki berritzaileok, originalak izateaz gain, aldaketa planifikatu bat proposatuko dute, hobetu nahi denari buruzko ikerketak eta hezkuntza esperientziak bermatua; aldaketak alderdi hauek hartuko ditu kontuan: teknologia, didaktika, pedagogia, pertsonak eta prozesuak.

Lehenengo hautapenerako beharrezkoa bada, proiektuen koordinatzaileei eska dakieke edukiaren gaineko alderdiak argi ditzaten edo elkarrizketa bat izateko hitzordua emanen zaie.

Aurretik hautatutako proiektuak onesteko irizpide hauek erabiliko dira, ondoren ematen den baremoarekin batera:

a) Proiektua zenbateraino dagoen egokitua deialdi honetan proposatutako jarduketa-lerroei (gehienez 5 puntu).

b) Proiektuaren bitartez hobetu nahi den aspektu edo arazoaren azalpen argi eta zehatza. Testuinguruan jartzea (gehienez 5 puntu).

c) Helburuak argi definitzea: berariazkoak, neurgarriak, lortzeko modukoak eta garrantzitsuak. Askotariko eduki koherente eta garrantzitsuak (gehienez 10 puntu).

d) Ikasleek funtsezko konpetentziak garatzea. Proiektu honek konpetentzia horiek nola hobetuko dituen azaltzea (gehienez 10 puntu).

e) Metodologia. Ikaskuntza-prozesu aktiboak sustatzea (gehienez 10 puntu).

f) Proiektuaren planifikazioa: faseak eta tenporalizazioa (gehienez 10 puntu).

g) Proiektuaren originaltasuna: berrikuntza, ikastetxearen barnean; berrikuntza Nafarroari begira... (gehienez ere 10 puntu).

h) Ikasleen eta irakasle-taldeen parte-hartzea eta inplikazioa proiektuan. Talde kopurua eta etapak, parte hartzen duten irakasleen kopurua, diziplina anitzeko irakasleen taldeak izatea... (10 puntu gehienez).

i) Hezkuntza komunitateko beste kide batzuen parte-hartzea eta lankidetza: irakasle ez diren langileak, udalak, osasun etxeak, mankomunitateak, GKEak, beste ikastetxe batzuk, unibertsitateak... eta, bereziki, familiak (gehienez 10 puntu).

j) Gida edo material didaktikoak prestatzea, proiektua kopiatu eta errepikatzeko. Hedapena (10 puntu gehienez).

k) Ongi definitutako irizpideak eta proiektua ebaluatzeko prozesua. Proiektuan ezarritako helburuek haiei lotutako adierazleak, zenbatzeko modukoak, izan beharko dituzte (gehienez 10 puntu).

Guztira: 100 puntu.

Proiektuak, hautatua izateko, gutxienez 60 puntu lortu beharko ditu.

Prestakuntza eta Kalitate Atalak neurriak hartzen ahal ditu deialdi honetan hautatutako proiektuei aholkuak emateko eta behar bezalako jarraipena eta kontrola egiteko.

Zazpigarrena.–Deialdiaren ebazpena.

a) Hautapen batzordeak aurkezten diren proiektuak aztertuko ditu, eta onartutako proiektuen zerrenda eta horiek lortutako behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu Hezkuntza Departamentuaren webgunean (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/proyectos-de-innovacion). Eskaeretan akats formalik bada, berariaz adieraziko da inguruabar hori. Atzemandako akats horiek zuzentzen ahalko dira, zerrenda argitaratzen denetik bost egun naturaleko epean. Ikastetxe koordinatzaileak, epe horretan, alegazioak aurkezten ahalko ditu, edo berariazko ukoa.

b) Behin alegazioak aztertuta, hautapen batzordeak behin betiko zerrenda eginen du, Hezkuntza Departamentuko web orrian argitaratuko du (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/proyectos-de-innovacion) eta laguntza emateko proposamena igorriko dio organo eskudunari.

Zortzigarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

a) Aurrekontuan dagoen diruaren arabera, hautatzen diren proiektuek 1.500 euroko laguntza hartzen ahalko dute, gehienez ere, garapen gastuak ordaintzeko. Laguntzen zenbatekoa modu proportzionalean banatuko da proiektua onartua duten ikastetxeen artean (60 puntu gutxienez). Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

b) Gastu justifikagarritzat jotzen dira bidaiak eta dietak, prestakuntza ikastaroetara joatea, material bibliografikoa eskuratzea, beharrezko materialak erostea eta antzeko beste gastu arrunt batzuk, proiektua garatzeko beharrezkoak direnak. Gastu horiek memorian justifikatuko dira, dokumentu bidez betiere.

Proiektuan parte hartzen duten irakasleei ez zaie inola ere haborokinik ordainduko.

Bederatzigarrena.–Laguntzen ordainketa.

Erositako materialek edo baliabideek lotura zuzena izanen dute proiektua ikastetxean inplementatzearekin edo garatzearekin. Proiektuaren memorian justifikatuko da zergatik erosi diren materialak eta baliabideak eta nola erabili diren, hori eskatzen duen atalean.

Gastuak justifikatzeko faktura guztietan agertu beharko du ikastetxearen izena.

Fakturen datak izan behar du 2023ko irailaren 1aren eta 2024ko maiatzaren 10aren artekoa.

Fakturek eskaneatuta egon behar dute, eta ECOEDUCA aplikazioan sartuta.

Ondoren, IV. eranskina bete beharko da ("Fakturatzeko informazioa"), idazpenak, kontzeptuak eta zenbatekoak jasotzeko.

Fakturak aurkezteko epea bukatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Hamargarrena.–Parte hartzen duten irakasleen akreditazioa.

Hautatutako berrikuntza proiektuetan parte hartzen duten irakasleek egiaztagiri bat jasotzen ahalko dute, 2023-2024 ikasturtean berrikuntza proiektuan parte hartu izanarena (gutxienez 8 ordukoa eta gehienez 35ekoa), egindako lanaren aintzatespen gisa. Proiektuaren koordinatzaileak ere izanen du berrikuntza proiektuan aritu izanaren aintzatespena, kasu honetan gehienez 50 ordukoa.

Hamaikagarrena.–Ikasturte bukaerako memoria.

Koordinatzaileak 2024ko maiatzaren 31 baino lehen igorriko du ikasturte bukaerako memoriaren kopia bat (III. eranskina) formatu elektronikoan Prestakuntza eta Kalitate Atalera, eta, horretarako diseinatutako inprimakia erabiliko du, webgune honetan dagoena: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/convocatoria-proyectos-de-innovacion

Memoriari atxiki beharko dio fakturazio datuak dauzkan IV. eranskina.

Memoriak atal hauek izanen ditu:

1. Proiektuaren izenburua.

2. Proiektuaren koordinatzailea.

3. Parte hartzen duten irakasleen zerrenda.

4. Proiektuaren garapenaren laburpena.

5. Helburuen betetze-maila.

6. Jardueren eta erabili diren baliabideen jarraipena.

7. Proiektuaren eragina:

a) Irakasleengan.

b) Ikasleengan.

c) Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.

8. Izandako gastuen zerrenda.

9. Proiektuaren balorazioa eta hobekuntza alorren proposamena.

10. Erabilitako materialak edo horietarako esteka.

Hamabigarrena.–Proiektuaren argitalpena eta hedapena.

Hezkuntza Departamentuak hautatu diren lanak jendaurrean jartzen ahalko ditu, osorik edo zati bat. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela.

Deialdian parte hartzeak haren oinarriak onartzea dakar berekin, bai eta edozein argitalpen egiteko behar diren eskubideak lagatzea ere.

II. ERANSKINA

IKASTETXE PUBLIKOETAN HEZKUNTZA BERRIKUNTZAKO PROIEKTUAK EGITEKO DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEAREN EREDUA

Eskaera Hezkuntza Departamentuaren webgunean dagoen inprimakia erabiliz bete behar da (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/proyectos-de-innovacion). Inprimakia bete eta igorritakoan, eskatzaileak dagokion dokumentua jasoko du PDF formatuan, inprimakia betetzean adierazi duen helbide elektronikoan.

1.–Koordinatzailearen datuak:

–Izen-deiturak:

–IFZ:

–Helbide elektronikoa:

2.–Ikastetxearen datuak:

–Ikastetxearen izena:

–Herria:

–Ikastetxeko zuzendaritzaren helbide elektronikoa:

–Ikastetxeko telefonoa:

3.–Proiektua:

a) Proiektuaren izenburua:

b) Gako-hitzak (3tik 5era bitarte):

c) Proiektuaren deskribapen laburra (30-40 hitz):

d) Hezkuntzako zein etapari/etapei zuzenduta dagoen:

e) Atzemandako arazoak edo aldaketa beharrak, proiektua planteatzea ekarri dutenak:

f) Proiektu honen bidez erdietsi nahi diren konponbideak edo hobekuntzak. Zergatik da berritzailea?

g) Proiektua lehengo baten jarraipena al da? Edo beste ikastetxe batetik ekarri da? Hala bada, zein dira proposatutako aldaketak? Zein da eduki berritzailea?

h) Proiektua zer neurritan egokitzen zaien deialdi honetan proposatutako jarduketa-lerroei:

i) Helburuak: berariazkoak, neurgarriak, lortzeko modukoak, garrantzitsuak eta denboran mugatuak:

j) Edukiak eta jarduerak:

k) Ikasleek hobetzea nahi diren funtsezko konpetentziak. Azaldu proiektuak nola hobetuko dituen konpetentzia horiek:

l) Metodologia. Azaldu zer proposamen metodologiko erabiliko den eta zergatik hautatu diren proiektu honen testuinguruan:

m) Faseak eta tenporalizazioa. Jardueren, arduradunen eta baliabideen egutegia:

n) Prestatu beharreko materialak. Proiektuaren zabalkundea. Zer material sortzea aurreikusi da? Nola zabalduko da proiektua?

o) Proiektuarekin loturiko curriculumeko arlo edo moduluak:

p) Parte hartzen duten irakasleak (izen-deiturak, profilak). Zertan parte hartuko duten eta parte-hartze hori nola justifikatzen den proiektuan:

q) Ikasleen parte-hartzea eta inplikazioa (ikastaldeak, etapak…). Parte-hartzearen azalpena:

r) Hezkuntza komunitateko beste eragile batzuen parte-hartzea: familiak, irakasle ez diren langileak, udalak... Parte-hartzearen azalpena:

s) Proiektua ebaluatzeko irizpideak. Aipatutako helburu bakoitzean zer adierazle erabiliko den ezartzea. Adierazle horiek kuantifikatzeko modukoak izanen dira:

t) Aurrekontu justifikatua. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

u) Eranskinak:

4.–Deialdiaren baldintzak onartzen direla dioen adierazpena:

......................................................... jaunak/andreak, NANa ..................... duenak, ........................................ berrikuntza proiektuaren koordinatzaile arduraduna den aldetik, aditzera ematen du aipatu proiektua argitaratzeko eskubideen jabe dela eta Nafarroako Gobernuari argitaratzeko baimena ematen diola.

.....................................................(a)n, 2023ko ..................................................aren ..........(e)(a)n

Koordinatzailea

Sinatua:

5.–Zuzendaritzaren txostena.

...................................... jaunak /andreak, ............................................. ikastetxeko zuzendariak, aldeko txostena eman du honako berrikuntza proiektu hau aurkezteko ikastetxeek hezkuntza berrikuntzako proiektuak egiteko 2023-2024 ikasturteko deialdian: ......................................................................................................................................................... Izan ere, proiektu horrek ikastetxearen hezkuntza jarduera hobetzen laguntzen duela uste du.

.....................................................(a)n, 2023ko ..................................................aren ..........(e)(a)n

Ikastetxeko zuzendaria

Sinatua:

III. ERANSKINA

AZKEN MEMORIAREN EREDUA

Memoriek honako atal hauek izan beharko dituzte:

1. Proiektuaren izenburua.

2. Proiektuaren koordinatzailea.

3. Proiektuaren garapenaren laburpena.

4. Helburuen betetze-maila.

5. Jardueren eta erabili diren baliabideen jarraipena.

6. Proiektuaren eragina:

a) Irakasleengan.

b) Ikasleengan.

c) Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.

7. Egindako gastuen justifikazioa.

8. Proiektuaren balorazioa eta hobekuntza alorren proposamena.

9. Eranskinak

a) Parte hartzen duten irakasleen zerrenda.

b) Erabilitako materialak edo horietarako esteka.

c) Ebazpen honen IV. eranskina (Fakturatzeko informazioa)

IV. ERANSKINA

FAKTURATZEKO INFORMAZIOA

Ikastetxea:

Proiektuaren izena:

Koordinatzailea:

ECOEDUCA IDAZPENA

KONTZEPTUA

FAKTURAREN
ZENBATEKOA,
GUZTIRA

PROIEKTUARI EGOZTEN ZAION ZENBATEKOA

Iragarkiaren kodea: F2306880