104. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Udal ordenantza, Teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidezko autokontsumorako instalazioak arautzen dituena. Onespena

Faltzesko Udalak, 2022ko abenduaren 7an eginiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidezko autokontsumorako instalazioak arautzen dituen udal ordenantza berria.

Iragarkiak Udalaren iragarki oholean eta 2022ko abenduaren 27ko 259. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, espedientea jendaurrean egon zen legez ezarritako epean, eta inork ez zuen erreklamaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, behin betiko onetsi ondoren, udal ordenantza berriaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzen da, indarrean sartu eta aplikatzeko.

Faltzesen, 2023ko apirilaren 27an.–Alkate udalburua, Sara Fernández Allo.

TEKNOLOGIA FOTOVOLTAIKOAREN ETA TERMIKOAREN BIDEZKO AUTOKONTSUMORAKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Faltzesko Udalak konpromisoa hartu du bai emisioak murrizteko (Europako Kontseiluaren 2014ko urriko ondorioetan jasoak) eta bai jasangarritasuna eta ingurumena hobetzeko, eta erabat beharrezkotzat jotzen du ordenantza bat egitea tokiko autokontsumo instalazioak arautzeko. Horrela, instalazio horiek errazago eta sinpleago egin ahal izanen dira udalerrian, eta, aldi berean, gaur egun behar-beharrezkoak diren energia berriztagarrien erabilera ahalbidetu beharko da.

Ingurumenarekiko konpromisoa eta energia pobreziaren aurkako borroka dira ordenantza horren abiapuntuak, baina kontuan hartu behar da autokontsumorako instalazioak ezartzeko gutxieneko baldintza batzuk ezarri behar direla, udalerriko hirigunea instalazio berriekin bateratzeko.

Faltzesko alde zaharra da gehien eragin daitekeen eremua, eta gaur egun dituen baldintza estetikoei kalte egiten die. Hala ere, Faltzesko Udalak lehentasunezkotzat jotzen du herritarrei instalazio horiek jartzeko aukera ematea, instalazio horiek inpaktu bisuala eta murrizketa estetikoa eragin baitiezaiekete, eta, hartara, eremu horretako bizitegi eraikinen okupazioa hobetu baitezakete. Izan ere, hori beharrezkoa da gaur egun.

I. TITULUA

Xedea, esparrua eta definizioak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Udalak instalazioak ezartzeko eginen duen esku hartzerako, autokontsumorako eguzki energia hartu eta aprobetxatzeko, teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bitartez, egungo eraikinetan edo berrietan.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua Faltzesko Udal Planean hiri lurzoru gisa sailkatutako lurzoruaren barruan dauden edo eraiki berriak diren eraikinetan dauden eta teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez autokontsumorako eguzki energia hartu eta aprobetxatzen duten instalazioei dagokie.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki panelak edo plakak:

Teknologia fotovoltaikoaren edo termikoaren bidez autokontsumorako eguzki energia hartu eta aprobetxatzeko instalazioak osatzen dituzten elementuak. Instalazioak bi motatakoak izaten ahalko dira:

Eguzki instalazio fotovoltaikoak: eguzki erradiazioaren energia aprobetxatzen dute energia elektrikoa sortzeko.

Eguzki instalazio termikoak: eguzki erradiazioaren energia aprobetxatzen dute fluido bat berotzeko. Instalazio horiek ur bero sanitarioa lortzeko eta guneak girotzeko erabiliko dira.

Ordenantza honetan deskribatzen den "eguzki panelak edo plakak" izena teknologia fotovoltaikoari eta termikoari dagokie.

Autokontsumoa: kontsumitzaile batek edo batzuek kontsumitzea kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazio batzuetatik datorren energia elektrikoa (244/2019 Errege Dekretuaren 3. artikulua).

Instalazio isolatua: inoiz ez duena ahalmen fisikorik garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa izateko, ez zuzenean, ez zeharka, norberaren edo besteren instalazio baten bidez. Saretik etengailuen edo gailu baliokideen bitartez deskonektatutako instalazioak ez dira isolatutzat hartuko errege dekretu honen aplikazioak ondorioak izan ditzan (244/2019 Errege Dekretuaren 3. artikulua).

Sarera konektatutako instalazioa: kontsumitzaile baten sarearen barnean konektatutako sorkuntza instalazio bat, kontsumitzaile batekin sarera konektatzeko azpiegiturak partekatzen dituena edo kontsumitzaile horrekin zuzeneko linea baten bidez lotuta dagoena eta garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa duena edo eduki dezakeena noiz edo noiz. Garraio sarera edo banaketa sarera zuzenean lotuta dagoena ere sarera konektatutako generazio instalaziotzat hartuko da (244/2019 Errege Dekretuaren 3. artikulua).

Autokontsumoarekiko hornikuntza modalitatea, soberakinik gabe: Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 9.1.a) artikuluan zehaztutako modalitateei dagokie. Modalitate horietan, energia soberakina garraio edo banaketa sarera injektatzea eragotziko duen isurketen aurkako mekanismoa instalatu beharko da. Kasu horretan, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 6. artikuluan aurreikusitako subjektu mota bakarra egonen da, subjektu kontsumitzailea izanen dena (244/2019 Errege Dekretuaren 4. artikulua).

Autokontsumoarekiko hornikuntza modalitatea, soberakinekin: Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 9.1.b) artikuluan zehaztutako modalitateei dagokie. Modalitate horietan, kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazioek autokontsumorako energia hornitzeaz gain, soberako energia sartzen ahalko dute garraio eta banaketa sareetan. Kasu horietan, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 6. artikuluan aurreikusitako subjektuetatik bi izanen dira subjektu kontsumitzaileak eta ekoizleak (244/2019 Errege Dekretuaren 4. artikulua).

Instalatutako potentzia: Instalazio fotovoltaikoak izan ezik, ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren 3. artikuluan eta hamaikagarren xedapen gehigarrian zehaztutakoa izanen da.

Instalazio fotovoltaikoen kasuan, instalatutako potentzia inbertsorearen potentzia maximoa izanen da, edo, hala badagokio, inbertsoreen potentzia maximoen batura (244/2019 Errege Dekretuaren 3. artikulua).

Barneko sarea: Instalazio elektrikoa, banaketa edo garraio sarekoa ez den instalazio hartzaile bati zerbitzua emateko behar diren eroalez, tresneriaz eta ekipoez osatua (244/2019 Errege Dekretuaren 3. artikulua).

II. TITULUA

Administrazioaren esku hartzea

4. artikulua. Administrazioaren esku hartzearen araubidea.

Eraikuntzen eta aparkatzeko pergolen gainean autokontsumorako eguzki energiaren aprobetxamendurako instalazioak pergolak egiteko prozedura, potentzia mugarik gabe, erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotuta egonen da, apirilaren 22ko 4/2021 Foru Legeak aldatutako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 192. artikuluan ezarritakoaren arabera.

192. artikuluan ezarritakoaren arabera, erantzukizunpeko adierazpenaren araubidetik kanpo geratzen dira eraikuntzetan autokontsumorako eguzki energia aprobetxatzeko instalazioak:

–Kultura intereseko edo katalogaturiko ondasun gisa deklaraturiko eraikinetan eginak direnak; halakoetan, foru lege honen 62.7.c) artikuluak jasotakoa izanen da aplikatzekoa.

–Eraikinaren zimenduei edo egiturari eragiten dietenak.

–Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa behar dutenak, aplikatzekoa den ingurumen araubidearen arabera.

5. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren aurkezpena eta ondorioak.

Instalazioa egin aurretik, dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da Udalean. Adierazpen horretan, dokumentazio hau barne hartuko da, gutxienez:

a) Udalaren eredu edo eskabide normalizatuaren araberako erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek gutxienez jasoko dituena: pertsona edo erakunde sustatzailearen eta eraikuntzako gainerako agenteen nortasunaren egiaztapena, instalazioaren kokalekua, higiezinaren katastro erreferentzia eta higiezinaren tipologia (familia bakarreko etxea, familia anitzeko etxea, pabiloi industriala...), egikaritze materialaren aurrekontua eta instalazioaren potentzia nominala.

b) Instalazioak diseinatzeko proiektu teknikoa edo memoria teknikoa, aplikatzekoa den araudi teknikoak eskatzen duena, instalazio mota zehatzaren arabera.

c) Instalazioaren aurrekontu xehatua. Aurkeztutako egikaritza materialaren aurrekontua eraikuntzen eta obren gaineko zerga (EIOZ) kalkulatzeko zerga oinarria izanen da.

d) Teknikari eskudunak emandako ziurtagiria, egitura eramailearen eta eraikinaren egungo estalkiaren estaldura elementuen egonkortasuna eta erresistentzia ziurtatzen dituena, eta proiektatutako instalazioaren karga berriak estalkiak (egitura eta estaldura elementuak) jasaten dituela ziurtatzen duena.

e) Obra hasteko aurreikusitako data eta hondakin hustuketarekin (baldin eta sortzen badira), lotutako neurriak adieraztea.

f) Instalazioak egikaritu aurretik beharrezkoa izanen den beste edozein baimen (funtsezkoa edo sektoriala).

g) Bide publikoa okupatzeko eskaera, behar izanez gero, Udalaren beraren eredu edo eskaera normalizatuaren arabera.

Erantzukizunpeko adierazpenak ahalmena emanen dio jardueraren titularrari nahi duen eta eskabidean adierazi duen hirigintza jarduketa egiteko, baldin horretarako beharrezkoa eta ezinbestekoa den dokumentazioa erantsita badu, betiere ukatu gabe behar diren egiaztapen, kontrol eta ikuskatze ahalmenak.

Udal administrazioak atzematen badu egindako aurretiazko komunikazioak gabeziak dituela, aurreko manuetan ezarritako baldintzaren bat ez delako betetzen edo zehaztugabea delako, edo informazioa zehaztugabea bada komunikatutako egintzaren legezkotasuna baloratzeko, sustatzaileari eskatuko zaio egoera hori zuzen dezan.

Jardueraren titularrak, egoki juzgatzen badu, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu aurretik egiaztatzen ahalko du jarduera bideragarria den hirigintzaren aldetik, horretarako hirigintzako kontsulta eginez.

Baldin erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aurkezten ez bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez da eskaerako hirigintza jarduketa hasten ahalko, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izan daitekeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

Erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez ez dira eskuratuko legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren ahalmenak.

Erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintzako planeamenduaren aurkako erantzukizunpeko adierazpenak, baldin eraginkorrak izateko oinarrizko baldintzak biltzen ez badituzte.

Erantzukizunpeko adierazpena behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, ondorio guztietarako joko da lizentziarik gabeko jarduketatzat, eta lizentziarik gabeko obren eta erabileren lege babes eta zehapen araubide bera aplikatuko zaie.

Erantzukizunpeko adierazpenak baimena ematen du deskribatutako lanak egiteko, soil-soilik, jabetza eskubidea salbuetsita eta hirugarrenei kalterik egin gabe. Aldaketak egiteko asmoa izanez gero, Udalari jakinarazi beharko zaio, erantzukizunpeko adierazpen osagarri baten bidez.

6. artikulua. EIOZ behar duten egintzak.

Teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez autokontsumorako eguzki energia hartzeko eta aprobetxatzeko instalazioak eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergari lotuta daude, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta 2/1995 Foru Legea aldatzen duen martxoaren 12ko 10/2013 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

7. artikulua. Autokontsumo instalazioen erregistro administratiboan inskribatzea.

Energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioei alta eman beharko zaie Nafarroako Gobernuko energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioen Erregistro Administratiboan.

8. artikulua. Enpresa instalatzaileak eta teknikari tituludunak.

Autokontsumorako instalazioak diseinatzeko memoria teknikoak enpresa instalatzaile baimenduek edo teknikari tituludun eskudunek egin beharko dituzte.

Indarrean dagoen araudiaren arabera autokontsumorako instalazioen proiektu teknikoak teknikari tituludun eskudunek egin beharko dituzte.

9. artikulua. Epeak.

Obrak sei hilabeteko epean hasi beharko dira, erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denetik, eta hasten direnetik hamabi hilabeteko epean bukatu beharko dira; beharrezkoa izanez gero, luzapena eskatzen ahalko da.

Eraikuntza, instalazio eta obrak bukatu ondoren, erantzukizunpeko adierazpenaren titularrak Udalari jakinaraziko dio hiru hilabeteko epean.

10. artikulua. Autokontsumorako instalazioak eraikin katalogatuetan.

Faltzesko Udal Planeko Ondasun Higiezinen Katalogoko eraikinetan dauden eta teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez autokontsumorako eguzki energia hartu eta aprobetxatzen duten instalazioei aldeko txostena eman beharko zaie, edo, hala badagokio, aplikatu beharreko babes erregimena kudeatzeko organo eskudunak baimendu beharko ditu, haren araudiaren arabera; beraz, kasu horietan, Faltzesko Udalak dagokion nahitaezko txosten eskatuko dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari.

Instalazio horiek ez dira erantzukizunpeko adierazpenaren araubidean sartuko, apirilaren 22ko 4/2021 Foru Legeak aldatutako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 192. artikuluan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua. Eguzki panelak edo plakak jartzeko baldintzak.

1. Hiri lurzoru finkatuaren barruko instalazioak.

Faltzesko Udal Planean hiri lurzoru finkatu gisa sailkatutako lurzoruaren barruan dauden edo eraiki berriak diren eraikinetan dauden eta teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez autokontsumorako eguzki energia hartu eta aprobetxatzen duten instalazioek, lehenik eta behin, Faltzesko Udal Planean ezarritakoa bete beharko dute, Hirigintzako Araudi Partikularraren Fitxetako zehaztapenen eta jarduketa eremu asistematiko zehatzaren arabera, aplikagarriak diren gainerako eraikuntza ordenantzekin bat.

Udal Planean ezarritakoaren arabera instalazioak jartzen ahal badira, instalazio horiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Estalki inklinatuak.

Faltzesko Udal Planean hiri lurzoru finkatu gisa sailkatutako lurzoruaren barruan dauden eta eraiki berriak diren eraikinen estalki inklinatuetan eguzki panelak jartzea baimenduko da, baldintza hauekin:

Panelak estalkiaren isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta, eta estalkiaren puntu batean ere ezin dira estalkiaren isurkiaren goiko aldetik 30 zentimetro baino gehiago irten.

–Panel guztiak multzokatuta jarriko dira, eta, gehienez ere, jarriko diren eraikinaren estalki inklinatuaren %70 okupatuko dute.

–Panel guztiek 0,50 metroko tartea utzi beharko dute, gutxienez, estalkiaren isurkiaren fatxadaren kanpoko aldetik, eta 0,50 metrokoa, berriz, jarduketa estalkiaren isurkien eta inguruko partzela edo eraikinen arteko jabetza mugatik. Neurri horiek benetan hartuko dira.

Estalki inklinatuetan ez da inolako elementu osagarririk instalatzen ahalko, ez eta horietan ikusgai geratzen ahalko ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, inbertsoreak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, eraikinaren barruan.

Aurreko apartaturen bat betetzeko ezintasun teknikoaren bat justifikatzen bada, salbuespenez ematen ahalko da baimena, baldin eta bista horien eragina minimizatzeko neurriak badaude eta Udalak bere oniritzia ematen badu.

B) Estalki lauak.

Faltzesko Udal Planean hiri lurzoru finkatu gisa sailkatutako lurzoruaren barruan dauden eta eraiki berriak diren eraikinen estalki lauetan eguzki panelak jartzea baimenduko da, baldintza hauekin:

–Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira; kareletan ezkutatuta egon beharko dute, eta karelen goreneko altueratik behera betiere. Estalki laua –eta, ondorioz, instalazioa– osorik edo zati batean ikusteko aukera ematen duten beste elementu batzuk badaude (barandak, beirak, etab.), ez dira instalatzen ahalko aipatutako kokalekuan, salbu eta instalazioarekin batera bista horiek eragozteko neurriak proiektatzen badira eta Udalak bere oniritzia ematen badu. Karelaren gehieneko altuera 120 cm-koa izanen da, estalki lauaren barruko zoladuratik neurtuta.

–Panel guztiak multzokatuta jarriko dira, eta gehienez ere eraikinaren estalki lauaren %70 okupatuko dute.

–Estalki lauetan ez da inolako elementu osagarririk instalatzen ahalko, ez eta horietan ikusgai geratzen ahalko ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, inbertsoreak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, eraikinaren barruan.

Aurreko apartaturen bat betetzeko ezintasun teknikoaren bat justifikatzen bada, salbuespenez ematen ahalko da baimena, baldin eta bista horien eragina minimizatzeko neurriak badaude eta Udalak bere oniritzia ematen badu.

C) Fatxadak.

Faltzesko Udal Planean hiri lurzoru finkatu gisa sailkatutako lurzoruaren barruan dauden eraikinetan, ezin da eguzki panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

Faltzesko Udal Planean hiri lurzoru finkatu gisa sailkatutako lurzoruaren barruan dauden eraikin berrietan baimentzen da fatxadetan eguzki panelak jartzea, baldintza hauekin:

–Panel guztiak fatxada planoan integratuko dira, fatxadatik irten gabe.

–Jarraitutasuna, konposizioa, soiltasuna eta batasuna dira fatxadetan eguzki panelak paratzeko irizpide nagusiak. Panelek altxaeraren azaleraren %30 hartuko dute gehienez.

–Fatxadetan ez da inolako elementu osagarririk instalatzen ahalko, ez eta horietan ikusgai geratzen ahalko ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, inbertsoreak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, eraikinaren barruan.

2. Finkatu gabeko hiri lurzoruaren barruko instalazioak.

Faltzesko Udal Planean finkatu gabeko hiri lurzoru gisa sailkatutako lurzoruaren barruan dauden edo eraiki berriak diren eraikinetan dauden eta teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez autokontsumorako eguzki energia hartu eta aprobetxatzen duten instalazioek, lehenik eta behin, Faltzesko Udal Planean ezarritakoa bete beharko dute, Hirigintzako Araudi Partikularraren Fitxetako zehaztapenen eta egikaritze unitate zehatzaren arabera, aplikagarriak diren gainerako eraikuntza ordenantzekin bat.

Udal Planean ezarritakoaren arabera, instalazioak jartzen ahal badira, Faltzesko Udal Planean hiri lurzoru finkatu gisa sailkatutako lurzoruaren barruan dauden edo eraiki berriak diren eraikinei begira 11.1. atalean deskribatutako instalazio baldintza berak bete beharko dituzte.

III. TITULUA

Bestelako xedapen orokorrak

12. artikulua. Ikuskapena.

Faltzesko Udalak bere udalerriko eguzki panelen instalazioen funtzionamendu ona zainduko du, eta ikuskapenak egin edo dokumentuak eskatzen ahalko ditu, bermatzeko instalazioak egoera onean daudela eta ongi funtzionatzen dutela.

13. artikulua. Diziplina eta ikuskapen araubidea.

Faltzesko Udalak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den sektoreko araudian jasotakoaren arabera, eguzki panelen instalazioen hirigintza ikuskapena egin ahal izanen du, aplikagarri zaion hirigintzako legedia betetzen dela egiaztatzeko, eta, halakorik ezean, hautsitako ordena lehengoratzea eta dagokion zehapen araubidea aplikatzea erabaki.

Iragarkiaren kodea: L2306668