104. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXALAR

Autotaxien zerbitzu publikoaren erregelamendua. Behin betiko onespena

Etxalarko Udalak, 2023ko otsailaren 9an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxalarko Udalaren autotaxien zerbitzu publikoaren erregelamendua.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 7an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Etxalarren, 2023ko maiatzaren 4an.–Alkatea, Miguel María Irigoien Sanzberro.

ETXALARKO UDALAREN AUTOTAXIEN ZERBITZU PUBLIKOAREN ERREGELAMENDUA

ATARIKO XEDAPENAK

1. artikulua. Indarrean dauden xedapenek ematen dizkioten eskudantziak baliatuz, Etxalarko Udalak bidaiariak alokairuko automobil arinetan, taximetrorik gabe, garraiatzeko zerbitzua antolatzen du, bat etorriz erregelamendu honetako aginduekin, Zirkulazio Kodearekin, martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretuarekin (haren bidez onetsi zen Ibilgailu arinen bidezko hiriko eta hiriarteko garraio zerbitzuen erregelamendu nazionala) eta erregelamendu horrekin bat heldu diren gainerako xedapenekin eta etorkizunean aplikatzen ahal zaizkionekin.

I. KAPITULUA

Erregelamenduaren xedea

2. artikulua. Erregelamendu honen xedea da gidaria duten alokairuko ibilgailu arinetan bidaiariak garraiatzeko zerbitzua oro har arautzea, Etxalarko Udalaren mugartean.

Autotaxien arloan, zerbitzuaren antolaketa eta antolamendua Etxalarko Udalari dagozkio, aldez aurretik arlo honetako lanbide elkarteei entzunaldia emanda.

3. artikulua. Autotaxi esaten zaio taximetro kontagailurik gabeko turismo-ibilgailuari.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak, haien jabetza eta zerbitzua emateko baldintzak

1. ATALA

Autotaxi ibilgailuak

4. artikulua. Ibilgailu guztiek balio izanen dute alokairuko zerbitzu publikorako, baldin eta potentzia, segurtasun eta itxura aldetik erregelamenduzko baldintzak betetzen badituzte, eta zerbitzua egiteko Udalaren baimena badute.

Ibilgailu horiek karrozeria itxia izan beharko dute, baita sarrera errazeko ateak ere. Ate horietan, gibelaldean, lehiatilak izan beharko dituzte, behar beste, ahalik eta ikuspen, argitasun eta aireztapen handiena lortzeko, beira garden eta ezpaldu ezinezkoez hornituak.

Ibilgailuen barrenean behar den argi elektrikoa paratu beharko da.

Su-itzalgailu bat ere izan beharko dute.

Ateek beti modu onean egon beharko dute, ibilgailuan aise sartu eta atera ahal izateko, eta beren leihoetako kristalak mugiarazteko behar den mekanismoa eduki beharko dute.

5. artikulua. Autotaxi ibilgailuek 9 HP baino potentzia handiagoa izan behar dute, eta benetako edukiera Industria Ordezkaritzak mota bakoitzerako ezarritakoa izanen da, baina ibilgailuaren edukiera ez da inola ere 5 plaza baino txikiagoa izanen, ezta 9 baino handiagoa ere, gidariarena barne.

Ez da baimenik emanen zerbitzuan bost urte baino gehiago daramatzaten ibilgailuak zerbitzuan jartzeko, eta ibilgailu horietako batek ere ezin izanen du zirkulatu alkatearen baimenik gabe.

6. artikulua. Autotaxiek plaka bat eraman beharko dute karrozeriaren aurrealdean zein atzealdean, «S.P.» letrak dituena, eta matrikula urdina izanen dute. Atzealdeko kristalean "Etxalar" hitza jarriko du.

7. artikulua. Ibilgailuek, beren barrenean, plaka bat eraman beharko dute, eta hartan matrikula, lizentziaren zenbakia eta jarleku erabilgarrien kopurua paratuko dira; eta horretaz gain, behar bezala homologatutako su-itzalgailu bat ere izan beharko dute.

Ibilgailuetan honako agiri hauek eduki beharko dira:

1.–Ibilgailuari dagozkion agiriak:

–Lizentzia.

–Plaka, ibilgailuaren udal-lizentziaren zenbakia eta plaza kopurua adierazita.

–Ibilgailuaren zirkulazio baimena.

–Aseguru poliza, indarduna.

2.–Gidariari dagozkion agiriak:

–Zirkulazio Kodeak eskatzen duen gidabaimen mota, erakunde eskudunak emana.

–Udalaren gidabaimena.

3.–Zerbitzuari dagozkion agiriak:

–Erreklamazio liburua.

–Erregelamendu honen ale bat.

–Osasun etxe, anbulantzia, ospitale, suhiltzaile eta gainerako larrialdi zerbitzuen helbideak eta kokalekuak.

–Herriaren planoa eta kale-izendegia.

–Toki erakundeak baimendutako ordainagirien taloitegiak.

–Indarrean dauden tarifen ale ofiziala.

4.–Indarra duen legeriak eskatzen dituen agiri guztiak.

8. artikulua. Ibilgailuak gutxienez urtean behin desinfektatu beharko dira eta intsektuak kendu, bai eta alkatetzak agintzen duen aldiro, Osasun Ikuskaritzak proposatuta; horren frogagiria eraman beharko da.

9. artikulua. Autotaxi ibilgailuaren azterketa eginen da urtero, Alkatetzak edo Industriako Ordezkaritzak beharrezkotzat joz gero agindu dezakeenaz gain, egoki irizten diotenean. Ibilgailuen titularrei zehapena paratzen ahalko zaie, baita lizentzia kendu ere, arauak behin eta berriz hautsiz gero, alegia, zainketa, itxura eta garbitasun aldetik beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez badituzte edo eskatutako bereizgarriak eta agiriak falta badituzte.

Autotaxi ibilgailuen urteroko azterketa Udalak egokiro erabakitzen duen epean eginen da. Azterketaren ordena autotaxien ordezkariekin bat etorrita ezarriko da.

2. ATALA

Lizentziak

10. artikulua. Etxalarko Udalaren eskumena da lizentzien kopurua zehaztea, eta dagokion informazio batzordeak edo horretarako izendatu daitekeen epaimahaiak proposatuta emanen ditu.

Bi kasuetan herriko taxilariei entzunen zaie.

Udal lizentzien kopurua zerbitzuaren beharraren edo komenigarritasunaren araberakoa izanen da, kontuan hartuz haren egoera, kalitatea eta hedadura, bai eta biztanleria eta garraioan eta zirkulazioan oro har duen eragina ere.

Lizentziak lehiaketa publikoaren bidez emanen dira eta Udalak eginen du horren baremoa; plaza hutsak gelditzen direnean bide bera erabiliko da.

11. artikulua. Autotaxiaren udal lizentzia eskatzen ahalko dute pertsona fisikoek bakarrik.

Lizentziarako eskabideak Etxalarko Udalari zuzenduko zaizkio. Haietan eskatzaileak adieraziko du baduela erregelamendu honen xedapen guztien berri eta onartzen dituela. Horrekin batera, agiri hauek ere aurkeztuko dira:

1.–Ibilgailuak gidatzeko behar den baimen mota, agintaritza eskudunak emana.

2.–NANaren fotokopia.

3.–Hiru argazki, karneteko neurrikoak.

4.–Zinpeko aitorpena, gidabaimena kentzeko zehapenik jaso ez izanari buruzkoa, ez prozedura penalez, ez administratiboz.

5.–Beste edozein agiri, indarra duen legeriarekin bat.

Eskatutako baimena lortuz gero, onuraduna behartuta egonen da, jakinarazpen egunetik hasi eta gehienez ere hilabeteko epearen barrenean, honako agiri hauek aurkeztera:

a) Zerbitzua eginen duen ibilgailuaren zirkulazio baimena, bost urtetik beherako antzinatasuna duena.

b) Aseguru poliza mugagabea, hirugarrenei eta garraiatutako lagunei eragindako kalteetatik heldu den erantzukizuna estaltzeko.

Aipatu epean agiri horiek auzkeztu ezean, kontzesioa iraungitzat joko da, eta berriz ere lehiaketa publikorako deialdia eginen da, arestian adierazitako prozedura erabiliz.

12. artikulua. Hutsik geratzen diren postuak Udalak erabakitakoaren arabera beteko dira, aldez aurretik ediktuak jarrita udaletxe honetako iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Ediktu horietan deialdi publikoaren betekizunak aipatuko dira, aurreko artikuluan eskatutako baldintzak betetzen dituzten izangaiek eskatu ahal izan ditzaten postu huts horiek.

13. artikulua. Udalak zehaztutako osasun zerbitzuek osasun azterketa eginen diete izangai guztiei.

14. artikulua. Ematen diren lizentziak pertsonalak eta besterenezinak izanen dira, eta titularrek debekatuta izanen dute lizentzia eskuz aldatzea, lagatzea edo saltzea.

Hala eta guztiz ere, Udalak baimena emanen du lizentzia eman edo eskualdatzeko lan horretan aritzeko eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonei, honako kasu eta baldintza hauetan:

a) Titularraren heriotzagatik.

b) Taxilariak bere lanean aritzeko ezintasun iraunkor osoa izateagatik.

c) Erretiroa hartzeagatik edo jarduera borondatez uzteagatik; nolanahi ere, gutxienez 65 urte beteta izan beharko ditu.

Halaber, aipatutako eskualdaketa edo esleipena baimenduko da, baldin eta eskatzen bada titularraren arauzko jubilazioaren aurreko bost urteen barrenean, baldin eta aurreko hamabost urteetan jarraian zerbitzu ematen ari izan bada.

Ezintasun iraunkor osoa Gizarte Segurantzako dagokion organoak emandako ebazpenean zehaztuko da.

d) Gidabaimena gerora baliogabetu eta berrikuspena ukatzeagatik, taxilariak behar den gaitasun psikofisikoa edo psikoteknikoa galdu duelako edo une horretan ez izateagatik, betiere gaitasun gabezia hori ez bada interesdunak eragindako gertaera edo arau-hausteen ondorioz etorri.

Titularra hiltzen bada, lizentzia beste hauei esleitzen ahalko zaie, lehentasun ordena honen arabera:

1.–Ezkontide alarguna.

2.–Seme-alabak.

3.–Gurasoak.

4.–Legezko jaraunsleak, bigarren mailara arteko ahaidetasuna dutenak, zuzeneko lerrotik nahiz albokotik.

Aipatutakoek ez badute nahi edo ez badaude lizentzia ustiatzeko moduan, edonori eskualdatu diezaiokete, eskualdatzeko beste hiru kasuetako baldintza berberetan.

Esleipenaren onarpena edo eskualdaketa hitzarmena, kasu guztietan, notarioaren agiriaren bidez egin beharko da, bertan jarririk eskualdatzailearen nahiz hartzailearen izena eta gorabeherak, eta eskualdaketaren prezioa.

Heriotza kasuan, aipatu beharko dira, baita ere, lehentasunezko eskubidea duten ahaideen inguruabarrak eta, halakorik bada, eskubideari egindako ukoa.

Arauzko esleipen edo eskualdaketarako eskubidea iraungiko da, baldin eta aipatutako eskritura hori formalizatu eta Udalean behar bezala aurkezten ez bada, gertaera eragilearen ondoko 6 hilabetean, epe hori nahikoa baita gertatzen diren gorabeherak argitzeko. Eskriturarekin batera aurkeztu beharko dira eskabidea eta erregelamendua bete dela frogatzeko beharrezko diren gainerako agiriak.

Esleipen edo eskualdaketa kasu guztietan, Udalak txostena eskatuko dio taxilarien lanbide elkarteari, halakorik baldin bada; hartan egiaztatu beharko da interesdunek bete beharreko baldintza profesional, legal eta funtzional guztiak betetzen dituztela.

15. artikulua. Lizentziaren titularrek berek ustiatu beharko dute lizentzia, eta lan horrek lehentasuna izanen du ordaindutako beste edozein lanen gainetik.

Udal lizentziaren titularrek, edo kasu berezietan, baimenduta dauden udalek debekatuta dute ibilgailua gidatzeko ardura beste pertsona bati ematea, eta betiere zerbitzua eman aurretik.

Ibilgailu baten ordez, beste bat erabiltzen ahalko da, noiznahi eta behar den udal baimenarekin, baldin eta ordezkoak erregelamendu honetako baldintza guztiak betetzen baditu.

Kasu berezietan, eta lizentziaren titularra lanean aritzen ahal ez bada, Udalak, interesdunak emandako egiaztagiria jaso ondoren, epe zehatz baterako laguntzaile baten lankidetza onartzen ahalko du.

Orobat, 24 orduko lan jarraitua behar duen zerbitzuaren kasuan, ordezko bat baimenduko da titularraren kontura, erregelamendu honetan eskatutako beharrezko baldintza guztiak baditu.

16. artikulua. Emandako lizentzien erregistro edo fitxategi bat eramanen du Etxalarko Udalak; bertan idatziko ditu titularren, ibilgailuen, ordezkapenen eta abarren gaineko gorabeherak.

3. ATALA

Tarifak

17. artikulua. Udalak finkatuko ditu tarifak, dagokion administrazio-agintaritzak baimendu ondoren.

Tarifek udal-mugartearen barrenean izanen dute indarra, eta taxilariek nahiz erabiltzaileek nahitaez bete beharko dituzte. Zerbitzuak udal-mugartetik kanpora ateratzen badira, hiriarteko zerbitzurako tarifak aplikatzen ahal dira.

Hiru tarifa mota ezarriko dira: arrunta, goizeko 7:00etatik gaueko 21:00ak artekoa; gauekoa, gaueko 21:00etatik goizeko 7:00ak artekoa; eta jaiegunetakoa, jaiegunaren goizeko 1:00etatik gaueko 24:00ak artekoa.

Erabiltzaileak tarifak ikusi ahal izanen ditu ibilgailuaren barnealdean.

Tarifak aldatzeko erabiliko da haiek baimentzeko ezarrita dagoen prozedura bera.

III. KAPITULUA

Zerbitzua ematea

1. ATALA

Betebehar orokorrak

18. artikulua. Erabiltzaileek lizentziaren titularrari eskatzen diotenean hasiko da zerbitzua.

Zerbitzua etenik gabekoa izanen da, eguneko hogeita lau orduetakoa, igandeak eta jaiegunak barne.

Udal zerbitzuek seinaleak paratuko dituzte taxiaren geltoki erreserbatua zehazteko.

Titularrak garbi, apain eta txukun agertu beharko du, itxura fisikoaren nahiz janzkeraren aldetik.

2. ATALA

Zerbitzua emateko modua

19. artikulua. Gidariak ez dio uko egiten ahalko zerbitzu bat egiteari, bidezko arrazoirik ez bada.

Bidezko arrazoitzat hartuko dira honako hauek:

1.–Polizia ondotik segika duten lagunek zerbitzua eskatzea.

2.–Ibilgailurako baimendutako lekuak baino lagun gehiago eramateko eskatzea.

3.–Bidaiaria mozkorturik edo sorgorkarien eraginpean badago, haren bizirako arriskua dagoenean izan ezik.

4.–Bidaiariaren arropek edo aldean daramatzan fardel, maleta edo animaliek ibilgailuaren barnealdea hondatu edo kalteak eragin ditzaketenean.

5.–Igarotzerik ez dagoen bideetan ibiltzea eskatzen zaionean, arriskutsua bada bidaiarien, gidariaren eta ibilgailuaren segurtasunerako eta osotasunerako; trafikoari irekitako bideetatik zirkulatzeko eskatzen zaienean, ezin zaio uko egin zerbitzua emateari.

20. artikulua. Taxilarien eginbeharra da, noiznahi, agintaritzako agenteek agindutako zerbitzua betetzea, istripuan zauritutakoak edo laguntza behar duten pertsonak eramateko.

Kasu horietan ibilgailuek jasaten dituzten kalteak Udalaren kontura konponduko dira, Udalak laguntza hartu duen pertsonari gastuen ordaina eskatzea deusetan galarazi gabe, baina horretarako, nahitaezkoa izanen da ibilgailua Udalean aurkeztea, ezbeharra gertatu eta 24 orduko epearen barrenean.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

21. artikulua. Erregelamenduaren kontrako arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izaten ahal dira.

22. artikulua. Arau-hauste arinak dira.

a) Erretzea zerbitzua ematen ari denean.

b) Ibilgailua, kanpotik nahiz barnetik, behar bezain garbi ez edukitzea.

c) Norberaren txukuntasun falta.

d) Hitzezko tratu txarra gidari lankideen artean.

23. artikulua. Arau-hauste astunak dira.

a) Sei hilabeteko epearen barrenean lau falta arin egitea, edo urtebetean hamar.

b) Erabiltzaileak aukeratutako ibilbiderako agindu zehatzei kasu ez egitea, beharrik gabe ibilbide luzeagoak eginez.

c) Norbera edo ibilgailua egoera txarrean dagoela zerbitzu egitea.

d) Inori zerbitzua ukatzea, bidezko arrazoirik gabe.

e) Bezeroekiko harremanetan edo oinezkoen nahiz beste ibilgailuen gidarien kontra hitz edo keinu zakarrak edo mehatxuak egitea.

f) Beste udal-mugarte batean bidaiariak biltzea.

g) Ibilgailuen azterketa arrunt nahiz berezietara ez joatea.

24. artikulua. Arau-hauste oso astunak dira.

a) Bidaiaria abandonatzea, eskatu duen zerbitzua egin gabe, horretarako arrazoirik batere ez dagoela.

b) Zerbitzura alkoholaren edo sorgorkarien eraginpean agertzea.

c) Erabiltzaileei gehiegizko prezioak kobratzea.

d) Urtebetean lau falta astun egitea.

e) Ibilgailuan ahantzitako edozein gauza ezgalkor bereganatzea, Etxalarko Udalari horren berri eman gabe, gertatu ondoko 72 orduetan.

f) Zirkulazio Kodearen 289. artikuluan zehaztutako arau-hausteak.

g) Lanbidean aritzerakoan, dolozko delituak egitea.

25. artikulua. Alkatetzak zehatuko ditu falta arin, astun eta oso astunak. Falta arinengatik 30,05 eurotik 60,10 eurora bitarteko isuna ezarriko du eta lizentzia kenduko, 15 egun naturalera bitarte; falta astunengatik 60,10 eurotik 150,25 eurora bitarteko isuna, eta lizentzia etetea, 6 hilabetera arte; falta oso astunengatik 300,51 eurotik 601,01 eurora bitarteko isuna.

Horrez gain, falta oso astunak lizentzia behin betikoz kenduta zehatzen ahalko dira.

26. artikulua. Zehapen-prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera izapidetuko da, interesdunari entzun ondoren.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu hau Nafarroako Gobernuak gero batean onesten dituen xedapenen menpe egonen da, eta aurreikusita ez dagoen orotan, berriz, martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretuaren menpe edo hura gerora ordezkatzen duen bestelako xedapenaren menpe (Errege dekretu horrek onetsi zuen Ibilgailu arinen bidezko hiriko eta hiriarteko garraio zerbitzuen erregelamendu nazionala).

Iragarkiaren kodea: L2307186