104. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ETXARRI ARANATZ

Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko, oposizio-lehiaketa sistemako hautaproben bidez, zerbitzu anitzetako lanpostu bat aldi baterako kontratuarekin betetzeko

Alkatetzaren 2023ko maiatzaren 4ko ebazpen baten bidez, honako hau erabaki da:

1.–Oinarriak onestea eta prozesuari hasiera ematea deialdi honetan: deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko, Etxarri Aranazko Udaleko zerbitzu anitzetako lanpostu bat aldi baterako kontratuarekin betetzeko.

2.–Erabakia argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, behar diren ondorioak izan ditzan.

3.–Dagokion lan eskaintza bete eta bidaltzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Herriko alkatea ahalduntzea beharrezkoak diren dokumentu guztiak sina ditzan, erabaki hau betetzeko.

Etxarri Aranatzen, 2023ko apirilaren 27an.–Alkatea, Silvia Marañón Chasco.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez osatzea zerbitzu anitzetako lan-poltsa bat, Etxarri Aranazko Udalean izan daitezkeen premiei erantzuteko, bat etorriz xedatutakoarekin Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan eta irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan (foru dekretu horretan arauak ezartzen dira Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko).

Hautaketa horretatik sortzen den gaindituen zerrenda erabiliko da hurrengo kontratazio eta ordezkapenetarako, eta indarrean egonen da beste deialdi bat onetsi bitartean.

Zerrendaren indarraldia bitartean, lanpostu bererako beste zerrendaren bat eratzen bada Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako hautaproben deialdi publiko baten bidez, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.

1.2. Lanpostuek D mailari dagozkion ordainsariak izanen dituzte.

1.3. Bete beharreko eginkizunak bere mailari eta lanbide-kategoriari dagozkionak izanen dira, besteak beste, obrak eta mantentze-lanak, lorategietako eta mendietako mantentze-lanak, urak, garbiketa, hilerria eta zeregin orokorrak.

2.–Betekizunak.

2.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, parte-hartzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu kide batekoa, edo langileen zirkulazio askearen aplikazio-eremukoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko hitzarmenen arabera.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urteak beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako titulu hauetakoren bat edo horien baliokide bat izatea edo izateko maneran egotea (titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina): erdi mailako heziketa zikloa, lehen graduko lanbide heziketa, eskola-graduatua. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Euskaraz jakitea. Horretarako aurkeztu behar dira ahozko C1 eta idatzizko B1 tituluak, edo, bestela, eskatutako ezagutzaren proba espezifikoa egin behar da, jarraikiz ezarritakoari oinarrietako 4.5 apartatuan.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.

2.4. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere. Gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Etxarri Aranazko Udaleko Erregistro Orokorrean (kale nagusia 10, 31820-Etxarri Aranatz) edo egoitza elektronikoan (https://etxarriaranatz.egoitzaelektronikoa.eus/info.1) aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, 15 egun egun baliodunean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako beste edozein bide erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Eskabidea zuzenean Etxarri Aranazko Udaleko Erregistroan aurkeztu ez den kasu guztietan, eta administrazio eraginkortasunaren mesedetan, Etxarri Aranazko Udalari horren berri eman beharko zaio udala@etxarriaranatz.eus helbide elektronikoaren bidez, eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barrenean.

3.2. Eskabideak II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio. Horiek Udalaren bulego orokorretan eskura daitezke, bai eta Interneten ere, Udalaren web orrian: www.etxarriaranatz.eus.

Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.3. Izangaiek honako hau aurkeztu behar dute eskabidearekin batera:

–Nortasun Agiri Nazionalaren edo horren balio bereko beste agiri baten kopia.

–Eskatzen den titulazioaren kopia edo eskaerak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko maneran izanen dela adierazten duen agiriarena.

–Baloratuko diren merezimenduak frogatzeko agirien kopia.

3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

3.5. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Etxarri Aranazko Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du argitara dadila Etxarri Aranazko Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web orrian (www.etxarriaranatz.eus). Izangai bazterturik ez bada, besterik gabe onetsiko da onartuen zerrenda behin betiko gisa.

Izangai baztertuek 5 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, herriko Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web orrian (www.etxarriaranatz.eus.). Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere esku daukana azterturik, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.b) artikuluari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

4.5. Hizkuntza-maila zehazteko proba.

Euskararen ahozko C1 maila eta idatzizko B1 maila edo baliokidea frogatzen duen titulua ez dutenek eskatutako hizkuntza maila badutela egiaztatzen ahalko dute berariazko proba baten bidez, jarraikiz ezarritakoari Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan.

Maila-proba hori egin nahi duten izangaiek eskabide-orrian adierazi beharko dute.

Proba Sakanako Mankomunitateak eginen du hautaketa-prozesua hasi baino lehen, eta bi ariketa eginen dira.

Lehenengoa idatzizko ariketa izanen da, eta irakurriaren ulermena eta idazteko trebetasunak baloratuko dira (gramatika, hiztegia, diskurtso-egokitasuna, antolaketa eta koherentzia, etab.).

Bigarrenean, ahozko ariketa bat eginen da, hizkuntzaren ahozko ezagutzaren ulermena eta irismena baloratzeko (gramatika-errepertorioa, jariotasuna, interakzioa, ahoskera eta intonazioa, diskurtso-kohesioa, eta abar).

Bi ariketak gainditzen dituzten izangaiek bakarrik frogatuko dute euskararen ezagutza, eta hautaketa-prozesuan parte hartzen ahalko dute.

5.–Hautaketa prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

5.1. Lehiaketa-fasea.

Oposizioa gainditu duten izangaiei baloratuko zaie lehiaketaldia, eta 30 puntu izanen ditu gehienez, baremo honen arabera:

5.1.1. Esperientzia.

–Nafarroako toki-erakunde batendako, zerbitzu anitzetako lanetan zerbitzu egiten emandako urte bakoitzeko: 4 puntu urteko.

Zerbitzu urteak osoak ez badira, zerbitzuak zenbat egunetan egin diren hartuko da kontuan, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.

Gehienez ere 20 puntu eskura daitezke atal horretan.

5.1.2. Prestakuntza.

Izangaiak jarraian ageri diren puntuak eskuratuko ditu gai hauei buruzko ikastaroak egin izanagatik (10 puntu gehienez ere).

Ez da punturik emanen 5 ordutik beherako ikastaroengatik.

–Erdi eta goi mailako lanbide heziketako ikasketa tituluengatik, lanpostuarekin ikustekoa badute:

  • Erdi mailako gradua: energia eta ura lanbide-arloa; instalazioa eta mantentze-lanak lanbide-arloa; elektrizitatea eta elektronika lanbide-arloa; igeltserotza eta eraikuntza lanbide-arloa; arotzeria lanbide-arloa edo deialdiaren xedeko lanpostuarekin lotutako goi mailako heziketa zikloa: 2 puntu.
  • Goi mailako gradua: energia eta ura lanbide-arloa; instalazioa eta mantentze-lanak lanbide-arloa; elektrizitatea eta elektronika lanbide-arloa, igeltserotza eta eraikuntza lanbide-arloa; arotzeria lanbide-arloa edo deialdiaren xedeko lanpostuarekin lotutako goi mailako heziketa zikloa: 3 puntu.

–Deialdiaren xede den lanpostuarekin lotutako ikastaroak egiteagatik, honako irizpide hauen arabera baloratuko dira:

  • 0,30 puntu, 5 eta 10 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,40 puntu, 10 eta 20 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,50 puntu, 20 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko.

5.2. Oposizio fasea.

5.2.1. Proba teorikoa.

Oposizioaldian, proba teoriko-praktiko bat eginen da. Proba horretan, idatziz erantzun beharko dira test motako galdera batzuk.

Galdera guztiendako hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Galderak guztiek izanen dute balio bera, eta gaizki erantzundako galderengatik ez da punturik kenduko.

Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten gehieneko denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen.

Ariketaren balorazioak 30 puntu egin ditzake gehienez ere eta bazterturik geldituko dira 15 puntu eskuratzen ez duten izangaiak.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

5.2.2. Proba praktikoa.

Proba praktikoa honako gai hauetako bati edo batzuei buruzkoa izanen da: elektrizitatea, mekanika, iturgintza, igeltserotza, soldadura eta/edo informatika.

Epaimahaiak erabakiko du proba hauetako bakoitza egiteko zer denbora izanen den.

Ariketaren balorazioak 40 puntu egin ditzake gehienez ere eta bazterturik geldituko dira 20 puntu eskuratzen ez duten izangaiak.

5.2.3. Ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

5.2.4. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

5.2.5. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenendako bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Silvia Marañon Chasco, Etxarri Aranazko alkatea. Ordezkoa. Lur Iosu Larraza Lopez, Etxarri Aranazko alkateordea.

–Mahaikidea: Alberto Tollar Marquinez, Etxarri Aranazko zerbitzu anitzetako langilea. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

–Mahaikidea: Manuel Leiza Araña, Arbizuko Udaleko zerbitzu anitzetako langilea. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

–Mahaikidea: Susana Mendinueta Flores, Cederna Garalur. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

Epaimahaikide idazkaria: Miren Pereda Razkin, Etxarri Aranazko Udaleko idazkaria. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

6.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, baldin suertatzen badira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako ezarriak dauden arrazoiak. Halaber, izangaiek mahaikideak errekusatzen ahalko dituzte inguruabar horiek gertatzen direnean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritako moduan.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

7.–Emaitzak.

7.1. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak badirau, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, berariazko zozketa bakar baten bidez. Zozketaren emaitzak web-orrian (deialdiaren aipuan) eta Etxarri Aranazko Udaleko iragarki-taulan argitaratuko dira.

7.2. Behin proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.etxarriaranatz.eus) jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioaren ordenaren arabera.

8.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

8.1. Gainditu duten izangaiei Etxarri Aranazko Udalean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, jarraikiz ezarritakoari deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan.

8.2. Lokalizatzeko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

9.–Datu pertsonalen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Etxarri Aranazko Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa baita kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua: behar den tratamendua, tratamenduaren arduradunak bete dezan aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2. f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez (https://etxarriaranatz.egoitzaelektronikoa.eus/dossier.0.1) edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@etxarriaranatz.eus).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo, bestela, aldez aurretik datuak babesteko ordezkariari (arestian adierazitako helbidean). Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskabidearen eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2307284