104. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

145E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Barasoiango udal mugartean umetarako zerramen zerri-ustiategi baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzea, bai eta instalazioan aldaketa ez-funtsezko eta ez-nabarmen bat egitea ere. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Gam Ganadera SLU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 875/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 361E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren zuzendariaren abenduaren 14ko 292E/2020 Ebazpenaren bidez berrikusia.

2023ko martxoaren 13an, titularrak bere ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, hots, sortutako hondakinen zerrendan, 180205* EHZ kodea duen hondakin berri bat sartzeko. Gainera, 1.000 litroko gasolio-biltontzi bat eta galdara bat daudela jakinarazi zuen.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta ondorioztatu du onargarria dela hondakin arriskutsu hori sartzea, bat datorrelako instalazioak ingurumen aldetik behar duen funtzionamendu egokiarekin.

Gasolio-biltontzi berri bat eta galdara berri bat jartzeari dagokionez, zerbitzu honek uste du aldaketa hori ez-funtsezkoa eta ez-nabarmena dela, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Izan ere, ez dakar berekin aipatutako erregelamenduaren artikulu horretan ezarritako inguruabarretatik bat ere, ez eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako inguruabarretatik bat ere (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, aldaketak ez du ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, ez baita proiektu independente bat, dagoeneko eginda dagoen jatorrizko proiektu baten aldaketa baizik, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez baitakar aipatu 7. artikulu horren 2. puntuko c) letran zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Onartzea Barasoiango udal mugartean umetarako zerramen zerri-ustiategi baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa, bai eta instalazioan egin gogo den aldaketa ez-funtsezko eta ez-nabarmena ere. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Gam Ganadera SLU da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Gam Ganadera SLUri eta Barasoaingo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 2an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2306952