104. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

64/2023 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimen administratiboa ematen baita Tuteran goi tentsioko instalazio elektriko bat eraikitzeko.

Red Eléctrica de España SAU energia elektrikoa garraiatzeko zirkuitu soileko eta zirkuitu bikoitzeko 220 kV-eko aireko linea hauen jabea da: "Serna - Tudela 1" eta "Serna - Tudela 2". Bi linea hauek LA SERNA azpiestaziotik Tuterako (Nafarroa) azpiestaziora doaz; "Serna - Tudela 1" linea 8,62 km luze da eta "Serna - Tudela 2" 8,10 km luze. 2,8 km-ko tarte batean, 406. eta 414. euskarrien artean, trazadura beretik doaz eta euskarri berak dauzkate.

Instalazio elektriko horrek aginduzko baimen administratiboaren ebazpena jaso du (onura publikokotzat jotzen da), bai eta exekuzio proiektua onestekoa ere; bi ebazpenok Industria Ministerioko Energien eta Erregaien Nafarroako probintziako ordezkaritzak eman zituen, bata 1971ko otsailaren 20an eta bestea urte bereko otsailaren 13an Gainera, 1971ko martxoaren 12an eta abuztuaren 30ean zerbitzuan jartzeko aktak egin ziren.

2022ko urriaren 25ean Red Eléctrica de España SAUk eraikitzeko baimen administratiboa eskatu du honako jardute hau egiteko:

–Eskatzailea: Red Eléctrica de España SAU.

–Espedientea: SAT11424.

–Instalazioaren kokalekua: Tuterako udal mugartea.

–Helburua: eroaleen eta lurzoruaren arteko distantziak arauzkoak ez izateagatik sortu diren anomalia batzuk konpontzea.

–Ezaugarri teknikoak: instalazioaren garraio-ahalmena handitzea, hain zuzen ere egungo 342 MVA-etatik eta 384 MVA-etatik 447 MVA-etara eta 502 MVA-etara, hurrenez hurren; hori dela-eta, uste da eragiketaren gehieneko tenperatura 50 ºC-etatik 85 ºC-etara igoko dela. Garraio-ahalmena handitzeak faseen gezi gorena handitzea ekarriko du, aurreko tenperatura-hipotesiaren arabera, eta horregatik, kableen eta lurzoruaren eta linearen azpiko zerbitzuen gurutzaguneen arteko arauzko gutxieneko distantziak mantentzeko, eroaleak goratuko dira, eta horretarako euskarriak dauden tokietan handituko dira.

–Aurrekontua: 589.961 euro.

Egin nahi den aldaketak bete egiten ditu 1955/2000 Errege Dekretuak (1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena) 115. artikuluan ezartzen dituen baldintzak. Horregatik, Sektore elektrikoaren abenduaren 28ko 24/2013 Legean xedatzen denari jarraikiz, eraikitzeko baimen administratiboaren bidez izapidetuko da, eta ez da beharreko aurreko beste baimen administratibo bat, ez baitira aldatzen hasierako proiektuan ezarritako afektazioak (erabat baliozkoak dira ondorio guztietarako).

Gainera, ez dira aldatzen instalazio nagusiaren segurtasun-baldintzak, ez eta zerbitzuan ari diren instalazio osagarrienak ere, eta ez da behar onura publikoak direla deklaratzea, ez baita sortuko zortasun berririk; izan ere, dauden euskarriak ez dira beste leku batera aldatuko, linearen trazadura ez da aldatuko, eta ez euskarri berririk paratuko.

Proiektuaren kopia bidali zaio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera, eta horrek 2022ko abenduaren 7an linea elektrikoen eta beren gurutzaguneen aldeko txostena egin du, zenbait baldintza jarrita afektazioak txikitzeko Baldintzetako bat da 2. zirkuituko T-224-1 euskarria aldatuz gero, atzera eman behar dela, distantzia mantentzeko, aski toki baitago eta katenaria ez baia asko aldatuko.

Txosten hori sustatzaileari bidali zaio, Red Eléctrica de España SAri, eta adierazi du ez dauka asmorik T-224-1 euskarrian inolako jarduketarik egiteko, ez zimenduetan, ez egituran, "La Serna - Tudela" lineako 2. zirkuituko euskarrien handitzeen taulan adierazten den bezala (proiektuan dago).

Proiektuaren kopia bidali zaio Naturgy Energy Group SAri, eta 2022ko abenduaren 27an honako hau adierazi du:

–Instalazioak non dauden jakiteko, adierazi genien gure sareari buruzko informazio grafikoa www.inkolan.com web orrian dagoela aztergai.

–Dokumentazioa aztertu dute, eta uste dute espediente honetan aipatzen diren obren lanek ez dituztela ukituko sozietatearen titulartasuneko banaketa-sareko instalazioak.

Txostena sustatzaileari, Red Eléctrica de España SAUri, eta honako hau adierazi du:

–Nahiz proiektuaren arabera dauden euskarrien zimenduetan lanak egin eta euskarri batzuk handitu, Red Eléctricak ez du euskarri berririk jarriko zirkuituetan, eta horregatik aukera gutxi daude inguruan gas-azpiegiturak egoteko edo lanek lurpeko hodiak ukitzeko.

Hala ere, segurtasuna hobetzeko eta Naturgyren gas-sareari kalte egiteko arriskurik ez dagoela bermatu ahal izateko, hobe izanen litzateke enpresa horren sareari buruzko informazio grafikoa edukiko bagenu. Sektore elektrikoaren 24/2013 Legean aipatzen den prozedura administratiboan eta 1955/2000 Errege Dekretuan ezartzen da instalazioen titularrak nahitaez eman behar duela informazioa, eta baldintza batzuk ezarri behar dituela. Beraz, ez dirudi bidezkoa denik ardura horiek izapidetzen ari den proiektuaren sustatzaileari pasatzea.

–Hala ere, kontuan hartzen da UFDk Red Eléctricaren proiektuaz esan duena: "espediente honetan aipatzen diren obren lanek ez dituztela ukituko sozietatearen titulartasuneko banaketa-sareko instalazioak".

–Red Eléctricak "La Serna-Tudela" linean egin nahi dituen obra guztiak proiektuan zehazten dira.

Proiektuaren kopia bidali zaio Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, eta 2022ko azaroaren 28an Zainketa Zerbitzuak honako hau adierazi du: "Jarduketaren sustatzaileak, A-68 autobideko eta NA-160 eta NA-6840 errepideetako afektazio-eremuetan lanean hasi baino lehen, zerbitzu honen baimena lortu beharko du, eta, horretarako, lanak egiteko baimenaren bidezko eskaerarekin batera honako hau ere aurkeztu beharko dio Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari: errepide horiek eta autobidea ukituko duten lanak zehatz-mehatz azaltzen dituen dokumentazio teknikoa. Ondoren Zuzendaritzak baimena emanen dio, bidezkoa izanez gero".

Txostena sustatzaileari bidali zaio, Red Eléctrica de España SAUri, eta adierazi du behar den dokumentazio teknikoa aurkeztuko duela eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari bidezko baimenak eskatuko dizkiola aipatutako instalazioaren ahalmena handitzeko lanei ekin baino lehen.

Proiektuaren kopia bana bidali zaie Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Aire Segurtasuneko Estatu Agentziari, I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta Tuterako Udalari. Oraindik ez dute ezer adierazi.

Espedientean Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren 2022ko abuztuaren 4ko 255E/2022 Ebazpena sartu da. Horren bidez proiektuak ingurumenean edukiko duen eraginari buruzko aldeko txostena egin da (espedientearen zenbakia: SAT09408-3).

Ez da bidezkoa lurzoru urbanizaezinean jarduera egiteko baimena izapidetzea, zeren eta dauden euskarriak ez baitira beste leku batera aldatuko, linearen trazadura ez baita aldatuko, eta ez baita euskarri berririk paratuko.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Administrazio baimena ematea Red Eléctrica de España SAUri aipatutako instalaziorako.

2. Onestea instalazioa egiteko aurkeztutako proiektua, Ramón Fernández de Bordóns industria ingeniariak sinatua, eta hogeita lau hilabeteko epealdia ematea obrak burutzeko.

3. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko Erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan eta Goi tentsioko linea elektrikoekin talka egin ez dezan eta elektrokutatu ez dadin abifauna babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

4. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

5. Eraikitzeko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

6. Ebazpen hau igortzea Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira eta Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, behar diren ondorioak sor ditzan.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Red Eléctrica de España SAUri, Aire Segurtasuneko Estatu Agentziari, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta Naturgy Energy Group, SAri, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal zaiola Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabete iragan baino lehen. Errekurtsoan espedientearen zenbakia adierazi beharko da.

9. Ebazpen hau jakinaraztea Tuterako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko apirilaren 26an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2306917