104. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

62/2023 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira eta onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita 12,09 MW-eko "Linte II. fasea" parke eolikoa izeneko energia elektrikoa ekoizteko instalazio baterako eta haren ebakuazio azpiegituretarako, Larragako udal mugartean.

1.–Aurretiazko administrazio baimenaren, eraikitzeko administrazio baimenaren eta zehazki onura publikoko deklarazioaren eskaera.

Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa dela bide, 2022ko abenduaren 15ean parque eólico Navarra SLU enpresak eskaera aurkeztu zuen Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusian 12,09 MW-eko "Linte II. fasea" parke eolikoaren eta haren ebakuazio azpiegituren aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatzeko eta horiek onura publikoko deklaratzeko.

Dokumentazioaren arabera, "Linte II. fasea" parke eolikoaren proiektuak 3 haize sorgailu ditu, General Electric GE-137 modelokoak, 4,03 MW-ekoak edo antzekoak, 116 metroko altuerako abatzekin eta 137 metroko diametroko errotoreekin. Haize sorgailuak 3,3 MW-era mugatuko dira. Parke eolikoaren potentzia instalatua, guztira, 12,09 MW-ekoa izanen da.

LIN-05, LIN-06 eta LIN-07 haize sorgailuak Larragan daude, hasiera batean "San Marcos II" parke eolikorako aurreikusitako lurretan. Hona hemen haize sorgailu horien kokalekua:

UTM ETRS89 30 N Eremua KOORDENATUAK (EPSG:25830)

AERO

x koordenatua

y koordenatua

LIN05

588.205

4709014

LIN06

588.488

4708989

LIN07

588.732

4709054

Parke eolikorako sarbidea NA-601 errepide autonomikotik eginen da, 36+900 kilometro puntutik gertu.

Proiektuak barne hartzen ditu 30 kV-ko linea elektrikoak, energia garraiatuko dutenak haize sorgailuetatik San Marcos II ebaketa zentrora eta "LFII + SMII" izeneko 30 kV-ko lurpeko lineara, LSAT 30 kV "LFII + SMII" etorkizuneko aireko linearen 4. babesera heltzeko. Horrek "Linte II. fasea" eta "San Marcos II" parke eolikoak sortutako energia ebakuatuko du, Linte 132/30 kV azpiestazio elektrikora heldu arte.

Linte 132/30 kV azpiestazioa eta energia 4. babesetik garraio sarera ebakuatuko duten goi tentsioko lineak "Linte II. fasea" parke eolikoaren proiektuaren barruan baimendu dira, SEMSI-CE-1166 espediente kodearekin. Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren urtarrilaren 19ko 3/2021 Ebazpenaren bidez baimendu da hori.

2.–Aurrekariak: ingurumenaren arloko eta lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunek izapidetzea.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak ekainaren 14an emandako 400E/2018 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Plan Eolikoaren udalez gaindiko plan sektorialaren ingurumen eraginaren adierazpena egin da, eta, besteak beste, eduki hau jaso da:

–Linte parke eolikoaren aldeko txostena ematen da LI-1 zenbakitik LI-11 zenbakira bitarteko haize sorgailuentzat, 2018ko ekainaren 1eko dokumentazioaren arabera, betiere LI-05, LI-06 eta LI-07 haize sorgailuak bateragarriak baldin badira hirigintza aldetik.

–San Marcos I parke eolikoaren aldeko txostena ematen da SM1-01 zenbakitik SM1-8 zenbakira bitarteko haize sorgailuentzat, eta San Marcos II parke eolikoaren SM2-03 zenbakitik SM2-10 zenbakira bitarteko haize sorgailuentzat, 2018ko ekainaren 1eko dokumentazioaren arabera; SM1-9 eta SM1-10 eta SM2-01 eta SM2-02 haize sorgailuentzat kontrako txostena ematen da, azalpen zatian adierazitako arrazoiengatik.

Ebazpen horretan ezarri zen espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei jarraikiz eginen dela jarduera, eta gainera, zuzenketa neurri eta ingurumen jarraipena egiteko neurri jakin batzuk beteko direla.

2018ko abuztuaren 24an, Agrowind Navarra 2013 SL enpresak proiektuaren testu bategina aurkeztu zuen, zeinean, beste puntu batzuen artean, ingurumen eraginaren adierazpenak (IEA) ezarritako baldintza bat argitzea eskatzen baitu, abifaunaren jarraipenari buruzkoa, zehatz esateko. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 11ko 698E/2018 Ebazpenaren bidez, aurreko 400E/2018 Ebazpena, ekainaren 14koa, partez aldatu zen.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Proiektu Eolikoa udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi zen, determinazio hauekin:

a) Linte parke eolikoko LI07, LI06 eta LI05 haize sorgailuak ukatzea, otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 2. artikuluan adierazitakoa oinarri hartuta eta artikulu horren ondorioetarako.

b) San Marcos I, San Marcos II, Linte eta Jenariz parke eolikoak eta horiei lotutako instalazioak espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzen arabera eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak ekainaren 14an emandako 400E/2018 Ebazpenean ezarritakoaren arabera garatuko dira, San Marcos I, San Marcos II, Linte, Jenariz, Tres Hermanos eta Corraliza Paulino parke eolikoen ingurumen eraginaren adierazpena eman zuena.

c) Mugaketa grafikoak UPSaren araudira egokitu beharko du, bereziki "UPSaren eremua" izeneko 1. artikulura. Linte Parke Eolikoko LI05 haize sorgailuaren inguruan mugatutako eremuak ez du kontuan hartu behar haizeak neurtzeko proposatzen den estazioa.

3.–Ingurumenaren arloko eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunei dokumentazioa bidaltzea.

Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa ikusita, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazioaren kopia igorri zien ingurumenaren arloko eta lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunei (2022ko abenduaren 15ean jaso zuten), egiazta zezaten proiektuak betetzen zituela ingurumen arloko izapideen eta hirigintza baimenen ebazpenak.

2023ko otsailaren 6an, Ingurumen Eraginaren Atalak 0003-0102-2023-000011 txostena eman zuen, eta bertan ingurumen eraginaren adierazpena betetzeko baldintzak jasotzen dira. Besteak beste, baldintza hauek ezartzen ditu:

–Haize sorgailuen plataformen, bideen eta abarren lur-erauzketa eta lubetetan, gehienez ere 2H:1V maldak onartuko dira, edo, ahal dela, txikiagoak.

–LIN-05 eta LIN-06 haize sorgailuen koordenatuak bat datoz San Marcos II parke eolikoko haize sorgailu baimenduen koordenatuekin, eta LIN-07 haize sorgailua parke horretan baimendutako beste kokaleku batetik 30 metro baino gehixeagora mugitzen da. Horrek ez du jada ebaluatutakoez besteko ingurumen ondorio nabarmenik eragiten; beraz, aldaketa ez dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio eremuan.

–Funtzionamendu faseko jarraipen eta zaintza planari dagokionez, parque eólico Navarra SLUk obrak hasi aurretik aurkeztu beharko du, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren onarpena izan beharko du. Nolanahi ere, parke eolikoak abian jarri aurretik, ingurumen organoaren oniritzia beharko duen protokolo berria aurkeztu beharko da.

2023ko otsailaren 7an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena egin zuen, eta bertan adierazi zuen, LAHFLTBaren 45.5 artikuluan ezarritako prozeduraren arabera, proiektuan sartzen diren aldaketak Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 3an onartutako Nafarroako Plan Eolikoaren udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa gisa izapidetu beharko direla.

2023ko otsailaren 22an, enpresak udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa izapidetzeko agiria aurkeztu zuen. Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 16ko 46E/2023 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaien Nafarroako Plan Eolikoaren udalez gaindiko plan sektoriala (UGPS) aldatzeko espedientearen izapideei.

Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 73E/2023 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen Nafarroako Plan Eolikoaren udalez gaindiko plan sektorialaren (UGPS) aldaketa xehatua.

4.–Proiektuaren informazio publikoa.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako haize parkeetarako baimenak arautzen dira. Dekretu horren 7. artikuluarekin bat etorriz, parque eólico Navarra SLU enpresak egindako eskaera jendaurrean jarri zuen 30 egunez Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak. Horretarako, iragarkia argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (8. zenbakian, 2023ko urtarrilaren 12an) eta Diario de Noticias egunkarian (2023ko urtarrilaren 13an), bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean ere.

Halaber, iragarkia Larragako Udalari igorri zitzaion, epe berean jendaurrean jar zezaten. Egintza hori egiaztatzen duten eginbideak daude espedientean.

5.–Kontsultak ukitutako administrazio publikoei, erakundeei eta enpresei.

Era berean, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proiektuaren separatak igorri zizkien bere ardurapean ondasunak eta eskubideak dituzten administrazio publikoei, edo zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorrekoak ematen dituzten erakunde edo enpresei, ezar ditzaten bidezkoak diren baldintzak. Taulan adierazitako txostenak jaso ziren:

Zehazki, separatak honako hauei igorri zaizkie:

ERAKUNDEA

TXOSTENAREN
DATA

1.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzua

2023/02/08

2.

Larragako Udala

-

3.

Nafarroako Ubidea SA (CANASA)

-

4.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

-

5.

Herri lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia

-

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak emandako txostena espedientean dago eta aldekoa da. Bertan, baldintza batzuk ezarri dira abelbidearen eraginak murrizteko.

6.–Jasotako alegazioak.

Jendaurreko informazioaren izapidean alegazio hauek jaso ziren:

ALEGAZIOA

DATA

1.

Conrado García Napal jauna

2023/02/16

2.

Sustrai Erakuntza Fundazioa

2023/02/22

3.

Ongaiz-Zangozako Ekologistak Martxan

2023/02/23

4.

Erriberako Ekologistak Martxan

2023/02/23

Alegazio horien edukia espedientean jaso eta ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen da.

7.–Alegazioak eta txostenak sustatzaileari bidaltzea.

Nafarroan haize parkeetarako baimenak arautzen dituen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, 2023ko martxoaren 1ean Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak parque eólico Navarra SL enpresari bidali zizkion jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapidean zehar jasotako txosten eta alegazioak.

Parque eólico Navarra SLk, 2023ko martxoaren 9an aurkeztutako idazkiaren bidez, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak emandako txostenarekin ados dagoela adierazi du, eta jasotako alegazioei erantzun die.

8.–Aurretiazko administrazio baimenaren, eraikitzeko administrazio baimenaren eta zehazki onura publikoko deklarazioaren proposamena.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 5. artikuluarekin bat etorriz, espedientean parque eólico Navarra SLUren gaitasun tekniko, ekonomiko eta legalaren ziurtagiria ageri da.

Halaber, erantzukizun sozial korporatiboen jarduketen agiria ere ageri da, maiatzaren 8ko Foru Dekretuaren 14. artikuluarekin bat etorriz.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluaren arabera, espedientean jasota daude Red Eléctrica de España, SAk parque eólico Navarra, SLUri emandako sarbide eta konexio baimenak, DDS.DAR.23–0886 erreferentzia duen jakinarazpenaren bidez, 2023ko martxoaren 2koa, OLITE 220 kV azpiestazioko sarbidea eta konexioa eguneratzeari buruzkoa, "Linte" parke eolikoaren potentzia instalatua eta generazio instalazio berriztagarriaren titularra aldatzearen ondorioz.

Proiektuak eragindako ondasunen eta eskubideen zerrendan ez da aldaketarik izan baimenak izapidetzeko aldian, eta jatorriz 2023ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 12koan, argitaratutako bera da.

Nafarroan haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta haren horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan ezarritakoarrekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proposatu du parque eólico Navarra SLU enpresak eskatutakoari erantzutea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena ematea parque eólico Navarra SLU enpresari, 12,09 MW-eko "Linte II. fasea" parke eolikoa izeneko energia elektrikoa ekoizteko instalaziorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako.

2. Zehazki deklaratzea instalazioak onura publikoa duela, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

3. Parque eólico Navarra SLU enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

4. Parque eólico Navarra SLU enpresari eraikitzeko administrazio baimena ematea, Javier Sanz Osorio industria ingeniari teknikoak sinatutako proiektuaren arabera eta Ingurumen Eraginaren Atalaren 2023ko otsailaren 6ko 0003-0102-2023-000011 txostenean eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 73E/2023 Ebazpenean ezarritako baldintzak betez.

5. Obrak egiteko hogeita hamasei hilabeteko epea ematen da.

6. Instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera gauzatu beharko dira, eta honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko dute: goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua; goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua; eta goi tentsioko linea elektrikoetan hegazti faunaren talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua.

7. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

8. Instalazio horren onura publikoa zehazki deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat; hori horrela, enpresa eskatzailea onuraduna izanen da desjabetze espedientean.

9. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.

10. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari eta Herri lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari.

11. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

12. Ebazpen hau jakinaraztea parque eólico Navarra SLU enpresari, Nafarroako Ubidea SA (CANASA) enpresari, Sustrai Erakuntza Fundazioari, Ongaiz-Zangozako Ekologistak Martxan erakundeari, Erriberako Ekologistak Martxan erakundeari eta ukituriko ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

13. Ebazpen hau jakinaraztea Larragako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko apirilaren 24an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA.–JASOTAKO ALEGAZIOAK

Jaso diren alegazioen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian:

1. alegazioa.–Conrado García Napal jauna.

1.–Larragako bizilaguna dela adierazi du, eta alegazio hauek aurkezteko legitimatutzat jotzen da.

2.–Haize sorgailuak Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko Erabakian onetsitako koordenatuetatik kanpo daude. Erabakia 2018ko urriaren 22ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

3.–Azpiegiturek herri lurrak okupatzen dituzte, eta, obra lizentzia eman baino lehen, Larragako Udalak lur horiek desafektatzeko baimena eskuratu beharko du Nafarroako Gobernuaren Departamentu eskudunaren Herri Lurren Atalaren eskutik, ondoren horien erabilera lagatzeko, kargarako edo okupaziorako, eta nahitaezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, 6/1990 Foru Legearen 140.1 eta 172. artikuluetan eta 280/1990 Foru Dekretuaren 143. eta 215. artikuluan ezarritakoaren arabera. Halaber, alegatu du ez dela jendaurreko izapidearekin jarraitu behar, espedienteak ez baitu eskatutako hirigintza agiririk.

4.–Nafarroako Gobernuak haize sorgailu berrien ezarpena geldiarazi behar du Klima aldaketari eta energia trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 31. artikulua bete arte.

5.–Espedientea UGPSaren espedientearen izapideetan ezezaguna den enpresa batek sustatu du, eta ez dakigu zein neurritan subrogatzen diren ST66/220V "Olite" azpiestaziora arteko ebakuazio sare globalean sartzeko (Red Eléctrica de España) indarreko fidantza eta kontratuetatik.

6.–Adierazi duenez, "Agrowind Navarra 2013 SL enpresari mesede egin dioten arau batzuk onetsi dira", adibidez 2022ko irailaren 28ko 89/2022 Foru Dekretuan (2022ko urriaren 7ko 200. Nafarroako Aldizkari Ofiziala) berariaz indargabetutako arauak".

Erantzuna:

Espedientearen izapideei dagokienez, 2023ko otsailaren 7an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena egin zuen, eta bertan adierazi zuen, proiektua berrikusi ondoren, "Linte II. fasea" parke eolikoa osatzen duten hiru haize sorgailuak bat datozela Nafarroako Plan Eolikoaren udalez gaindiko plan sektorialeko San Marcos II parke eolikoaren SMII01, SMII02 eta SMII03 haize sorgailuekin bat datozela.

Hala ere, Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 73E/2023 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen Nafarroako Plan Eolikoaren udalez gaindiko plan sektorialaren (UGPS) aldaketa xehatua.

Halaber, Ingurumen Eraginaren Atalak, 2023ko otsailaren 6an egindako txostenean, adierazi zuen aldaketek ez dutela jada ebaluatutakoez besteko ingurumen ondorio nabarmenik, eta, beraz, aldaketa ez dagoela Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio eremuan.

Instalazioak eragindako herri lurretako ondasunak nahitaez desjabetzen ahalko dira, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluaren arabera. Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluaren arabera, ebazpenak instalazioaren onura publikoa deklaratzea dakar zehazki.

Klima aldaketari eta energia trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 31. artikuluaren arabera, lurraldean modu antolatuan ezartzen direla ziurtatzeko eta balio natural nabarmenen kontserbazioa bermatzeko, Nafarroako Gobernuak erregelamenduz zehaztuko ditu, gehienez ere urtebeteko epean, energia eolikoko instalazio bat paratzeko modukoak diren edo ez diren lurzoru baimengarriak nahiz debekatuak. Erregelamendu bidezko garapen hori ez da gertatu sustatzaileak baimena eskatu duenean, eta horrek ez du eragozten jaso daitezkeen eskaerak izapidetzea.

Artikulu beraren arabera, parke eolikoen jabe diren enpresek sostengua eman beharko dute ingurumen eskumena duen departamentuak faunaren hilkortasunari buruz eta ingurumen arloko arrisku egoerei buruz haien instalazioen gainean eginen duen jarraipenerako. Nafarroako Gobernuak erregelamenduz garatuko ditu lankidetza formula horiek. Erregelamendu bidezko garapen hori ere ez da gertatu sustatzaileak baimena eskatu duenean.

Espedientean daude, eta hala jaso da ebazpen honetan, Red Eléctrica de Españak emandako sartzeko eta konektatzeko baimenak, parque eólico de Navarra SLU enpresaren izenean.

Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen aipamenei erantzunez, bidezkoa da argitzea Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluak onura publikokotzat jotzen dituela generazio instalazio elektrikoak. Lege horren 56. artikuluaren arabera, nolanahi ere, onura publikokotzat jotzeak berekin dakar ukitutako ondasunak okupatu beharra edo ukitutako eskubideak eskuratzea, eta horrek presako okupazioa ekarriko du, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legeko 52. artikuluaren ondorioetarako. Sustatzaileak jakinarazi du Larragako herri ondasunak desafektatu eta/edo desjabetuko direla, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluarekin bat.

Azkenik, argitu behar da gertatu diren arau aldaketen balorazioa ez dela espediente honen jendaurreko informazio prozeduraren xedea.

2. alegazioa.–Sustrai Erakuntza Fundazioa.

1.–Aurkeztutako proiektuak energia berriztagarrien produkzioa handitzea du xede, baina ez du Nafarroako egoera energetikoa aztertzen.

2.–Ez da aztertzen proiektua eraikitzearenetalandare estalkia kentzearen ondorioz sortzen den CO2 isuria.

3.–Aurkeztutako proiektuak ingurumen balioa duten eremuetan lur mugimenduak egitea dakar.

4.–Aurkeztutako proiektuak eragin larriak ditu naturaguneetan.

5.–Proiektuak ez du jasotzen ingurumen eragina ebaluatzeko dokumenturik jendaurreko erakusketan.

6.–Proiektuak antzekotasun handiak ditu, natura ingurunean izanen lituzkeen eraginengatik, duela gutxi ingurumen eraginaren adierazpena jaso duten proiektuekin.

7.–"Linte II. fasea" parke eolikoa Larraga udalerrian kokatzea ez dator bat lurraldearen antolamenduko jarraibideekin eta aplikatu beharreko legeria sektorialarekin.

Erantzuna:

Proiektua Nafarroako egoera energetikorako egokia izateari dagokionez, proiektuan Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren planarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planarekin. Era berean, adierazi behar da 2030erako Nafarroako Energia Planak aurreikuspen orientagarri batzuk biltzen dituela, eta Nafarroak energiaren gaian eramanen duen estrategia markatzen badu ere, ez dela erregelamendu bat.

Proiektuaren ingurumen alderdiak proiektuaren ingurumen izapideak egin bitartean ebaluatu ziren. Horretarako, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpena eta irailaren 11ko 698E/2018 Ebazpena eman ziren.

Halaber, adierazi behar da aurkeztutako proiektuaren xede den "Linte II. fasea" parke eolikoko hiru haize sorgailuak "San Marcos II" parke eolikoko haize sorgailuei begira aurreikusitako posizioetan daudela, eta ingurumen eraginaren aldeko adierazpena dutela. Ingurumen Eraginaren Atalak 2023ko otsailaren 6ko txostena eman du, ebazpen honetan jasotzen den moduan.

Azkenik, Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 73E/2023 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen Nafarroako Plan Eolikoaren udalez gaindiko plan sektorialaren (UGPS) aldaketa xehatua.

3. alegazioa.–Ongaiz-Zangozako Ekologistak Martxan.

4. alegazioa.–Erriberako Ekologistak Martxan.

1.–Nafarroako egoera energetikoa. Oro har, adierazten du parke eolikoak 2030erako Nafarroako Energia Planean energia eolikorako desegokitzat jotako edo ingurumen eta lurralde mugak dituzten eremuetan daudela.

2.–Proiektuen eraginak.

3.–Klima aldaketaren ondorioak/ekarpena. Proiektuak fase guztietan klima aldaketan eta CO2 emisioetan eta beste kutsatzaile batzuen emisioetan edukikoduen eragina kuantifikatu beharko litzateke.

4.–"Linte II. fasea" haize parkearen eta haren ebakuazio linearen inguruneko ingurumen balioak, eta proiektatutako haize parkeak eta haren ebakuazio lineak izanen dituzten eraginak.

5.–Energia kontsumoa murrizteko alternatibak; efizientzia energetikoa; autokontsumoa; erregai fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzea.

6.–Lehendik dauden parkeak birpotentziatu behar dira proiektu berriak saihesteko.

7.–Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legea aldatzea.

Erantzuna:

Nafarroako Energia Planari eta Nafarroako egoera energetikoari dagokienez, aurreko alegazioetan erantzundakora jo behar da.

Proiektuaren ingurumen alderdiak proiektuaren ingurumen izapideak egin bitartean ebaluatu ziren. Horretarako, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpena eta irailaren 11ko 698E/2018 Ebazpena eman ziren.

Halaber, adierazi behar da aurkeztutako proiektuaren xede den "Linte II. fasea" parke eolikoko hiru haize sorgailuak "San Marcos II" parke eolikoko haize sorgailuei begira aurreikusitako posizioetan daudela, eta ingurumen eraginaren aldeko adierazpena dutela. Ingurumen Eraginaren Atalak 2023ko otsailaren 6ko txostena eman du, ebazpen honetan jasotzen den moduan.

Iragarkiaren kodea: F2306516