104. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

46/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2023ko apirilaren 28rako deitutako lanuzte orokorra dela eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak betetzeko behar diren langileak zehazten dituena.

CGT-LKU erakunde sindikalak lanuzte orokorrerako deia egin du. Erakunde sustatzailearen deialdiaren arabera, 3 orduko lan-uzterako deia egin da 2023ko apirilaren 28rako, lan txanda guztietan, zehazki, ordutegi hauetan: 03:00etatik 06:00ak arte (apirilaren 27ko gaueko txanda), 11:00etatik 14:00ak arte (goizeko txanda) eta 14:00etatik 17:00ak arte (arratsaldeko txanda).

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, foru agindu honek hauxe du xede: 2023ko otsailaren 15erako deitutako greba dela eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.

Apirilaren 2ko 71/2019 Foru Aginduaren bidez onetsitako Basozainen kolektiboaren Plan Zuzentzaileak hau dio 2.4 puntuan: "Ingurumen larrialdiak. Gaur egun, Nafarroan ingurumen larrialdiei behar bezalako arreta emateko, 3 talde operatibo antolatzen dira, eta bakoitzean bikote bat aritzen da, goiz eta arratsaldeko txandetan eta urteko 365 egunetan aritzen direnak. Talde horietako bakoitza Nafarroa banatzeko finkatutako eskualdeetako batez arduratzen da". Talde horiez gain, barruti bakoitzak goizeko basozain bat eta arratsaldeko beste bat izan beharko ditu suteen kanpainetan (neguan eta udan), beharrezkoa denean eta klimatologiagatik hala erabakitzen denean, eta horiek zuzenean lagunduko diote kasuan kasuko larrialdi taldeari beharrezkoa bada."

Hori dela eta, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak erabaki du beharrezkoa dela Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren mendeko koordinazio unitateetan gutxieneko zerbitzuak izatea.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–Grebarako eskubideaz baliatzeari begira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan errespetatu beharko diren gutxieneko zerbitzu hauek ezartzea, 2023ko apirilaren 28rako lan txanda guztietan iragarritako 3 orduko lanuzte orokorra dela-eta, zehazki, 03:00etatik 06:00etara (apirilaren 27ko gaueko txanda), 11:00etatik 14:00etara (goizeko txanda) eta 14:00etatik 17:00etara (arratsaldeko txanda):

–Basozain bat koordinazio unitate eta txanda bakoitzeko.

2.–Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuak izendatuko ditu aurreko artikuluan adierazitako funtsezko zerbitzuak beteko dituzten gutxieneko zerbitzuetako langileak. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

3.–Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4.–Foru agindu hau igortzea greba batzordeari, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuari, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Langileria Bulegoari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2023ko apirilaren 27an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2307058