104. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

15/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 26koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, Arantzako hirigune historikoa lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzen duena.

Arantzako Udalak eskatu du herriko hirigune historikoa lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea.

Horretarako, arau subsidiarioen antolamendu xehatuko hirigintza determinazioen aldaketa egin du, eta birgaitzeko laguntzak arautzeko ordenantza bat onetsirik dauka.

Nafarroako Gobernuak ere, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bidez, herri horretako bizitegien birgaitzea sustatzeko asmoa du, eta tresna egokitzat jotzen du lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea.

Hori horrela, eta Baztan-Bidasoko Birgaitze Bulegoaren txostena ikusirik, aldekoa baita, betetzat jotzen dira irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta, hortaz, bidezko da Arantzako hirigune historikoa lehentasunez gaitu beharreko eremu deklaratzea. Foru dekretu horrek Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen ditu.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Arantzako hirigune historikoaren esparrua lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan ezarritako ondorioetarako.

2. Arantzako Udalak bere aurrekontuetan zenbateko bat ezarri beharko du birgaitzeko laguntzetarako; zenbateko hori ez da izanen lehentasunez birgaitu beharreko eremuan –biztanleko eta urteko– aplikatzekoa den modulu haztatuaren %1 baino txikiagoa.

3. Foru agindu hau Arantzako Udalari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Baztan-Bidasoko Lurralde Bulegoari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; bestetik, aditzera ematen da haren kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko apirilaren 26an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2306557