104. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2322E/2023 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2023rako gastua baimentzen duena Nafarroako irabazi-asmorik gabeko enplegu zentro berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetako dirulaguntzentzat, eta maiatzaren 5eko 1198/2017 Ebazpenaren oinarri arautzaileak aldatzen dituena. DDBN identifikazioa: 674105

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuetan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, gizarte eragileekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegua lortzea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2023. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 2023. urterako gastua baimentzea dirulaguntza hauetarako: Nafarroako irabazi-asmorik gabeko enplegu zentro berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 5eko 1198/2017 Ebazpenaren bidez, aipatu deialdiaren oinarriak onetsi ziren (2017ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 24koa), eta maiatzaren 20ko 1462E/2020 Ebazpenaren bidez aldatu ziren (2020ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 4koa).

Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak proposatzen du 5., 7., 15., eta 16. oinarri arautzaileak aldatzea, helburu hauekin: egindako inbertsioen epea zabaltzea; baliagarri dagoen kredituaren banaketa proportzionala aurreikustea; balorazio irizpideetan aldaketak sartzea; eta enpleguaren sorrerari eusteko eskatzen den gutxieneko epearen hasierako kontaketarako erreferentea aldatzea.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 348.000 euroko gastua baimentzea 2023ko gastu-aurrekontuko ""Enplegu zentro berezietan inbertsioak egiteko laguntzak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950001 96100 7709 241203 partidaren kargura, Nafarroako irabazi asmorik gabeko enplegu zentro berezietako dirulaguntzentzat, enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko, haietan inbertsioak eginez, DDBN 674105.

2. Aldatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 5eko 1198E/2017 Ebazpenaren oinarrien eranskina; Ebazpen horren bidez arautzen dira Nafarroako irabazi-asmorik gabeko enplegu zentro berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak, era honetan:

2.1 Deialdiaren 5. a) oinarria aldatu eta beste testu hau ematea:

a) Aurreko urteko azaroaren 1etik dagokion urteko urriaren 31ra bitarte egindako inbertsioak izatea, eta urte bereko azaroaren 5a baino lehen ordainduak izatea.

2.2 Deialdiaren 7. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

7. Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektatutako inbertsioaren %80rainokoa izanen da; 50.000 euro gehienez enplegu zentro berezi bakoitzeko.

Hortik aurrera oraindik kreditu baliagarririk baldin badago, soberako kopurua lortutako puntuen proportzioan banatzen ahalko da, betiere %20ko gutxieneko finantza-kidetza portzentajea eta 15 e) oinarrian baloratutako tartea errespetatuz.

2.3. Deialdiaren 15. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

15.–Balorazio irizpideak. Aurkezten diren eskaerak baloratzeko, Balorazio Batzordeak ondoren aipatzen diren irizpideak izanen ditu kontuan:

a) Enpleguari eustea: 15 puntu.

15 puntu emanen zaizkio enpleguari eusten dion entitateari.

Enpleguari eutsi zaiola ulertuko da zentroak enpleguari eusten badio edo plantilla gutxitu bada %5 baino gutxiago, aurreko urteko azaroaren 1ean zuen plantillaren aldean.

b) Desgaitasuna dutenen kontratazio berriak: gehienez 15 puntu.

5 puntu emanen dira zentroak, inbertsioa egiten denetik aurrera, desgaitasuna duen langile bat kontratatzen duen bakoitzeko, baldin eta kontratazioa deialdiaren epealdian egiten bada.

Inbertsioa egiten den datatzat hartuko da lehendabiziko faktura diruz lagungarriarena.

Kontratazio horiek desgaitasuna duten langileen plantilla handitu beharko dute, zentroak aurreko urteko azaroaren 1ean zuenaren aldean.

c) Aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzea: 10 puntu gehienez.

"2 puntu emanen dira zentroak, inbertsioa egiten denetik aurrera, desgaitasuna duen langile baten kontratua mugagabe egiten duen bakoitzeko, baldin eta kontratazioa deialdiaren epealdian egiten bada.

Inbertsioa egiten den datatzat hartuko da lehendabiziko faktura diruz lagungarriarena.

Kontratazio horiek handitu beharko dute zentroak dituen langile desgaituen plantilla, aurreko urteko azaroaren 1ean zuen plantillaren aldean.

d) Enpleguaren kalitatea: 15 puntu gehienez.

Entitate batek kalitatezko enplegua duela ulertzen da, deialdi honen ondorioetarako, plantilla osoa kontuan hartuta, kontratu mugagabeen portzentajea handia denean, dirulaguntzaren eskaera egiten den unean.

Honela emanen dira puntuak:

Plantilla osoa kontuan hartuta, kontratu mugagabeen kopurua %75etik %80ra bitartekoa bada: 5 puntu.

Plantilla osoa kontuan hartuta, kontratu mugagabeen kopurua %81etik %89ra bitartekoa bada: 10 puntu.

Plantilla osoa kontuan hartuta, kontratu mugagabeen kopurua %90ekoa edo handiagoa bada: 15 puntu.

e) Zentroak proiektuaren finantzaketan laguntzea: 20 puntu gehienez.

–Zentroak inbertsioaren %21 eta %30 arteko finantzaketa jartzen badu: 5 puntu.

–Zentroak inbertsioaren %31 eta %40 arteko finantzaketa jartzen badu: 10 puntu.

–Zentroak inbertsioaren %40 baino gehiago jartzen badu: 20 puntu.

Irizpide horiek aplikatuta 30 puntura iristen ez diren proiektuak ezetsi eginen dira.

2.5. Deialdiaren 16 c) oinarria aldatzea, testu hau izateko:

c) Diruz lagundutako inbertsioa 2 urtez bederen mantentzea, dirulaguntza ematen denetik, non eta entitate onuradunak ez duen ezinbesteko arrazoiren bat justifikatzen, eta hala onartzen bada, Nafar Lansare-NEZko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez. Inbertsioa erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunak eskuratu, eraiki, zaharberritu eta hobetzeko bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritako epeak beteko dira.

Era berean, balorazioa egiteko aintzat hartu diren lanpostu berriak kontratua egin eta bi urtez bederen mantendu beharko dira. Kontratatutako pertsona batek baja ematen badu, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituen beste pertsona batek ordeztu beharko du, hilabete bat igaro baino lehen.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2023ko apirilaren 27an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2307055