104. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

75E/2023 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batez onesten duena Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko AR-2 banaketa arearen birpartzelazio proiektua, Burlatako udal mugartean, Pamplona Distribución SAk sustatua.

A.–Deskribapena eta xedea.

Espediente honen xedea da Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko AR-2 banaketa arearen urbanizazio obrak, azpiegiturak eta zerbitzu komunak zehaztea. Area horren antolamendua aldatu berria da, Nafarroako Gobernuak 2022ko abenduaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, eta haren araudia Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak martxoaren 24an emandako 48E/2023 Ebazpenaren bidez argitaratu da.

B.–Eskatutako txosten sektorialak.

2023ko martxoaren 27an, Ingurumen Eraginaren Atalak aditzera eman zuen proiektu mota horiek ez dutela ingurumen ebaluaziorik behar, ez baitira sartzen Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen ez I. ez II. eranskinetan.

Era berean, Iberdrolak 2023ko martxoaren 30ean proiektuaren alde emandako txostena ere jaso da, baina baldintza jarri du kontuan hartzea Erripagaña etorbidetik doan 66kV-ko lurpeko linearen trazadura errespetatuko den edo desbideratu behar den, baita kargen aurreikuspena ere, 9042010817 espedientean oraindik aztertzen ari dena.

Bestalde, 2023ko apirilaren 5ean, Iruñerriko Mankomunitateak kontrako txostena eman zuen, hornidura eta saneamendu azpiegiturei dagokienez, eta proposamena aldatzeko eskatu zuen, zerbitzuen banaketari, hornidurari, ur beltzen saneamenduari eta euri-uren saneamenduari dagokienez.

Azkenik, Kutsaduraren Prebentziorako Atalak, 2023ko apirilaren 13ko txostenean, besteak beste, adierazi du aurkeztutako modelizazio akustikoak UPSaren aldaketan planteatzen diren premisei bakarrik erantzuten diela, eta kontsiderazio horien gaineko edozein aldaketa eginez gero, immisio akustikoaren arloan lortuko liratekeen emaitzak ez liratekeela ebaluazioan aurreikusitakoak. Gainera esan zuen "landare sistema batez eratutako pantailaren konfigurazioa ez dator bat hasieran proiektatutako soluzioarekin, lubeta bat baitzen".

Eta ondorio hauek atera zituen: "proiektatutako neurri zuzentzaileak gaitu ondoren, azterketa akustikoa egitea aurreikusi beharko da, eta beste hainbat neurri zuzentzaile osagarri ere bai, 1367/2007 Errege Dekretuaren II. eranskineko A taulan ezarritako immisioaren muga-balioak lortzen ez badira".

Oraindik jasotzeko daude Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren eta Babes Zibil eta Larrialdietako Zerbitzuaren txostenak.

Beste alde batetik, eremu osoa zortasun aeronautikoek ukitutako zona eta espazioetan egonik, aurretiazko aldeko erabakia eskatzen zaio Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziari (ASEA), bat etorriz 584/1972 Dekretuaren 30. eta 31. artikuluekin. Erabaki hori ere oraindik jasotzeko dago.

Azkenik, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak AR-2 berrantolatzeko UPSaren aldaketari buruz egindako txostena kontuan hartuta (2020ko apirilaren 1ekoa), bidezkoa da hasierako ebazpena jakinaraztea, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 78.1 artikuluarekin bat.

C.–Kontsiderazioak.

C1. Dokumentuen edukia.

Urbanizazio proiektuaren edukiari dagokionez, tramitazioari hasiera emateko aski dela uste baita, zuzendu beharreko gabezia hauek atzeman dira dokumentuan:

–Prezio xehakatuen koadroak (LAHFTBren 134.3 atala).

–Memoriak TMA/851/2021 Agindua betetzen dela justifikatzen duen atal bat jaso badu ere, proiektuak ez du jaso horren isla grafikorik. Esaterako, grafikoki adierazi behar dira, gutxienez, eremu publiko urbanizatuen sarbide eta erabilerarako irisgarritasunaren oinarrizko baldintzak betetzen direla frogatuko duten zehaztapen hauek:

  • Oinezkoen ibilbide irisgarrien nondik norakoak eta haien luzetarako profilak (% 6 baino gutxiagoko malda) eta zeharkakoak (% 2 baino gutxiagoko malda). Hau da, oinezkoen ibilbideen trazadurei dagozkien ardatzak, haien sestrak eta maldak ere adierazita.
  • Atsedenlekuen arteko distantzia.
  • Hiri altzari irisgarrien akotazioa eta xehetasunak (bankuak, iturriak, paperontziak, hondakinak bildu eta jasotzeko edukiontziak...).
  • 1,50 m-ko diametroko zirkuluen zehaztapena (oinezkoen ibilbide irisgarria inbaditzen ez dutenak) legez eskatutako tokietan: banku alboetan, iturrietan...
  • Aparkaleku erreserbatuen seinale bertikalak A.03 planoan.

–Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinak Kudeatzeko Azterketan, aipatzen dira baina ez dira jasotzen obraren barruan EEHak biltegiratzeko, erabiltzeko, bereizteko eta, hala badagokio, kudeatzeko aurreikusitako instalazioen planoak (23/2011 Foru Dekretuaren 4.1a) artikulua). Dokumentazio grafiko hori ere erantsi behar da.

–Burlatako Udal Plan Orokorrean ezarritako zehaztapenak bete behar ditu proiektuak, bereziki, hirigintzako araudiaren 197. eta 201. bitarteko artikuluak. Planean jasotzen diren xedapenak betetzearen justifikazioa ere jaso behar da.

Bestalde, dokumentuaren azterketan akats batzuk aurkitu dira, zuzendu beharrekoak, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2023ko apirilaren 26an emandako txostenean ageri dira.

C2. Irisgarritasunaren eta erabilera unibertsalaren arloko egokitzapena.

Memoriak kontrakoa esaten badu ere, proiektua ez da egokitzen TMA/851/2021 Aginduan adierazitako zehaztapen batzuetara:

–Oinezkoen pasabideetarako aurreikusitako ukipen-zoladura adierazleak ez du betetzen 46.3 artikulua. Bestalde, aurreikusitako gida-zerrenda fatxadaren lerroan hasten ez den pasabideetan, oinezkoen ibilbide irisgarria fisikoki mugatzen duen elementua identifikatu beharko da (gida-zerrenda handik abiatu behar da) edo zoladurarako hartutako konponbidea justifikatu.

–Memoriaren 10.2 atalak, Ministerio Aginduaren 35. artikuluari dagokionez, adierazten du erreserbatutako aparkalekuen gutxienekoa edo ratioa 10 plazako 1 dela. Baina, kontuan hartuta, UPSaren memoriaren arabera, erabilera publikoko espazioetako plaza kopurua 381 dela, planoetako aurreikuspenak ez du betetzen urbanizazio proiektuaren memorian adierazitako ratioa. Aurrekoa deusetan galarazi gabe, TMA/851/2021 Aginduaren 35. artikuluak minimo 1 jartzen du 40 plaza edo zatiki bakoitzeko; beraz, memoria zuzendu beharko da edo, bestela, erreserbatutako plaza gehiago jarri, memorian adierazitako 1/10 ratioa bete dadin.

–Ez dira grafikoki islatzen memoriaren arabera eginda dauden ukipen-zoladuraren zenbait aplikazio: zehazki, 40 cm-ko zabalerako gida-zerrenda eremu irekietan eta oinezkoen igarobidera zuzentzeko gida-zerrenda, A.09 planoak "botoi-baldosa hidrauliko podotaktila" bakarrik bereizten baitu.

C3. UPSaren aldaketen araberako egokitzapena.

Erripagaña etorbideko hegoaldeko espaloian aurreikusitako kanalizazio elektrikoak UM-M unitate morfologikoa gurutzatzen du. Unitate horren eraikuntzaren gehieneko lerrokadurak sotoaren solairuan, UPS memoriaren 2.1 planoaren arabera, haren mugapenarekin bat egiten du, eta beraz, kanalizazio elektrikoaren trazadura aldatu beharko da, unitate hori gurutzatu ez dezan.

Halaber, azpiegituren planoak ikusita, bidezkoa da ohartaraztea ekipamenduen partzelak gainerako eraikin pribatiboen instalazio berak izan behar dituela, bereziki, banaketa elektrikoari eta gas hornidurari dagokienez.

C4. Urbanizazio jarduketaren programazioa.

Tramitatzeko aurkeztutako urbanizazio proiektuak urbanizazio obrak gauzatzeko faseak zehazten ditu, bereizita, batetik, unitate morfologiko bakoitzean lurgaineko erabilera publikoko zortasuna duten espazio pribatiboei dagozkien obrak (A, B, C, D, E, F, G, H eta I faseak) eta, bestetik, unitateko gainerako urbanizazio obrak, azpiegiturak eta zerbitzu komunak (N fasea).

Fase horiei dagokienez, proiektuaren memoriak hau adierazten du: "Urbanizazio obrak fasetan gauzatzea onartzen bada ere, sustatzen diren eraikinen eta jardueren behar funtzionalak beti konponduko dira".

Hala ere, ez da horri buruzko informazio aski ematen. Urbanizazio proiektuan faseak ezarri ahal izateko, beharrezkoa da:

–Bermatu behar da fase bakoitza unitate funtzional bat dela, berehala erabilgarria, LAHTBren 134.3 artikulutik ondorioztatzen denaren arabera. Horretarako, ez da aski goian esandakoa.

–Fase bakoitzeko urbanizazio obrak, azpiegiturak eta zerbitzuak deskribatzea eta grafikoki zehaztea.

–Fase bakoitzari atxikitako lurzati eraikigarriak adierazi eta horien gauzapena aldi baterako programatu (LAHTBren 151. artikulua). Ildo horretatik, A.01 planoan identifikatutako faseak ikusita, N fasea (lehen fasea) deritzonari dagozkion obra, azpiegitura eta zerbitzuak, nahitaez, gainerako lanak baino lehen egin beharrekotzat jo behar dira.

–Aurrekontua egokitu behar da, ezartzen diren faseetara ez ezik, LAHTBren 151. artikuluan xedatutakora.

Horrenbestez, obra fasetan zatitzeko aukera egonda ere, goian aipatutako baldintzak bete behar dira. Beraz, urbanizazio proiektuaren oraingo planteamendua aldatu eta osatu egin beharko litzateke, benetan fasetan gauzatu ahal izateko.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, tramitatzen ari den lurzatien birzatiketa proiektua aldatu beharko da, haren eduki guztia bat etor dadin urbanizazio proiektuarekin.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko apirilaren 26ko txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiak) ezarritakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batez onestea Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko AR-2 banaketa arearen urbanizazio proiektua, Burlatako udal mugartean, Pamplona Distribución SAk sustatua.

2. Sozietate sustatzaileari adieraztea, espedientea ebatzi baino lehen, dokumentua aldatu egin beharko duela, ebazpen honetan jasotako gogoetei eta eskatutako txosten sektorialetan xedatutakoari erantzun egokia emateko.

3. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzunaldia ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan editatzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hogei egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, dokumentua Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web orrian kontsultatzen ahalko da, honako helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak; epe horretan halaber, egokitzat jotzen diren alegazio-idazki guztiak aurkezten ahalko dira.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibil eta Larrialdietako Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Iberdrolari eta Aire Segurtasuneko Estatu Agentziari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Espedientearen sustatzaileari eta Burlatako Udalari igortzea, ebazpen honekin batera, Lurraldearen eta Paisaiaren Zerbitzuaren txostena eta gainerako txosten sektorialak, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2023ko apirilaren 27an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2306974