98. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

121E/2022 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Buñueleko udal-mugartean “tissue” papera fabrikatzeko eta eraldatzeko instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Sofidel Spain SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 4ko 1431/2005 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 178E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 205E/2017 Ebazpenaren bidez aldatua.

2021eko uztailaren 27an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, kamioiendako aparkaleku bat jartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko abuztuaren 16ko irizpenean adierazi zuen aldaketa hori ez-funtsezkoa zela, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (Erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmentzat jo zuen, aldaketa garrantzitsuak eraginen dituelako instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, lehendik duen ingurumen baimen integratua aldatu egin behar da, aipatutako aldaketak han jasotzeko.

Halaber, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko abuztuaren 16an emandako irizpenaren arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitze proiektuak ez du ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua egin beharrik, lege horren eranskinetan agertzen ez delako, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez dakarrelako aipatutako 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

2022ko urtarrilaren 24an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko; hau da, kamioiendako bi aparkaleku eraikitzea bi fasetan. Lehenengo fasean 2.400 m² eraikiko dira, eta bigarrenean, 7.502 m².

Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz izapidetu da espedientea (Erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Aldaketa nabarmena baimentzea Buñuelgo udal-mugartean dagoen “tissue” papera fabrikatzeko eta eraldatzeko instalazioan, kamioiendako aparkalekua eraikitzeko proiektua gauzatu ahal izateko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Sofidel Spain SLU da instalazioaren titularra.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan agertzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Sofidel Spain SLUra eta Buñuelgo Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 28an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2206418